Atten2k nazioarteko presentzia indartuko du teknologia propioarekin monitorizazio prediktibo industrialean
Atten2 Teknikerren barruan sortu zen, hamarkada bat baino gehiagoan garapen teknologikoetan eta SPRI, CDTI eta Europako hainbat programak finantzatutako I+D proiektuetan parte hartu ondoren, konpainiak teknologia transferitzeko asmo argiarekin egin zuen jauzi merkatura. “Helburua da ikerketa-lerro aurreratuak aplikazio zuzeneko soluzio industrial bihurtzea”, azaldu du Eneko Gorritxategik, konpainiako CEOak.
Gaur egun, fluido industrialak denbora errealean analizatzeko sentsore optiko aurreratuak diseinatzen eta fabrikatzen ditu, bai eta haiei lotutako zerbitzuak ematen ere, hala nola martxan jartzea, datuen analisia, mantentze-lan prediktiboak eta laguntza tekniko espezializatua.
“Gure soluzioek makineria kritikoa monitorizatzeko aukera ematen dute, ekoizpena gelditu beharrik gabe”, azpimarratu du Gorritxategik. “Fluidoa momentuan aztertuz, sentsoreek higadura-partikulak, poluzioa eta fluidoaren egoera detektatzen dituzte”. Horri esker, erabilgarritasun operatiboa areagotu egiten da.
Konpainiak sektore hauentzat egiten du lan: energia konbentzionala eta berriztagarria, meatzaritza, automobilgintza, papera eta zelulosa, zementua eta industria petrokimikoa.
Aliantza estrategikoetan oinarritutako nazioarteko hedapena
Azken urteetan, Atten2k bere presentzia sendotu du Egipto, India, Kolonbia, Asiako hego-ekialdea eta Erdialdeko Amerika bezalako merkatuetan. Hedapena tokiko partner-ekin egindako banaketa estrategikoko akordioen bidez egituratu da. Eredu horri esker, zuzenean ezarri beharrik gabe sar daiteke eskualde berrietara, eta bazkide bakoitzaren merkatuaren ezagutza aprobetxatu.
Ingurune teknologiko batetik dator Atten2, eta berrikuntza du bere negozio-ereduaren egitura-ardatz, eta bere lehia-posizionamendua sendotzen duten funtzionalitate, algoritmo eta neurketa-gaitasun berriak garatzen jarraitzen du. “Gure sentsoreek neurketa-printzipio bakarra dute merkatuan, eta horrek abantaila bereizgarri bat ematen die monitorizazio prediktibo industrialaren arloan”. Hala ere, sektorearen bilakaeraz jabetuta, konpainiak I+D n inbertitzen jarraitzearen aldeko apustua egin du, bere lidergo teknologikoari eusteko.
Atten2k erregulartasunez parte hartzen du SPRIk sustatutako I+D eta nazioartekotzeari laguntzeko programetan. Programa horiei esker, garapen teknologikoak bizkortu dituzte, produktu-lerro berrietan arriskuak murriztu dituzte eta kanpoko merkatuetan sartzea erraztu dute.
Gaur egungo erronka nagusien artean, enpresak adierazi du salmenten urtarokotasuna murriztu behar dela, integratzaileekin eta jatorrizko ekipoaren fabrikatzaileekin (OEM) akordioak eginez, bai eta bere nazioarteko banaketa-sarearen koordinazioa eta eraginkortasuna indartu ere.
Euskal enpresen nazioarteko proiektuak bultzatzea da SPRI Taldearen helburuetako bat; izan ere, Basque Trade and Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bidez, leihatila bakarraren bidez bere baliabide eta laguntza guztiak jartzen ditu enpresen eskura, adibidez Elkartu, Gauzatu edo BEINT eta Global Training Bekak.