Albisteak 16 Marzo, 2022

Arabako PlayerOn enpresak datuaren gamifikazioan zentratu du bere jarduera

Plataforma honen helburua da modu ludiko batean uztartzea “engagementa” eta datuen atzematea, marka eta enpresek euren bezeroekin dituzten loturak hobetu ditzaten   
-

PlayerOn enpresaren jarduera hiru kontzeptutan laburbiltzen da: kirola, ekintzailetza eta engagementa. Eta hauxe da hiru alderdi horiek elkarrekin uztartzearen emaitza: fan engagement plataforma bat, konponbide interaktiboak eskaintzen dizkiena markei, euren bezeroekin duten lotura hobetu dezaten publiko guztientzako jolas oso pertsonalizagarrien bidez.  Momentuz -eta hasiberriak baino ez dira-, esperientzia berriak sortzen ari dira, besteak beste Real Sociedad futbol klubarentzat, eta berriki akordio bat itxi dute zinema-kate ezagun batekin Batman filmaren estreinaldirako, aurreratu du Maitane López de Forondak, startup arabarraren zuzendari nagusi eta fundatzaileak.

 

Zer egiten duzue zehazki PlayerON-en?

Enpresentzako gamifikazio-plataforma bat gara. Gure helburua da modu ludiko batean uztartzea engagement-a (bezeroekiko konexio positiboa) eta datuen atzematea. “Datuaren gamifikazioa” deitzen diogu horri.  Guztiz pertsonalizatutako jolasak konfiguratzen ditugu, enpresek partekatu ditzaten euren sare sozialetako jarraitzaileekin, web orriko zein onlineko dendako bisitariekin edo euren aplikazio ofizialeko erabiltzaileekin…

Zerk bereizten zaituzte zuen lehiakideengandik?

Hiru berritasun eskaintzen ditugu: lehenik eta behin, gai gara jokalariaren sakelakoa bigarren pantaila batekin (bideo-markagailu bat, pantaila erraldoi bat edo telebista bat) konektatzeko jolasaren bidez, eta horrela, erabiltzailea harrituko duten esperientzia berriak sortzeko. Bigarrenik, jolasak sor ditzakegu datu-baseetako eremu desberdinetan oinarrituta. “Datuaren gamifikazioa” deitzen diogu horri, hau da, aukera ematen dugu harmaila bat gainerakoekin lehiatzeko, edo gizonak emakumeen kontra, edo maskota-jabeak maskotarik ez dutenen aurka. Hirugarrenik, sorkuntza eta garapen ekipo propioa dugu, eta horri esker gai gara jolasak ad hoc garatzeko, prozesu guztia geure gain hartuz (kanpainaren diseinua, aktibazioa, amaierako txostena, etab.).

“Zaleen esperientzia hobetzea futbol estadioetan, saskibaloi kantxetan, kontzertuetan…”. Zer esan nahi duzue horrekin?

Esan nahi dugu erabat aldatu nahi dugula ekitaldi batean bizi dugun esperientzia. Ekitaldira doan publikoa ere ekitaldiaren protagonista izatea nahi dugu, hau da, ez daitezela izan lekuko hutsak. Elkarreragin dezatela pantaila erraldoiekin, diberti daitezela eta, horrela, gorde dezatela oroitzapen gogoangarri bat. Hori lagungarria da hainbat negozio-eremu estrategikotarako: marketina, ticketing-a, babesleak, partiduaren dinamizazioa (kirol taldeen kasuan), jatetxeetako salmentak, merchandising salmentak… Bi alderdien arteko lotunea da: ekitaldira doazenek ongi pasatzen dute eta sariak irabazten dituzte, eta markak edo taldeak bere helburu estrategikoak betetzen ditu.

Gamifikazioa eta datuak…

Hori da. Markek euren bezeroen eta balizko bezeroen datu pertsonalak atzeman behar dituzte eurengana zuzenean iristeko, komunikazioak pertsonalizatzeko eta, funtsean, saltzeko. Nola Google-k iragarri duen hemendik aurrera ez duela onartuko hirugarrenen cookie-rik bere nabigatzailean, markak behartuta daude erabiltzaileak zuzenean erakartzera euren kanaletara, eta gero zuzeneko marketin bidez ustiatuko dituzten datuak atzematera.

