Xabi Uribe-Etxebarria.
Berrikuntza Ekintzailetza Eraldaketa digitala I+G+B
Albisteak 21 iraila, 2020

Sherpa.ai: “Euskadiko talentuak ez dio ezer zor munduko beste toki batzuetakoari”

Xabi Uribe-Etxebarriak, Sherpa.ai konpainiaren sortzaile eta zuzendari nagusiak, Adimen Artifizialaren arloko munduko enpresa garrantzitsuenen artean kokatu du Erandioko enpresa hori
-

 

Adimen Artifizialaz ari denean, oso azkar hitz egiten, pentsatzen eta interpretatzen du, Adimen Artifiziala baita duela urte batzuetatik bere bizitza profesionala bultzatzen duen motorra, eta baita ere zentzua ematen diona. Xabi Uribe-Etxebarria (Bilbo, 1981) da, ziurrenik, nazioarteko erreferentzia garrantzitsuenetakoa arlo horretan, 2012an Erandion (Bizkaia) bere Silicon Valley partikularra sortu zuenetik. Hantxe sortu zuen Sherpa.ai, nazioarteko ranking askoren iritziz munduko 100 enpresa berritzaileenetako bat. Euskal konpainia berezi horri borborka dario Made in Basque Country talentua, eta talentu horri esker, enpresako galdarak elikatzen jarraitu du pandemia gorabehera. Beste eragile askorekin batera, Sherpa.ai-k bere hondar aletxoa jarri du koronabirusari eusteko Euskadin, ondoen egiten dakiena eginez, hots, Adimen Artifizialeko algoritmoak aplikatuz. Hala, ZIUen kolapsoa saihestu da birusaren patroiak eta joerak hainbat eguneko aurrerapenarekin errekonozitzeko gai den plataforma harrigarri bati esker.

 

Nola sortu zen Covid-19ari aurre egiteko plataforma hau?

Bertakoak gara eta laguntzeko gaude. Horregatik, arazoaren larriaz eta gaixotzen ari zen jende kopuruaz jabetu ginenean, laguntzea erabaki genuen. Nola? Ongien egiten duguna eginaz. Horrela sortu genuen Osakidetzarentzako plataforma bat, zeina, besteak beste, gai den Zaintza Intentsiboko Unitateek (ZIU) etorkizunean izango dituzten premiak aurreikusteko. Gainera, plataforma gai da lurralde bakoitzak hurrengo zazpi egunetan beharko duen ZIU kopurua jakiteko eta, horri esker, osasun arloko agintariek halako marjina bat izan zuten une bakoitzerako behar ziren baliabideak zehaztasun handiz prestatzeko. Tresna honek, birusaren patroiak eta joerak errekonozitzeaz gain, oso datu garrantzitsuak identifikatzen ditu, esaterako, infektatuen joerak edo etorkizuneko agerraldiak.

 

Garapen guztia bertan eginikoa da?

Oso-osorik diseinatu eta garatu dugu Euskadin, zehazkiago, Erandion daukagun egoitzan (Bizkaia). Badauzkagu filialak Donostian, Granadan eta Estatu Batuetan (Silicon Valley), baina oraingoan etxean egin dugu garapen osoa, batez ere hurbiltasunagatik.

 

Zer jartzen du Sherpa.ai-ren bisita-txartelean?

Adimen Artifizialeko zerbitzuetan liderra den konpainia bat garela, eta munduko 100 enpresa berritzaileenetako bat ere bai, Fortune AI 100 eta CB Insights bezalako rankingen arabera. Gainera, aurten Datamation aldizkariak AA arloko hamar enpresa garrantzitsuenen artean sartu gaitu, Google, IBM eta Microsoft-ekin batera.

 

Teknologia hori erabiltzaileen mailara jaisteko. Non aurki ditzakegu Adimen Artifizialaren arrastoak?

Aurki ditzakegu autoetan, aurikular adimendunetan, etxeko bozgorailuetan, web orrietan, aplikazio mugikorretan edo etxetresna elektrikoetan. Gure kasuan, behintzat, gai gara horrelako produktuetara iristeko beste hainbat konpainiarekin -hala nola, Porsche, Volkswagen eta Samsung- sinatuta dauzkagun akordioen bidez.

 

Uste duzu gizarteak benetan ulertzen duela zenbaterainoko potentziala duen AAk gure eguneroko bizitzan?

Esango nuke askotan jendeak robotekin lotzen duela Adimen Artifiziala edo etorkizun oso urrunarekin, hots, hitz egiten duten makinekin edo hologramekin, baina errealitate hori iruditzen zaiguna baino askoz hurbilago dago, eta horren erakusgarri da dagoeneko laguntzen digula gure eguneroko bizitzan, gu konturatu ere egin gabe.

 

Nola?

Adibidez, gure sakelakoak desblokeatzen ditugunean hatz markarekin edo aurpegi errekonozimenduarekin. Hor Adimen Artifizialeko algoritmo asko daude. Baita ere gure ahotsa erabiltzen dugunean hainbat aplikaziotan, edo aparkalekua ordaintzen dugunean txartelik sartu gabe eta hesia magiaz bezala altxatzen denean… Edo beste sektore batzuetako aplikazio askoz sofistikatuetan ere bai; adibidez, osasun arloan AA erabiltzen da tomografietan gizakiaren begiak ikusi ezin dituen minbizi txikiak detektatzeko. Zenbat bizitza salba ditzake horrek?

