Stockare enpresako lantaldea, eta erdian Lander Unanue, zuzendari nagusia.
Ekintzailetza Eraldaketa digitala
Elkarrizketak 14 abendua, 2020

Stockare: “Gure bezeroek eskatzen digute gai izan gaitezela edozein aktibo lokalizatzeko, edonon dagoela ere”

Stockare enpresa bizkaitarra sentsorikako eta logistikara bideratutako urruneko lokalizazioko teknologietan espezializatuta dago
-

 

Merkatuan hiru urte baino ez daramatzan Stockare startup-ak sistemak garatzen eta fabrikatzen ditu zenbait aldagaik (bibrazioak, kolpeak edo tenperatura aldaketak) kaltetu ditzaketen ondasunen bidalketa-egoera lokalizatu eta zaintzeko, eta erreferente bihurtzen ari da arlo horretan. Koronabirusaren pandemiak eragindako arazo logistikoen ondorioz, enpresei gero eta gehiago interesatzen zaie euren produktuen bidalketa eta harrera digitalizatu eta zaintzea. Erronkei buruz mintzatu gara Stockare enpresako zuzendari nagusi Lander Unanuerekin.

 

Zuen estrategia aldatu egin da 2017an martxan jarri zinetenetik. Une honetan, nola definitzen duzue zuen burua?

Lokalizazioko eta sentsorikako teknologiak eskaintzen ditugu ikusgarritasuna emateko hornikuntza-kate itzulgarriari; gure teknologiek helburutzat dituzte aktibo logistiko itzulgarriak, hala nola, plastikozko paletak edo lurreko logistikako edukiontziak. Horietako batzuk dira automozioan erabiltzen diren edukiontziak, ondasun eta produktuak garraiatzeko balio dutenak, eta behin jomugara iristean berriro jaso behar direnak hornitzailearen biltegira itzultzeko. Hau da, edukiontziak zirkulu itxiko bidaia bat egiten du. Gure neurketa- eta lokalizazio-gailuak palet edo edukiontzi horien barnealdean integratuta egoten dira.

 

Azaldu diezagukezu adibide zehatz batekin nola erabiltzen diren zuen gailuak?

Gure sistemak hiru aldagai neurtzen ditu nagusiki: tenperatura, inpaktuak edo kolpeak eta lokalizazioa. Hiru aldagai horien bidez kontrolatu ditzakegu produktu hauskorrak edo tenperaturak kaltetu ditzakeenak. Kolperen bat badago edo hotz-katea hausten bada, jakin dezakegu noiz eta non gertatu den.  Esaterako, badugu bezero bat tenperaturak kaltetu dezakeen produktu bat garraiatu behar izaten duena eta 0 gradutik jaitsi ezin duena. Bezero honek neguan ere bidaltzen ditu bere produktuak Europako hainbat herrialdetara, eta gure gailua instalatu du bere bidalketa guztietan. Gailu horietako batek detektatzen badu tenperatura bost gradutik beherakoa dela, alerta bat bidaltzen du, horrela badakigu non dagoen edo norantz doan produktua, eta arriskuaz ohartaraz ditzakegu garraiolaria edo bezeroa, astia izan dezaten egoera arriskutsuei aurre hartzeko eta tenperaturak produktua kaltetu baino lehen erreakzionatzeko.

 

Nolako teknologiak erabiltzen dituzue informazio hori denbora errealean transmititzeko?

Sigfox erabiltzen dugu. Sigfox enpresaren partner-ak gara; teknologia berezia da, oso energia gutxi kontsumitzen duelako denbora errealean transmititzeko. Kontsumo baxu horri esker, gure gailuen bateriak, esku ahurrean sartzen denak, 10 ordura arte iraun dezake. Guretzat lehiakortasun-abantaila bat da gailuaren eraginkortasuna paletaren edo edukiontziaren bizitza erabilgarria baino luzeagoa izatea, ez duelako zentzurik lokalizagailuak aldatzen ibili beharrak, eta, gainera, bezeroek horixe eskatu digute.

 

Non diseinatzen edo fabrikatzen dituzue neurketa-lokalizazio gailu horiek?

