Gasteizen kokatutako BTI Biotechnology Institute-k argitaratu ditu argitalpen zientifiko gehien 2017an (33 guztira)
Espainiako bioenpresen elkarteak (ASEBIO) astelehen honetan kaleratu du ASEBIO 2017, bioteknologia sektorearen egoera eta joerak jasotzen dituen Urteko Txostena. Ángeles Heras Caballerok, Unibertsitate, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako Estatu idazkariak eman dio amaiera txostenaren aurkezpen ekitaldiari. Txostenak BTI Biotechnology Institute nabarmendu du Espainiako enpresek inpaktu handiko aldizkari zientifikoetan eginiko argitalpenei buruzko atalean, argitalpen gehien egin dituen Espainiako enpresa delako: 33 guztira. Azken urteotan BTI-k hainbat laguntza jaso ditu SPRI Taldetik, hau da, Eusko Jaurlaritzaren enpresa garapenerako agentziatik.
2017ko Txosteneko datuek erakusten dute BTI Biotechnology Institute dela I+Gn dedikazio eta inplikazio gehien duen Espainiako enpresetako bat, egoitza Gasteizen duen enpresa bioteknologiko hori baita hirugarren urtez jarraian Espainian produkzio zientifiko handiena duen konpainia (postu berbera lortu zuen 2015 eta 2016ko ASEBIO txostenetan, 36 eta 33 argitalpenekin, hurrenez hurren).
BTIko sortzaile eta zuzendari zientifiko den Eduardo Anitua doktorearen iritziz, “ASEBIO 2017 txostenean argitaratutako datuek erakusten dute egia bihurtu dela proiektuaren jatorrizko ideia: ezagutza zientifikoa sortzea, ezagutza hori zabaltzea, eta horrela, tratamendu berri eta hobeak garatzen laguntzea, pazienteen bizi-kalitatea hobetzeko”. “BTIk ahalegin handia egiten du ikerketa arloan, eta ASEBIO bezalako txosten garrantzitsu batek ahalegin hori aintzat hartzea akuilu handia da bio-medikuntzan ikertzen eta aurrerapen berriak garatzen jarraitzeko” dio Anitua doktoreak.
BTIri buruz:
BTI Biotechnology bio-medikuntzan eta bio-teknologian espezializatutako enpresa bat da, eta bi lan-eremu nagusitan zentratzen du bere jarduera: birsorkuntzako medikuntzan eta ahoko inplantologian. Gasteizen (Araba) ditu egoitza zentrala eta instalazioak. BTI Konpainiak I+G arloan egindako lan eskergak eman ditu bere fruituak, bera baita gaur egun hortz inplanteetarako merkatuko sistema moldakorrenaren hornitzailea eta berrikuntza arloko liderretako bat nazioartean.
Horrez gain, BTI mundu mailako erreferente zientifikoa da birsorkuntzako medikuntzan, berak garatu baitu Hazkuntza Faktoreetan aberatsa den Plasmaren teknologia (Endoret®), zeinak aplikazioak baititu medikuntzako hainbat arlotan: ahoko medikuntzan, traumatologian, kirol medikuntzan, dermatologian, erreumatologian, medikuntza estetikoan eta, duela gutxitik, baita ere oftalmologian.
Arestian lan-eremu berri bat garatu du, oinarritzat dituena loaren apnea eta zurrungen patologia; hala, mundu osoan puntakoa den diagnostiko-sistema automatiko bat garatu du eta patologia horiek tratatzeko sistema bat ere bai.
1989an sortu zenetik (55 milioi euro azken hamar urteetan), BTIk bere irabazien %100 inbertitzen du I+G+Bn, helburutzat harturik ezagutza zientifikoa sortzea eta tresna terapeutikoak garatzea pazienteen bizi-kalitatea hobetzeko. 350etik gora langile ditu, presentzia du 30 herrialde baino gehiagotan eta filialak dauzka Estatu Batuetan, Kanadan, Mexikon, Alemanian, Erresuma Batuan, Frantzian, Italian eta Portugalen.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?