Jorge Vizcaya, euskal konpainiako arkitektoa.
Elkarrizketak 8 Marzo, 2022

Sener-ek etorkizun handiko merkatu-nitxo bat ireki du kirol ingeniaritzaren arloan

Santiago Bernabéu futbol-zelaian erabiliko duen soropil bilkor iraultzaile bat patentatu du, zeinari esker klubak hirukoiztu egingo baitu estadioaren errentagarritasuna
-

Enpresa eta kirola lotzeak -zehazki, futbola- eta lotura hori munduko estadio ezagunenetako batean egiteak pentsa litekeen baino kointzidentzia gehiago ezkutatzen ditu. Santiago Bernabéu dugu horren adibide argiena, aspalditik baitago murgilduta restyling prozesu anbiziotsu batean, proiektu horrekin hiriburuko ikur berri bilakatzeko. Megaproiektu horretan 700 milioi euro baino gehiago gastatu dira eta euskal enpresa batek parte hartzen du. Sener ingeniaritzaz ari gara, zeinak etorkizun handiko merkatu-nitxo bat ireki baitu kirol arloko arkitektura eta ingeniaritzaren arloan. Soropil bilkor formako sistema aitzindari bat garatu eta patentatu du, zeinaren bidez klubak estadioa ustiatu eta hainbat ekitaldi ostatatu ahal izango baititu, joko-zelaia baldintza egokietan mantenduz. Datu argigarri bat: kalkulatzen da estadio batzuk urtean 50 orduz baino ez direla erabiltzen. Teknologia honi esker, Real Madrid klubak bere instalazioak erabili ahal izango ditu urtean 300 egunez, eta errentagarritasuna atera ahal izango die 300 egunei, dio Jorge Vizcayak, euskal konpainiako arkitektoak eta proiektu honen sortzaileetako batek.

Zein testuingurutan sortu zen proiektua?

Bitxia da ikustea nola munduko hiri batzuetan errepide gehienak asfaltatu gabe dauden eta, halere, nola baduten estadio zoragarri bat, milaka ikuslerentzako lekua duena. Estadioak hirien ikur bilakatu dira, eta batzuetan herrialdeen ikur izatera iritsi dira. Gaur egun, existitzen da kirol turismoa, izan ere, hainbat turistarentzat hiri batera iristean, bertako estadioa izaten da lehen geltokia. Jende askok ezagutzen du Manchesterreko estadio ospetsuenaren izena, baina nork daki zein den hango katedralarena edo museo ezagunenarena? Sener-en ikusi dugu estadioak benetako tenplu bihurtu direla, eta hainbat aukera aztertu ditugu euren erabilpena ugaritu eta kostua errentagarri bihurtzeko. Esaterako, ikusi dugu badagoela aukera estadioak hirien erdigunean kokatzeko, baina horretarako ezinbestekoa da ekitaldi anitzetarako espazio bilakatzea. Eta hortxe sortu zen soropil naturala erretiratzen duen sistema bat sortzeko ideia.

Etorkizuneko bezeroei dagokienez, baliteke zuen negozio-eredua gehiago zentratzea estadio zaharretan eta ez eraikiko diren berrietan?

Zalantzarik gabe, gure sistemaren abantaila handiena da aukera ematen duela  eraikita dauden estadioetan instalatzeko. Beste sistema batzuen aldean abantaila itzela da hori, aukera-leiho bat irekitzen dielako duela gutxi eraikitako estadioei, zeintzuen hasierako diseinuan ez baitzegoen pentsatuta bestelako ekitaldiak egitea kirol-lehiaketen denboraldi erregularrak iraun bitartean.  Hori oso garrantzitsua da gaur egun. Futbol profesionalaren mundua asko aldatu da azken urteotan, zeren euren taldeei baliabide ekonomiko ia mugagabeak eskaintzen dizkieten aberats handiak edota gobernuak agertu baitira. Eta gainerako klubek ikusi dute baliabide ekonomiko gehigarriak behar dituztela talde horien aurka lehiatzeko.  Horregatik jarri dituzte begiak Amerikako estadioen ustiapen-ereduetan. Real Madrid edo FC Barcelona bezalako klubek ez dituzte kapritxoz berritzen euren estadioak, ezta ere munduari esateko eurek dituztela estadio polit eta berrienak, baizik eta orain arteko mailan lehiatzen jarraitzeko behar-beharrezkoak dituzten baliabideak eskuratzeko. Bestalde, Sener-en sistemak oso leku gutxi okupatzen du eta ez du espazio gehiagorik behar inguruan; horri esker, baita ere instalatu daiteke hiri-erdiguneetan aurreikusten diren estadioetan, horiexek baitira ustiapen handiena izan dezaketenak.

