Eraldaketa digitala
Elkarrizketak 15 Azaroa, 2019

IDDOk industrian fabrikazio gehigarriaren garapena azkartzen laguntzen du

Gipuzkoako aholkularitza enpresa horrek bere ezagutza eta esperientzia eskaintzen ditu fabrikazio gehigarriaren erronkei aurre egiteko
-

 

Gero eta gehiago dira euren ekoizpen prozesuetan fabrikazio gehigarriaren arloko konponbideak garatu nahi dituzten enpresak, baina aurrean dituzten arazo nagusietako bat da ezin asmatzea zein den euren beharrizanetarako teknologiarik egokiena, fabrikaziorako materialei eta material horiek urtzeko teknologiei dagokienez. Ordiziako IDDO enpresa orain dela urtebete luze jarri zen abian, eta helburutzat du bere bezeroei orientabideak ematea fabrikazio gehigarriak dakartzan erronka guztiei aurre egiteko. Erronka horiei buruz mintzatu gara IDDOko sortzaileetarikoa eta CEOa den Javier Martínez Redinekin.

 

Zein da IDDOren jatorria?

2018ko abuztuaren amaieran eratu ginen ofizialki, Ordizian, metalaren bidezko fabrikazio gehigarrian espezializatuta dagoen IK4-Lortek teknologia zentroaren ‘spin-off’ moduan, Mondragon Korporazioko bi industria-enpresarekin lankidetzan. Egia esan, eraketa ofizialaren aurretik ere bageneraman ia urtebete, 2017tik, negozio plana eta eredua lantzen, hausnartzen ea zer motatako eskaintza egin ahalko genion sektoreari.

 

Eratu eta handik gutxira aurkeztu ginen BIND 4.0 programarako —industria adimenduneko ‘startup’en bizkortzaile publiko-pribatua, SPRI taldearen bitartez Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren babesa jasotzen duena—, eta trakzio enpresen aldetik bost trakzio eskaera jasotzera ere iritsi ginen. Azkenik, birekin sinatu genituen akordioak: Petronor-Repsolekin eta Matricirekin. Lankidetza horiek zirela eta, ospea hartzen eta inguruan ezagunak izaten hasi ginen, eta horrek aukera eman zigun proiektu gehiago sustatzeko Gestamp, Danobat, Ampo edo Vicinay bezalako enpresekin.

 

Zer zerbitzu mota eskaintzen duzue IDDOn?

Ohartu ginen bezeroek euren negozioetan fabrikazio gehigarria sartzeko urratsak egin nahi zituztenean traba eta zalantza askorekin egiten zutela topo. Honelako galderak sortzen zitzaizkien eta oraindik ere sortzen zaizkie: “Nola hasiko naiz?, Zer motatako teknologia erabiliko dut?, Nola eragingo dit fabrikazio gehigarria erabiltzeak?, Prestakuntza eman behar ote diot nire lantaldeari?, Nola txertatuko dut fabrikazio gehigarria nire prozesuan?, Zer material erabiliko ditut?, Ekonomikoki bideragarria ote da? Guk egina genuen bide hori eta bageneukan 10-15 urteko esperientzia eta ezagutza fabrikazio gehigarriaren arloan eta metalgintzan; ezagutzen ditugu industrian erabiltzen diren fabrikazio gehigarriko teknologiak, eta neutralak eta inpartzialak gara, hau da, ez dugu makinarik saltzen, gure helburu bakarra baita bezeroari lagun egitea fabrikazio gehigarrirako bide horretan. Horregatik guztiagatik erabaki genuen aholkularitza eta ingeniaritza teknologikoko enpresa bat sortzea, industrian fabrikazio gehigarriaren garapena azkartzen lagunduko duena, enpresen ondoan egongo dena integrazio horretan eta nola lagundu ahal dien erakutsiko diena.

 

Alde batetik, lantaldeei prestakuntza ematen edo kultura hori barneratzen laguntzen dugu, dituzten aukerak uler ditzaten. Prototipoen eta lehen serieen fabrikazioan jardun dezakegu: geure makineriarik ez dugun arren, baditugu akordioak ‘service provider’ekin. Ingeniaritzako, fabrikazio gehigarrirako diseinuko eta optimizazio topologikoko zerbitzuak eskaintzen ditugu. Pieza edo produkzio bat ziurtatzeko prozesuan ere laguntzen dugu. Labur azalduta, fabrikazio gehigarrirako bidea leuntzen diegu bezeroei, eta eskutik eramaten ditugu prozesu osoan zehar.

