Gipuzkoak teknologia kuantikoetan sakonduko du Creative Destruction Lab ekimenaren bultzadarekin, BIC Gipuzkoa eta IESE Business School erakundeekin lankidetzan
2025 Urte Kuantikoaren testuinguruan, Donostian ezarriko da Creative Destruction Lab (CDL) programaren Europako kokaleku berria. Programa hori garatzea posible izan da Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren –BIC Gipuzkoaren bitartez–, eta IESE Business School-en lankidetzari esker.
CDL-Donosta San Sebastian 2025eko irailean hasiko da bere jarduerekin, Euskadiko Parke Tekonologikoak Miramonen duen Tandem eraikinean. Azpiegitura horrek are gehiago indartuko du etorkizuneko eredu ekonomikoen motorra izango diren teknologia kuantikoak garatzeko estrategia instituzionala, eta mugarria izango da Gipuzkoa eremu kuantikoko Europako nodo nagusi bihurtzeko bidean.
Creative Destruction Lab (CDL) irabazi asmorik gabeko erakundea da eta aholkularitza programa bat eskaintzen die hasierako faseetan dauden eta eskalagarritasun potentzial handia duten konpainia zientifiko-teknologikoei. CDLk diseinatu duen programa berritzaileak pentsamolde ekintzailearekin uztartzen du ikerketa zientifikoa, sortzaileei laguntza estrategiko integrala emanez. Horrek barne hartzen ditu inpaktu handiko enpresa teknologikoak sortu, zuzendu eta saldu dituzten ekintzaileen tutoretzak; mundu osoko zientzialari, ingeniari eta ekonomialari nagusien aholkularitza teknikoa; IESE MBAko ikasleen inplikazioa, zuzenean enpresa garapenean laguntzeko; eta mundu osoko finantzaketa aukerak eskura jartzea.
CDL-Donostia San Sebastian zentroak CDL Quantum programan parte hartuko du, Toronto eta Montrealekin batera, teknologia kuantikoen merkaturatzea azkartzeko ahalegin koordinatu batean. CDL Quantum programa 170 enpresa baino gehiagoren babesle izan da 2017az geroztik –mundu osoko startup kuantiko guztien bostena ia–, eta 2,9 bilioi dolar kanadar baino gehiago sortzen lagundu du ondare balioan. Programan parte hartzen duten sortzaileek hainbat onura izango dituzte: helburuetara orientatuta dagoen aholkularitza mundu osoko ekintzaile eta aditu tekniko onenen eskutik, ikertzaile kuantiko eta inbertitzaileen nazioarteko sare aberats baterako sarbidea eta IBM Q edo Xanadu bezalako erakundeekin batera emango den programazio teknikoa.
Parte hartzaile ohien artean, bereziki aipagarria da Multiverse Computing, 2019an Donostian sortu zena eta CDL Quantum 2019/20 programari esker azkartu zena. Multiverse enpresak 215 milioi euroko B Serie bat lortu du duela gutxi inspirazio kuantikoa duen ereduak ulertzeko bere plataformaren ezarpena zabaltzeko. Plataforma horrek AA eredu handiak % 95era arte murrizten ditu, eta inferentzia kostuak, % 50-80 artean. “Multiverseren harro gaude CDL eta BIC Gipuzkoako ikasle ohien komunitateko kide izateaz, ospe handiko bi erakunde horiek gure bidea modu ahaztezinean markatu baitute. Izugarri pozten nau Donostian elkartzen ikusteak, eta ohore egiten dit nire aletxoa eman ahal izanak zubi hau eraikitzeko eta mundu mailako teknologia aurreratuko ekosistema bat hedatzen laguntzeko “, adierazi du Sam Mugelek, Multiverse Computingeko teknologia arduradunak eta CDL Quantumeko mentoreak.
