I+G+B
Elkarrizketak 13 Azaroa, 2025

Alerionek atmosfera leherkorretan funtzionatzeko gai den munduko lehen dronea diseinatu du

Euskadiko ETEa tripulaziorik gabeko aireontzietan espezializatuta dago, industria-operazio kritikoak seguruagoak, eraginkorragoak eta jasangarriagoak izan daitezen
-

Orain hamar urte eratu zuten Alerion Europako Espazioko Agentziaren inkubagailuaren barruan. Gaur egun, Euskadiko ETE hau Gipuzkoako Teknologia Parkean dago eta teknologia aeroespazialean oinarritutako drone adimendunen soluzioetan espezializatuta dago. Teknologia hori, besteak beste, azpiegitura kritikoak (aerosorgailuak, findegiak, eguzki-instalazioak…) eta atmosfera leherkorrak ikuskatzeko erabiltzen du. Hain zuzen ere, azken eremu horretan, hain muturrekoak diren mota horretako inguruneetarako drone espezifikoa garatu du eta mundu mailan lehenengoa izango da. Elisa Mangadoren hitzetan, “aurrerapen aitzindaria da, eta azpiegitura kritikoen ikuskapen-lanetarako aro berria irekiko du”.

Azken garapen horrekin jarraituta… Zer kontatu diezagukezu?

Urnietako (Gipuzkoa) gure egoitzan sortu eta fabrikatu da oso-osorik, eta hegaldi autonomoari aplikatutako ingeniaritzan, segurtasunean eta adimen artifizialean urte askoan egindako ikerketa-lanaren emaitza da.

Muturreko hegaldietarako dronea dela esan dezakegu…

Halaxe da. Atmosfera leherkorretan (ATEX) funtzionatzeko diseinatu den munduko lehen ATEX dronea da. Aurrerapen teknologiko aitzindaria da, eta azpiegitura kritikoen ikuskapenean aro berria zabaldu duena. Bi helburu oso argi ditu droneak: gizakiaren arriskua desagerraraztea edo ahalik eta gehien gutxitzea ingurune arriskutsuetan, eta ingurune horietan ikuskapenak maizago, modu seguruagoan eta eraginkorragoan egin ahal izatea.

Zer dira atmosfera leherkorrak?

Airea eta substantzia sukoiak (hala nola gasak, lurrunak, lainoak edo hauts erregaiak) nahas daitezke espazio horietan, eta, sugar-puntu batekin kontaktuan jarriz gero, leherketa eragin dezakete. Horrelako inguruneak ohikoak dira instalazio petrokimikoetan, findegietan, biltegiratze-deposituetan edo gas- eta energia-industrietan. Orain arte, eremu horietako ikuskapenak eskuz egin behar izaten zituzten, langileak arriskuan jarrita eta segurtasun-protokolo oso konplexuekin. Garatu dugun droneari esker, ordea, ikuskapen bisualak, termikoak eta estrukturalak urrunetik egin daitezke, langileak arriskuan jarri gabe eta lantegiko jarduera eten beharrik izan gabe. Garapen horrekin, indartu egin dugu industria-segurtasunari aplikatutako berrikuntza teknologikoarekiko dugun konpromisoa, drone horrek hobekuntza operatiboa ez ezik, azpiegitura kritikoak ikuskatzeko modua ere aldatzen baitu, eta seguruagoa, zehatzagoa eta eraginkorragoa den aukera eskainita.

Droneez eta robot hegalariez ari bagara, gauza beraz ari gara?

Denok hitz egiten dugu droneez, baina termino tekniko egokia tripulaziorik gabeko aireontzia litzateke. Hala ere, bai, hitz egin dezagun droneei buruz, horixe baita denok erabiltzen dugun hitza.

Gaia lurrera ekartzeko… Nolakoak dira Alerionen droneak haien tamainari eta bateriaren gaitasunari dagokienez?

