Berrikuntza
Albisteak 12 Marzo, 2025

Euskadik Europan herrialde berritzaile gisa duen ahala finkatu du, enpresa txiki eta ertainen ahaleginari esker

Topaketak lurraldeko eta sektoreko berrikuntzaren 30 eragile eta Euskadiko 70 enpresa txiki eta ertain baino gehiago bildu ditu; eragile eta enpresa horiek 2023an berrikuntza-proiektu bat garatu dute HAZINNOVAren bidez, SPRIk eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziak kudeatutako Eusko Jaurlaritzaren programaren bidez
-
  • rogramaren hasieratik, esperientzia pilotua 2019an hasi zenetik, HAZINNOVAk bost edizioetan 1.045 enpresa berezi mobilizatu ditu, eta 2.103 proiektu berritzaile garatu ditu
  • Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik hasiera eman dio ekitaldiari, enpresa txiki eta ertainak berrikuntzaren bidez beren gaitasunak indartzera gonbidatuz, “Euskadi erreferentzia bihur dadin eta etorkizuneko erronkak gaindi ditzan gakoa baita

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik gaur Euskadiko ETEen eta lehiakortasuna eta jasangarritasuna sustatzeko baliabide eta soluzioak eskuratzen laguntzen dien ekosistemaren berrikuntzarekiko konpromisoa aitortzeko topaketa zuzendu du.

Sailburuak azpimarratu du zein garrantzitsua den industria-ehuna indartzea ekonomia eta ongizate sozialaren eragile gisa, hiru helburu nagusirekin: industria gehiago, industria hobea eta emisio gutxiago. “Europak berrindustrializazioaren alde egin duen apustuak horizontea ireki du Euskadin; izan ere Europar Batasuneko lurralde industrializatuenetako bat denez, indar handia du Europako industriaren birsortze horren abangoardian egoteko”, adierazi du.

2023tik, Europar Batzordeak oso berritzailea den herrialde gisa sailkatu du Euskadi, Frantziaren parean, eta, besteak beste, Danimarka, Suedia, Finlandia eta Herbehereak herrialdeek bakarrik gainditzen dute. “Argi dugu, hein handi batean, enpresa txiki eta ertainen ahalegin berritzaileari esker dela posiblea”, gehitu du sailburuak. “Lankidetza publiko-pribatuko gure eredua gakoa da berrikuntzan aurrera egiteko; I+Gn egiten dugun inbertsioa handituko dugu, 2030erako BPGd-aren % 3 izan arte, eta gure ETEek egiten duten ahalegina babesten jarraituko dugu”.

Jauregik hau azpimarratu du: “enpresa txiki eta ertainak gure enpresen % 98 dira, eta Euskadiko enpresa-ehunaren oinarrizko zutabea dira; hortaz, ezinbestekoa da horien gaitasunak indartzea, lehiakorragoa, berritzaileagoa eta jasangarriagoa den industria baterantz aurrera egiteko”.  Testuinguru horretan, azpimarratu du “berrikuntza, garapen teknologikoarekin batera, oinarrizkoa dela Euskadi erreferente bihur dadin eta etorkizuneko erronkei aurre egin diezaien, hala nola trantsizio energetikoari eta eraldatze digitalari”; hala, berretsi du beharrezkoa dela ezagutzan eta garapen teknologikoan oinarritutako industria-eraldaketa.

  “HAZINNOVA berrikuntza-programako ETE parte-hartzaileen lan-gosaria” Bilboko Ercilla Hotelean egin da, eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Teknologiko eta Jasangarritasun Sailak antolatu du, SPRI Taldearekin eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin batera. Guztira, ekitaldiak berrikuntzako lurralde eta sektoreko 30 eragile bildu ditu, baita Euskadiko hainbat sektore eta herritako 73 enpresa txiki eta ertain ere.

Bertaratutako ETE guztiek berrikuntza-proiektu bat garatu dute 2023an HAZINNOVAren laguntzarekin. Programa SPRIk eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziak kudeatzen dute, eta, programaren bidez, enpresei inolako kosturik sortu gabe, laguntza aditua eta aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen zaie, gutxi gora behera 4.500 euroko baliokoa, lehiakortasunerako eta hazkuntzarako gakoak diren arloetan proiektu berritzaileak sustatzeko.

