2025eko Fototechek bokazio teknologikoa sustatu nahi du emakumeen artean
2025eko Forotech XIII. edizioa izan da eta emakumeen bokazio teknologikoa sustatzea izan du xede. Ingeniaritza eta teknologia herritarrei hurbiltzeko asmoz, eta sektorean dagoen genero-arrakala dela eta emakumeengan arreta berezia jarriz, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak edizio berria antolatu du eta jardunaldi nagusiak azaroan izango dira. SPRI Taldeak babesten du ekimena.
Dibulgazio-foro horren helburua da enpresen eta unibertsitatearen arteko aliantzak indartzea eta erakustea, ikasleak eta profesionalak zuzenean konektatuz. Forotechen jardunaldi nagusiak azaroaren 20an eta 21ean izan dira eta urte amaierara bitarte egitarau zabala izango du Bilboko Deustuko campusean zein Donostiakoan.
Gazteak “askotariko diziplinak barne hartzen dituen, adimen logikoa, espaziala, sortzailea edo emozionala garatzen duen eta gure enpresa-jarduera gehienentzat ezinbestekoa den” sektorera hurbiltzea da helburua, Andoni Egiluz fakultateko dekanoaren arabera. Haren ustez, “ingeniaritza eta teknologia ezinbestekoak dira gizarte bidezkoagoa, anitza eta jasangarria sortzeko. Mundua positibo bihurtzeko pertsonak formatzen ditugu”.
Tailerrak, sariak eta elkarrizketak
Azaroaren 20an eta 21ean, DBHko ikasleentzako tailer teknologikoak izan dira Bilboko campuseko Deustu FabLaben, eta mahai-inguruak, TEDx hitzaldiak eta teknologiari buruzko zinema-saio bat egingo dira, Deustu Ekintzaile Astearekin lankidetzan. Horrez gain, Inetumen eta “Vidrala Máster Glass” lehiaketaren sariak banatuko dira. Azken horretan, beirazko ontzi berritzailea garatu behar dute ikasleek.
Nabarmendu beharreko ekitaldien artean dago Andoni Egiluz dekanoaren eta Teresa Laespada Enplegu, Kohesio Sozial eta Berdintasuneko ahaldunaren arteko elkarrizketa. Berdintasunaren eta enpleguaren arloko aurrerapenak, erronkak eta jardunbide egokiak landuko dituzte. Horrez gain, Emakume Toknologoentzako Ada Byron Sariaren irabazleak, Julia Guiomar Nisok, STEM Lab Bizkaia podcastaren atal berezia grabatuko du Unibertsitateko klaustroan.
Abenduaren 15etik 19ra, tailer praktikoak eta doakoak izango dira Donostiako campusean DBHko 3. eta 4. mailako ikasleentzat eta DoPlay egitasmoa ere izango da. Hezkuntza-proiektu horren helburua da haur eta gazteei zientziarekiko, teknologiarekiko, ingeniaritzarekiko, artearekiko eta matematikekiko (STEAM) interesa piztea. 730 ikasle baino gehiago daude izena emanda dagoeneko, eta robotikaren, errealitate birtualaren, 3D diseinuaren eta bideo-jokoen arloan esperimentatzeko aukera izango dute, Smart City Challengen moduko proposamenen bitartez: eraiki zure hiri adimenduna micro:bit-ekin, modelaketa eta 3D animazioa Blenderrekin edo diseinatu MakeCode Arcade bideo-jokoa.
Deusto Design astea: Diseinu Industrialeko graduaren hamargarren urteurrena
Forotechen luzapen gisa, Deusto Design Astea izango da azaroaren 21etik 28ra, Diseinu Industrialeko Graduaren eta Deusto FabLaben 10. urteurrena ospatzeko. Ostiralean, 21ean, hasiko da egitaraua MITen Senseable City Lab talde ezaguneko Fabio Duarte eta Simone Mora kideekin, eta ikasleen lanen eta diseinuaren arloko ikerketa-proiektuen lagina inauguratuko da.
Jardueren barruan, Egg Drop Challenge klasikoa egingo da 26an: ingeniaritzako eskolen, diseinukoen eta beste STEAM arlo batzuetakoen erronka tradizionala da eta parte-hartzaileek FabLAB goitik jaurtitako arrautza bat babesteko artefaktuak eraiki behar dituzte. Astearekin amaitzeko, Deusto Design Talksen edizio berezia egingo da eta ikasle zaharrek haien ibilbide profesionalak partekatuko dituzte.
Forotechen hamahirugarren edizioa Deustuko Unibertsitatearen Ingeniaritza Fakultatearen 50. urteurrenaren aurrerapena izango da. 2025ean ospatuko da urteurren hori. Andoni Eguíluz Morán dekanoak esan du urteurrena baliagarria izango dela “mende erdiko historia ospatzeko ez ezik, baita gizartea ikerketatik, berrikuntzatik eta konpromisotik eraldatzeko gai diren pertsonak formatzeko hartutako konpromisoa berritzeko ere”. Haren hitzetan, “teknologia erabilgarria izateaz gain, entretenitua, zientifikoa, gizatiarra, errentagarria eta konprometitua izan daiteke”.