MIkel Jauregi sailburua.

Mikel Jauregi, Europako Ekonomia Berriaren Foroan: “etorkizunera begiratzea eta gure seme-alabei utzi nahi diegun Euskadi industrial berri hori irudikatzea dagokigu”

Egindako hitzaldian, sailburuak Euskadiren gaurkotasun ekonomikoa eta nazioarteko egoera aztertu ditu,
-

Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak “Forum Europa: Tribuna Euskadi” foroak antolatutako solasaldian parte hartu du gaur. Anton Arriola Kutxabankeko presidenteak aurkeztu du sailburua.

Egindako hitzaldian, sailburuak Euskadiren gaurkotasun ekonomikoa eta nazioarteko egoera aztertu ditu, eta Eusko Jaurlaritzak industriaren eta ekonomiaren arloan garatzen dituen jarduketa-ildo nagusiak azaldu ditu.

“Denok partekatzen dugu gure industriak gaur egun bizi duen ziurgabetasun-egoeraren gaineko kezka. Ameriketako Estatu Batuetako muga-zergen politikak orain arte ezagutzen genuen mundu-ordena iraultzearen mehatxu egiten du. Zuzenean ikusten ari gara muga-zerga bidezko gerra komertziala, eta zuzenean ematen ari dira gerra hori telebistan”.

“Hala ere, Euskadiko ekonomiaren eta industriaren argazki finkoa oraindik ere positiboa da. Euskadi % 2,2 hazi zen 2024an, Europako batez bestekoa baino hiru aldiz gehiago. Inbertsioa ere % 2tik gora hazi da. Iaz, industria-enplegu gehiagorekin amaitu zen urtea, eta gure enpresa askok zifra errekorrekin itxi dute 2024. urtea”.

“Une historikoa bizi dugu. Europa bakarrik geratu da klima-akordioen defentsan eta nazioarteko merkataritza libreko politikan. Testuinguru horretan, Europak bere berrindustrializazioaren alde egin behar du. Duela bi aste “Clean Industrial Deal” aurkeztu zen, Europaren berrindustrializazioari begira. Europako industria-oinarria indartzeko mugimendu estrategiko horretan, Euskadi protagonista izan daiteke, eta izan behar du”.

“Euskadi industriaren arloko liderra da hazkunde handiko sektore estrategikoetan, eta ezohikoak diren ahalmenak ditu. Herrialde batik bat industriala gara. Gure barne-produktu gordinaren % 24 industriatik dator, eta % 40ra igotzen da zerbitzu aurreratuak gehitzen baditugu. Berrikuntzaren eta teknologiaren aldeko apustua egiten dugu. I+G arloko gure inbertsioa % 2,16ra iristen da eta 2030erako % 3ra iritsi nahi dugu. Fabrikazioan dugun bikaintasuna mundu osoan aitortzen da. Gainera, lankidetza publiko-pribatuan sinesten dugu, gure industriari lagunduko dioten zenbait ekosistema babesteko aukera ematen digun heinean”.

“Euskadin argi dugu gure etorkizuna industria gehiagori eta Europa gehiagori lotuta dagoela. Nazio europazalea gara, eta Europako berrindustrializazioaren protagonista izan nahi dugu. Badakigu industriak zer adierazten duen gure gizartearentzat. Enplegua sortzen du, aberastasuna dakar, eta gure bizi-maila handiari eusten laguntzen du”.