Eragileen Sarea, ETEen berrikuntzarako gakoa

 Topaketan SPRIko zuzendari nagusi Jon Ansoleagak eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusi Leire Bilbaok hartu dute parte, eta azpimarratu dute berrikuntzak eginkizun garrantzitsua duela euskal enpresa txiki eta ertainen garapen eta lehiakortasunerako.

Ansoleagak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak konpromiso handia duela ETEetan berrikuntza indartzeko, eta gogorarazi du 2025eko Industriarentzako Laguntza Planean 500 milioi euro baino gehiago erabiliko direla Euskadiko industria-sektoreari etorkizuneko erronketara egokitzen laguntzeko, teknologian, digitalizazioan, nazioartekotzean eta berrikuntzan inbertituz.

SPRIko zuzendari nagusiak Jauregi sailburuak iragarritako hiru erronkei (“Industria gehiago, industria hobea eta emisio gutxiago”) eusten dieten programen garrantziaren balioa azpimarratu du, besteak beste honako hauena: Gauzatu Industria, Indartu, Hazitek, Industria Digitala, Industria Deskarbonizazioa, Zibersegurtasun Industriala, Fast Track Innobideak, edo HAZINNOVA bera, zeinak enpresen lehiakortasuna sendotzeko eta sektore estrategikoetan berrikuntza sustatzeko diseinatu diren.  “Zuek HAZINNOVA programaren bidez urrats bat aurrera egin duzuen ETEak zarete. Zuena bezalako enpresen apustuei esker, Euskadik hobetu egin du berrikuntzan duen errendimendua, UE-27ren batezbestekoa baino berrikuntza-jarduera handiagoa duten Europako gainerako eskualdeen aldean, baina enpresa ertain eta txiki berritzaileen kopurua handitzeko erronkari aurre egiten jarraitzen dugu”, adierazi du.

Ildo horri jarraikiz, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusi Leire Bilbaok berrikuntza-ekosistemak Euskadin duen funtsezko zeregina nabarmendu du eta lankidetza publiko-pribatuak sistemako ardatz gisa duen garrantzia azpimarratu du. “Enpresa, zentro teknologiko, unibertsitate, erakunde publiko eta bitarteko eragileen arteko lankidetza estuari esker, Euskadik Europako berrikuntza-ekosistema sendoena eta dinamikoena du”.

 Zuzendari nagusiak Berrikuntzari Laguntzeko Eragileen Sarearen balioa azpimarratu du. Ekimen hori Eusko Jaurlaritzak, SPRIk eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziak babesten dute eta 90 eragilek osatzen dute, zeinak “funtsezko zeregina duten: enpresek eta, batez ere, ETEek modu eraginkor eta jasangarrian berritzeko beharrezkoak diren ezagutza, teknologiak eta baliabideak eskuratzeko aukera ematea”.

Enpresa-berrikuntzaren kasu praktikoak eta erronkak

Ekitaldian, gainera, mahai-inguru bat egin da enpresa berrikuntzako esperientzia arrakastatsuen berri emateko. Mahai-inguruaren moderatzailea Olga Martín izan da, ACLIMA ingurumen-sektoreko klusterraren zuzendari eta Berrikuntzaren Eragileen Sareko kidea.

Honako hauek egungo erronkei aurre egiteko eta berrikuntza hazkundearen palanka gisa baliatzeko estrategiak partekatu dituzte: Bergaran (Gipuzkoa) dagoen eta azkoinak fabrikatzen eta merkaturatzen espezialista den Industrias Ugatuko zuzendari-kudeatzaile Amaia Ugalde; Vitoria-Gasteizen dagoen (Araba) eta sektore eolikoko teknologia garatzen duen Nabla Wind Hub-eko Eragiketen buru Eder Muga; eta Gordexolan dagoen eta tonaje handiko orgak eta edukiontziak manipulatzeko ekipoak birmanufakturatzen dituen Revenant Industrial & Ports Machinery enpresako CEO Alex López Aller.

