Bizkaia  gizarte-inpaktuko  inbertsioaren  Europako  erdigunea  izango  da  Impact  Week  2024  foroan
			
			
			
				-
			
				Bizkaia  nazioarteko  topagunea  izango  da  azaroaren  25etik  29ra  bitartean  ekonomia  jasangarria  garatzeko  kapitala  mobilizatzen  duten  Europako  eragile  ekonomiko  nagusientzat.  Goranzko  merkatu  hori,  Impact  Europe-k  (inbertsio-mota  hori  bultzatzeko  erreferentziazko  Europako  sareak)  argitaratutako  azken  txostenaren  arabera,  80.000  milioi  eurora  iritsi  zen  2022an,  Europan  bakarrik.
Impact  Week  foroak  hogeigarren  urteurrena  ospatzen  du  aurten,  eta  Impact  Europek  antolatzen  du,  Bizkaiko  Foru  Aldundiarekin  eta  Seed  Capital  Bizkaia  haren  Ekonomia  Sustatzeko  Sailari  atxikitako  sozietatearekin  lankidetzan.  Bilbo-Bizkaiak  Turinen  lekukoa  hartuko  du  aurtengo  edizioaren  anfitrioi  gisa,  hazkunde  ekonomiko  integratzailea  sustatzen  egindako  ibilbide  nabarmenagatik.
“Bizkaia,  eragin  soziala  duen  inbertsioa  bultzatzen  duen  eskualdeko  gobernu  baten  adibide  paregabea  da  mundu  mailan.  Hunkitu  egiten  gaitu  gure  aldaketa  eragileen  komunitate  globala  Bilbon  biltzeak,  lurraldeko  eragin  liderrengandik  ikasteko  eta  etorkizun  hobe  baten  alde  elkarrekin  lan  egiteko”,  nabarmendu  du  Roberta  Bosurgi  Impact  Europe  erakundeko  CEOak.
Impact  Europek  35  herrialdetako  300  erakunde  baino  gehiago  biltzen  ditu,  barne  direla  fundazioak,  inpaktu-funtsak,  inpaktu-eragile  korporatiboak,  finantza-erakundeak,  finantzatzaile  publikoak,  unibertsitateak,  eta  enpresa  eta  startupen  inkubagailu  eta  azeleratzaileak,  eta  horien  artean  dago  Seed  Capital  Bizkaia,  kongresuaren  hogeigarren  edizioaren  anfitrioi  gisa  eginkizun  nabaria  izango  duen  sozietatea.
Foroaren  helburua  da  benetako  gizarte-eraldaketa  lortzeko  proiektuen  garapenean  inbertsioa  sustatzea,  besteak  beste  jasangarritasuna,  desberdintasunen  murrizketa  edo  gizarte-ekonomiaren  sustapena  jorratuta.
Inpaktu  handiko  programa
Lehen  mailako  150  eragile  ekonomiko-finantzariok  baino  gehiagok  bisitatuko  dute  Bizkaia  azaroaren  25etik  29ra  bitartean,  Euskalduna  Jauregian,  Guggenheim  Bilbao  Museoan  eta  BAT,  B  Accelerator  Towerren,  Impact  Week  2024  foroaren  esparruan,  antolatutako  jardueretan  parte  hartzeko.  Ekitaldietara  1.000  lagunetik  gora  bertaratzea  espero  da.
Kongresuaren  agenda  ofiziala  azaroaren  28an,  osteguna,  abiatuko  da  Euskalduna  Jauregian,  Elixabete  Etxanobe  Bizkaiko  diputatu  nagusiaren  hitzaldiarekin,  eta  harekin  batera  egongo  dira  gizarte-inpaktuko  filantropiaren  arloko  nazioarteko  pertsona  nabariak,  hala  nola:  Roberta  Bosurgi  (Impact  Europe),  Leslie  Johnston  (Laudes  Foundation),  Shiva  Dustdar  (European  Investment  Bank  Institute)  eta  Adam  Weiss  (ClientEarth);  baita  Euskadikoak  eta  Estatukoak  ere,  Jon  Uriarte  (Athletic  Club)  edo  Alejandro  Oñoro  (Ilunion)  kasu.
Aurreko  egunetan,  BAT-B  Accelerator  Towerrek  inpaktu-inbertsiorako  funtsezkoak  diren  dozena  bat  topaketa  hartuko  ditu,  Bizkaiko  Foru  Aldundiak  antolatutakoak  Seed  Capital  Bizkaia  sozietatearen  bidez.  Saio  hauetara  doan  sartu  ahal  izango  da,  aurretiaz  erregistratuta,  edukiera  osatu  arte,  eta  bertan  Euskadiko  eta  Estatuko  ekonomia-  eta  finantza-arloko  erakunde  nabarietako  ordezkariek  elkarrizketarako  eta  ekonomia  jasangarriago  bat  sustatzeko  sinergiak  eta  aukera  berriak  esploratzeko  espazio  bat  eskainiko  diote  publikoari.  Erakunde  horien  artean  daude  Oxfam,  Latimpacto,  Microbank  edo  Fondo  de  Fundaciones  de  Impacto,  besteak  beste.
