Sprilur 6 pabilioi berri eraikitzen hasi da Ortuellako Ballonti II industrialdean

16 uztaila, 2019
Ortuellako Ballonti industrigunearen ikuspegia

440 eta 1.780 m2 bitarteko sei pabilioi berri eraikiko dira 6.484 m2ko azalera eraikigarri batean.

Lanak 12 hilabetean gauzatuko dira eta inbertsioa 1.889.637 eurokoa izango da.

Sustapen berri hau kokatzen da Eusko Jaurlaritzaren 2017-2020 Industrializazio Planaren barruan eta eskualde behartsuetan proiektu espezifikoak garatzeko emango dituen laguntzen baitan.

 

Eusko Jaurlaritzak Foru Aldundiekin eta Udalekin batera onartu duen Enplegua eta Ekonomia Suspertzeko 2017-2020 programa markoak bere baitan hartzen ditu eremu eta udalerri behartsuetan garatuko diren hainbat ekintza eta ekimen. Hala, uztailetik aurrera Sprilur-ek 6 pabilioi industrial berri eraikiko ditu Ortuellako Ballonti II industrialdean, Ezkerraldea bezalako interes bereziko ingurune bateko ekonomia eta gizartea lagundu eta suspertzeko. Proiektu honekin, erabilpen industrialeko lokaletarako 6.484 m2 sortuko dira eremu estrategiko batean, hots, Ortuella eta Portugaletetik AP-8 autobiderako sarbide zuzena duen gune batean.

Eraikin berria egitean mantendu egingo dira Ortuellako Ballonti II enpresa-gunean lehendik eginda dauden nabeen diseinua, osaketa arkitektonikoa eta tipologia. B eraikineko proiektuan eraikina bi solairuko nabetan banatzen da. Beheko solairuan 4 lokal egongo dira, 441 eta 1.050m2 bitarteko azalera eta gehienez 5,80 metroko altuera librea izango dutenak. 50 metrotik beherako sakonera duten nabeekin diseinatutako banaketari esker, bertan kokatzen diren jarduerek ez dute egin beharko ebakuazio-bide alternatiborik (aldiz, lokal handiagoetan ezinbestekoa izango litzateke, suteen aurkako araudiak beharturik).

Lehen solairuan 1.195 eta 1.783 m2ko bi pabilioi atonduko dira, gehienez 7,35 metroko garaierakoak, eta sarbide zuzena izango dute errepidetik. Horri esker, posible izango da modulu bakoitzean solairuarteak egitea, 239 m2ko aprobetxamendu gehigarria lortuz kontratatutako azaleran. Nabeen egituran bost tonarainoko garabi-zubiak jarriko dira, jarduera astunak egiten dituzten enpresek ere izan dezaten aukera lokal horietan kokatzeko. Horrez gain, aipatzekoa da eraikinaren fatxadek iparraldera emango dutela nagusiki eta argi naturalez argitutako arlo handiak izango direla.

Ballontiko B eraikina gauzatzeko 12 hilabetean izango da eta aurreikusitako inbertsioa 1,89 miloi eurokoa.

 

BALLONTIK AURRETIK EGINDAKO FASEAK

Urte honen hasieran bertan, Sprilur-ek 4 pabilioi eraiki zituen Ortuellako Ballonti II industrialde honetan (E eraikina, 2.140m2 eraikigarrirekin). Horietako bakoitza enpresa bati esleitu zaio, eta orain enpresa horiek tramiteak egiten ari dira urteko hirugarren hiruhilekoan bertan kokatuta egoteko behin betiko. Ortuellako E eraikinean kokatuko diren enpresen artean bat berrikuntza teknologikoaren arlokoa da, osasun industriarako gailuen mihiztaduran jarduten duena, eta beste bat, lehenagotik Ballontin instalatuta zegoena eta bere azalera handitu duena, manipulazio industrialeko zerbitzuetan ari da nagusiki (%80), aniztasun funtzionala duten pertsonekin osatutako plantilla batekin.

2017an, Sprilur-ek lurzoru industrialeko 980m2ko partzela bat merkaturatu zuen, eta une honetan erregaien hornikuntzako enpresa bat dago hor; 2013an, berriz, 5.831m2 koadroko 12 pabilioi eraiki zituen bi eraikinetan banatuta (C eta D eraikinak). Bi eraikin horietan badira une honetan 7 enpresa, 90 langile enplegatzen dituztenak.

Beraz, B Eraikinean 6.484m2ko pabilioiak eraikitzeko fase berri hau bukatu ondoren, iragan sei urteetan Sprilur-ek 13.932m2ko lurzoru sustapena egin du Ortuellako Ballonti II industrialdean, eta denbora horretan 12 enpresa eta 125 langile inguru kokatu dira bertan. Honezkero industrialdeko azalera industrialaren %71 okupatuta dago.

2020ra begira, Sprilur-en asmoa da libre geratzen den azken partzela urbanizatua garatzea, 2.258m2 eraikigarrikoa, eta horrela Ballonti II industrialdea egonkortzea, A Eraikinerako aurreikusi diren pabilioi berriak eraikita.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow