Deskarbonizazioa Ingurumen-jasangarritasuna
Albisteak 8 maiatza, 2025

Deskarboniza 2025 plana aurkeztu da

Deskarboniza plana erakundeen arteko elkarlanean oinarritutako plana da, Eusko Jaurlaritzaren zenbait laguntza-programa eta foru-aldundien kenkari fiskalak biltzen dituena, Euskadiko industriaren deskarbonizazio adimenduna bultzatze aldera
-
  • Industriaren, administrazio publikoen eta etxeen deskarbonizaziorako laguntzen eta zerbitzuen programak spri.eus/deskarboniza webgunean kontsulta daitezke, eta, informazio gehiago behar izanez gero, han eska daiteke
  • Legealdian emango diren 400 milioi euroko zuzeneko laguntzekin, 1.200 milioira arteko inbertsio publiko-pribatua mobilizatzea espero da, Euskal Autonomia Erkidegoko industriaren deskarbonizazioa bultzatu eta lehiakortasuna areagotu dadin, merkataritza-ziurgabetasuneko testuinguru batean. Gure industriaren produktuak eta zerbitzuak deskarbonizazioaren bidez bereiztearen aldeko apustua da.
  • Planaren helburu nagusiak dira gure industriaren energia-efizientzia handitzea —energiarik onena kontsumitzen ez den energia da—, autokontsumoa handitzea —segurtasun elektrikoa hobetu dadin— eta teknologia garbien aldeko apustua areagotzea —faktore bereizle gisa—.
  •  Autokontsumoaren aldeko apustu horren adibide dira elektrizitate fotovoltaikoa sortzea eta bateria bidez biltegiratzea helburu duten BEC EGUZKI-ENERGIA eta BEC OSAKIDETZA instalazioak, 6,4 milioi euroko inbertsioa dutenak. Horrela, Energiaren Euskal Erakundeak bultzatuta, BECek eta Gurutzetako Ospitaleak erabiltzeko elektrizitate propioa eta seguruagoa sortzen da, eta bi eraikinen autokontsumo-maila % 25 ingurukoa izango da.
  •  Deskarboniza planak Europako abangoardian kokatzen du Euskadi, Europar Batasuneko programarik osatu eta aurreratuenetako batekin. Mix energetikoaren eta neutraltasun teknologikoaren alde egiten du, eta elektrifikazioa eta hidrogeno berdea gisako beste teknologia garbi batzuk bultzatzen ditu.
  •  Kenkari fiskalei dagokienez, zergak % 35eraino arindu ahal izango dira, deskarbonizazioan eta ingurumen-jasangarritasunean egindako inbertsioengatik. Inbertsio horiek garapen jasangarria, ekonomia zirkularra, ingurumen-inpaktuaren murrizketa eta trantsizio energetikoa bultzatuko dituzte. Horretarako, kenkariak aplikatuko zaizkie askotariko teknologiei.
  •  Gure industriek prozesuak eta produktuak deskarbonizatzeko egindako inbertsioen % 68raino aurreztu ahal izango dute, autokontsumo elektrikoko instalazioak ezarri eta lehiakortasuna areagotzearen bidetik. Laguntza-programen bidez gure enpresa txiki eta ertainei bereziki laguntzeko ikuspegia izango du planak; izatez, enpresa handiei emango zaizkien dirulaguntzen batez bestekoa % 23koa izango da, enpresa ertainei emango zaizkien dirulaguntzen batez bestekoa % 28koa eta enpresa txikiei emango zaizkien laguntzen batez bestekoa % 33koa. Horiei guztiei % 35eko kenkari fiskala gehituko litzaieke.

Aste honetan aurkeztu da Euskadiko industriaren deskarbonizazio adimenduna bultzatzeko Deskarboniza 2025 plana, erakundeen arteko elkarlanean oinarritzen dena. Planak Eusko Jaurlaritzaren zenbait laguntza-programa eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek berriki onartutako kenkari fiskalak biltzen ditu. Barakaldoko BECen egindako aurkezpenean, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak eta Ekonomia Sustapeneko hiru foru diputatuek —Saray Zarate (Araba), Ainara Basurko (Bizkaia) eta Unai Andueza (Gipuzkoa)— parte hartu dute.