Zergatik eta zein testuingurutan sortu da enpresa hau?

Esperientzia genuelako eta aukera ikusi genuelako. Urtetan ibili nintzen lanean komunikabide agentzietan eta estrategia digitaleko agentzietan, eta gero bost urtez aritu nintzen Baskonia-Alavés Taldean. Han, arlo digitalaren barruan, nire zeregina zen gainerako sailen kezkei erantzutea (marketina, ticketing-a, babesleak, merchandising-a…), eta horretarako, ezinbestekoa zen gertatzen zen guztiaren ikuspegi osoa izatea. Erabaki genuen mundu mailako pandemiaren testuinguruan aukera itzela izan zitekeela gamifikazioa kontuan hartzea negozio-eremu desberdinei erantzuteko.  Hainbat hornitzaile probatu nituen, euren muga eta gabeziak ezagutu nituen, eta haiek ase ezin zituzten aukerak bururatu zitzaizkidan, batik bat datua atzemateko. Hala, merkatuko premia bati erantzuteko sortu zen PlayerON.

BIC Araba eta SPRI Taldeak izan duten papera…

Enpresa martxan jartzea planteatu genuenean, lehenik eta behin aholkularitza bilatu genuen. BIC Araban oso ongi aholkatu gintuzten. Gero, ekintzaileentzako Ekintzaile programan sartu ginen (bide batez, eskerrak eman nahi nizkioke Diegori eman zigun laguntzagatik), eta enpresa bezala sortu ginenetik urtea betetzera doan honetan, pozarren gaude eman digun laguntzarekin. Nire bazkideak Madrilekoak dira eta txundituta daude euskal erakunde publikoek startup-ei ematen dioten babesarekin.

PlayerON kirolaren arlora bakarrik zuzentzen da?

Ez, esango nuke gamifikazioa edozein jarduera-eremutan aplikatu daitekeela. Hala ere, audientzia handia biltzen duten sektoreetara zuzentzen gara, batez ere zerbait gertatu zain dagoen audientzietara. Kirol profesionalaz gain, orobat zuzentzen gatzaizkie ekitaldi antolatzaileei (kontzertuak, kongresuak, aurkezpenak…), zinema-aretoei edo euren aplikazio ofizialak indartu eta audientziarekin zuzenean elkarreragin nahi duten komunikabideei. Baita ere jatetxeei, retail sektoreari eta kontsumo handiko markei (lagungarri izan gaitezke packaging eta salmenta puntuko elkarreragina bideratzeko). Izan ere, aritu izan gara futbol eta saskibaloi taldeekin, kongresu eta azokekin, ekitaldiak antolatzen dituen areto batekin eta zinema-areto batekin. Esan dizudan bezala, gure plataformak oso erraz pertsonalizatu daitezkeen jolasen katalogo bat eskaintzen du, hortaz, bi enpresek kaleratuko dituzten jolasek ez dute itxura berdina izango, nahiz eta mota berekoak izan.

Kirol klub baten edo kontzertu baten ikuspegitik, zein da bilatzen edo lortzen duzuen errentagarritasuna?

Arrazoi estrategiko desberdinak izan ditzakete. Izan liteke soil-soilik publikoa entretenitzea, publizitate-aktibo berri bat sortzea (jolasarentzat babesle bat bilatuz), datuak atzematea edo salmenta zuzenak bultzatzea sariak eskainiz (beroan eginiko erosketentzako deskontuak, jatetxeetako kontuak handitzea…).

Lotutako albisteak

INGENERSUNek  nazioarteko  proiekzioa  indartu  du,  automobilgintzarako  irtenbide  robotizatu  aurreratuekin

INGENERSUNek nazioarteko proiekzioa indartu du, automobilgintzarako irtenbide robotizatu aurreratuekin

Konpainiak bere gaitasun teknologikoa sendotu du Poloniako Stellantis-entzat eta Marokoko Floquet Monopole-rentzat egindako proiektuen ondoren

Datuaren  Heldutasunaren  Diagnostiko  Programa  enpresa-kudeaketa  adimentsuago  baterako  abiapuntua  da

Datuaren Heldutasunaren Diagnostiko Programa enpresa-kudeaketa adimentsuago baterako abiapuntua da

Abenduaren 2an ireki zen Datuaren Heldutasunaren Diagnostikoa Programaren lehen deialdia. Zerbitzu berri honek euskal enpresei laguntza eskaintzen die datuen arloko egungo egoeraren ebaluazio zorrotza egiteko eta analitika eta adimen artifizialaren eredu aurreratuagoetarako ibilbide-orri bat definitzeko.

