Albisteak 21 uztaila, 2025

Euskadiko Parke Teknologikoa Bilbora iritsi da

Imanol Pradales Lehendakariaren hitzetan, Euskadiko lehen hiri-campus teknologikoaren lehen eraikina eraikitzeak euskal industria-eredua sendotzeko balioko du, eredu horrek “ezagutza aurreratuan, manufaktura-kulturan, jasangarritasunean, garapen teknologikoan eta balio erantsiko jardueretan oinarritzen du bere lehiakortasuna”
-
        • Euskadiko Parke Teknologikoko Bilbao Campusa egia bihurtu da; Zorrotzaurreko Iparraldeko Puntan dagoen lehenengo eraikinaren lehen harria jarri dute.
        • Horrela amaituko da Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza-prozesu luzea. Horri esker, Euskadiko Parke Teknologikoaren bidez, nazioarte mailako hiri-campus teknologiko bakarra sustatuko da.
        • IDOMek eta MONDRAGONek beren proiektuak iragarri dituzte, Zorrotzaurre ezagutzaren, teknologiaren, berrikuntzaren eta industria aurreratuaren uharte bihurtzeko, hala Bizkaiko eta Euskadiko ekonomiarako proiektu eragile izateko. Mondragon Unibertsitateak, Ikerlanek eta Vicomtechek ere beren presentzia zabalduko dute Bilbon, Parke Teknologikoan kokatuta. 
        • Lehenengo jarduketa horri esker, hirugarren sektoreko erabilerarako 46.000 m2-ko eraikigarritasuna izango da uhartearen Iparraldeko Puntan, eta abangoardiako enpresak ekipamendu publikoz eta etxebizitzaz inguratutako espazioan kokatzea sustatuko da. Gainera, Hegoaldeko Puntan dauden beste 60.000 m2 garatzeko lanean ari dira.

         

        Zorrotzaurre uhartean dagoen Euskadiko Teknologia Parkeko Bilbao Campusa egia bihurtu da, gaur hasi baitira lehen eraikina izango denaren lanak. Aurkezpen-ekitaldian, IDOM, MONDRAGON, Mondragon Unibertsitatea, Ikerlan eta Vicomtechen hainbat proiektu adierazgarri iragarri dira.

        Imanol Pradales Lehendakariak, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak jarri dute Euskadiko Parke Teknologikoaren Bilbao Campuseko lehenengo eraikinaren lehen harria. Teknologikoki aurreratuak diren enpresak hartuko ditu, eta Tarabusi pabiloi zaharraren kokalekuan egongo da, Galletaginen etorbidean.

        Horrela, Zorrotzaurreko proiektuak gurutzaldi-abiadura hartuko du, nazioartean bakarra izango den Hiri Campus Teknologiko bihurtzeko. Bertan, abangoardiako enpresak ekipamendu publikoz eta etxebizitzaz inguratutako espazioan kokatzea sustatuko da. Zehazki, lehen jarduketa horri esker, hirugarren sektoreko erabilerarako 46.000 m2-ko eraikigarritasuna gehituko da, Iparraldeko Puntako lau lurzatitan banatuta. Bi lurzatik aurretik zegoen eraikina zuten eta beste biak hutsik daude. Gainera, beste 60.000 m2 garatzeko lanean ari dira, uhartearen Hegoaldeko Puntan, zerbitzu aurreratuen sektorera bideratuta.

        Gaur aurkeztutako mugarriaren bidez, erakundeen arteko lanari amaiera emango zaio, Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin lan egin baitute , Euskadiko Parke Teknologikoaren eta Bilboko Campus berriaren bidez Zorrotzaurre ezagutzaren, teknologiaren, berrikuntzaren eta industria aurreratuaren uharte bihurtzeko.

        Bizkaiko eta Euskadiko ekonomiarako proiektu eragilea izango da, eta ahalmena du enpresa-sarearen hazkundea indartuko duen ekosistema sektoriala sortzeko. Gainera, Bilboko espazio-eskariari erantzuna eman ahalko dio, eta RIS3 Euskal Estrategiari (espezializazio adimenduneko estrategia) lagundu, ikerketari eta prestakuntzari lotutako sektore aurreratuen aldeko apustuaren bidez.

        Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Zorrotzaurreko Uhartearekin egindako lana eta inplikazioa eskertu ondoren, harrotasunez adierazi duenez, “ekitaldi hau mugarri bat da Bilboren etorkizunaren garapenean. Enpresak, talentua erakartzea eta hari eustea, gazte kualifikatuen enplegua, prozesu berritzaileak, negozio-aukera berriak… Horiek guztiak, dagoeneko martxan dauden hiru unibertsitateetan (Kunsthal, Mondragon Unibertsitatea eta Digipen) 3.000 ikasletik gora dituen kultura- eta prestakuntza-jarduera sendoaz gain, hirigintzaren garapenari, etxebizitza berriei eta uhartean sustatzen ari garen zerbitzuei gehitu behar zaizkie”.

        Aburtok adierazi duenez, IDOM eta Mondragon Korporazioa “Bilbao Campus honetan enpresak instalatzeko ametsa egia bihurtzeko lehen urratsa eman duten ausartak” dira, eta aitortu du “datozen urteetan etortzen joango diren beste enpresa-proiektuei ateak ireki dizkietela. Gaurtik aurrera, oraina eta etorkizuna eskutik doaz eta albiste bikaina da hori Bilborentzat eta bilbotarrentzat”.

        Bere aldetik, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak nabarmendu duenez, “gaur eraikin baten lehen harria jarriko dugu; Bizkaiarentzat etorkizun ausart, teknologiko eta sakonki gizatiarraren oinarriak jarriko ditugu. Euskadiko Parke Teknologikoko Bilbao Campusa asmo-adierazpen irmoa da: Bizkaiak mundua eraldatzen duten trantsizio teknologiko, digital eta energetiko handien protagonista izan nahi du, eta izango da”.

        “Duela 40 urtetik, Zamudioko Parke Teknologikoa bultzatu genuenetik, Bizkaiko Foru Aldundian berrikuntzaren alde egiten dugu, garapen ekonomikoaren eta gizarte-ongizatearen palanka baita. Hiri-campus berri hau apustu horren bilakaera naturala da: hiriarekin konektatuta, enpresa berritzaileenen, zientziaren, ekintzailetzaren eta talentuaren zerbitzura”, esan du Etxanobek, eta gaineratu duenez, “campus hau talentua erakartzeko gunea da, eta Bizkaia with the Talent estrategia indartzen du. Espazio honetan ezagutza aukera bihurtzen da, eta Bizkaiaren etorkizunari lagundu nahi dioten horiek hazteko, berritzeko eta ekiteko baldintzak aurkituko dituzte”.

        Imanol Pradales Lehendakariaren hitzetan, Euskadiko lehen hiri-campus teknologikoaren lehen eraikina eraikitzeak euskal industria-eredua sendotzeko balioko du, eredu horrek “ezagutza aurreratuan, manufaktura-kulturan, jasangarritasunean, garapen teknologikoan eta balio erantsiko jardueretan oinarritzen du bere lehiakortasuna”.

        “Euskadiko Industria Plan berriaren ezinbesteko oinarria da Parke Teknologikoa; izan ere, herrialde aurreratua, erakargarria, kohesionatua eta bizi-kalitatekoa izaten jarraitu nahi badugu, aukerak, kalitateko enplegua eta ongizatea sortuko dituen industria berritzailea behar dugu”, adierazi du Lehendakariak.

        Halaber, Imanol Pradalesek Campus berriak —adimen artifizialaren, Big Dataren eta startup berrien erabileran espezializatutako enpresak hartuko ditu— “pertsonaren, komunitatearen eta gure ongizatearen zerbitzura” egongo den berrikuntzaren eta garapen teknologikoaren eragile gisa jardungo duela ere aipatu du, eta Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa berretsi du, “Zorrotzaurre ezagutzaren, teknologiaren, berrikuntzaren eta industria aurreratuaren uharte bihur dadin”.