HAZINNOVAri buruz

 HAZINNOVAk euskal ETEak berrikuntzan sartzeko atea izan nahi du, eta enpresa bakoitzari laguntza pertsonalizatua eta egokitua eskaintzen dio funtsezko arloetan (hala nola, fabrikazioa, logistika, pertsonak, merkaturatzea edo administrazio- eta finantza-kudeaketa) mikroproiektuak ezartzeko.

Programaren hasieratik, esperientzia pilotua 2019an hasi zenetik, HAZINNOVAk bost edizioetan 1.045 enpresa berezi mobilizatu ditu, eta 2.103 proiektu berritzaile garatu ditu.

Azken bi edizioetan, 2023an (ekitaldi honetan parte hartu dutenen promozioa) eta 2024an, programak urtean 500 proiektu baino gehiago sustatzeko mugarria gainditu du.

Azkeneko deialdian, programako zortzi jarduera-eremuetako bostetan plazak agortu ziren eta gainerakoek eskari handia izan zuten. 2024an parte hartu zuten 369 enpresek 10etik 8,42 puntuko balorazio orokorra eman diote programari eta % 99k adierazi dute berriz parte hartzeko asmoa dutela.

 Berrikuntza Eragileen Sarea

 Berrikuntzari Laguntzeko Eragileen Sareak funtsezko zeregina du HAZINNOVA programan enpresak mugiarazten eta proiektuak garatzen. Gaur egun, sektoreko eta lurraldeko 50 eragilek osatzen dute, ETE guztientzat hurbilekoak.

Eragileen lana erabakigarria izan da berrikuntzaren eremutik urrutien zeuden enpresa txikietara iritsi eta berrikuntzarako lehenengo sarbidea eskaintzeko enpresa bakoitzarentzat 50 orduko aholkularitza espezializatuaren eta pertsonalaren bidez.

Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziak koordinatzen eta dinamizatzen du eragileen sarea, eta informazioa eta prestakuntza eskaintzen ditu programaren irismena maximizatzeko eta Euskadiko ETEetara iristeko.

 

Lotutako albisteak

‘La  Fundacion’-ek  eskaintzen  du  SOS  EmozioLan  —  Langile‑ongizatearen  aldeko  benetako  apustua  egiten  duten  enpresentzat  Lehen  Laguntza  Emozionalen  lehen  zerbitzua
05/10/2025 Berrikuntza

‘La Fundacion’-ek eskaintzen du SOS EmozioLan — Langile‑ongizatearen aldeko benetako apustua egiten duten enpresentzat Lehen Laguntza Emozionalen lehen zerbitzua

La Fundación San Prudencio ha desarrollado SOS EmozioLan, un innovador servicio de primeros auxilios emocionales en el entorno laboral

Innobasque  kasu  praktikoen  bila  dago,  Global  Innovation  Day  2025  ekitaldirako
18/09/2025 Berrikuntza

Innobasque kasu praktikoen bila dago, Global Innovation Day 2025 ekitaldirako

Proposamenak aurkezteko epea irekita egongo da urriaren 3ra arte. Hautatutako esperientziak Global Innovation Day 2025 ekitaldiko programa ofizialean jasoko dira, Euskadin zientziak berrikuntzan duen eragina erakusteko adibide aipagarri gisa

Erreka  Ikerlaneko  bazkide  erabiltzailea  izango  da,  lankidetza  teknologikoa  eta  instituzionala  bultzatzeko
18/09/2025 Berrikuntza

Erreka Ikerlaneko bazkide erabiltzailea izango da, lankidetza teknologikoa eta instituzionala bultzatzeko

Hitzarmen honen bidez, MONDRAGON Taldeko bi erakundeek duela urte batzuetatik duten aliantza sendotzen dute, beren lankidetza teknologikoa eta instituzionala indartzearen alde eginez.

Kudeaketa  Aurreratuaren  Europako  Astea  kulturari,  AAri  eta  lan  egiteko  modu  berriei  buruzko  eztabaida  batekin  hasiko  da  Bilbon

Kudeaketa Aurreratuaren Europako Astea kulturari, AAri eta lan egiteko modu berriei buruzko eztabaida batekin hasiko da Bilbon

Urriaren 8an Javier Martínez Aldanondok emango dio hasiera Europako Asteari, erakunde adimentsuen arloan nazioartean ezagunak. Adimen Artifizialaren aroan etorkizunari aurrea hartzeko ikaskuntzaren kulturaren inguruan hitz egingo du.

