Miango-Agerre-Untxeka poligonoa garatu eta kudeatzeko hitzarmena sinatu dute Sprilurrek eta Busturialdeko Industrialdeak Muxikako Udalarekin
Muxikako Udalerriaren eta eskualdearen garapen ekonomikoa bultzatu eta sustatzeko helburuarekin, Muxikako Udalak eta Sprilur eta Busturialdeko Industrialdeak hirigintza-hitzarmen bat sinatu dute, Miango-Agerre-Untxeka poligonoa garatzeko eta kudeatzeko, euren arteko harremana arautzen duena. Hitzarmen horretan poligonoa kudeatzeko eta merkaturatzeko lankidetza jasotzen da, baita poligono berrian kokatuko diren enpresak bilatzeko konpromisoa ere.
Miango-Agerre-Untxeka industria-poligonoak 50etik gora hektarea izango ditu eta enpresak kokatzeko espazioak eraiki eta egokitzeko, lurzoruaren %70a erabiliko da. Egindako aurreikuspenen arabera, 120 enpresa eta 1.500 langile hartzeko besteko egitura izango du poligono berriak.
Muxikako Udalak bere gain hartzen ditu, besteak beste, poligono berriaren eremuko lurrak sartzeko beharrezkoak diren hirigintza-tresnak onartzeko derrigorrezkoak diren administrazio-izapideak abian jartzeko konpromisoak, eta obrak hasteko beharrezkoak diren kudeaketa edo urbanizazio-tresna guztiak udaletxean onartzekoak.
Busturialdeko Industrialdeak, bere aldetik, poligonoa garatzeko beharrezkoak diren hirigintza-kudeaketako tresnak idatzi eta izapidetuko ditu, eremua urbanizatzeko obrak egiteko lizitazioa egingo du eta poligonoa kontserbatzeko hirigintza-erakunde bat eratzea sustatuko du.
Sprilurrek konpromisoa hartzen du Muxikako Udalari beharrezko lurzorua lagatzeko, Inamako egungo lurzatian trafikoa banatzeko eta arintzeko biribilgune bat egiteko edo barne konexioko bide bat egiteko, eta Udalari lagako dio, halaber, Inamako lursailaren ondoan dagoen eskola zaharraren eraikina.
Miango-Agerre-Untxeka poligonoa Busturialdea Eskualdeko Plan Estrategikoan (EPE) aipatzen da, hain zuzen ere planean deskribatutako erronka nagusienetako bat bezala, Busturialdea-Urdaibai eskualdeko eta, oro har, Bizkaiko jarduera ekonomikoetarako lurzoru premiei erantzuteko jarduera bezala.
Hitzarmena gaur eguerdian sinatu dute Muxikako Udaletxean bertoko Alkate-Presidente den Begoña Enbeitak, Sprilurreko Zuzendari Orokor Txaber Ourok eta hurrenez hurren Busturialdeko Industrialdearen Presidentea eta Gerentea diren Ibon Goiriena eta Iñaki Bilbaok.