        Azkenik, Lehendakariak nabarmendu du gune berri horren lehen eraikinak Helena Matute euskal ikertzailearen izena duela. Matute ekitaldian egon da eta Lehendakariak eskerrak eman dizkio, eguneroko lanagatik, “beste batzuek iluntasuna nahi duten lekuan argia ematen” saiatzeagatik. Lehendakariaren iritziz, populismo, negazionismo eta mugimendu kontrazientifiko horri “gure indar guztiekin” egin behar diogu aurre.

         

        Enpresa-proiektu nagusiak

        IDOM Science Factory/Zientziola Zorrotzaurreko RZ-7 lurzatian egongo da, enpresaren egoitza nagusitik oso gertu.Proiektu honen bidez, zientzia eta teknologiarako ingeniaritza-sistema konplexuak diseinatzeko eta hornitzeko jarduera bultzatuko du hainbat arlotan, besteak beste, astronomian, partikulen fisikan eta fisika nuklearrean, espazioan eta energia berriztagarrietan.

        Jarduera hori garatzeko eta sustatzeko, IDOMek gaur egun dituen instalazioak handitu behar ditu eta, horretarako, laborategi berriak, integrazio-aretoak eta areto zuriak eraikiko ditu, eraikin berrian sartu ahal izateko. Era berean, IDOM Science Factory/Zientziola zentroak harremanak, ideia-trukea eta sormena sustatzeko gune izan nahi du, jakintza-arloen arteko lankidetza eta elkartrukea bultzatuta.

        Merkatu zorrotzenetarako ezagutza eta lehen mailako azpiegitura zientifiko-teknologikoekin nazioartean lehiatzen den sektoreko ingeniaritza liderra, kalitate handiko, oinarri teknologikoko, balio erantsi handiko eta merkatu globaletako enpleguak dituen industriaren adibidea da IDOM. Instalazio berri horietan egindako lanak zuzeneko eragina izatea espero da proiektu hauetan, besteak beste: sistema optikoak, teleskopioetarako tresna eta egitura mugikor handiak, sistema mekatroniko espezializatuak, saiakuntza-banku bereziak, diagnostikoak eta fusio-erreaktoreetarako mikrouhin bidezko berotze-sistemak. Ekimen horri esker, gainera, kualifikazio handiko lanpostu gehiago sortuko dira, etorkizun hurbilean enpresa garatzeko beharrezkoak direnak.

        Bilbao Bizkaia Digital Faktory da MONDRAGON Korporazioak Zorrotzaurren egingo duen apustua. 20 milioi eurotik gorako inbertsioa beharko du proiektuak, eta teknologia digitaletan talentua eta balio erantsi handiko enpresak erakartzeko poloa garatzea ahalbidetuko du, arlo haietan: adimen artifiziala, datu-analitika, zibersegurtasuna, humanitate digitalak, mekatronika, robotika eta energia-sistema adimendunak, besteak beste.

        MONDRAGONek, erronka demografikoaz eta horrek industriarentzat duen talentu digitalik ezaz erabat jabetuta, polo berritzaile bat garatzearen aldeko apustua egin du; bertan egingo dute bat enpresek, zentro teknologikoek eta unibertsitate-eremuak, ezagutzak eta mundu digitalak industria-beharrei soluzio berritzaileak emango dizkien sare bat eratuta.

        MONDRAGONek Ezagutza Eremuaren bitartez gidatutako proiektu honek Ikerlan zentro teknologikoaren eta Mondragon Unibertsitatearen lankidetza estua izango du. Proiektu honen helburua da tokiko talentua sortzea eta nazioarteko talentua erakartzea da, teknologia digitalen Europako proiektuetan parte hartzea, ezagutza enpresetara transferitzea eta arlo digitaleko sektoreetan negozio berrien garapena dinamizatzea.

        RZ-10 lurzatian kokatua, eraikin-multzo berriak Consonni eta Lancor eraikin zaharrak berreraikiko ditu, hurrenez hurren 7.526 m² eta 4.281 m²-ko bi espazio berri sortuta.

        Eraikinen banaketari dagokionez, Consonni eraikinean —handiena izango da— Mondragon Unibertsitateak eta Ikerlanek egingo dituzte beren jarduerak, eta Lancor espazioan —txikiagoa izango da—, Euskadiko Parke Teknologikoaren eskutik, Vicomtech kokatuko da. Bi eraikinak elkarren artean konektatuta egongo dira, ezagutzaren eta teknologia digitalaren nazioarteko polo bihurtzeko.