“Eusko Jaurlaritzan, ziur gaude Euskadi lur emankorra dela Europako berrindustrializazio horretarako. Hor dugu aukera, hortxe dago ziurgabetasun garai hauetan hazkunde-aukerak bilatzeko dugun erronka. Apustu zehatzak eta ausartak abian ditugu. Industriarako 500 milioi euroko laguntza-plan bat onartu dugu, nazioartekotzearen, digitalizazioaren, I+Garen eta deskarbonizazioaren arloko inbertsio berriak dinamizatze aldera. Kalkulatu dugu 500 milioi euro horiek guztira 2.000 milioi euroko inbertsio publiko-pribatuak ekarriko dituztela. Industriaren Defentsarako Taldea ere aktibatu dugu, Euskal Autonomia Erkidegoko industriaren ahalmenak eta aukerak indartzeko testuinguru global berriaren aurrean. Era berean, Euskadiko Finantza Aliantza jarri dugu abian. Lankidetza publiko-pribatu horren helburua da finantza-gihar propioa aktibatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko finantza-ahalmena eta aurrezkiak Euskal Autonomia Erkidegoko industria- eta teknologia-sarea indartu, hazi eta errotzera bidera daitezen. Gobernuak eta bederatzi finantza-entitatek industriaren zerbitzura jarriko dugu gure finantza-gihar propioa. Eusko Jaurlaritzaren 1.000 milioiko inbertsioak guztira 4.000 milioiko trakzioa ekarriko duela kalkulatu dugu, ekarpen pribatua kontuan hartuta”.

“Horixe da orain arte egin duguna. Orain, etorkizunari begiratu behar diogu, eta gure industriaren erronkei eta aukerei aurrea hartzen saiatu behar dugu. Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Plan berria garatzen ari gara, Europako Industria Planaren eskutik joango dena. Egungo industria-ehuna hazteko eta etorkizunekoa ereiteko bidea markatuko digun industria-plana ekainerako amaituta egotea espero dugu”.

“Etorkizunari ilusioz aurre egin diezaiogun. Manufaktura-kultura eta industria-ehun ireki, berritzaile eta lehiakorrak ditugu. Giza kapital zabala eta kualifikatua dugu. Eta Euskal Autonomia Erkidegoko finantza-sektorea dinamikoa, osasuntsua eta kaudimenduna da. Jada eraiki ditugu gure industria Euskadiko erreferentziazko sektore izaten jarraitzeko eta Euskadiren aberastasunaren, aurrerabidearen eta ongizatearen iturri izaten jarraitzeko beharrezkoak diren zutabeak. Garai berria bizi dugu, eta guri dagokigu industriari beste bultzada bat ematea gure seme-alabentzat utzi nahi dugun Euskadi berria sortzeko”.

Galderen txanda

Talgoren erosketarako euskal partzuergoaren eragiketari dagokionez, “pozik gaude José Jainaga (Sidenor) buru duen partzuergoak egindako lanarekin. Etorkizuna duen eta ilusioz beteta dagoen industria-proiektua dago”.

Talgoko eragiketan, edo Balenciaga ontziolaren kasuan, Estatuko Gobernuarekin batera egindako lanari buruz adierazi duenez, “gobernuen arteko lankidetza oso ona izaten ari da, elkarlanerako espiritu horrek jarraipena izatea espero dugu”.

Europar Batasunaren defentsa indartzeko proiektuari buruz galdetuta, “Euskadik, Europako nazio den aldetik, Europako defentsa-proiektuan lagundu behar du. Gure ahalmen teknologikoetatik eta industrialetik egin dezakegu. Errusiako gerra digitalak Ukrainan izan duen eragina ikusten ari gara, eta Euskadik zibersegurtasun-ahalmen handiak ditu Europar Batasunaren segurtasun-proiektuan laguntzeko”.

Euskadin energia berriztagarriak hedatzeari buruz —bide horretatik energiaren % 8 sortzen da—, “energia berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak hedapen hori antolatzen lagunduko digula uste dut. Eguzkia eta haizearen baliabideak non dauden kontuan hartuko da, baita ingurumenarekiko errespetua ere, eta energia-parke bat ezartzeko inbertsioa egiten duen enpresa pribatuak errentagarritasuna ere eduki behar duela aintzat hartu beharko da”.