 

Egin dituzuen proiektuen adibideren bat azaldu ahal diguzu?

Esaterako, badira euren produktuei hautsezko estaldura eman nahi dieten enpresak, iraunkorragoak izan daitezen, eta hori fabrikazio gehigarriaren bitartez egin liteke. Guk lagundu egiten diegu prozesu horiek euren instalazioetan industrializatzen. Bezero batzuek eskatzen digute fabrikazio gehigarriaren arloko negozio aukerak balidatzeko, dela lizentzia edo patenteen erosketaren bidez, dela enpresak erosita. Guk aholku ematen diegu gai horietan. Besteak beste, sorkidetzako ‘workshop’ak egiten ditugu zuzendari eta ingeniariekin, edota prestakuntza tailer bereziak diseinatzaileentzat. Beste alde batetik, eska diezagukete biltegi bateko piezak 3Dtan digitalizatzeko, noiznahi inprimatu ahal izan daitezen.

 

Prototipoak azkar sortzeko proiektuak egiten ditugu. Esaterako, barruan hozkuntzarako hutsuneak dituzten moldeak, mekanizazioaren bidez fabrikatu ezin direnak; barrutik hozten diren metalezko barauts bereziak; irudi geometriko konplexuak, bestelako baliabideekin egin ezin direnak; polimeroz fabrikatutako posizionamendu tresnak, eta abar. Hainbat eta hainbat kasu daude.

 

Zeintzuk dira fabrikazio gehigarriko soluzioak gehien eskatzen dituzten sektoreak?

Fabrikazio gehigarria sektore guztientzat da egokia. Automobilgintzan teknologia horiek ez dira oraindik tirada oso luzeetarako erabiltzen. Ibilgailu industrialetan, luxuzkoetan edo tresnerian ikusten dira. Luxuzko ibilgailuetan, barrualdeko piezak sortzen dira maletegiaren atea zabaltzeko, adibidez, edo aurreko panel pertsonalizatuak fabrikatzeko. Energian eta Oil & Gas alorrean, berriz, mekanizazioaren bidez fabrikatzen zailak diren piezak sortzeko erabiltzen da fabrikazio gehigarria. Ekipamenduko ondasunen alorrean, barne-erabilerarako tresnak eta ordezko piezak fabrikatzeko. Aeronautikan emango luke balio gehien, baina sektore horretan atzeratuta dabil, ziurtagiriak direla eta. Ikusi dugu nola fabrikatzen duten gehikuntzaren bitartez hegazkinetako segurtasun uhalen belarriak, baina oraindik kosta egiten da egiturazko piezetarako ziurtapena lortzea. Hala ere, uste dut berebiziko aukera dela aeronautikarako eta industria aeroespazialerako, pieza arin-arinak fabrika daitezkeelako, pisu handia kentzen dutenak. Dena helduko da.

 

Uste duzu Euskadi erreferentzia bihurtzen ari dela 3D inprimaketari dagokionez?

Berrikuntza gune bat sortu da, eta unibertsitateek eta teknologia zentroek parte hartu dute. IK4-Lortek zentroak eta Mondragon Unibertsitateak abian jarri dute Industriako Fabrikazio Gehigarriko Masterra, eta nahiko arrakasta handia izaten ari da. Gero, beste enpresa batzuk hasi dira inprimatzeko makineria fabrikatzen, eta beste batzuek 3D inprimaketako zerbitzuak eskaintzen dituzte bezeroaren neurrira. Kultura hori barneratzeko jardunaldi asko ere egiten ari dira. SPRI bultzaka ari da berrikuntza guneekin, eta fabrikazio gehigarriaren berri zabaltzen laguntzen ari da, jardunaldietan babesa emanez.

 

Nondik nora doaz fabrikazio gehigarriaren etorkizuneko joerak industriaren eremuan?