 Baldintza normaletan, zenbat denbora beharko litzateke Bernabéu estadiokoa bezalako soropil bat desmuntatzeko? Eta non gordeko litzateke?

Futbol partidu bat amaitzen denean, lorezaintza taldeak hainbat lan egin behar ditu soropila berroneratzeko, eta horretarako behar den denbora desberdina izaten da partiduaren baldintzen edo estadioaren egoeraren arabera. Lan horiek amaitu ondoren, posible da futbol zelaia tokiz aldatzea partiduan zuen posiziotik kendu eta mantenimenduko posiziora eramanaz, hau da, zelaiaren alde bateko eserlekuen azpian kokatzea, lurpean dagoen hazkuntza-kamera batean. Prozesu guztiz kontrolatua da, soropilez hornitutako erretilu bakoitzak tona asko pisatzen dituelako, eta garraio eta posizionamendu lanek oso zehatzak izan behar dutelako. Pisu eta zehaztasun handiak konbinatu behar direnez, hainbat ordu behar dira prozesua osatzeko, fidagarritasun estandar gorenak bermatu nahi badira. Hala ere, epe horiek guztiz bateragarriak dira estadioaren ustiapenarekin eta operazioarekin.

Lurpeko hazkuntza-kamera bat aipatu duzu…

Soropila nahi adina denbora mantendu liteke hazkuntza-kamera horren barruan, espazio horrek sarbide independenteak izango baititu lorezaintzako ekipamendu eta langileentzat, eta mantenimendu agronomikorako instalazio sistema aurreratuenez hornituta egongo da (hazkuntzarako led argiak, ureztatze eta fertirrigazio sistemak, argi ultramorezko tratamenduak, etab.).

Teknologia hau munduko edozein estadiotan aplikatu liteke?

Futbola, errugbia, futbol amerikarra eta antzeko kirolak praktikatzeko sortutako estadioez ari bagara, hau da, joko-zelai errektangularrak dituztenez, orduan bai.  Horrelako estadioen multzoan sar litezke orobat atletismokoak, eta erratzeko aukera handirik gabe esango nuke gehienak milioi askotako azpiegiturak direla, baina ia ez direla erabili ere egiten. Gure sistemak aukera mordoa zabal ditzake horrelako estadioetan. Aldiz, beisbol, kriket edo futbol australiarreko estadioen joko-zelaiek geometria berezia dute, eta horrelakoetan askoz zailagoa da gure sistema instalatzea. Baina ez da ezinezkoa.

Nolako abantailak ditu zuen sistemak?

Garatu dugun sistemaren abantaila nagusia da eraikita dauden estadioetan instalatu daitekeela egituran edo zimenduetan ia ezer egin beharrik gabe eta, jakina, estadioaren inguruko hiri-espazio publikoa okupatu gabe. Gainera, gure sistemari esker soropila ingurumen-baldintza optimoetan mantentzen da, eta baldintza horiek, kasu askotan, aire libreko ingurumen-baldintza naturalak baino hobeak dira. Horrez gain, gure sistemaren instalazioa ongi egokitzen da kirol liga erregularrek uzten dituzten epe libreetara, beraz, udako hilabeteetan instalatu daiteke. Puntu honetan, aipagarria da Real Madrid klubak jendaurrean aurkeztu duen sistema oso bertsio kustomizatua dela, Santiago Bernabéu estadioaren egoera berezira egokitua. Sener-en orain eskuartean daukagu bertsio alternatibo bat, askoz eraginkor, erraz eta ekonomikoagoa dena eta estadioa komertzialki ustiatzeko alternatiba gehiago eskaintzen dituena.

