Euskal enpresaren blog-a Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa
Albisteak 28 abendua, 2020 Sprilur

Sormen-ek eta Ekide-k trenen eta ibilgailu elektrikoen eskala errealeko maketak bultzatzen dituzte

Ekimen hori, Ekimen LAB deitzen dena, Arrasaten dago kokatuta eta espreski pentsatua dago proiektu bakoitzaren estetika eta ergonomia baliozkotzeko

Arrasateko Markulete industrialdean abiarazi da Ekimen LAB. Gaitasun berritzaile handiko proiektu bat da, Debagoienako bi enpresen arteko lankidetzatik eta sinergiatik sortu dena: Sormen Design (2001) eta Ekide Group (1990). Labur esateko, proposamen industrial bat da, tren, autobus, ibilgailu elektriko edo auto-karabanen serieko fabrikazioaren aurreko proiektuen hasierako prototipoak eta eskala errealeko maketak egiteko. Proiektuaren arduradun Asier Ugartek ekimen berezi honen etorkizuneko giltzarriak azaldu dizkio SPRI Taldeari.

 

Nola sortu zen Ekimen LAB?

Bi enpresek duela urte askotik izandako harremana dago ekimenaren oinarrian, baina ikuspegi indibidual batetik sortu da. Sormen-en produktuaren diseinua eta garapena lantzen genituen, eta Ekide Taldea amaierako faseaz arduratzen zen, hau da, ingeniaritzaz, garapenaz eta fabrikazioaz. Bi alderdiak batzean ohartu ginen proiektu askotan elkarlanean ari ginela, baina bakoitza bere aldetik, eta askoz ekarpen handiagoa egin genezakeela elkarrekin joanez gero. Orduan ikusi genuen bazegoela merkatu-nitxo bat prototipoen eta eskala errealeko maketen arloan.

 

Zertarako balio du eskala errealeko maketa batek?

Eskala errealeko maketak baliagarriak dira proiektu bakoitzaren estetika eta ergonomia baliozkotzeko. Posible da lehenengoa 3D teknologiarekin lortzea, baina ergonomia eta sentsazioak baliozkotzeko, produktua ukitu egin behar da. Egia da teknologia ziztu bizian doala aurrera, baina oraindik badaude xehetasun asko eskala errealean birsortu behar direnak, behar bezala baliozkotu ahal izateko. Ergonomiari dagokionez, badira zenbait faktore ukitu egin behar direnak, beharrezkoa baita esertzea, metroko bagoian batetik bestera ibiltzea…, erosotasuna edo irisgarritasuna neurtu ahal izateko.

 

Horrelako maketak sortzeko eta, adibidez, metro bateko bagoiak fabrikatzeko erabiliko diren materialak berberak dira?

Zati batzuetan bai, eta beste batzuetan ez. Adibidez, metroko bagoi batentzat eskala errealean fabrikatzen ditugun eserlekuak behin betikoen berdinak izaten dira gehienetan, edo oso antzekoak, behintzat. Zergatik? Pertsona baten pisuari eutsi behar diotelako, akaberak probatu behar direlako… Horregatik nioen lehen ezinbestekoa dela ukitzea, baina kontuan izan behar da horrelako produktuak unitateka fabrikatzen direla, hau da, maketa bat bakarrik eraikitzen dugu, beraz, ezin da egin fabrikazioko material eta teknologia berberak erabiliz. Azken finean, bezeroak eskatzen diguna da eskaintzen diogun emaitza izan dadila produktuaren ahalik eta antzekoena.

 

Batez beste, zenbat denbora behar da horrelako maketa bat fabrikatzeko?

Lau eta sei hilabete bitartean.

 

Zein sektoretara zuzentzen zarete?

Gure jomuga-merkatua industriala da nagusiki eta sektore hauekin lotuta dago: automozioa, aeronautika, teknologia, makina-erreminta, eta abar. Gainera, gure produktuek osagai berritzaile handia dute eta elkarrekin konbinatzen ditugu diseinua, teknologia eta ingeniaritza, produktibitate-maila handia lortzeko.

 

Zein da garatu duzuen proiektu berezienetako bat?

Maketak egin ditugu Mexikoko, Manilako (Filipinak) edo Londresko metroetarako. Halaber, karga-zutabeak egin ditugu Irizar enpresaren autobus elektrikoentzat, banaketarako ibilgailu elektrikoentzat edo, besteak beste, camper ibilgailuentzat. Oraintsu entregatu ditugu Londresko metroko Docklands linearako maketak eta beste bi maketa ere bai (buffet bagoia eta ekipajearentzako bagoia) Australiako ibilbide luzeko tren baterako.

 

Beharrezkoa balitz, posible litzateke haize-errota baten edo aero-sorgailu baten maketa egitea?

Arazorik gabe. Dena da eskala kontua, besterik ez (barreka). Seguru asko zatika egingo genuke, duten tamainagatik.

 

Bezeroak baliozkotze-fasea amaitzen duenean, zer egiten da horrelako maketekin?

Lehen baliozkotzeak hementxe bertan egiten ditugu, Arrasaten dauzkagun instalazioetan, eta bertara etortzen da bezeroa, baina pandemia lehertu denetik streaming bidezko testing-ak nagusitu dira. Fase hori amaitzen denean, maketak bezeroari bidaltzen dizkiogu, eta hark bigarren baliozkotze bat egiten du. Ondoren, metro-linea berri bat publizitatzeko marketin-elementu gisa erabiltzen dira (bagoi bat bada) edo museo bati edo antzekoren bati ematen zaizkio.

 

 

Zerk bereizten ditu Ekimen LAB enpresaren maketak bere lehiakideek egiten dituztenetatik?

Esango nuke oso polibalenteak direla, ez ditugulako bakarrik fabrikatzen eskala errealeko maketak, horrez gain, giltza eskuan motako proiektuak eskaintzen ditugu: kontzeptuaren diseinua, garapena eta ingeniaritza, maketa eta prototipoak eta amaierako industrializazioa.

 

 

Zure ustez, nondik bideratuko da merkatu-nitxo berezi honen etorkizuna?

Zalantzarik gabe, gero eta teknologia disruptiboagoak erabiltzen hasiko gara eta, kasu honetan, errealitate birtuala indar handiz ari da sartzen; sarri lagungarri izaten da baliozkotzeko prozesuak azkartzeko, baina ez da nahikoa, merkatu honetan beti beharko dugulako eskala errealeko maketa -ukitu dezakegun zerbait- benetako egiaztapenak egiteko. Egia da errealitate birtualeko akaberen maila oso fina dela gaur egun, baina gure prozesua hain da berezia, zerbait fisikoagoa behar duela; behar du ukitzea, behar du, adibidez, aukera izatea metroko bagoi bateko eserleku batean esertzeko, horrela ikusteko benetan erosoa den, benetan iristen ote zaren heldulekuetara edo behar beste espazio baduzun gurpildun aulki bat edo haurrentzako orgatxo bat biratzeko.

Linkedin-a

Eguneroko informazioa, jarduera-sektoreka eta intereseko
hartzeko.

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?