Lemoizko zentral zaharraren inguruko lurretan aparkaleku publiko bat egitea aztertzen ari da SPRILUR
Lemoizko zentral nuklear zaharraren inguruan aparkaleku bat egiteko aukerari berrekin dio Sprilurrek, aurreko Udal Gobernuarekin hasitako lanketa berriro aktibatuz. Lehen kalkuluen arabera 200 ibilgailu arteko tokia izango lukeen aparkaleku honek Armintzan aparkatzeko dagoen arazo larriari irtenbidea ematen lagunduko lioke, zalantza barik.
Aparkalekua egitea bideragarri ote den erabakitzeko azterketak martxan jartzearekin batera, Sprilurrek ingurune osoan ingurumen azterketa bat egiteko konpromisoa hartu du, lehenik eta behin, inguruan nagusi diren espezie inbaditzaileak ezabatzeko eta, aurrerago, zentral zaharraren ingurune osoko Ingurumena Lehengoratzeko Plan bat gauzatzeko, Ingurumen Sailburuordetzarekin elkarlanean.
Proiektu honen oinarrian Sprilur sozietate publikoaren eta Lemoizko Udalaren artean egindako akordioak eta hartutako konpromisoak daude. Lemoizko Udalak zentral zaharreko dikea finkatzeko obren lizentzia emateko konpromisoa hartu du, baita etorkizunean bestelako enpresa-jardueren ezarpena errazteko konpromisoa ere. Proiektuak aurrera egin dezan emango den hurrengo urratsa lurzoruaren jabetza Sprilurren eskuetara pasatzea da.