Zuek diozue estadioek hiriguneetan egon behar dutela, eta eredu amerikarrak porrot egin duela…

Estatu Batuak oso herrialde handi eta dinamikoa da. Azken urteotan denetarik probatu dute: hiri barruko estadioak, aldirietako estadioak, estadioak hirietatik kanpo… Hori dena probatu ondoren, argi geratu da hirigunetik urrun geratzen den estadioaren eredua askotan ez dela izaten errentagarria eta, ondorioz, desagertu egiten dela. Baina baieztapen hori kontu handiz hartu behar da, hiri eta estatu bakoitzaren araberakoa baita. Ez da gauza bera estadio bat New York hirian edo Kansas City-n. Gure ustez, estadio amerikarrak eredutzat hartu beharrean hobe genuke Inperio Erromatarrari eta Koliseoari erreparatzea. Eraikin hori Erroma hirigunean zegoen, eta funtzio anitzeko instalazio bat zen: hiritarrek urteko egun guztietan erabiltzen zuten mota guztietako ekitaldiak egiteko, hasi ehiza lehiaketetatik eta gladiadore borroketara edota epaiketa publikoetatik naumakietara lehen urteetan. Ekitaldi horiei esker, eta garaiko teknologia aurreratuena eta kokaleku pribilejiatua lagun, Koliseoa Erromaren bihotza bihurtu zen, eta benetako motor ekonomikoa izan zen hiriarentzat. Koliseoko sarrera garaiko “txarteldegiak” erregulatzen zuen, baina doakoa zen. Horrela bermatzen zen hiritarren etengabeko mugimendua, orduak pasatzen zituztelarik barruan gozatzen eta kontsumitzen…

Horrelako eredu bat baliozkoa ote litzateke gaur egun?

Eredua guztiz baliozkoa da hainbat hiritan, eta horrelako zerbaiten aldeko apustua egin beharko litzateke. Zeharo zentzugabea da 100 edo 200 milioi euro gastatzea urtean gehienez 50 orduz erabiltzen den hiriko azpiegitura batean. Era berean, erabat zentzugabea da goi-mailako teknologiaz hornitutako hiri-azpiegiturak izatea, baldin jendea partidua hasi baino minutu bat lehenago sartzen bada eta partidua amaitu baino bost minutu lehenago irteten bada pilaketak saihesteko. Naturaltasun osoz barneratu ditugu horrelako astakeriak Europan kirol profesionala abiarazi zenetik, baina argi dago azken urteotan eredua aldatzen ari dela.

Bernabéuko proiektuaren ondoren, beste zein estadio ari zarete proiektatzen?

Une honetan hainbat helburu dauzkagu eskuartean, horietako batzuk futbolaren historiako estadio mitikoak. Gogotsu gaude klubei hazten eta euren instalakuntzak hobetzen laguntzeko, zerbitzu onenak eskain diezazkieten hiritarrei.

Lotutako albisteak

Begoña  Echaburu  (Mondragon  Unibertsitatea):  “Euskadin  onak  gara  negozio-plangintzan,  orain  erronka  talentua  kudeatzea  da”
26/11/2025 Berrikuntza

Begoña Echaburu (Mondragon Unibertsitatea): “Euskadin onak gara negozio-plangintzan, orain erronka talentua kudeatzea da”

Pertsonak eta Talentua I+T Taldearen koordinatzaileak, Enpresagintza Fakultatean eta Negozio-Berrikuntza Ikerketa Zentrotik (MIK), pertsonak enpresa-estrategian integratzeko beharra azpimarratu du.

