“Leaders in Tech Conference” konferentziak berrikuntza teknologikoko ahots handiak elkartu ditu
INNOLAB Bilbao berrikuntza irekirako plataformak antolatutako LEADERS IN TECH Conference konferentziak teknologia berriek eta haien aplikazioek planteatzen dituzten erronka eta aukera berriei buruz eztabaidatzeko puntu gisa finkatzen jarraitzen du. Goi-mailako 20 hizlari baino gehiago elkartu ziren konferentziaren seigarren edizioan, punta-puntako teknologien orainaldian eta etorkizunean murgiltzeko. Adimen artifiziala, zibersegurtasuna, transferentzia teknologikoa eta datuen espazioak izan ziren protagonista nagusiak. Horien artean, Amaia Martinezek, SPRI Taldeko Teknologia arduradunak, hartu zuen parte.
Hainbat ponentzia izan ziren jardunaldian zehar eta teknologia berriak, haien erronkak eta aukerak izan ziren ardatz nagusia. Tartean, adimen artifiziala, erakundeen eta gizartearen erronkarik premiazkoenetako batzuei irtenbidea emateko motor nagusietako bat baita dagoeneko.
Rebeca Santamaria-Fernándezek, Google DeepMindeko (AA Aurreratuan oinarritutakoa Gemini ikaskuntza-eredu ezagunaren enpresa sortzailea) Aliantzen eta Garapen Korporatiboaren Zuzendariak, azaldu zuen nola lor daitekeen inpaktu erreala izatea, ikerketatik hasi eta teknologia horren aplikazio arduratsura arte, AlphaFolden bitartez. AAn oinarritutako sistema horrek zehaztasun handiarekin aurreikusten du proteinen 3D egitura aminoazidoen sekuentziatik abiatuta, eta, hala, biologian funtsezkoak diren erantzunak eman ditzakete milioika ikerlarik eta medikuntzaren eta bioteknologiaren arloko aurrerapenak azkartu ditzakete. Horrez gain, sistema horren garatzaileek 2024ko Kimikako Nobel Saria jaso zuten.
Geroz eta konektatuago dagoen mundu honetan, rol garrantzitsua du zibersegurtasunak eta zutabe estrategikoa da enpresa ororentzat. Hala azaldu zuen Laura Bausek, Vodafone Espainiako Zibersegrutasuneko Zuzendariak (CISO), mehatxuen aurrean babesteko zibersegurtasuneko estrategia estrategiko bat diseinatzeko eman beharreko urratsak erakutsi baitzituen. Beste hizlari nagusietako batek indartu zuen puntu hori. Iratxe Calvillok, Fortinet Sistemen Ingeniariak, zibererasoen kasu errealak aurkeztu zituen enpresek gaur egun dituzten erronken gisa. Erronka horien artean daude hodeiaren ezarpena edo ingurune hibridoen kudeaketa. Horrez gain, arlo horren etorkizuna erakutsi zuen eta konputazio kuantikoak protagonismo handia izango duela azaldu zuen.
Datuaren rol estrategikoa
Datuetara ere bideratu zuen jardunaldiaren zati bat LEADERS IN TECHek. Horren adibide da datu-espazioei buruzko mahai-ingurua. Espazio horiek datuak modu seguru eta burujabean partekatzeko ekosistema digitalak dira, gobernantza komunaren bitartez. Arlo horretako erreferenteek osatu zuten mahai-ingurua: Francisca Rubiok, Gaia X España Elkarteko Zuzendari Nagusiak; Sonia Jiménezek IDSAko (International Data Spaces Association) Datuen Espazioaren Teknologiaren Zuzendariak; eta Sofía Kosenkok, Espainiako DAMAren Batzorde Exekutiboko Kide eta Idazkariak. Juncal Alonso Tecnaliako Proiektuen zuzendariak moderatu zuen. Lankidetza-ingurune horrek eskaintzen dituen negozio-aukerak (datuak rol estrategikoa du), gobernantza, Europako eta nazioarteko egungo erronkak eta arrakasta-kasu errealak azaldu zituzten panel horretan, Inkolan, LKS Next, IKERLAN eta Vicomtechen eskutik.
Elisa Riverak, Espainiako Gobernuaren Plangintza, Koordinazio eta Ezagutzaren Transferentziako Zuzendari Nagusiak arrisku-kapitalaren finantza-tresna berriaz, “Innvierte Deep-Tech Tech Transfer” deiturikoaz, hitz egin zuen. 353 milioi euroko zuzkidura du tresna horrek. Sarrera bikaina izan hori Cristina del Campok, AINIAko Zuzendari Nagusiak (Valentziako zentro teknologikoa da, REDIT Ventures espezializatutako inbertsio-multzoaren parte); Almudena Trigok, BeAble Capitaleko bazki Fundatzaileak; Sonia Ortubaik, Abantail spin offaren Zuzendari Nagusiak eta Amaia Martinez moderatzaileak, SPRI Taldeko Teknologia Arduradunak Venture Buildersen ereduak eta transferentzia teknologikoen prozesuen dinamikak hainbat ikuspegitatik ezagutarazteko, aurkikuntza zientifikoak enpresa-ehundurako produktu eta zerbitzu bideragarriak eta eskalagarriak bihur daitezen lortzeko dauden erronkak eta eskakizunak ikusaraziz.
Anna Navarro Schlegelek, plataforma teknologikoetan eta azpiegituretan adituak, ere hartu zuen parte. Enpresa handiak kudeatu ditu Silicon Valleyn, berrikuntzaren arloko nazioarteko ekosistema erreferentean, eta 30 urte baino gehiago egin ditu goi-mailako karguetan. Teknologiaren arloan munduan eragin handiena duen emakume gisa aitortu zuen Analytics Insightek. Annak Silicon Valleyko berrikuntzaren oinarrien eta ikasitakoaren gaineko azalpenak eman zituen. Estibaliz Goñi Iberdrolako Prozesuen eta Teknologiaren zuzendariarekin (i-DE) batera azaldu zuen nola bihurtu esperientzia inpaktu.
Ekitaldian egon ziren halaber lurraldeko berrikuntza-hub garrantzitsuenetako batzuk, besteak beste, BBK Kuna, Iberdolaren Global Smart Grids Innovation Hub eta Sidenor 612. Bakoitzak bere misioa eta lurraldeko berrikuntzaren eta ekintzailetza teknologikoaren sustapenerako estrategia aurkeztu zituen.
Horrez gain, presentzia instituzionala ere izan zuen ekitaldiak. Bertan izan zen Kontxi Claver, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enplegu Saileko sailburua, konferentziaren babeslea baita Bilboko Udala. Halaber, Nora Sarasolak, BBK Banku Fundazioko Gizarte Ekintzako Zuzendariak, ekitaldiaren aurkezpenean hartu zuen parte, berrikuntza irekiaren plataformaren zuzendaria baita erakunde hori. Magdalena Múgica IMG Aseguruetako presidentea ere bertan izan zen, INNOLAB Bilbaoren eragile bazkidea baita.