Eusko  Jaurlaritzak  28  milioi  euro  bideratuko  ditu  euskal  ETEen  eraldaketa  digitalerako

Eusko Jaurlaritzak 28 milioi euro bideratuko ditu euskal ETEen eraldaketa digitalerako

Euskal ETEek Adimen Artifizialeko eta Zibersegurtasun Industrialeko programen bitartez eskatu ahal izango dituzte laguntzak.

Xenonek  eta  Microsoftek  AAri  esker  zure  enpresaren  produktibitatea  handituko  duen  doako  bigarren  topaketa  antolatu  dute

Xenonek eta Microsoftek AAri esker zure enpresaren produktibitatea handituko duen doako bigarren topaketa antolatu dute

Badator berriro #XenonBusinessTalks: Bigarren edizioa estreinaldiaren arrakastaren ondoren

Euskadiko  enpresa  industrialetan  adimen  artifiziala  barneratzea  sustatzen  duten  proiektuak  babesten  ditugu

Euskadiko enpresa industrialetan adimen artifiziala barneratzea sustatzen duten proiektuak babesten ditugu

Adimen Artifiziala 2026 laguntza-programa datorren asteartean, martxoaren 24an, zabalduko da, SPRIk adimen artifizialeko teknologiak txertatzearen eta datuaren estrategia indartzearen alde egiten duten enpresa-proiektuei ematen dien laguntzari jarraipena emanez.

Eusko  Jaurlaritzak  ezkutu  industriala  aktibatu  du  1.047  milioi  eurorekin,  Ekialde  Ertaineko  gatazkaren  eraginari  aurre  egiteko

Eusko Jaurlaritzak ezkutu industriala aktibatu du 1.047 milioi eurorekin, Ekialde Ertaineko gatazkaren eraginari aurre egiteko

ETEak eraldatzeko eta dibertsifikatzeko laguntzak % 51,4 igoko dira, 277 milioi euroraino

Ideiatek:  autonomoak  eta  mikroETEak  txikiak  “labirinto”  fiskaletik  askatzen  dituen  teknologia

Ideiatek: autonomoak eta mikroETEak txikiak “labirinto” fiskaletik askatzen dituen teknologia

Euskadin fabrikatutako software aitzindari batekin, enpresa teknologikoa funtsezko bazkide estrategiko gisa kokatzen da autonomoek eta enpresa txikiek TicketBAI, Batuz eta Verifactu Estatuko araudia bete dezaten.

Elgar  Worksek  automozioaren  kalitate  kontrolerako  automatizazio  adimenduneko  soluzio  berritzailea  ezarri  du

Elgar Worksek automozioaren kalitate kontrolerako automatizazio adimenduneko soluzio berritzailea ezarri du

Ikusmen artifizialean oinarritutako ereduak egunean 10.000 pieza baino gehiago hiru segundo baino gutxiagoan egiaztatzeko aukera ematen du

ComexSoft  donostiarrak  irabazi  du  EmprendeXXI  sariak,  potentzial  handiena  duen  start-up  gisa
11/03/2026 Ekintzailetza

ComexSoft donostiarrak irabazi du EmprendeXXI sariak, potentzial handiena duen start-up gisa

CaixaBank-ek, DayOne-ren bidez, Enisak, Eusko Jaurlaritzak eta BIC Gipuzkoak Donostian ospatu dute euskal ekosistema ekintzailearentzako erreferentziazko sari horien lurralde-banaketa.

Dinalan-ek  CIVITRA  merkaturatu  du,  hiri-argiteria  eta  aktiboak  kudeatzeko

Dinalan-ek CIVITRA merkaturatu du, hiri-argiteria eta aktiboak kudeatzeko

Ordenagailuak lagunduriko mantentze-lanak kudeatzeko sistema baten bidez (GMAO, gaztelaniazko sigletan) dibertsifikatu da enpresa, eta horrek luminarien, semaforoen, iturrien, hiri-altzarien eta abarren kudeaketa digitalizatzen du, efizientzia eta jasangarritasun handiagoak lortzeko.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.