Guk eskaintzen dugu konponbide osoa. Diseinua Stockare startup-arena da. Sigfox enpresaren partner-ak garenez, komunikatzeko gaitasuna ere ematen diegu. Bistaratze-plataforma bat garatu dugu, gai dena alarmak sortzeko, gailuak enpresako ERP desberdinekin konektatzeko edota informazio hori hirugarrenekin partekatzeko. Gure bezeroak harrituta gelditzen dira esaten diegunean hardwarea guk fabrikatzen dugula, asko baitira softwarea egiten duten enpresak, baina gutxi hardwarea egitera ere ausartzen direnak. Hasi eta buka fabrikatzen dugu konponbidea, hardwaretik logikara eta dekodifikaziora, datuen transmisiora eta bistaratzera. Full-packet konponbide bat da. Egia da osagai batzuk beste herrialde batzuetatik ekartzen ditugula, esaterako Estatu Batuetatik, Txinatik eta Europako beste herrialde batzuetatik, baina denak muntatzen ditugu Zamudion (Bizkaia).

 

Hitzetik hortzera dabiltza koronabirusaren aurkako txertoek izango dituzten logistika beharrak, batez ere Pfizer enpresaren txertoa, 70 gradu azpitik mantendu behar baita, bai batetik bestera eramatean eta bai biltegiratzean. Pentsatzen dut zuena bezalako konponbide bat egokia izan litekeela erronka horri aurre egiteko, ezta?

Esango nuke bi alderdi hartu behar direla kontuan. Bata da txertoek eta antzeko elementuek behar duten tenperaturaren kontrola, eta bestea COVID-19aren ondorioz munduko hornikuntza-kateak berregituratu egin direla, sentikorrago izateko eta sistema arin bat edukitzeko logistikan edo hornikuntza-katean, hau da, ez dadin izan hain estatikoa. Hala, posible da hornitzaile bat baino gehiago izatea eta edukiontzien ibilbidea bistaratzea. Zentzu horretan, gure sistemak aukera ematen du iritsiera denborak hobetzeko, uneoro jakiteko zein egoeratan dauden herrialde desberdinetan dituzun merkatu-gaiak, hots, garaiz erreakzionatzeko bezeroei edo garraiolariei deika ibili beharrik gabe eskaera non dagoen jakiteko… hori baita logistika sail askoren buruhauste nagusia.

 

Nolako inpaktua izan du koronabirusaren pandemiak zuentzat?

Otsailean, pandemia artean Europara iritsi gabe zegoenean, Txinako enpresak hainbat arazo izaten hasiak ziren birusagatik, eta erosi genituen zenbait osagai atzeratuta iritsi ziren. Pandemiak bi aurpegi izan ditu. Bata positiboa, azkartu egin duelako enpresa askoren eta enpresa barruko prozesuen -besteak beste, 4.0 logistikarekin lotutakoen- digitalizazioa. Baina, bestetik, zenbait bezerorekin genituen proiektu batzuk alde batera utzi behar izan ditugu, egoera kritikoa delako enpresa askorentzat, eta horrek baldintzatu egiten ditu martxan dauden proiektuak.

 

Zeintzuk dira zuen etorkizuneko erronka hurbilenak?

Gure bezeroek eskatzen digute gai izan gaitezela edozein aktibo lokalizatzeko, edonon dagoela ere. Onak gara kanpoaldeko lokalizazioan, baina bezeroek orain eskatzen digute zehaztasun bera izan dezagula lantegi barruan ere. Jakin nahi dute prozesuaren zein zatitan dagoen edukiontzia fabrikazio-lantegiaren barruan, zenbat denbora igarotzen duen prozesu bakoitzean, eremu zehatz batean metatuta dagoen, erabiltzen ari den eta, bestalde, informazioa atera nahi dute biltzen ditugun datuetatik. Horregatik, RFID teknologia gehitu diogu gailuari, barrualdeko zehaztasun hori lortzeko. Horrekin konpondu dugu bezeroaren premia bat, hau da, produktua prozesuaren zein zatitan dagoen jakitea lantegi barruan dagoenean.