Haiekin izan dira Irantzu Allende Trantsizio Energetikoko sailburuordea, Jon Ansoleaga SPRIko zuzendari nagusia, Alexander Boto Ihobeko zuzendari nagusia, Mikel Amundarain Energiaren Euskal Erakundearen zuzendari nagusia, Xabier Ibarzabal Osakidetzako Ekonomia eta Finantzetako zuzendaria eta Xabier Basañez Bilbao Exhibition Centreko zuzendari nagusia.

Deskarboniza planak Eusko Jaurlaritzaren zenbait laguntza-programa biltzen ditu, 400 milioi euroko zuzkidurarekin. Horrek gure industria deskarbonizatzeko eta lehiakorragoa egiteko 1.200 milioiko inbertsioa erakarriko du legealdian. Planaren helburu nagusiak dira gure industriaren energia-efizientzia handitzea —segurtasun elektrikoa hobetu dadin— eta teknologia garbien aldeko apustua areagotzea —faktore bereizle gisa—.

Bi programa nagusiak industria-deskarbonizaziora (100 milioi euro) eta autokontsumora (160 milioi euro) bideratzen dira, nahiz eta mugikortasun jasangarrirako, energia-auditoretzetarako eta ekonomia zirkularrerako 40 milioi euroko beste programa batzuk ere barne hartzen diren, baita administrazio publikoentzako zero intereseko mailegu-lerro bat ere, 100 milioi eurokoa.

Autokontsumoaren arloan, orain arte Euskadik 150 MW-eko potentzia instalatua du, eta lau urteren buruan potentzia hori hirukoiztea planteatzen da, 450 MW-ra irits dadin. Horrela, 2030erako, autokontsumoaren aldeko apustuan aurreratuen dauden Europar Batasuneko herrialdeen artean egongo ginateke.

Hain zuzen, planaren aurkezpena BECen estalkian hasi da, bertan dagoen autokontsumorako instalazio fotovoltaikoaren bisitarekin —instalazio horrek Energiaren Euskal Erakundearen laguntza du—.

Batetik, BEC EGUZKI-ENERGIAREN INSTALAZIOA dago, BEC eta Energiaren Euskal Erakundea buru dituena eta Bilbao Exhibition Centreren kontsumo elektrikoaren parte estaltzera zuzentzen dena. Instalazio hori bi fasetan hedatu da, eta hirugarren fase bat ere izango du, 2025ean eraikitzen hasiko dena. Hirugarren fase horri esker, potentzia 2,68 MW-ra igo, eta BECen eskariaren % 25 beteko da —bateria-sistema bat instalatuko litzateke—.  Bi ekimen horiek, planta fotovoltaikoak eta etorkizuneko bateria-sistemak, Europako finantzaketa dute Life Urban Klima 2050 proiektuaren bidez, Euskadiko ekintza klimatikoko proiekturik handiena. Bestetik, BEC OSAKIDETZA instalazioa dago, Osakidetzak gidatzen duena eta Energiaren Euskal Erakundearen laguntza teknikoa duena. Instalazio horrek 4,9 MW-eko potentzia izango du, Gurutzetako Ospitalea gisako instalazio kritiko baten eskariaren laurdena ere elikatzeko adina. Instalazio horrek segurtasun eta erresilientzia elektriko handiagoa emango dio Euskadiko osasun-instalaziorik handienari.

Laguntza-programak eta kenkari fiskalak

Industriaren, administrazio publikoen eta etxeen deskarbonizaziorako laguntzen eta zerbitzuen programak spri.eus/deskarboniza webgunean kontsulta daitezke, eta, informazio gehiago behar izanez gero, han eska daiteke. Laguntza-programak honela banatzen dira:

  • 160 milioi euro, Autokontsumoa
  • 100 milioi euro, Industriaren deskarbonizazioa
  • 100 milioi euro, energia-efizientziarako eta energia berriztagarrietarako zero intereseko maileguak
  • 23,7 milioi euro, Mugikortasun jasangarria (emisio txikiagoko ibilgailuak + MOVES)
  • 10 milioi euro, Enpresa txiki eta ertainetako eta administrazioetako azterketa eta auditoretza integralak
  • 6 milioi euro, Ekonomia zirkularraren arloko berrikuntza

Gainera, zerbitzuen atalean, Deskarboniza planak Foru Aldundien kenkari fiskalak barne hartzen ditu, eta, horiei esker, % 35erainoko desgrabazioa egin ahal izango da deskarbonizazioan eta ingurumen-jasangarritasunean egindako inbertsioengatik. Teknologia Garbien Euskal Zerrendan jasotako inbertsio guztiak kenkari horiei lotuta daude. Inbertsio horiek garapen jasangarria, ekonomia zirkularra, ingurumen-inpaktuaren murrizketa eta trantsizio energetikoa bultzatuko dituzte, askotariko teknologietarako kenkarien bidez.