Argi dago makinen produktibitatea hobetu egingo dela. Hauts geruzak urtzeko makinak laser bakarrarekin hasi ziren, eta orain lau ere badituzte. Horrek azkartu egiten du fabrikazioa. Metal hautsaren fabrikatzaileak gero eta gehiago dira, eta inbertsioak egiten ari dira produktuaren kostuak txikitzeko. Horri guztiari esker, teknologia gero eta merkeagoa da.

 

Lotutako albisteak

Sitecok  bezeroari  egokitutako  kobrantza-sistema  automatikoak  eskaintzen  ditu

Sitecok bezeroari egokitutako kobrantza-sistema automatikoak eskaintzen ditu

Gasteizko ETEak SPRI Taldearen Hazinnova programako dirulaguntza jaso du, eta fakturazioaren % 2 eskaintzen dio I+G alorrari.

Beniok  talentua  kudeatzeko  eta  enpresa  kultura  eraldatzeko  eredua  sendotu  du

Beniok talentua kudeatzeko eta enpresa kultura eraldatzeko eredua sendotu du

Enpresak aholkularitza eta sofwarea batzen dituen konponbide integral bat garatu du, garapen profesionala eta laneko ongizatea sustatzeko.

Procomsa,  liderra  eraikinentzako  itxitura-sistemetan

Procomsa, liderra eraikinentzako itxitura-sistemetan

Zamudioko enpresak 27 milioi euroko fakturazioa gainditzea espero du aurten

Entelgy-k  eraldaketa  digitala  bultzatzen  du  pertsonengan  oinarritutako  irtenbide  teknologikoekin

Entelgy-k eraldaketa digitala bultzatzen du pertsonengan oinarritutako irtenbide teknologikoekin

Konpainia enpresen eta erakunde publikoen bazkide estrategiko gisa finkatu da, digitalizaziorako eta adimen artifiziala hartzeko bidean aurrera egiteko.

Tentsio  baxuko  kable  elektronikoen  soluzio  pertsonalizatuak  eskaintzen  ditu  CENSAk

Tentsio baxuko kable elektronikoen soluzio pertsonalizatuak eskaintzen ditu CENSAk

Hernaniko SPRI Taldearen Kloud programako laguntza jaso du eta I+Gko bere laborategi propioa du.

Kernet,  bezeroaren  neurrira  egindako  irtenbide  teknologikoen  ingeniaritza

Kernet, bezeroaren neurrira egindako irtenbide teknologikoen ingeniaritza

Erandioko enpresak SPRI Taldearen Kloud programako laguntza jaso du, eta 40 zerbitzari kudeatzen ditu Frantziako eta Irlandako bi datu-zentrotan

Vicomtech:  “AA  etikoak  aurrerapen  teknologikoa  gidatu  behar  du,  pertsonen  ongizatea  ziurtatuz  berrikuntza  geldiarazi  gabe”

Vicomtech: “AA etikoak aurrerapen teknologikoa gidatu behar du, pertsonen ongizatea ziurtatuz berrikuntza geldiarazi gabe”

Vicomtech-eko Edurne Loyarte doktoreak AA-k dituen erronkak analizatu ditu, zentzu guztietan, erantzukizun sozialaren eta etikaren ikuspegitik.

Mekalerunen  digitalizazioak  aukera  ematen  du  produktibitate  handiagoarekin  fakturazio  errekorra  lortzeko

Mekalerunen digitalizazioak aukera ematen du produktibitate handiagoarekin fakturazio errekorra lortzeko

Elgoibarko enpresak tamaina handiko piezak mekanizatzen ditu eta SPRI Taldearen Industria Digitala programako laguntza jaso du

Evec,  industria-sektore  zorrotzenetarako  doitasun  handiko  artezketetan  aditua

Evec, industria-sektore zorrotzenetarako doitasun handiko artezketetan aditua

Bizkaiko enpresak teknologia aurreratua, erabat klimatizatutako tailerra eta sei hamarkadako esperientzia uztartzen ditu bere prozesuetan zehaztasun handiena bermatzeko.

Arituk  bere  software  libreko  tresna  hobetu  du  merkatu  berrietara  zabaltzeko

Arituk bere software libreko tresna hobetu du merkatu berrietara zabaltzeko

Gipuzkoako enpresak ingurumen-erregulazioak kudeatzeko tresna bat gehitu du EloraPLM plataforman.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.