Albisteak 18 uztaila, 2025

Europako Batzordearen Regional Innovation Scoreboard-ek “berrikuntza handiko” herrialde gisa kokatu du Euskadi

Euskadik Europar Batasuneko batez besteko berrikuntza-maila gainditzen du (% 108,1), eta “strong innovator” (berrikuntza handikoa) kalifikazioari eutsi dio
-
  • Europako Batzordearen arabera, “pocket of excellence” (bikaintasun-poloa) da Euskadi, berrikuntza moderatuko estatuan berrikuntza handiko lurraldea delako.

 

  • Eusko Jaurlaritzak eta Innobasquek I+G+b alorrarekin duten konpromisoa berretsi dute: “herri-apustu bihurtu behar dugu berrikuntza”, Euskadi berrikuntzan aitzindari izan dadin eta arlo horretan aurreratuen dauden Europako herrialdeen artean koka dadin.

 

  • Eusko Jaurlaritzaren Industria Plan berriak lehentasun estrategikoa ematen dio “Industriarik onena” atalari. Helburua da euskal enpresen maila teknologiko berritzailea areagotzea, eta horrek lotura zuzena du Regional Innovation Scoreboard-en helburuekin.

 

 

Europako Batzordeak bi urtean behin egiten duen Regional Innovation Scoreboard berrikuntza adierazleen eskualdeko txostenaren arabera —EB osatzen duten estatuetako lurralde guztietako berrikuntza-maila neurtzen du—, Euskadik berriro ere oso datu positiboak eskuratu ditu.

 

Euskadi “strong innovator” (berrikuntza handikoa) da, eta goitik hasi eta bigarren multzoan dago. Europako Batasuneko batez besteko berrikuntza-maila gainditzen du; % 108,1ekoa da.

 

Europako Batzordearen arabera, “pocket of excellence” (bikaintasun-poloa) da Euskadi, berrikuntza moderatuko estatuan berrikuntza handiko lurraldea delako. Hori Europako beste 10 lurraldetan baino ez da gertatzen.

 

EB osatzen duten 241 eskualdeetatik, Euskadi 81. postuan dago. 8 maila jaitsi ditu; RIS 2023 argitaratu zenean 72. postuan zegoen.

 

“Euskadik berrikuntza handikoa izaten jarraitzen du, baina erritmoa zertxobait moteldu du. Ahalegin handiagoa egin behar da. Oso posizio ona dugu, baina mailak igotzen jarraitu nahi dugu, EBko herrialde aurreratuenen arten lider izateko berrikuntzan. Ez dugu nahi beste hobetu, eta badakigu herri honen eta bere industriaren lehiakortasuna berritzeko ezinbestekoa dela berrikuntzaren abangoardian egotea. Ezin gara lasaikerian erori, berrikuntzaren aldeko apustua hobetzen eta berritzen jarraitu behar dugu”, berretsi dute Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren sailburuak eta Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak.

 

Eusko Jaurlaritzak positiboki baloratu du Euskadiren egoera EBrekin alderatuta. “Gure helburua da berrikuntza handieneko Europako herrialdeen goi-mailako taldean kokatzea, eta hori lortzeko lanean jarraituko dugu. Autoexijenteak gara eta adierazle guzti-guztiak aztertuko ditugu horietan hobetzeko. Hainbat kategorietan hobetzeko aukera dugu, eta horretan ari gara lanean”, esan dute bi sailburuek.

 

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzaren Industria Plan berriak lehentasun estrategikoa ematen dio “Industriarik onena” atalari. Helburua da euskal enpresen maila teknologiko berritzailea areagotzea, eta horrek lotura zuzena du Regional Innovation Scoreboard-en helburuekin. Industria lehiakor batek teknologikoki aurreratua den enpresa-oinarria behar du. Hori dela eta, funtsezko teknologia erraztaileak sustatzea, I+G+b alorrean lankidetza publiko-pribatua sustatzea eta ETE industrialei beren bilakaera teknologikoa azkartzeko tresnak eskuratzeko aukera ematea proposatzen da. Helburua da gero eta euskal enpresa gehiago berrikuntzaren mugan kokatzea, bai produktuetan, bai prozesuetan.

 

Bestalde, Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren hurrengo birdefinizioak, eta, bereziki, “Berrikuntza-itsasargiak” proiektua lantzeak – Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren kontura – eta 2025ean abian jartzeak Jaurlaritza osoaren ahaleginak gure herriarentzat interes handiena duten arloetan ardazteko balioko dute.