CDL-Donostia San Sebastian berriak are gehiago indartuko du lurraldeak esparru honetan duen lidergo gero eta handiagoa, eta estrategia zabalagoari ere lagunduko dio, teknologia kuantikoak hazkunde industrialaren funtsezko oinarri gisa kokatzeko. CDL AA korrontea lurraldeko ikerketaren indarguneak islatzeko diseinatu da, eta Gipuzkoan nagusi diren hizkuntza teknologien, hizkuntzalaritza konputazionalaren eta AAn oinarritutako komunikazioaren iturrietatik elikatuko da. Adimen artifizialeko aplikazio komertzialak eraikitzen dituzten sortzaileetan jarriko du arreta programa honek, batez ere AA kuantikoan, hizkuntza naturalaren prozesamenduan eta hizkuntza anitzeko ereduetan diharduten horietan.
CDL korronteak –‘stream’ gisa ezagunak– teknologia berrietako edo funtsezko sektoreetako eremuetan berariazko arreta jartzeko sortzen dira, eta puntako ikerketa, enpresa garapena eta arrisku kapitala elkartzen dira hor. Hautatzen diren startup enpresek programa egituratu batean parte hartuko dute, horren barne direla bootcamp tekniko/enpresarial trinkoak eta helburuak definitzeko zenbait saio, bederatzi hilabetetan zehar.
CDL-Donostia San Sebastian berriarekin batera, Europako lehen IBM Quantum System Two sistema instalatuko da Donostian, IBM-Euskadi Quantum Computational Centre-ean, 2025eko amaieran. Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesletzarekin eta IBMrekin lankidetzan, azken belaunaldiko azpiegitura hori ezinbesteko baliabidea izango da CDL Quantum enpresentzat.
Sonia Sennik Creative Destruction Lab-eko zuzendari nagusiak honako hau adierazi du: “Adimen artifizialean eta zientzia kuantikoan indar paregabeak eskaintzen dizkio Donostiak gure CDL sare globalari. BIC Gipuzkoarekin eta IESErekin dugun lankidetzak aukera ematen die sortzaileei abangoardiako ikerketak hazkunde komertzialerako potentziala duten enpresa bihurtzeko, eta mundu osoko zientzialari ekintzaileei inpaktu handiko programak eskaintzeko konpromiso etengabea islatzen du”.
Euskadi, teknologia kuantikoaren nodo garrantzitsua
IBM Quantum System Two sistema 2025eko azken hiruhilekoan instalatzea aurreikusi da. IBMk zuzenean kudeatzen duen sistema horrek IBM Quantum Heron prozesadorea darama –orain arte garatu den ahaltsuena–, zerbitzu eskalako algoritmoak prozesatzeko eta bi bit kuantikoko 5.000 eragiketara arteko zirkuituak simulatzeko gai dena. Bere diseinu modular eskalatzaileari esker hainbat prozesagailu integratu ahal izango zaizkio etorkizunean, eta hori aurrerapauso kualitatibo handia da Europako informatika kuantikoaren gaitasunari eta errendimenduari dagokienez.
CDL-Donostia San Sebastian azeleratzailea urrats garrantzitsua izango da Gipuzkoa eremu kuantikoko erreferentziazko lurralde bihurtzeko ahaleginean, Unai Anduezak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako buruak, adierazi duen moduan: “Gipuzkoa teknologia kuantikoen eremuan erreferentziazko lurralde izan dadin nahi dugu. Donostian instalatuko den IBM System Two ordenagailu kuantikoa azpiegitura teknologiko oso garrantzitsua izango da. Azelerazio programa berri hori aliatu ezin hobea izango da etorkizuneko industriari bultzada emateko, helburu berriak ahalbidetzeko eta garapen zientifiko eta industrialerako puntako gaitasunak eskura jartzeko. Gure zientzia eta teknologiaren bikaintasuna, gure unibertsitateetako talentua eta gure eskualdeko berrikuntza potentziala sustatu eta aitortzeko modua da.