Hyperion da gure drone nagusia eta % 100ean garapen propioa da, I+G arloko gure taldeak eta gure pilotuek elkarrekin egindako lanaren emaitza. Drone hori ere oso-osorik Urnietan diseinatzen, fabrikatzen eta probatzen dugu. Hain zuzen ere, han bertan dugu gure hegaldi eremu propioa. Tamainari dagokionez, 25 kilogramo baino gutxiagoko droneak (gehienetan, 5 eta 10 kilo artekoak) dira, konfigurazioaren arabera. Autonomia aldatu egiten da karga erabilgarriaren eta egin beharreko lanaren baldintzen arabera: hamar bat minutuko misio laburrak edo ordubete baino gehiagoko hegaldiak, ingurune kontrolatuetan.  Hyperionek potentzia, egonkortasuna eta zehaztasuna konbinatzen ditu, eta ingurune industrial zailetan lan egiteko diseinatuta dago, hala nola aerosorgailuetan edo energia-instalazioetan. Izan ere, toki horietan, fidagarritasuna eta segurtasuna funtsezkoak izaten dira. Baina berezia egiten duena ez da bakarrik bere errendimendua. Izan ere, barne-garapenean eta eremu horretan urte askoan pilatutako ezagutzaren emaitza ere bada.

Offshore funtzionamendua da aurrean duzuen testuinguru zorrotzenetako bat. Zergatik?

Gure pilotuak dagokion parke eolikoraino iritsiko den itsasontzian sartu eta, handik, aerosorgailuen ikuskapena egiten dute. Itsasoaren erdian daude, itsasontzia mugimenduan dagoela eta parean egitura erraldoia izaten dute. Ingurune beldurgarria izaten da, eta doitasun handia eskatzen du. Ikuskapen-prozedura teknikoa lurreko aerosorgailu (on shore) baten oso antzekoa da, baina badu konplexutasun osagarri bat ere: etengabe mugitzen ari den gainazal batetik aireratzea eta lurreratzea. Horri aurre egiteko, gure ingeniaritza-taldeak aireratzeko eta lurreratzeko plataforma espezifikoa garatu du, barne mailan diseinatutakoa, eta segurtasuna eta eraginkortasun operatiboa baldintza txarretan ere mantentzeko aukera ematen du.

Egia al da hasiera batean enpresa ez zela droneen garatzaile gisa sortu?

Egia esan, bai eta ez. Alerion espazio-nabigazioko teknologia droneei transferitzeko ideiarekin sortu zen, droneak erabat autonomo bihurtzeko eta gizakiaren esku-hartzerik gabe egitura konplexuetatik gertu misioak egiteko gai izateko. Hasiera-hasieratik, enpresaren DNAn sartuta egon da honako hauen arteko konbinazioa: droneak, adimen artifiziala eta nabigazio aurreratua. Denboraren poderioz, oinarri teknologiko hori zabalduz joan zen: ikusmen artifizialeko gaitasunak, biki digitalak eta kalteen interpretazio automatikoa sartu genituen, eta beste urrats bat eman genuen geure droneak diseinatzen hasi ginenean. Gaur egun, balio-kate osoa barne hartzen dugula esan dezakegu, hasi garapen teknologikotik eta landako operazioraino, eta horixe bera da beste batzuengandik bereizten gaituena. Aukera ematen digu benetan berritzeko, bezeroaren behar bakoitzera egokitzeko eta, batez ere, merkatuarekin batera eboluzionatzeko.