Garraioaren deskarbonizazioaren arloan, “Europa ez da malgua izan 2035erako errepide bidezko garraioa deskarbonizatzeko helburuarekin. Helburua ona da eta babesten dugu; ados gaude autoen elektrifikazioarekin, baina hiritarrak espektatibei erantzuteko gai ez direnean, helburu hori lortzeko bidea birplanteatu behar dugu. Helburu horretara iristeko modua malgutzea dagokigu, eta hausnarketa egin behar dugu administrazio publikoetatik, eta horretarako tresnak garatu”.

Urte honetarako aurreikuspen ekonomikoei buruz galdetuta aditzera eman duenez, “iaz % 2 hazi ginen Euskadin, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren erritmoa positiboa izan da. 2025era begira, oso zaila da aurreikuspen errealistak egitea, joko-arauak egunero aldatzen ari baitira”.

Industriaren elektrifikazioaren inguruan, “Europa ez da lehiakorra energiaren prezioetan, eta, Euskadik, industria elektrointentsiboa duenez gero, lehiakortasunik galduko ez badu, beste tresna batzuk behar ditu Europatik. Elektrizitateari erreparatuta, Estatuko prezioak txikiagoak dira, baina industriarako laguntzak Europar Batasuneko beste herrialde batzuetakoak baino askoz ere txikiagoak dira. Gure industria elektrifikazioaren bidez deskarbonizatu nahi izanez gero, elektrizitatearen prezioa merkatu beharko da. Horrez gain, Euskadin sare elektrikoaren egoerak eragindako botila-lepoa dugu. Enpresa batzuek ezin dute gasetik elektrizitatera pasatu, sarean ez baitago behar besteko potentziarik edo ahalmenik. Kanpoko enpresak ekarri nahi ditugunean, galdetzen digute: non dago entxufea?”.

Azkenik, Euskadiko zerga-berrikuspenerako negoziazio-prozesuari buruz galdetuta aditzera eman duenez, “une honetan mahai gainean dagoen zerga-berrikuspena garrantzitsua da gure industriari deskarbonizazio-prozesuan laguntzeko. Eskumen fiskala foru-aldundiena denez gero, errespetu instituzionaletik, alderdi politikoak animatu nahi ditut berrikuspen hori aurrera ateratzera”.

Lotutako albisteak

Autokontsumo  energetikoa  %  30  hazi  da  Euskadin  industriak  bultzatuta

Autokontsumo energetikoa % 30 hazi da Euskadin industriak bultzatuta

Autokontsumorako potentzia % 30 hazi da Eusko Jaurlaritzaren Autokontsumorako Laguntza Programa abian jarri zenetik.

Energiaren  prezioa  garestitzen  duten  eta  industriaren  lehiakortasuna  mugatzen  duten  distortsioak  berrikustea  proposatu  dio  Eusko  Jaurlaritzak  Espainiako  Gobernuari

Energiaren prezioa garestitzen duten eta industriaren lehiakortasuna mugatzen duten distortsioak berrikustea proposatu dio Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari

Euskal industriaren kostu elektrikoak Frantzian baino % 165 garestiagoak eta Alemanian baino % 35 garestiagoak izan daitezke. Bi herrialdeek lortu dute azken prezioaren murrizketa hori, industria-sektore elektrointentsiboen aldeko neurri erregulatzaile argien bidez.

Aleovitro,  landare  in  vitro  hazkuntzarako  euskal  bioteknologia

Aleovitro, landare in vitro hazkuntzarako euskal bioteknologia

Konpainia bizkaitarrak zeharkako zerbitzuak eskaintzen ditu; elikadura, farmazia, medikuntza eta kosmetikaren sektoretik ingurumenera

Euskadiren  industria-estrategia  indartu  du  Pradalesek,  deskarbonizazioaren  eta  autonomia  estrategikoaren  aldeko  apustu  irmoaren  bidez
26/01/2026 Deskarbonizazioa

Euskadiren industria-estrategia indartu du Pradalesek, deskarbonizazioaren eta autonomia estrategikoaren aldeko apustu irmoaren bidez

2,5 MW-eko elektrolizagailuaren eta etorkizuneko 100 MW-eko elektrolizagailuaren bidez, Euskadi hidrogeno berdearen abangoardian kokatuko da Europan; urtean 167.000 tona CO2 isurtzea saihestuko da, industriaren deskarbonizazio adimendunaren alorrean nabarmen aurrera eginda. Imanol Pradales: «Europak egun duen erronka izugarria da: gure industria eta garapen-eredua ahalik eta azkarren deskarbonizatu behar dugu, eta hori,...

