Txinako eta Espainiako gobernuek lankidetza akordio bat sinatu dute EV 100 Foroan enpresen arteko lankidetza eta aliantzak sustatzeko
SPRI Taldeak, enpresen garapenerako euskal agentziak, Eusko Jaurlaritza ordezkatu du asteburu honetan EV 100 Foroan, ibilgailu elektrikoen garapenari buruzko Txinako urteroko kongresuan.
China EV100 (2014an sortua) ibilgailu elektrikoaren sustapen eta garapenerako Txinako antolakunde liderra da. 174 kide nazional ditu eta nazioarteko beste 32. Ikusirik zein garrantzitsua den ibilgailu elektrikoa sustatzea nazioartean, eta ongi jakinik Txina liderra dela sektore horretako hainbat arlotan, Espainiako Gobernuko Industria eta Energia Ministerioak misio bat antolatu du asteburu honetan (urtarrilak 10-13) Pekinen urtero egiten den EV 100 kongresuaren barruan, non lankidetza akordio bat berretsi baitute.
Misio horretan parte hartu dute Mikel Yang-ek (SPRI Taldeak Txinan duen bulegoko zuzendariak) eta Gestamp, Ormazabal eta Batz enpresek, Euskadiren ordezkari gisa, orobat parte hartu dute Raúl Blancok (Industria eta ETEen idazkari nagusiak), beste autonomi erkidego batzuetako (Gaztela Leon eta Gaztela Mantxa) ordezkariek eta automozioaren sektoreko enpresek, hala nola, Seat edo Antolin.
Txinako eta Espainiako gobernuek sinatu duten akordio honen helburua da lankidetza garatzea merkataritza eta inbertsioak pizteko bi herrialdeetako auto industrietan, bereziki ibilgailu elektrikoaren sektorean, eta horrekin batera, lankidetza eta aliantzak sustatzea auto elektrikoaren garapenean lan egiten duten Txinako eta Espainiako enpresen artean. Txina, munduko auto ekoizle handiena izateaz gain (28 milioi ibilgailu produzitu zituen 2018an), mundu mailako liderra da segmentu gorakor horretan, hots, auto elektrikoarenean.
Euskadin Basque Mobility Programaren bitartez bultzatzen da mugikortasun elektrikoa. Eusko Jaurlaritzak, Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailaren bitartez, hainbat laguntza-tresna bideratu ditu eta sektore honen lehiakortasuna hobetzeko biziki garrantzitsuak diren ekintzen gidaritza hartu du. Besteak beste, aipatzekoak dira Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) ibilgailu elektrikoa bultzatzeko abiarazitako programak eta bestelako ekintzak, SPRIk enpresa proiektu esanguratsuentzat eta atzerriko inbertsioa erakartzeko proiektuentzat emandako laguntzak, edo BRTA zentroek teknologia eta berrikuntza lanak garatzeko ematen duten babesa, zehazki, enpresetako zein teknologi zentroetako I+G+B proiektuen finantzaketa.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?