ESAk (Europako Espazioko Agentziak) zein GAMESA eolikoen enpresak funtsezko zeregina bete zuten lehen urte haietan…

Halaxe da, bai. Europako Espazioko Agentziaren (ESA) transferentzia teknologikoko programaren barruan sortu ginen, industria arloan teknologia espaziala aplikatzeko helburuarekin. Eta oso goiz hasi ginen Gamesarekin elkarlanean, teknologia hori aerosorgailuen ikuskapenera egokitzeko eta eskalatzeko. Horixe izan zen abiapuntua. Urteen poderioz, drone bidezko industria-azpiegituren ikuskapen aurreratuan oinarritutako negozio-lerrorantz aurrera egin dugu, batez ere sektore eolikoan, baina baita ingurune petrokimikoetan, energetikoetan eta iristeko zailak direnetan ere.  Gaur egun, mundu osoan banatuta dauden bezeroekin egiten dugu lan, eta aliantza estrategikoak ditugu konpainia handiekin. Horietako bat da, hain zuzen ere Repsol, Corporate Venture programaren bidez. Egindako bidea bizia eta zirraragarria izan da, erronkaz betea, baina baita oso aberasgarria ere. Eta hauxe da interesgarriena: aurrerantzean iritsiko dena are eraldatzaileagoa izango dela dirudi.

Zer unetan dago oraintxe bertan enpresa?

Gure historiako une ilusionagarrienetako batean gaudela esango nuke. Negozioari dagokionez, hedapen-fasean gaude bete-betean: urtean % 100 baino gehiago hazten ari gara, eta kontratuak sinatu ditugu munduko energia-enpresa nagusietako batzuekin. Maila teknologikoan, proiektu disruptibo berriak ikertzen eta sustatzen jarraitzen dugu, hala nola muturreko inguruneetarako drone espezializatuak edo mantentze-lan prediktiboei aplikatutako Adimen Artifizialeko (AA) soluzioak. Eta, giza arloari dagokionez, lantalde gaztea dugu, oso prestatua eta konprometitua, berrikuntzaren, segurtasunaren eta bikaintasunaren kultura partekatzen duena. Espiritu hori bera da honaino ekarri gaituena. Laburbilduz: hazkundea, heldutasuna eta, batez ere, etorkizunak ekarriko digun horrekiko ilusioa nagusi diren unea bizi dugu.

Etorkizunari begira, zein dira ETE honen erronkak?

Gure erronka nagusia berrikuntza aplikatua da; hau da, nola eraman teknologia urrats bat harago segurtasuna eta eraginkortasun industriala hobetzeko. Horren adibide argia da gure azken garapena: atmosfera leherkorretan (ATEX) funtzionatzeko ziurtagiria lortu duen munduko lehen dronea, lehen aipatu duguna. Urnietako gure egoitzan diseinatu eta fabrikatu dugu oso-osorik, eta jauzi ikaragarria da petrokimika edo energia bezalako sektoreentzat, segurtasuna kritikoa baita horietan. Orain, helburua ziurtagiri eta hedapen operatiboan aurrera egitea da, gaur pertsonak arrisku handiarekin bakarrik sar daitezkeen eremuetan ikuskapenak egin ahal izateko. Laburbilduz, Alerionen etorkizunaren oinarriak izango dira hauek: berrikuntzaren alde egiten jarraitzea, gure eragiketak nazioartekotzea eta gure teknologiaren aplikazioak industria sektore berrietara hedatzea. Eta hori guztia beti filosofia berberarekin: munduan zeharreko operazio kritikoak seguruagoak, eraginkorragoak eta jasangarriagoak bihurtzea.

Lotutako albisteak

Betsaide,  adimen  artifizialaren  bitartez  digitalizazioa  sustatzen  duen  Bizkaiko  galdaketa-enpresa

Betsaide, adimen artifizialaren bitartez digitalizazioa sustatzen duen Bizkaiko galdaketa-enpresa

Elorrioko enpresak eskari komertzialen automatizazio-sistema adimenduna garatzeko erabili du SPRI Taldearen dirulaguntza.