TEAM  Engineering  Group  eta  TECNALIAk  Hyteam  merkaturatu  dute,  hidrogenoaren  eraldaketa  integralerako  euskal  ingeniaritza  berria
22/01/2026 Deskarbonizazioa

TEAM Engineering Group eta TECNALIAk Hyteam merkaturatu dute, hidrogenoaren eraldaketa integralerako euskal ingeniaritza berria

Enpresak hidrogenoaren balio-kate osoa hartzen du, bideragarritasun-azterketetatik hasi eta proiektuak egiteraino.

Industria  deskarbonizazioko  proiektuen  %  70  energia-eraginkortasunera  bideratu  dira,  Euskadi  2030  Industria  Planarekin  bat  etorriz
17/12/2025 Deskarbonizazioa

Industria deskarbonizazioko proiektuen % 70 energia-eraginkortasunera bideratu dira, Euskadi 2030 Industria Planarekin bat etorriz

59 enpresek parte hartu dute parte Eusko Jaurlaritzaren Industria Deskarbonizatzeko programan. 2025ean, 22 milioiko inbertsio publikoa egin da eta honek, 109,9 milioi euroko inbertsio pribatua eragin du

GESek  196  milioi  eta  343  MWp-eko  lau  kontratu  fotovoltaiko  itxi  ditu  azken  lauhilekoan

GESek 196 milioi eta 343 MWp-eko lau kontratu fotovoltaiko itxi ditu azken lauhilekoan

Energia fotovoltaikoan, biltegiratzean eta sare elektrikoetan aldi berean aurrera egiteak GES balio-kate berriztagarrian funtsezko eragile gisa finkatzen du.

Cimico  nazioarteko  aintzatespen  ospetsua  jaso  du  Global  Prize  for  Innovation  in  Water  (GPIW)  sariketan

Cimico nazioarteko aintzatespen ospetsua jaso du Global Prize for Innovation in Water (GPIW) sariketan

Saudi Water Authority-k bultzatutako saria joan den abenduaren 8an banatu zen, Jeddah-n (Saudi Arabia) egindako Innovation-Driven Water Sustainability (IDWS) ekitaldian.

Euskadi  liderra  da  offshore  edo  itsas  zabaleko  azpiegiturak  babesteko  soluzio  jasangarrien  berrikuntzan

Euskadi liderra da offshore edo itsas zabaleko azpiegiturak babesteko soluzio jasangarrien berrikuntzan

Iberdrola Renovables Energiak eta Galea eta Mendieta enpresek, Tecnalia ikerketa eta garapen teknologikoko zentroarekin lankidetzan, proiektu bat garatu dute material jasangarrietan oinarrituta irtenbide bat aurkitzeko energia eolikoko itsas zabaleko azpiegituren korrosioaren arazoari

Eusko  Jaurlaritzak  50  milioi  euro  eskatu  dizkio  Ministerioari,  MOVES  III  programaren  barruan  egiteke  dauden  eskariei  erantzuteko

Eusko Jaurlaritzak 50 milioi euro eskatu dizkio Ministerioari, MOVES III programaren barruan egiteke dauden eskariei erantzuteko

Jauregik gogorarazi duenez, “Eusko Jaurlaritzak joan den uztailetik eskatu du MOVES III programarako zuzkidura handitzeko, aurrekontua programa amaitu aurretik agortzen ari zelako”.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.