Zentro honen abiaraztea Gipuzkoa Quantum lurraldeko estrategiaren eta Basque Quantum estrategiaren esparruan kokatzen da, eta informatika kuantikoaren inguruan ekosistema berritzaile bat sortzea bilatzen du, horretarako ikerketa zientifikoaren, garapen teknologikoaren, ekintzailetzaren eta industria ehunaren arteko lotura sendotuz.
Mikel Jauregik, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak, zentro hau irekitzearen garrantzia azpimarratu du; izan ere, Euskadik eremu horretan duen posizionamendu estrategikoa indartzeko momentu erabakigarria da eta bat dator ere 2025 Urte Kuantikoarekin. “Teknologia kuantikoa funtsezko eremua da euskal industriak etorkizunerantz aurrera egiten jarrai dezan, duela gutxi onartu dugun Industria Planean ezarritako moduan. Eremu hori, adimen artifizialarekin eta zibersegurtasunarekin batera, etorkizuneko sektore industriala izango da, eta Euskadik, gero eta gaitasun zientifiko eta enpresarial handiagoak izateaz gain, eredugarria izan nahi du Europan mota horretako teknologia disruptiboetan. Horrela, Gipuzkoa erreferentziako nodo bihurtzen ari da teknologia horietan, eta eremu horretako enpresek enplegua, aberastasuna eta kalitate handiko lanpostuak sortzeko gaitasun handia daukate”.
“Gaur eman dugun urratsa, Donostian CDL berria abian jarrita, gure industria eta enpresa lehiakortasuna areagotzeko konpromiso argia da, eta aurrerapauso bat industria zabaldu eta hobetzeko estrategian. Hori guztia zenbait erakunderen arteko lankidetza publiko-pribatuari esker lortu dugu”, esan du sailburuak amaitzeko.
Marisa Arriolak, BIC Gipuzkoako zuzendari nagusiak, honako hau nabarmendu du: “CDL eta bere teknologia kuantikoko startup enpresak azeleratzeko programarekin izenpetu den lankidetza hitzarmena aurrerapauso kualitatiboa da Euskadirentzat eta Gipuzkoarentzat, ezagutza sortu eta eskualdatzeko, enpresa oso lehiakorrak garatzeko eta kalitate handiko lanpostuak sortzeko. Gipuzkoa Quantum Hub estrategiarekin bat, hitzarmenak talentua eta startup teknologiko berriak erakarriko ditu eskualdera, aldi berean BIC Gipuzkoaren barne gaitasunak indartzen dituen bitartean. Horretarako, nazioarteko sareetarako sarbidea, aholkulari adituak, baliabide espezializatuak eta teknologia kuantikoetarako finantzaketa jarriko ditu eskura. Funtsezko urratsa da Gipuzkoak eta Euskadik zientzian, ezagutzan eta berrikuntzan oinarritutako sektore berrietako ekintzailetzarekiko hartu duten konpromiso estrategikoan”.
Era berean, CDL- Donostia San Sebastian zentroari laguntzeak kalitate handiko enplegua sortzen lagunduko duela espero da, eta talentu kualifikatua erakarriko duela, bertakoa zein nazioartekoa, garatzen ari den eremu estrategiko garrantzitsu batean euskal ekosistemaren gaitasunak sustatzearekin batera.
Gaizka Ormazabalek, IESEko Ikerketa eta Doktorego Programarako dekanondokoak, esan du: “Ekintzailetza sustatzea IESEren misioaren funtsezko zati bat da. Gure helburua da bikaintasun profesionalari eta zerbitzu borondateari esker inpaktu sakon eta iraunkorra uzten duten liderrak prestatzea. Helburu argiak dituzten ekintzaileak oso mesedegarriak dira gizartearentzat. Ekimen hauekin, ahalegin horretan lagundu nahi dugu”.
Azpiegitura horren abiarazteak Euskadik teknologia kuantikoen eremuan duen posizioa indartuko du, eta ezagutzarekin, zientziarekin eta berrikuntza teknologikoarekin estuki lotuta dagoen balio erantsi handiko industria berri bat garatzeko funtsezko nodo bihurtuko du Donostia.