Euskadiko industriek prozesuak eta produktuak deskarbonizatzeko egindako inbertsioen % 68raino aurreztu ahal izango dute, autokontsumo elektrikoko instalazioak ezarri eta lehiakortasuna areagotzearen bidetik. Laguntza-programen bidez gure enpresa txiki eta ertainei bereziki laguntzeko ikuspegia izango du planak; izatez, enpresa handiei emango zaizkien dirulaguntzen batez bestekoa % 23koa izango da, enpresa ertainei emango zaizkien dirulaguntzen batez bestekoa % 28koa eta enpresa txikiei emango zaizkien laguntzen batez bestekoa % 33koa. Horiei guztiei % 35eko kenkari fiskala gehituko litzaieke.

Adibide gisa: industria-enpresa ertain baten estalkietan 500.000 euroko inbertsioa duen instalazio fotovoltaikoa ezarri nahi da. Instalazio horrek enpresaren urteko guztizko kontsumo elektrikoaren % 10 eta % 15 artean sortuko luke urtero. Deskarboniza planean aurreikusitako laguntzei esker, jarduketa horrek inbertsioaren % 28ko laguntza jaso dezake, eta zergak % 35 arinduko lituzke. Enpresak, guztira, 320.000 euro aurreztuko lituzke, hau da, egin beharreko inbertsioaren % 37 baino ez luke ordaindu beharko.

Deskarbonizazio adimenduna bultzatzeko jauzi kualitatiboa

“Deskarboniza planaren helburu nagusiak dira energia-efizientzia handitzea —energiarik onena kontsumitzen ez den energia da—, autokontsumoa handitzea —erresilientzia handiagoa izateko hornidura-berme gisa— eta teknologia garbien aldeko apustua areagotzea —faktore bereizle gisa—”, zehaztu du Mikel Jauregi sailburuak. “Euskadi Europako abangoardian jartzen duen asmo handiko programa aurkezten dugu, Europar Batasuneko programarik osatu eta aurreratuenetako batekin; neutraltasun teknologikoaren aldeko apustu irmoa da. Deskarbonizazio adimendunean sinesten dugu, eta, horretarako, trantsizio energetikoan aurrera egin nahi dugu eta lehiakortasuna areagotu, mix energetiko baten bidez —elektrifikazioaren bidetik ez ezik, beste teknologia garbi batzuen erabileraren bidetik ere bai, hidrogeno berdearen erabilerarekin adibidez—”.

Deskarboniza planaren laguntzak hiru foru-aldundiek deskarbonizaziorako ematen dituzten beste laguntza batzuen osagarri dira.

Saray Zarate Arabako foru diputatuak adierazi duenez, “Arabako industriaren erronka nagusia deskarbonizazioaren erronka da, eta horregatik, enpresei trantsizio energetikoan laguntzeko bide orria lantzen ari gara. Gure helburua da bide horretan lagunduko duen deskarbonizazioaren aldeko Arabako itun handia sortzea. 2 milioi eurotik gorako laguntza-ildoa prestatzen ari gara, gure enpresek soluzio eta teknologia berritzaileak izan ditzaten, eta, hala, karbono gutxiko ekonomiarako trantsizio-prozesuetan lagun dadin”.

Bestalde, Ainara Basurko Bizkaiko foru-diputatuak aditzera eman duenez, “deskarbonizazioa aukera paregabea da gure industria trantsizio energetikoaren abangoardian kokatzeko”, eta, gero, erantsi duenez, “energia garbien alde egiteak energiaren prezioa merkatzen du, eta horrek industriaren lehiakortasuna areagotzen du eta Bizkaia eta Euskadi inbertsiorako eta ekoizpenerako lurralde erakargarri bihurtzen ditu”. “Bizkaiko industria- eta zerbitzu-enpresa aurreratuei ekoizpen-eredu jasangarriagoetarako trantsizioa erraztuko dieten laguntzak eta baldintzak nahi ditugu. Hori dela eta, aurten 1,6 milioi euro jarriko ditugu Trantsizio Berdearen Programaren bigarren deialdirako, eta zenbateko horri gehituko zaizkio enpresen deskarbonizazioa eta lehiakortasuna hobetzeko onartu berri den berrikuspen fiskalaren ondoriozko finantzaketa-aukerak”. “Deskarbonizazioa hedatzea da klimaren krisiari aurre egiteko, industriaren lehiakortasuna bultzatzeko, erresilientzia ziurtatzeko eta talentua erakarri eta bertan atxikitzeko dugun modua”, eman du aditzera.