Gainera,  Europako  Inbertsio  Funtsak,  Europako  Batzordeak  eta  Europako  Inbertsio  Bankuak  inpaktu-ekitateari  buruzko  lehen  foroa  egingo  dute  aste  horretan:  “Making  It  Count.  Impact  Equity  Forum”.  Azaroaren  26an  izango  da  Euskalduna  Jauregian.
Jardueraz  betetako  programa  bati  esker,  Europan  inpaktu-inbertsiorako  funtsezko  foroa  bihurtu  da  Impact  Week  2024.  Foroaren  hogeigarren  urteurrena  Bizkaian  antolatzeak  indartu  egiten  du  lurraldeak  ekonomia  jasangarriaren  sustapenean  duen  eginkizuna.  Impact  Week  2024ra  joateko  erregistroa  esteka  honen  bidez  dago  irekita.
Bizkaia,  gizarte-eraldaketarako  inbertsioan  aitzindari
 “Impact  Week  hartzea  bultzada  handia  da  etekin  ekonomikoa  duten  gizarte-  eta  ingurumen-inpaktuko  proiektuen  inbertsioan  Europan  erreferente  den  ekosistema  gisa  Bizkaia  kokatzeko  estrategiarentzat”,  azaldu  du  Ainara  Basurko  Bizkaiko  Foru  Aldundiko  Ekonomia  Sustatzeko  diputatuak.
Bizkaiko  Foru  Aldundia  Europan  administrazio  publiko  aitzindaria  da  gizarte-inpaktua  duten  proiektuak  bultzatzen,  eta  ekimen  publikoen  bidez  balioa  sortzea  birdefinitzen  duen  eragile  eraldatzaile  gisa  kokatu  da  azken  urteotan.
Bestalde,  Seed  Capital  Bizkaiak,  duela  35  urtetik,  lurraldeko  enpresa-ehunaren  berrikuntza  eta  birsorkuntza  sustatzeko  finantza-tresnak  kudeatzen  ditu.  Ildo  horretatik,  proiektu  berritzaileak  eta  jasangarriak  bultzatzen  ditu  osasungintzaren,  ekonomia  zirkularraren,  hezkuntza  eta  kulturaren,  eta  laneratzearen  eta  lan-inklusioaren  arloetan,  besteak  beste.
Impact  Europe-ri  buruz
Impact  Europe,  lehen  European  Venture  Philanthropy  Association  (EVPA),  Bruselan  egoitza  duen  irabazi-asmorik  gabeko  erakunde  bat  da,  eta  Europan  inpaktu-inbertsioa  sustatzea  du  helburu.  Nazioarteko  sare  bat  da,  35  herrialdetako  300  erakunde  baino  gehiago  biltzen  dituena  (fundazioak,  inpaktu-funtsak,  inpaktu-eragile  korporatiboak,  finantza-erakundeak,  finantzatzaile  publikoak,  unibertsitateak,  inkubagailuak  eta  azeleratzaileak).  Aurten  20.  urteurrena  ospatzen  du.  Inpaktu-inbertsioa  izenekoan  dihardu.  Kontzeptu  horrek  arriskuko  inbertsio-printzipio  eta  -jardunbideak  aplikatzen  ditu  gizarte-  eta  ingurumen-esparruan,  ikuspegi  estrategiko,  neurgarri  eta  berritzailearekin,  gizarte-inpaktu  nabarmena  eta  jasangarria  lortzeko.
Seed  Capital  Bizkaiari  buruz
Seed  Capital  Bizkaia  Bizkaiko  Foru  Aldundiko  Ekonomia  Sustatzeko  Sailari  atxikitako  sozietate  publikoa  da,  1989an  sortua.  Bizkaian  enpresa-ehunaren  berrikuntza  eta  berroneratzea  sustatzeko  finantza-tresnak  kudeatzen  ditu.  Helburu  du  lurraldean  enpresa  sortu  berriak  edo  lehendik  daudenak  sustatzen  eta  garatzen  laguntzea,  gizartean  inpaktu  positiboa  duten  proiektuak  babestuta.  Baliabideen  kudeaketa  eraginkorra,  zerbitzuaren  kalitatea,  ingurumenarekiko  errespetua,  erantzukizun  soziala,  eta  gardentasuna  eta  zuzentasuna  ditu  balio  nagusiak.