Irundinek,  oso  nazioartekotutako  ETEak,  negozioa  % 50  baino  gehiago  handitu  du
12/09/2025 Nazioartekotzea

Irundinek, oso nazioartekotutako ETEak, negozioa % 50 baino gehiago handitu du

Irungo enpresak SPRI Taldearen Fast Track Innobideak programako laguntza jaso du eta botilatzeko makinak fabrikatzen ditu 1994tik

Basque  Digital  Innovation  Hubek  adimen  artifizialean  espezializatutako  nodo  berria  gehitu  du
02/09/2025 BDIH

Basque Digital Innovation Hubek adimen artifizialean espezializatutako nodo berria gehitu du

Basque Artificial Intelligence Centerren gidaritzapean, konputazio aurreratuko eta datuak biltegiratzeko tresnak eskuratzeko aukera emango die euskal enpresei.

BDIH  Konexioa  programak  euskal  industriaren  berrikuntza  digitala  eta  jasangarritasuna  sustatzen  ditu  eta  BDIHk  eskaintzen  duen  adituen  laguntzarako,  aktiboetarako  eta  zerbitzuetarako  sarbidea  errazten  du
21/08/2025 Berrikuntza

BDIH Konexioa programak euskal industriaren berrikuntza digitala eta jasangarritasuna sustatzen ditu eta BDIHk eskaintzen duen adituen laguntzarako, aktiboetarako eta zerbitzuetarako sarbidea errazten du

SPRI Taldeak BDIH Konexioaren deialdi berri bat jarriko du abian abuztuaren 26an. 950.000 euro bideratuko ditu euskal industriaren berrikuntza-prozesuak bermeekin azeleratuko dituzten proiektuak finantzatzeko. Enpresek BDIHren edo Europako DIH jakin batzuen aditu-laguntza izango dute eta beraien ezagutza, azpiegiturak eta teknologiak jarriko dituzte enpresen esku, haien proiektu digital eta jasangarriak esperimentatzeko...

Europako  Batzordearen  Regional  Innovation  Scoreboard-ek  “berrikuntza  handiko”  herrialde  gisa  kokatu  du  Euskadi
18/07/2025 Berrikuntza

Europako Batzordearen Regional Innovation Scoreboard-ek “berrikuntza handiko” herrialde gisa kokatu du Euskadi

Euskadik Europar Batasuneko batez besteko berrikuntza-maila gainditzen du (% 108,1), eta “strong innovator” (berrikuntza handikoa) kalifikazioari eutsi dio

José  Jainaga  industrialak  Joxe  Mari  Korta  2025  saria  irabazi  du
23/06/2025 Berrikuntza

José Jainaga industrialak Joxe Mari Korta 2025 saria irabazi du

Epaimahaiak aho batez erabaki zuen 25. Joxe Mari Korta saria pertsona bakar bati ematea: José Jainaga industrialari, industria errotzearen, industria bikaintasunaren, berrikuntzaren eta kalitatezko enplegua sortzearen aldeko konpromisoagatik.

Innobasquek  2024ko  ekitaldiko  emaitzar  aurkeztu  ditu,  eta  guztiz  bat  datoz  Zientzi,  Teknologia  eta  Berrikuntzako  Euskal  Planarekin
05/06/2025 Berrikuntza

Innobasquek 2024ko ekitaldiko emaitzar aurkeztu ditu, eta guztiz bat datoz Zientzi, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Planarekin

Gaur egin da urteroko topaketa Getxoko Itsas Geltokian (Olatua), eta bertan bildu dira Innobasqueko entitate bazkideak –administrazioak, enpresak eta hezkuntza, gizarte, zientzia eta teknologia arloetako eragileak-, baita Agentziaren Zuzendaritzako 60 kideak ere, Euskadin berrikuntza bultzatzen duen aliantza publiko-pribatuaren goi ordezkariak guztiak

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.