Ekintzailetza Eraldaketa digitala
Elkarrizketak 7 urtarrila, 2019

Kaytek enpresak Blockchain konponbideak garatzen ditu industria sektorerako

Euskal startupak Blockchain teknologia eta Smart Contracts aplikazioa darabiltza prozesu industrialak digitalizatu eta automatizatzeko
-

 

Euskal startupak Blockchain teknologia eta Smart Contracts aplikazioa darabiltza prozesu industrialak digitalizatu eta automatizatzeko

 

Blockchain teknologiak goitik behera aldatuko ditu hainbat sektore, nola baitira kripto-txanponekin zerikusia dutenak, bankuen negozioa, hiritarren parte-hartzea edo eraldaketa digitala. Azken horri dagokionez, Kaytek euskal startupak erreferente bihurtu nahi du Estatu osoan. Zazpi langile eta hilabeteko ibilbidea duen Barakaldoko enpresa horrek dagoeneko lau proiektu dauzka eskuartean, zeintzuetan Blockchain teknologia erabiltzen baitu prozesuak automatizatzeko eta edozein produkturen fabrikazio parametro guztiak kontrolatzeko. Manu Fandiñorekin hitz egin dugu, Kaytek enpresako zuzendari nagusiarekin.

 

Zer egiten duzue Kaytek enpresan?

Gure helburua da gure bezeroen negozioak digitalizatzea: euren negozioa identifikatu, prozesuak aztertu, nola lan egiten duten ikusi eta beren prozesuak digitalizatzen saiatu. Konponbideak eta teknologia propioa eskaintzen dizkiegu aldaketa hori egiten laguntzeko. Horretarako, Kaytek izeneko plataforma bat garatu dugu, bezero bakoitzaren premietara egokitu daitekeena. Blockchain eta IoT (Gauzen Internet) teknologietan oinarritutako konponbideak eskaintzen ditugu batik bat.

 

Nolako Blockchain konponbideak eskaintzen dituzue industriarako?

Trazagarritasunerako eta IoTren kudeaketarako proiektu pilotuak lantzen ari gara. Prozesu industrialetan komunikazio handia dago makinen artean eta komunikazio hori bermatu egin behar da. Guk Blockchain teknologia erabiltzen dugu horretarako. Blockchain sare batek hainbat gune edo ordenagailu ditu informazioa gordetzeko, eta informazio hori ezin da aldatu edo ezabatu sareko gainerako kideen baimenik gabe. Horrela bermatzen dugu atzematen diren datu guztiak egiazkoak direla.

 

Bestalde, Blockchain teknologiari esker, Smart Contract edo kontratu adimendunak sortu ditzakegu, beren bitartez fabrikazio-prozesu batek bete behar dituen aldagai guztiak definitzeko. Adibidez, langile batek bere burua identifikatu behar du makina baten aurrean makina hori erabili baino lehen, dela hatz markarekin, NFC seinale batekin, pasahitzarekin edo ikusizko errekonozimenduarekin. Une horretan, makinak langilea ezagutzen du, eta bere gaitasunen arabera erabakitzen du makina erabil dezakeen ala ez. Langile horren prestakuntza-mota kontratu adimendunean (Smart Contract) zehazten da. Kontratu horietan orobat ezar daiteke zein lehengai erabili behar den pieza zehatz bat fabrikatzeko, eta baita ere posible da jakitea material hori iraungita dagoen edo egokiena den. Hala, prozesua ez da martxan jarriko baldintza guztiak betetzen ez badira. Azkenean, informazio hori guztia –langilearen gaitasunak, lehengaiaren kalitatea eta makina bakoitzak egin dituen ekintzak- funtsezkoa da bezeroari trazagarritasuna emateko.

 

Produkzio-zikloaren amaieran posible da kontratu bat egitea errekonozimendu-sistema batek jakin dezan produktua iritsi dela bezeroaren biltegira, eta une horretan automatikoki aktibatuko da ordainketa, langile baten esku-hartzerik gabe. Blockchain teknologiari esker, gai gara prozesu bat automatizatzeko.

 

Smart Contracts aplikazioak konta ezin ahala aukera dauzka negozioen munduan, ez da hala?

Mantenimendu-zerbitzuetarako erabil daitezke. Etxetresna elektriko adimendun bat erosten baduzu, Smart Contract bat egin daiteke zehazteko nork egingo dituen etxetresna horren mantenimendu-lanak hemendik eta bi urtera, eta zerbitzu horren gehienezko zenbatekoa ere finkatu daiteke kontratu horretan. Kontratu hori partekatu egiten da eta mantenimendu-enpresek eskaintzak egiten dituzte kontratu hori lortzeko. Kontratu Adimendunean ezarritako lehentasunen arabera erabakiko da nori esleitu kontratua. Ondoren, mantenimendu-lanak egitean, Blockchain teknologiak aukera ematen du ordainketa-sistema automatiko bat ezartzeko eta jakiteko nor den lanak egin dituen teknikaria edo zein pieza aldatu dituen.

 

Konponbide gehiago ere ikusiko ditugu, Blockchain teknologian oinarrituko direnak eta hiritarrei zuzenduko zaizkienak (adibidez, boto elektronikoa edo nortasuna erregistratzeko zerbitzuak), baina teknologiaren iraultza handia industriaren munduan gertatuko da.

 

Zer esaten dute zuen bezeroek Blockchain konponbideez hitz egiten diezuenean?