 

Horrelako adibideak lagungarri izan beharko lirateke AA gizartean errazago sartzeko, teknologia laguntzat har dezagun eta ez mehatxutzat, ezta?

Jakina. AA gizakiaren osagarri bat da, izan ere, hala izan behar du, eta ez ordezkoa; horrelako teknologiek gure zerbitzura egon behar dute, eta bizitza erraztu behar digute, ez oztopatu.

 

Enpresa teknologiko handiek badute talentuagatiko gerra partikular bat. Baina badirudi Sherpa.ai enpresan urrats bat aurretik zoaztela, nazioarteko hainbat figura konbentzitu baitituzue zuekin lan egiteko (Tom Gruber, SIRIren fundatzailea; Celestino García, Samsung enpresaren presidenteorde korporatibo ohia Espainian eta Portugalen, edo Joanna Hofman, bere garaian Steve Jobs-en eskuin eskua izan zena). Zer lortu nahi duzue horrelako profilak erakarrita?

Lehenik eta behin, esan beharra dago Euskadin daukagun talentuak ez diola ezer zor munduko beste toki batzuetakoari. Oso jende ona daukagu hemen, kalitate handikoa, eta lehen eskutik dakit hori. Hiru unibertsitate bikain dauzkagu eta lehen mailako teknologia-zentro ugari, non proiektu harrigarriak ernaltzen ari baitira. Gertatzen dena da -gure kasuan behintzat- ez daukagula nazioarteko sonarik ez errekonozimendurik, eta horixe da, hain zuzen, horrelako profilekin lortzen duguna.  Izen horiek Sherpa.ai konpainiara ekarriz, indartu egiten dugu lehen sinesgaitza zen errealitate bat, alegia, Erandioko tailer txiki bat gai dela mundu osorako esanguratsuak diren Adimen Artifizialeko proiektuak garatzeko.

 

Adimen Artifiziala aipatzen denean, ezinbestean azaleratzen da pribatutasunari eta datu pertsonalen erabilerari buruzko eztabaida. Gaur egun, posible da seguru sentitzea pribatutasunari uko egin beharrik gabe?

AA mugitzen duen motorra datuak dira. Guztiz beharrezkoak dira algoritmoek ikas dezaten eta, jakina, datu horiek erabiltzaileenak dira, eta hala izan behar du gainera. Bestela, arazo handiak sortzen dira; halaxe ikusten ari gara datu horiek hirugarrenei saltzen dizkieten konpainiekin eta antzekoekin. Sherpa.ai-n, gure bezeroengandik lortzen ditugu algoritmoak eta datuak, eta haiek euren bezeroei eskatzen dizkiete. Duela pare bat urte hasitako proiektu baten parte da prozesu hori. Plataforma bat garatu genuen datu horiek erabili ahal izateko inongo zerbitzaritara bidali beharrik gabe. Bada, garapen hori erreala da, duela hilabete jarri genuen martxan, eta orain, pribatutasunari aplikatutako munduko Adimen Artifizialeko plataforma indartsu eta osoena daukagu.

 

Zerk egiten du berezi zuen sektorean?

AA algoritmoen potentzia erabili ahal izango da datu pribatuak partekatu beharrik gabe. Kontuan izan datuen pribatutasuna dela enpresa teknologikoen eztabaidagai nagusia, eta are gehiago Covid-19aren ondorengo aro honetan, askok uste dutelako datuen segurtasuna edo pribatutasuna, bietako bat aukeratu beharko dutela. Sherpa-n oso konprometituta gaude gai horrekin, uste baitugu pribatutasuna oinarrizko balore etiko bat dela, eta AAri esker, dagoeneko posible da segurtasuna lortzea datuen pribatutasunari uko egin gabe.

 

Horrek sekulako aukera-sorta irekitzen du; soilik osasun arloan, posible litzateke datuak partekatzea gaixotasunei eta pazienteei buruz, eta sekulako aurrerapenak lortuko lirateke oraingoz sendabiderik ez duten gaixotasunetan…

Hori da! Algoritmoak sortuta daude, baina milaka datu behar dituzte ikasteko. Eta inor ez da sartuko datu horietara, datuen babeserako arauen menpe daudelako eta, beraz, pazienteen pribatutasuna urratuko litzatekeelako. Beraz, nola entrenatu liteke eredu bat informazio hori partekatu gabe? Guk aurkitu dugu erantzuna: Ikaskuntza Federatuaren bidez. Segurua eta pribatua da, ez dagoelako datu pertsonalen trukerik, ereduak modu lokalean entrenatzen direlako, eta hobekuntzak bakarrik konbinatzen direlako lainoan.

 

Itzul gaitezen AAren sozializaziora; dagoeneko frogatu du bizitzak salba ditzakeela…

Hala da, bai, eta berriro diot: horrelako teknologiek gure zerbitzura egon behar dute, gure bizitza errazago egiteko. Eta horretan ari gara.

