Euskadik eta Herbeheerek mugikortasun elektriko eta adimentsuan lankidetzan aritzeko bideak aztertu dituzte
Sare elektrikoa kudeatzeko Herbehereetako soluzio teknologikoak aztertzea izan da Herbehereek Espainian duten Enbaxadak, Netherlands Enterprise Agency-k (RVO) eta Bartzelonako Netherlands Business Support Office-k (NBSO) antolatutako azken misio instituzional eta enpresarialaren helburu nagusia.
Ekimen honetarako, erakunde herbeheretarrek Basque Trade & Investment-en (BasqueTrade) gonbidapena eta lankidetza estrategikoa izan dute. SPRI taldean integratuta dagoen eta euskal enpresak nazioartekotzeaz arduratzen den agentziak bere gain hartu du birkarga elektrikoaren eta mugikortasun adimentsuaren sektoreetan espezializatutako Euskadiko enpresen ordezkaritza bat antolatzeko eta koordinatzeko ardura.
Enpresa-ordezkaritza hori BasqueTrade-k, Mubil-ek, BasquEnergy Cluster-rek eta Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterrak elkarlanean gidatutako zabalkunde eta hautaketa-lanaren emaitza izan da. Horri esker, helmugako merkatuaren egungo erronkekin bat datozen gaitasunak dituzten konpainiak identifikatu ahal izan dira.
Lankidetza instituzional honen esparruan, hautatutako zazpi euskal enpresek (Basquevolt, EVsare, Gertek, Ingeteam, Irizar e-mobility, Ormazabal eta Veltium) sare elektrikoaren saturazioa konpontzera, energia eskala handiko baterietan biltegiratzera eta garraio astunerako birkarga-azpiegiturak hedatzera bideratutako proiektuak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute.
Bisita teknikoak eta lan-topaketak
Antolatzaileek diseinatutako lan-programa Amsterdamen hasi zen, Amsterdam Trade & Invest eta ACCIÓ erakundeekin batera World Trade Center-en egindako topaketa profesional batekin. Jardunaldia osatzeko, bisita tekniko bat egin zen Intertraffic Amsterdam azokan. Ibilbide teknikoaren barruan, nazioarteko garrantzia duten berrikuntza-zentroetatik igaro ziren, besteak beste, Alfen FlevoBESS eta ElaadNL (biltegiratze-sistemetan eta sare adimendunetan espezializatuak), eta Milence operadorearen instalazioak ere bisitatu zituzten, flota astunak birkargatzeko ereduak aztertzeko. Topaketa hauek VDL ETSren eta Rotterdameko garraio publikoko RET enpresaren egoitzetan egindako lan-bilerekin amaitu ziren, horretarako DRACBV International-en lankidetza izan zutelarik.
Topaketa hauen ondorioz baieztatu da euskal eta herbeheretar enpresen teknologiak bateragarriak direla, bereziki ibilgailu elektrikoak kargatzeko segmentuan, epe ertainera hazkunde nabarmena aurreikusten baita bertan. Herbehereetatik bultzatutako eta BasqueTraderen laguntza operatiboa izan duen misio honek bi lurraldeen arteko aldebiko harremana indartzen du. Aldi berean, trantsizio energetiko globalaren testuinguruan euskal enpresen lehiakortasuna bultzatuko duten ekimen bateratu berriak eta merkataritza-akordioak garatzeko oinarriak ezartzen ditu.
