Lekoizpe, soluzio osoak eskaintzen dituen galdaragintzan eta mekanizazioan espezializatutako enpresa
Lekoizpe piezen galdaragintzan eta mekanizazioan espezializatutako enpresa da, eta soluzio osoak eskaintzen dizkie bezeroei. 2022tik hazkunde jarraitua izan du eta ekitaldi honetan 4,1 milioi euroko fakturaziora iristea espero du. Enpresak Eusko Jaurlaritzaren zibersegurtasun industrialaren programaren laguntza jaso du. Programa horrek zibersegurtasuna sustatzen du euskal enpresetan, gai horri buruzko egitura ekonomikoa sortuz, SPRIk antolatuta.
Lekoizpe 1987an sortu zen Markinan, piezen mekanizazioan eta metalen arotzerian-galdaragintzan jarduten zuen tailer laguntzaile edo azpikontratazioko gisa, eskualdean jarduera horietan zegoen hutsunea betetzeko.
“Hasieran Otola industrigunean geunden, 300 m²ko pabilioiarekin. Geroago, pabilioia handitu genuen beste 150 m²rekin, eta bertan garatu genuen gure jarduera lehenengo 14 urtetan. Ondoren, plantilla handitu genuen eta, 2000an, 15 langile genituen dagoeneko”, adierazi du Roberto Gascok, Gerentziako laguntzaileak eta Kudeaketako arduradunak.
Espazio gehiago behar dutenez, aurten Kareagako industrigunera joango dira, aurreko egoitzatik 200 metrora, eta 1.500 m²ko pabilioi berria egingo dute, “sarbide erosoekin eta ekipamendu modernoarekin, uneko beharrei erantzun ahal izateko. Egun, 29 langileko plantilla eta 3.000 m²ko azalera dugu guztira”.
Enpresak kalitatearen aldeko apustua egin du hasieratik ISO 9001 ziurtagiria mantenduz, eta “2004az geroztik prestakuntzan, ekipoetan eta instalazioetan inbertitu du horretarako. Gaur egun, Metrologiako gela bat dugu, kalitatezko ekipamendu eta langile kualifikatuekin eta homologatutako soldatzaileekin”.
Azpikontratazio-enpresa bat denez, ez du produktu propiorik. Galdaragintza fin-ertain-astunean, mekanosoldaduran eta material mota guztien mekanizazioan, hala nola altzairu herdoilgaitzean, galdaketa nodularrean, aluminioan edota kobrean dago espezializatuta.
“Soluzio osoen zerbitzu integrala eskaintzen dugu, bezeroaren planotik abiatuta edo diseinuan bertan bezeroarekin lankidetzan arituz, unitate-piezak, serie txikiak, ertainak eta azpimultzoak fabrikatu, muntatu eta entregatu bitarte”. Sektore askotako bezeroak dituzte, besteak beste, trengintzakoak, makina-erremintakoak, siderurgiakoak, automobilgintzakoak, balbuletakoak, nekazaritzakoak edo eolikoetakoak.
Urteko fakturazioa 3,8 milioi eurokoa izan zen iaz, eta etengabeko hazkundea izan du 2022az geroztik. Orduan 2,7 milioi eurokoa izan zen negozioa. Ekitaldi honetan hazten jarraitzea eta 4,1 milioi eurora iristea aurreikusten dute.
Lekoizpek ez du I+Gko aurrekonturik eta sail espezifikorik, “baina operazio-prozesuetan jorratu beharreko balizko hobekuntzak identifikatzen dira taldeko bileretan”.
SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialeko programaren dirulaguntza erakundearen informazioaren eta datuen segurtasuna hobetzeko eta bermatzeko neurriak ezartzeko erabili da, “hala nola, VPN, NASH, segurtasun-kopiak, enkriptatzeak edo hirugarren baimenik gabeko sartzeak”.
Etorkizuneko hiru erronka nagusi ditu. Belaunaldien arteko erreleboa “eta horrek dakarren ezagutzaren kudeaketa, prestakuntza-plan zorrotz bat definitu baita horretarako”; bezeroen eta merkatuen dibertsifikazioa, “merkataritzako hainbat ekintza egiten ari baitira horretarako” eta ekoizpen taldeen pixkanakako modernizazioa, lehiakortasun handiagoa lortzeko.
“Iaz azken belaunaldiko CNC tornu berri bat erosi zen, serie txikiak, ertainak eta luzeak mekanizatzeko, zehaztasunaren eta moldagarritasunaren eskakizun handiekin”.
SPRI Taldeak Euskadiko enpresei aukera ematen die bere kanaletan jardueraren berri emateko. Zure proiektua gure gaiekin (I+G+b arloa, digitalizazioa, nazioartekotzea, ekintzailetza, berrikuntza…) lotuta badago, Zutaz mintzo gara ekimenean parte har dezakezu.