Lotutako albisteak

Basque  Health  Cluster-ek  eta  GSK-k  aliantza  bat  bultzatu  dute  Euskadin  osasun-arloko  lankidetza  eta  berrikuntza  indartzeko
16/02/2026 Kluster politika

Basque Health Cluster-ek eta GSK-k aliantza bat bultzatu dute Euskadin osasun-arloko lankidetza eta berrikuntza indartzeko

GSK klusterreko Business Partner gisa sartu da, agenteen arteko konexiora, ezagutza sortzera eta osasun-sistemaren eraldaketara bideratutako ikuspegiarekin

Euskadi  funtsezkoa  izango  da  etorkizuneko  motor  aeronautikoen  belaunaldi  berriaren  garapenean,  lehen  proiektu  eraldatzaile  industrialari  esker

Euskadi funtsezkoa izango da etorkizuneko motor aeronautikoen belaunaldi berriaren garapenean, lehen proiektu eraldatzaile industrialari esker

Proiektu eraldatzailea beste urrats bat da Euskadiko industria aeronautikoaren garapenean. Abiazio komertzialeko motorren hurrengo belaunaldirako funtsezko teknologien garapena ahalbidetuko du, besteak beste. Proiektuak hurrengo hiru urteetarako 110 milioi eurotik gorako inbertsioa izango du, eta horietatik 60 milioi euro baino gehiago I+Garen eta teknologia-garapenaren arlokoak izango dira

Detergente  biologikoa,  berrikuntza-bektorea  garbiketa  profesionalean
15/02/2026 Berrikuntza

Detergente biologikoa, berrikuntza-bektorea garbiketa profesionalean

'A&B Laboratorios de Biotecnología'-k Berrikuntzaren Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Saria jaso zuen 2024an

Basque  Tek  Ventures:  deep  tech  teknologia  enpresa  berri  bihurtzeko  esparru  bat
11/02/2026 Ekintzailetza

Basque Tek Ventures: deep tech teknologia enpresa berri bihurtzeko esparru bat

Zientzia-ingurunetik merkatura igarotzeko bidean dauden deep tech teknologiei laguntzera bideratutako ekimena, prozesuari egitura eta jarraitutasuna emanez.

U-BAI  Faktoria  RK  Solutionsen  kapitalean  sartu  da  bere  hazkunde  estrategikoa  bultzatzeko
09/02/2026 Ekintzailetza

U-BAI Faktoria RK Solutionsen kapitalean sartu da bere hazkunde estrategikoa bultzatzeko

Ekimen honekin, U-BAI Faktoria eragile garrantzitsu gisa kokatzen da Urdaibai– Busturialderako suspertze eta inbertsio ekosisteman

Medopek  SICUR  2026an  aurkeztuko  dituen  berrikuntzak  begien  babesari  dagokione
09/02/2026 I+G+B

Medopek SICUR 2026an aurkeztuko dituen berrikuntzak begien babesari dagokione

Foku nagusietako bat ISO 16321 araudiaren araberako ziurtagirien eguneratzea izango da, sektorerako funtsezkoa den arau-aldaketa.

Araba-Pack:  Konfiantzazko  etiketatze  industrialeko  soluzioak  Gasteizen
04/02/2026 Berrikuntza

Araba-Pack: Konfiantzazko etiketatze industrialeko soluzioak Gasteizen

Euskal industriarentzako balio-proposamena malgutasunak eta ikuspegi pertsonalizatuak definitzen dute.

Eusko  Jaurlaritzak  berrikuntza  irekiko  23  proiektu  sustatuko  ditu  startup  eta  enpresen  artean,  BIND  plataformaren  10.  edizioan
02/02/2026 Up Euskadi

Eusko Jaurlaritzak berrikuntza irekiko 23 proiektu sustatuko ditu startup eta enpresen artean, BIND plataformaren 10. edizioan

Proiektuak BIND Demo Day egunean aurkeztuko dira, uztailaren 2an, Bilbao Exhibition Centren.

Almarima  Surf  Companyk  surfaren  bilakaera  bultzatzen  du  UP  Surfboardsekin  eta  nazioarteko  bokazio  sendo  batekin
31/01/2026 Berrikuntza

Almarima Surf Companyk surfaren bilakaera bultzatzen du UP Surfboardsekin eta nazioarteko bokazio sendo batekin

“Egunero lan egiten dugu modu solidoan hazten jarraitzeko, produktu fidagarriak eskainiz eta behar espezifikoei erantzunez”

Innolab  Bilbaok  eta  Ikerlanek  Bizkaiko  hiriburua  hurrengo  belaunaldiko  sistema  elektronikoen  abangoardian  kokatzen  dute

Innolab Bilbaok eta Ikerlanek Bizkaiko hiriburua hurrengo belaunaldiko sistema elektronikoen abangoardian kokatzen dute

Jardunaldiak lehen mailako enpresa eta adituak bildu zituen, sistema horiek industria lehiakortasunean duten eragina aztertzeko

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.