Kinergy:  “Gure  erregai-pila  sistemek  hidrogenoa  elektrizitate  bihurtzen  dute,  modu  garbian  eta  isuririk  gabe”
18/11/2025 Berrikuntza

Kinergy: “Gure erregai-pila sistemek hidrogenoa elektrizitate bihurtzen dute, modu garbian eta isuririk gabe”

Bizkaiko startupak 0,5 kW-etik 20 kW-era bitarteko potentziak betetzen dituzten sistemak garatu ditu, eta 100 kW-eko pila modular batean egiten du aurrera kargagailu bizkorretarako eta potentzia handiko ibilgailuetarako.

Sormen  Designek  25  urte  bete  ditu  euskal  diseinu  industriala  bultzatzen
17/11/2025 Berrikuntza

Sormen Designek 25 urte bete ditu euskal diseinu industriala bultzatzen

Gipuzkoako estudioak sormena, teknologia eta berrikuntza uztartzen ditu industriaren beharretara egokitutako diseinu soluzioak eskaintzeko.

Tekurak  ekintza  jasangarriak  integratzen  ditu  zure  negozioan

Tekurak ekintza jasangarriak integratzen ditu zure negozioan


Aholkularitza-enpresa honek esperientzia eta metodologia eraginkorrekin laguntzen die erakundeei, beren prozesuak eta pertsonak eraldatuz, iraunkortasunaren iritsiera arina izan dadin

Gecsa,  altzairuzko  produktuetarako  hozteko  kableetan  liderra
11/11/2025 Berrikuntza

Gecsa, altzairuzko produktuetarako hozteko kableetan liderra

SPRI Taldearen Hazinnova programaren laguntza jaso du enpresak eta intentsitate handiko elektrizitatea kontsumitzen duten sektoreetan jarduten du.

Urtzi  Sagarribay  (Nautan):  “Nautika  proba-banku  zorrotza  da  industriari  aplika  dakizkiokeen  teknologia  berriak  garatzeko”
10/11/2025 Berrikuntza

Urtzi Sagarribay (Nautan): “Nautika proba-banku zorrotza da industriari aplika dakizkiokeen teknologia berriak garatzeko”

Euskadiko Nautika Enpresen Elkarteko presidenteak azpimarratu du euskal sektoreak berrikuntza, sektoreen arteko lankidetza eta beste industria-eremu batzuetarako transferentzia teknologikoa sustatzeko duen ahalmena.

D  &  A  Innovative  Systemsek  beren  digitalizazio-prozesuan  laguntzen  die  enpresei

D & A Innovative Systemsek beren digitalizazio-prozesuan laguntzen die enpresei

Enpresak sektore anitzeko soluzio berritzaileak eskaintzen ditu, bezeroen esperientzia eta teknologia aurreratuenak batuz

Lasa  Dynamics  teknologia  propioa  duen  hegaldi-simulagailua  sustatzen  ari  da  Miñaon
07/11/2025 Ekintzailetza

Lasa Dynamics teknologia propioa duen hegaldi-simulagailua sustatzen ari da Miñaon

Euskadiko startup honen proiektua erabakigarria da aireko sektorearen segurtasunarentzat, efizientziarentzat eta bilakaera teknologikoarentzat

Khegal  Aeronautika:  Gipuzkoatik  doitasuna,  berrikuntza  eta  sektore  anitzeko  hedapena
03/11/2025 Berrikuntza

Khegal Aeronautika: Gipuzkoatik doitasuna, berrikuntza eta sektore anitzeko hedapena

Doitasun handiko mekanizazioan eta bost ardatzeko piezetan espezializatutako enpresak hobekuntza teknologikoaren eta dibertsifikazio sektorialaren alde apustu egiten du.

IPM,  produktu  bereizgarria  duen  industria-torlojuteria  banaketa-enpresa
30/10/2025 Berrikuntza

IPM, produktu bereizgarria duen industria-torlojuteria banaketa-enpresa

Gasteizko enpresak torlojuak, azkoinak eta zirrindolak poltsaratzea eskaintzen du haren bezeroek azkarrago lan egiteko

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.