Azkenik, Unai Andueza Gipuzkoako foru diputatuak adierazi duenez, “Gipuzkoa bat dator, erabat, Deskarboniza planaren helburuekin, egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko funtsezko bi ardatz artikulatzen dituen ekimena baita: lehiakortasuna eta jasangarritasun energetikoa”. Ildo horretan, nabarmendu du lurraldeak proiektu estrategiko propioak ere sustatzen dituela, hala nola MUBIL, baita enpresetan ingurumen-jasangarritasuneko irizpideak aplikatu eta industria-lehiakortasuna hobetzeko beste laguntza-lerro bat ere. “MUBIL zentro aitzindaria da, Gipuzkoa eta Euskadi mugikortasun jasangarriaren arloan Europako abangoardian kokatzen dituena. Jasangarritasuna, berrikuntza eta enplegu kualifikatua uztartzen dituen proiektu eraldatzailea da, eta funtsezkoa izango da Euskadik Europan duen betekizuna indartuko duen sektore estrategiko bat finkatzeko”, erantsi du Anduezak. Gainera, Gipuzkoako enpresei deskarbonizazio-prozesuetan laguntzeko 1,5 milioi euroko laguntza-programa abian jarriko dela iragarri du, “ekonomia lehiakorrago, erresilienteago eta arduratsuagoarekin dugun konpromisoa berretsiz”.

Sare elektrikoak indartzeko premia

Mikel Jauregi sailburuak azaldu duenez, “joan den astean ikusi dugu itzalaldiak agerian utzi duela gure zaurgarritasuna. Deskarboniza programarekin energiaren arloan independenteagoak eta autonomoagoak izateko urratsak egiten ditugu. Baina ez da nahikoa, oraindik ere inbertsio handiagoa behar dugu sare elektrikoetan, eta energia berriztagarri propioa garatu behar dugu planta fotovoltaiko eta eolikoen bidez”.

“Eusko Jaurlaritza aspalditik ari da buru-belarri maila guztietan lanean —bai Ministerioarekin, bai Sare Elektrikoarekin—, Euskadiko sare elektrikoan egin beharreko inbertsioak zehaztu daitezen. Hori funtsezkoa da gure industria deskarbonizatzeko, gure enpresen hazkundeari aurre egiteko eta industria berria erakartzeko”, adierazi du sailburuak.

 

Lotutako albisteak

Autokontsumo  energetikoa  %  30  hazi  da  Euskadin  industriak  bultzatuta

Autokontsumo energetikoa % 30 hazi da Euskadin industriak bultzatuta

Autokontsumorako potentzia % 30 hazi da Eusko Jaurlaritzaren Autokontsumorako Laguntza Programa abian jarri zenetik.

Energiaren  prezioa  garestitzen  duten  eta  industriaren  lehiakortasuna  mugatzen  duten  distortsioak  berrikustea  proposatu  dio  Eusko  Jaurlaritzak  Espainiako  Gobernuari

Energiaren prezioa garestitzen duten eta industriaren lehiakortasuna mugatzen duten distortsioak berrikustea proposatu dio Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari

Euskal industriaren kostu elektrikoak Frantzian baino % 165 garestiagoak eta Alemanian baino % 35 garestiagoak izan daitezke. Bi herrialdeek lortu dute azken prezioaren murrizketa hori, industria-sektore elektrointentsiboen aldeko neurri erregulatzaile argien bidez.