Sektorea asko aldatu da. Bezeroek jarrera onez hartzen dituzte aldaketa teknologikoak, batez ere digitalizazioaren arlokoak. Guretzat Blockchain teknologian zentratzea lehiakortasun-abantaila bat da teknologia zaharkituagoa duten enpresen aldean. Industrian Blockchain konponbideak inplementatzen dituen Estatuko enpresa bakanetako bat gara. Bezeroak ez du jakin nahi zertan datzan teknologia edo nola funtzionatzen duen Blockchain-ak, baina jakin nahi du nola balia dezakeen teknologia hori. Azaltzen diozunean, harra sortzen zaio eta Blockchain teknologiari buruz irakurtzen hasten da.

 

Zeintzuk dira zuen hurrengo erronkak enpresa gisa?

Lau proiektu dauzkagu eskuartean eta garapen horiek bukatu nahi ditugu. 2019ra begira, enpresa gisa hazten jarraitu nahi dugu. Gure helburua Estatuko merkatua da, baina dagoeneko hainbat lan-ildo dauzkagu zabalik Hego Amerikako eta beste herrialde batzuetako bezeroekin. Ez daukagu fakturazio arloko helbururik, gure xede nagusia da enpresei laguntzea digitalizazioaren arlo guztietan gure ezagutza esparrutik abiatuta.

 

Lotutako albisteak

Entelgy-k  eraldaketa  digitala  bultzatzen  du  pertsonengan  oinarritutako  irtenbide  teknologikoekin

Entelgy-k eraldaketa digitala bultzatzen du pertsonengan oinarritutako irtenbide teknologikoekin

Konpainia enpresen eta erakunde publikoen bazkide estrategiko gisa finkatu da, digitalizaziorako eta adimen artifiziala hartzeko bidean aurrera egiteko.

GH  Cranes  :  “Gure  enpresarentzako  erronka  garrantzitsuak  jorratzeko  aukera  ematen  digu  BIND  4.0k”
23/10/2025 Ekintzailetza

GH Cranes : “Gure enpresarentzako erronka garrantzitsuak jorratzeko aukera ematen digu BIND 4.0k”

Garabi-fabrikatzaile honek Beasainen du egoitza eta startupak eta finkatutako enpresak batzen dituen plataforma honetako protagonistetako bat da

Tentsio  baxuko  kable  elektronikoen  soluzio  pertsonalizatuak  eskaintzen  ditu  CENSAk

Tentsio baxuko kable elektronikoen soluzio pertsonalizatuak eskaintzen ditu CENSAk

Hernaniko SPRI Taldearen Kloud programako laguntza jaso du eta I+Gko bere laborategi propioa du.

Kernet,  bezeroaren  neurrira  egindako  irtenbide  teknologikoen  ingeniaritza

Kernet, bezeroaren neurrira egindako irtenbide teknologikoen ingeniaritza

Erandioko enpresak SPRI Taldearen Kloud programako laguntza jaso du, eta 40 zerbitzari kudeatzen ditu Frantziako eta Irlandako bi datu-zentrotan

Vicomtech:  “AA  etikoak  aurrerapen  teknologikoa  gidatu  behar  du,  pertsonen  ongizatea  ziurtatuz  berrikuntza  geldiarazi  gabe”

Vicomtech: “AA etikoak aurrerapen teknologikoa gidatu behar du, pertsonen ongizatea ziurtatuz berrikuntza geldiarazi gabe”

Vicomtech-eko Edurne Loyarte doktoreak AA-k dituen erronkak analizatu ditu, zentzu guztietan, erantzukizun sozialaren eta etikaren ikuspegitik.

Mekalerunen  digitalizazioak  aukera  ematen  du  produktibitate  handiagoarekin  fakturazio  errekorra  lortzeko

Mekalerunen digitalizazioak aukera ematen du produktibitate handiagoarekin fakturazio errekorra lortzeko

Elgoibarko enpresak tamaina handiko piezak mekanizatzen ditu eta SPRI Taldearen Industria Digitala programako laguntza jaso du

Evec,  industria-sektore  zorrotzenetarako  doitasun  handiko  artezketetan  aditua

Evec, industria-sektore zorrotzenetarako doitasun handiko artezketetan aditua

Bizkaiko enpresak teknologia aurreratua, erabat klimatizatutako tailerra eta sei hamarkadako esperientzia uztartzen ditu bere prozesuetan zehaztasun handiena bermatzeko.

Arituk  bere  software  libreko  tresna  hobetu  du  merkatu  berrietara  zabaltzeko

Arituk bere software libreko tresna hobetu du merkatu berrietara zabaltzeko

Gipuzkoako enpresak ingurumen-erregulazioak kudeatzeko tresna bat gehitu du EloraPLM plataforman.

Vamos  a  Cuidarnos,  erronka  demografiko  global  baterako  tokiko  konponbidea

Vamos a Cuidarnos, erronka demografiko global baterako tokiko konponbidea

Bizkaiko enpresak aplikazio bat diseinatu du eguneroko bizitza errazteko eta adinekoen lotura sozialak indartzeko, zahartze-testuinguru gero eta handiago batean.

Datu  konplexuak  erabaki  erabilgarri  bihurtu:  Ikerfelen  proposamena

Datu konplexuak erabaki erabilgarri bihurtu: Ikerfelen proposamena

40 urte daramatzan enpresa bizkaitarrak irtenbideak eskaintzen ditu era guztietako erakundeei, bezeroen gogobetetasuna, fideltasuna eta erabaki-hartzea indartu dezaten.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.