Kontratazio arloan inoizko jarduerarik handienarekin itxi du 2025 urtea Sprilurrek
Bukatu berri den 2025.urteak mugarri bat ezarri du Sprilur erakundearen historian, inoiz izan duen jarduerarik handiena izan duelako lizitazio eta aurrekontu aldetik: 48 lizitazioren kudeaketa bideratu, hauetako 26 2025ean abiarazitakoak, 16 zerbitzuetakoak eta 10 obratakoak, eta gainerako 22ak aurreko urtetako esleipenen jarraipenekoak; guztira 88 milioi eurotik gorako aurrekontua bideratzea suposatu du jarduera horrek.
Nabarmentzekoak dira:
- ESKUZAITZETA (Donostia) Urbanizazio, Elektrifikazio, Obra zuzendaritza eta Kalitate-lanak lizitatu dira ia 13 milioi euroko aurrekontuarekin. Azken urteotan Gipuzkoan egin den urbanizazio eta obra zibil garrantzitsuena da Eskuzaitzeta.
- ETXE ULI (Santurtzi) zabortegi zaharra berroneratzeko jarduketaren barruan aurreikusten den Molino errekaren desbideraketa lanak egitea eta obra zuzendaritza lizitatu dira ia 14 milioi euroko aurrekontuarekin. Zabortegi zahar bateko lurrak berroneratzeko Bizkaiko Lurralde historikoan abiarazi den lanik garrantzitsuenetakoa da Etxe Uli proiektu osoa.
- Burtzeñan (Barakaldo) UERT (Maser) lurzati zaharra berroneratzea eta obra hauek egiteko zuzendaritza kontratatu. Hauek izan dira Burtzeñako egitasmoa aurrera ateratzeko 220.589,00 eurotan egindako esleipenak.
- PLAIABARRI (Erandio) Asua ibaiaren eskuinaldea urbanizatzeari buruzko lehiaketa, Erandioko Plaiabarritik igarotzen den tartean. Lau urbanizazio proiektu jasotzen ditu, 9 milioi eurotan Honi gehitu behar zaio proiektua gauzatzeko 239.040,00 eurotan esleitutako obra-zuzendaritza.
- PRADO (Mungia) lurzoruaren kalitate-adierazpena lortzeko indusketa-plana gauzatzeko obrak eta dagokion obra-zuzendaritza eta ingurumen kontrola egiteko lizitazioa, 129.450,00 euroko aurrekontuarekin.
- Arcelorren (Zumarraga) lehengo pabilioietan hozte-urak ijezteko eta arazteko industria-garbiketako eta hondakinen kudeaketako lanak, 884.897,00 eurotan esleituak. Baita 0 areako pabilioiak eta 1 eraikina eraisteko lanak kontratatzeko lizitazioa ere.
Hauekin batera beste hainbat lizitazio kudeatu ditu Sprilurrek 2025ean, besteak beste La Herrera Iparraldean (Pasaia) industria-eraikin baten proiektua idaztea eta hirugarren sektoreko beste eraikin baten handitzea eta obren zuzendaritza; Oikiako (Zumaia) industrialdea berrurbanizatzeko proiektua idazteko eta obra zuzentzeko zerbitzuak; Bildosola Artean pabilioien estalkiak berreraikitzeko lanak; Edota Lemoizko zentral zaharraren inguruan dikea konpontzeko lanak.

(Etxe Uli-Santurtzi)
2025 urteko beste datu interesgarri batzuk:
- Kudeatutako enpresa-guneak = 58
- Gune horietan kokatutako enpresa kopurua = 742
- Gune horietako lanpostu kopurua = 40.000 inguru
Sprilurren Zuzendari Nagusi Txaber Ourok iazko urteko jardunaren balorazio oso positiboa egin du, azpimarratuz 2025ean egindako eta abiarazitako guztiak legealdi honetarako ezarritako erronkei erantzuteko aurrerapauso handia suposatzen duela, bai lurzoru industriala eta erabiltzen ez diren azpiegiturak berreskuratzean, baita enpresentzako kokapen berriak egokitzean ere.
Sprilur, lurzoru industriala kudeatzeko sozietate publikoa da, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailari atxikita dagoena.