Aleovitro,  landare  in  vitro  hazkuntzarako  euskal  bioteknologia

Aleovitro, landare in vitro hazkuntzarako euskal bioteknologia

Konpainia bizkaitarrak zeharkako zerbitzuak eskaintzen ditu; elikadura, farmazia, medikuntza eta kosmetikaren sektoretik ingurumenera

Euskadiren  industria-estrategia  indartu  du  Pradalesek,  deskarbonizazioaren  eta  autonomia  estrategikoaren  aldeko  apustu  irmoaren  bidez
26/01/2026 Deskarbonizazioa

Euskadiren industria-estrategia indartu du Pradalesek, deskarbonizazioaren eta autonomia estrategikoaren aldeko apustu irmoaren bidez

2,5 MW-eko elektrolizagailuaren eta etorkizuneko 100 MW-eko elektrolizagailuaren bidez, Euskadi hidrogeno berdearen abangoardian kokatuko da Europan; urtean 167.000 tona CO2 isurtzea saihestuko da, industriaren deskarbonizazio adimendunaren alorrean nabarmen aurrera eginda. Imanol Pradales: «Europak egun duen erronka izugarria da: gure industria eta garapen-eredua ahalik eta azkarren deskarbonizatu behar dugu, eta hori,...

TEAM  Engineering  Group  eta  TECNALIAk  Hyteam  merkaturatu  dute,  hidrogenoaren  eraldaketa  integralerako  euskal  ingeniaritza  berria
22/01/2026 Deskarbonizazioa

TEAM Engineering Group eta TECNALIAk Hyteam merkaturatu dute, hidrogenoaren eraldaketa integralerako euskal ingeniaritza berria

Enpresak hidrogenoaren balio-kate osoa hartzen du, bideragarritasun-azterketetatik hasi eta proiektuak egiteraino.

Industria  deskarbonizazioko  proiektuen  %  70  energia-eraginkortasunera  bideratu  dira,  Euskadi  2030  Industria  Planarekin  bat  etorriz
17/12/2025 Deskarbonizazioa

Industria deskarbonizazioko proiektuen % 70 energia-eraginkortasunera bideratu dira, Euskadi 2030 Industria Planarekin bat etorriz

59 enpresek parte hartu dute parte Eusko Jaurlaritzaren Industria Deskarbonizatzeko programan. 2025ean, 22 milioiko inbertsio publikoa egin da eta honek, 109,9 milioi euroko inbertsio pribatua eragin du

GESek  196  milioi  eta  343  MWp-eko  lau  kontratu  fotovoltaiko  itxi  ditu  azken  lauhilekoan

GESek 196 milioi eta 343 MWp-eko lau kontratu fotovoltaiko itxi ditu azken lauhilekoan

Energia fotovoltaikoan, biltegiratzean eta sare elektrikoetan aldi berean aurrera egiteak GES balio-kate berriztagarrian funtsezko eragile gisa finkatzen du.

Cimico  nazioarteko  aintzatespen  ospetsua  jaso  du  Global  Prize  for  Innovation  in  Water  (GPIW)  sariketan

Cimico nazioarteko aintzatespen ospetsua jaso du Global Prize for Innovation in Water (GPIW) sariketan

Saudi Water Authority-k bultzatutako saria joan den abenduaren 8an banatu zen, Jeddah-n (Saudi Arabia) egindako Innovation-Driven Water Sustainability (IDWS) ekitaldian.

Euskadi  liderra  da  offshore  edo  itsas  zabaleko  azpiegiturak  babesteko  soluzio  jasangarrien  berrikuntzan

Euskadi liderra da offshore edo itsas zabaleko azpiegiturak babesteko soluzio jasangarrien berrikuntzan

Iberdrola Renovables Energiak eta Galea eta Mendieta enpresek, Tecnalia ikerketa eta garapen teknologikoko zentroarekin lankidetzan, proiektu bat garatu dute material jasangarrietan oinarrituta irtenbide bat aurkitzeko energia eolikoko itsas zabaleko azpiegituren korrosioaren arazoari

Eusko  Jaurlaritzak  50  milioi  euro  eskatu  dizkio  Ministerioari,  MOVES  III  programaren  barruan  egiteke  dauden  eskariei  erantzuteko

Eusko Jaurlaritzak 50 milioi euro eskatu dizkio Ministerioari, MOVES III programaren barruan egiteke dauden eskariei erantzuteko

Jauregik gogorarazi duenez, “Eusko Jaurlaritzak joan den uztailetik eskatu du MOVES III programarako zuzkidura handitzeko, aurrekontua programa amaitu aurretik agortzen ari zelako”.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.