Kroketak.eus,  bi  ekintzaile  arabarren  omenaldia  euskal  gastronomiari
03/12/2025 Ekintzailetza

Kroketak.eus, bi ekintzaile arabarren omenaldia euskal gastronomiari

Juan eta Patxiren ibilbideak 2017an gurutzatu ziren eta proiektu komun bat sortu zen emaitza bezala: kroketak, prestatutako gisatuak eta postreak egiten dituen enpresa bat, tokiko ekoizleen sare batean oinarrituta.

Bilenko  startupak  konektagarritasuna  eskaintzen  du  landa-eremuetan  eta  industria-eremuetan

Bilenko startupak konektagarritasuna eskaintzen du landa-eremuetan eta industria-eremuetan

Bizkaiko enpresak proiektuak garatu ditu dagoeneko Euskadin, Nafarroan, Kantabrian eta Kanarietan.

Intermaherrek  50.  urteurrena  ospatu  du  zehaztasunarekin  ‘obsesionatuta’
02/12/2025 Berrikuntza

Intermaherrek 50. urteurrena ospatu du zehaztasunarekin ‘obsesionatuta’

Makina-erremintaren fabrikatzailea erreferentea da bere sektorean eta balio handiko soluzioak eskaintzen ditu automobilgintzarentzat, aeronautikarentzat, trenentzat edo biozientzientzat

Euskaditik    Houston-era:  Dagertek-en  historioa
02/12/2025 Nazioartekotzea

Euskaditik Houston-era: Dagertek-en historioa

Enpresa euskal DNA duen ingeniaritza integral bat da, berrikuntza eta esperientzia lotzen dituena proiektu industrialak garatzeko eta euskal konpainiak AEBetan ezartzen errazteko.

RK  Solutions  handizkako  informatikako  denda  da  eta  ETE-entzako  software  soluzioak  hornitzen  ditu

RK Solutions handizkako informatikako denda da eta ETE-entzako software soluzioak hornitzen ditu

Gernikako enpresa lau langiletik 80ra igaro da lau urtetan eta zortzi aldiz gehiago fakturatzen du orain, urtea bost milioi eurora iritsi arte.

Orai:  “Euskara  sostengatzen  duten  chatbote  aurreratuak  izateak  lehen  mailako  eragin  kultural  eta  soziala  du”

Orai: “Euskara sostengatzen duten chatbote aurreratuak izateak lehen mailako eragin kultural eta soziala du”

Zentro teknologikoak adimen artifizial eskuragarriago, iraunkorrago eta euskal testuinguru linguistikora egokituago baten aldeko apustua indartzen du.

Nexi  Health,  adimen  artifizialari  esker  osasun  mentalaren  eraldaketa
27/11/2025 Ekintzailetza

Nexi Health, adimen artifizialari esker osasun mentalaren eraldaketa

Gipuzkoako startupak teknologia digitalak garatzen ditu, osasun arloko profesionalei kontsultan %25rainoko denbora aurrezteko eta kasu larriak goiz detektatzeko aukera ematen dietenak.

Carnegiek    ozeanoaren  indarra  energia  garbi  bihurtzen  du

Carnegiek ozeanoaren indarra energia garbi bihurtzen du

Enpresa, gaur egun, CETO prototipo bat hedatzeko prestatzen ari da, bere teknologia nagusia, Armintzan dagoen Biscay Marine Energy Platform (BiMEP) delakoan.

Begoña  Echaburu  (Mondragon  Unibertsitatea):  “Euskadin  onak  gara  negozio-plangintzan,  orain  erronka  talentua  kudeatzea  da”
26/11/2025 Berrikuntza

Begoña Echaburu (Mondragon Unibertsitatea): “Euskadin onak gara negozio-plangintzan, orain erronka talentua kudeatzea da”

Pertsonak eta Talentua I+T Taldearen koordinatzaileak, Enpresagintza Fakultatean eta Negozio-Berrikuntza Ikerketa Zentrotik (MIK), pertsonak enpresa-estrategian integratzeko beharra azpimarratu du.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.