 

 

Berrikuntzan postuak igotzeko auto-exijentzia

 

Regional Innovation Scoreboard-en ondorioak aztertuta, alde batetik, Euskadiko berrikuntza zertxobait moteldu da RIS 2025 txostenean erabilitako datuei dagokien aldian (2022 eta 2023). Izan ere, Euskadin azken urte eta erdian berrikuntzaren alde egindako apustuek ez dute dokumentu honetan islatutako ondoriorik ikusten.

 

Bestalde, txostenaren metodologian aldaketak eman dira. Aldaketa metodologiko horrek Euskadiren bilakaera baldintzatu du. Zehazki, Euskadi lehen 60 eskualdeen artean zuten bi adierazle kendu dira, eta lau adierazle berri sartu; horietako bitan, Euskadi 160 posizioaren azpitik dago.

 

Euskadi positiboki nabarmentzen da I+G+b alorraren inpaktu-adierazleetan, alderdi hauei dagokienez: produktu berrien salmenta ETEetan, enpresek egindako I+G alorreko gastua, gazteen hezkuntza-maila handia, bizialdi osoko ikaskuntza, eta banda zabalaren eta nazioarteko koargitalpen zientifikoen hedapena. Faktore horietan Europako eskualde aitzindarien artean kokatzen da.

 

Hala ere, Euskadik hobetu egin behar ditu adierazle hauek: sektore publikoak egindako I+G alorreko gastua, hodei-konputazioa enpresetan, negozio-prozesuan dauden ETE berritzaileak, EBko diseinuen eskaerak eta teknologia ertain eta altuko produktuen esportazioak.

 

“RIS 2025 txostenak berrikuntzaren bidean suspertzeko pizgarri gisa balio behar du. Exijentzia handieneko jarrera Jaurlaritzatik beretik hasten da, eta gainerako erakunde publikoak, erakunde pribatuak, enpresak eta beste eragile batzuk gonbidatzen ditugu beren egoerari buruz hausnartzera eta etorkizunean zer hobetu daitekeen aztertzera. Berrikuntzak herri-konpromisoa izan behar du, eta industriarentzako motorra”, azpimarratu dute Jauregik eta Pérez Iglesiasek.

 

Eusko Jaurlaritzak eta Berrikuntza Euskal Agentzia – Innobasquek dei egiten diete enpresa guztiei, eta bereziki ETEei, agentzia honetara hurbil daitezen. Atea enpresa guztientzat dago zabalik, enpresaren tamaina edozein delarik ere, eta lankidetza eskaini eta eskua luzatzen die, arrazoiak gorabehera, orain arte berrikuntza-prozesuetan esperientziarik izan ez duten guztiei.

 

Gainera, Jaurlaritzak hiru konpromiso berresten ditu:

 

  1. Enpresa txiki eta ertainetara iristeko ahalegin handiagoa egitea, hori baita hobetzeko arlo nagusia. Horretarako, zenbait programa azpimarragarri daude, hala nola Hazinnova (SPRI taldeak eta Innobasquek kudeatuta, berrikuntza enpresa txiki eta ertainei helarazteko).
  2. Berrikuntza herri-apustu bihurtzea, eta horretarako enpresak, erakunde publikoak eta eragile sozioekonomikoak lotzea, praktika berritzaileetan sakontzen jarraitzeko.
  3. RIS 2025 txotenaren ondorioak aukera gisa hartzea, hobetzeko dauden kategorietan suspertzen hasteko, arlo horietara inbertsio berriak bideratuta.

 

Lotutako albisteak

Lehendakariaren  iritziz  Euskadi  funtsezko  eragilea  da  Europaren  berrindustrializazioan  eta  autonomia  estrategikoan
24/03/2026 Berrikuntza

Lehendakariaren iritziz Euskadi funtsezko eragilea da Europaren berrindustrializazioan eta autonomia estrategikoan

Pradales Lehendakariak adierazi du testuinguru global “kaltegarri eta ezegonkorrari” aurre egin behar zaiola, eta “Defentsa, Errotzea eta Hazkundearen” aldeko euskal estrategia defendatu du

VCGk  bost  ardatzeko  mekanizazio  zentroa  txertatu  du  bere  instalazioetan
22/03/2026 Berrikuntza

VCGk bost ardatzeko mekanizazio zentroa txertatu du bere instalazioetan

Ezaugarri horiek dituen bigarren ekipoa da eta horri esker, enpresak doitasunezko mekanizazioan duen espezializazioa indartuko du.