Lotutako albisteak

Bideroad,  adimen  artifizialaren  bitartez  azpiegituren  mantentze-lanen  kudeaketa  asmatu  duen  startupa
12/11/2025 Ekintzailetza

Bideroad, adimen artifizialaren bitartez azpiegituren mantentze-lanen kudeaketa asmatu duen startupa

Top 101 Spain Up Nation Errekonozimenduen II. edizioko finalisten artean egon diren Euskadiko sei startupetako bat da enpresa

Tekurak  ekintza  jasangarriak  integratzen  ditu  zure  negozioan

Tekurak ekintza jasangarriak integratzen ditu zure negozioan


Aholkularitza-enpresa honek esperientzia eta metodologia eraginkorrekin laguntzen die erakundeei, beren prozesuak eta pertsonak eraldatuz, iraunkortasunaren iritsiera arina izan dadin

Kata  School  Euskadik  laguntzaile  digital  adimenduna  eskaintzen  du  industriako  ETE-en  lehiakortasuna  hobetzeko

Kata School Euskadik laguntzaile digital adimenduna eskaintzen du industriako ETE-en lehiakortasuna hobetzeko

Enpresak I+G arlora bideratzen du urtean fakturatutakoaren % 15.

D  &  A  Innovative  Systemsek  beren  digitalizazio-prozesuan  laguntzen  die  enpresei

D & A Innovative Systemsek beren digitalizazio-prozesuan laguntzen die enpresei

Enpresak sektore anitzeko soluzio berritzaileak eskaintzen ditu, bezeroen esperientzia eta teknologia aurreratuenak batuz

Lasa  Dynamics  teknologia  propioa  duen  hegaldi-simulagailua  sustatzen  ari  da  Miñaon
07/11/2025 Ekintzailetza

Lasa Dynamics teknologia propioa duen hegaldi-simulagailua sustatzen ari da Miñaon

Euskadiko startup honen proiektua erabakigarria da aireko sektorearen segurtasunarentzat, efizientziarentzat eta bilakaera teknologikoarentzat

Photokrete,  eraikuntzan  energia  aurreztu  ahal  izateko  materialak  garatzen  dituen  startupa
06/11/2025 Ekintzailetza

Photokrete, eraikuntzan energia aurreztu ahal izateko materialak garatzen dituen startupa

Top 101 Spain Up Nation Errekonozimenduen II. edizioko finalisten artean egon diren Euskadiko sei startupetako bat da

Ikasgelatik  fabrikara:  Innovaek  prestakuntza  eta  eraginkortasun  industriala  bultzatzen  ditu  Errealitate  Birtual  eta  Areagotuarekin

Ikasgelatik fabrikara: Innovaek prestakuntza eta eraginkortasun industriala bultzatzen ditu Errealitate Birtual eta Areagotuarekin

Gipuzkoako enpresak errealitate hedatuko soluzioak garatzen ditu, Lanbide Heziketa eta prozesu industrialak eraldatzen ari direnak, berrikuntza teknologikoa eta pertsonak ardatz dituen ikuspegi praktikoa bateratzen dituztenak.

Lacor-Ibili,  sukaldaritza  profesionaleko  tresnerian  liderra  den  taldea

Lacor-Ibili, sukaldaritza profesionaleko tresnerian liderra den taldea

Bergarako enpresak Kloud programaren SPRI Taldearen laguntza jaso du, eta 90 herrialdetan baino gehiagotan saltzen du, eta 500 eskaera izapidetzen ditu egunero.

The  White  Team,  ETE  eta  korporazio  handientzako  transformazio  digital  integrala

The White Team, ETE eta korporazio handientzako transformazio digital integrala

Konpainia bizkaitarra datu-analisian, cloud zerbitzuetan eta ERP edo SAP bezalako enpresa-plataformetan espezializatuta dago.

Sitecok  bezeroari  egokitutako  kobrantza-sistema  automatikoak  eskaintzen  ditu

Sitecok bezeroari egokitutako kobrantza-sistema automatikoak eskaintzen ditu

Gasteizko ETEak SPRI Taldearen Hazinnova programako dirulaguntza jaso du, eta fakturazioaren % 2 eskaintzen dio I+G alorrari.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.