Worthington  Creyssensac-ek  SMART  SAVINGS  abiarazi  du:  Aire  konprimituaren  industriarako  energia-eraginkortasunaren  iraultza
12/03/2026 Berrikuntza

Worthington Creyssensac-ek SMART SAVINGS abiarazi du: Aire konprimituaren industriarako energia-eraginkortasunaren iraultza

"Ez da irtenbide bat soilik; ikuspegi adimendun bat da, negozioak berritzen jarrai dezan, energia-faktura galga izan gabe"

Dinalan-ek  CIVITRA  merkaturatu  du,  hiri-argiteria  eta  aktiboak  kudeatzeko

Dinalan-ek CIVITRA merkaturatu du, hiri-argiteria eta aktiboak kudeatzeko

Ordenagailuak lagunduriko mantentze-lanak kudeatzeko sistema baten bidez (GMAO, gaztelaniazko sigletan) dibertsifikatu da enpresa, eta horrek luminarien, semaforoen, iturrien, hiri-altzarien eta abarren kudeaketa digitalizatzen du, efizientzia eta jasangarritasun handiagoak lortzeko.

EDTF-k  Bizkaiko  babes  akustikoa  birdefinitzen  du,  Leioako  La  Avanzadako  pantaila  begetal  berriaren  arrakastarekin
06/03/2026 Berrikuntza

EDTF-k Bizkaiko babes akustikoa birdefinitzen du, Leioako La Avanzadako pantaila begetal berriaren arrakastarekin

ETFren Landare Irtenbidea vs. Metalezko Pantailak: Eraginkortasuna, kostuak bikoiztu gabe

Euskadik  bere  startupen  azken  berrikuntza  teknologikoak  aurkeztu  ditu  4YFNan
03/03/2026 Ekintzailetza

Euskadik bere startupen azken berrikuntza teknologikoak aurkeztu ditu 4YFNan

Euskadiko 12 startupek osasunaren, adimen artifizialaren, industria adimendunaren eta zibersegurtasunaren alorretan dituzten soluzioak aurkeztu dituzte, Eusko Jaurlaritzaren eta hiru foru-aldundien laguntzarekin.

Sustatu  berrikuntza-proiektuak  zure  enpresan  Fast  Track  Innobideak  ekimenarekin
03/03/2026 Berrikuntza

Sustatu berrikuntza-proiektuak zure enpresan Fast Track Innobideak ekimenarekin

Fast Track Innobideak programak laguntza ematen die ondasun edo zerbitzu berriak merkaturatzera edo enpresan negozio-prozesuak hobetzera bideratutako berrikuntza-jarduerak bultzatu nahi dituzten Euskadiko ETE industrialei, haien lehiakortasuna indartzeko. Programa apirilaren 30era arte egongo da zabalik.

Euskadiko  Lanbide  Heziketak  eta  Euskadiko  Parke  Teknologikoek  batxilergoko  1.000  ikasle  baino  gehiago  bildu  dituzte  enpreseta  zientifiko  teknologikoetako  lan-aukerak  erakusteko
24/02/2026 Berrikuntza

Euskadiko Lanbide Heziketak eta Euskadiko Parke Teknologikoek batxilergoko 1.000 ikasle baino gehiago bildu dituzte enpreseta zientifiko teknologikoetako lan-aukerak erakusteko

Hitzordua martxoaren 10ean izango da Zamudio/Derioko Campusean, eta Vitoria-Gasteiz eta Donostia Campusetan martxoaren 12an. Hitzorduaren helburua ikasle horiei Lanbide Heziketak Parke Teknologikoko enpresetan dituen aukerak erakustea da.

Detergente  biologikoa,  berrikuntza-bektorea  garbiketa  profesionalean
15/02/2026 Berrikuntza

Detergente biologikoa, berrikuntza-bektorea garbiketa profesionalean

'A&B Laboratorios de Biotecnología'-k Berrikuntzaren Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Saria jaso zuen 2024an

Araba-Pack:  Konfiantzazko  etiketatze  industrialeko  soluzioak  Gasteizen
04/02/2026 Berrikuntza

Araba-Pack: Konfiantzazko etiketatze industrialeko soluzioak Gasteizen

Euskal industriarentzako balio-proposamena malgutasunak eta ikuspegi pertsonalizatuak definitzen dute.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.