        Espazio berri horren bidez, Vicomtechek berretsi egingo du Bilbao-Bizkaiarekin duen konpromisoa, eta adimen artifizialeko teknologiak garatzen eta euskal industria-sarera transferitzen lagunduko du, hala lehiakortasuna indartuta. Gainera, hizkuntzaren teknologien bidez euskara sustatzeko funtzioa indartuko du zentroak, eta STEAM talentua bultzatzearen aldeko apustua egin.

        Zorrotzaurreko Iparraldeko Puntan dagoen Bilbao Campuseko eraikin-multzoaren garapena RZ-9 lurzatiarekin osatuko da; oraindik ere zehazteke dago. Hala ere, lurzati hori garatzen denean, definituta geratuko lirateke Iparraldeko Puntarako aurreikusitako proiektu guztiak.

          

        Lehen eraikina Zorrotzaurren

        Gaur hasi dira eraikinaren obrak, eta Tarabusi pabiloi zaharra berreraikitzea da asmoa. Haren arkitekturak jatorrizko estetika errespetatuko du. Espazio horri mendebaldeko fatxadan oin berriko eraikin bat gehituko zaio, jasangarritasun- eta ekodiseinu-irizpideen arabera egina. Guztira, 4.000 m2 izango dira, oso-osorik teknologia aurreratuko enpresa eta proiektuetarako, lau solairutan banatuta.

        Orain, pabiloi zaharra eraisteko lanak egin ondoren, azpiegitura berria eraikitzeko lanak egiten ari dira, eta 24 hilabeteko epea aurreikusi da. Energia-efizientziari eta jasangarritasunari dagokienez, eraikin berria mugarria izango da Bilbao Campusaren garapenean; izan ere, lurretik datorren energia-sarearen bidez klimatizatuta egongo da —sistema geotermikoa—, eta 53 kW-eko potentzia fotovoltaikoa izango du, urtean 52.000 kWh inguru ekoiztuko dituena.

        Eraikin berri horren izena “Helena Matute” izango da. Matute Deustuko Unibertsitateko Psikologia Esperimentaleko katedraduna da eta joera kognitiboen azterketan eta horiek adimen artifizialean aplikatzean nazioarteko erreferentea. Euskadiko Parke Teknologikoak emakume zientzialarien lana ikusarazteko eta aitortzeko egin duen apustua berretsiko du.

        Zorrotzaurreko proiektua abian jartzeaz gain, Zamudio/Derio, Gasteiz, Donostia, Leioa, Hernani eta Abanton dauden sei campusak martxan jarriko dira, eta Euskadiko Parke Teknologikoak campus anitzeko ereduaren alde egindako apustua sendotuko du.

Lotutako albisteak

Euskadiko  Parke  Teknologikoak,  2024an  8.243  milioi  euro,  2023an  baino  %  11,5  gehiago,  fakturatu  zituzten  673  enpresa  ditu  dagoeneko

Euskadiko Parke Teknologikoak, 2024an 8.243 milioi euro, 2023an baino % 11,5 gehiago, fakturatu zituzten 673 enpresa ditu dagoeneko

 23.600 pertsonak baino gehiagok, gehienak kualifikazio handikoak, egiten dute lan Euskadiko Parke Teknologikoko sei Campusetan instalatutako enpresaren batean

Euskadiko  Parke  Teknologikoa  Illunbera  zabalduko  da  Donostiako  Udalaren  eskutik,  enpresa-proiektu  estrategikoak  posible  eginez,  hala  nola  Columbus  Venture  Partners-ek  gidatutakoa
28/02/2025 Lurzorua

Euskadiko Parke Teknologikoa Illunbera zabalduko da Donostiako Udalaren eskutik, enpresa-proiektu estrategikoak posible eginez, hala nola Columbus Venture Partners-ek gidatutakoa

Euskadiko Parke Teknologikoko presidente Jaione Ganzarainek eta Donostiako alkate Eneko Goiak gaur goizean formalizatu dute Illunbeko b.20.1 partzelaren salerosketa, eta, horrela, 2023. urtearen hasieran hasitako prozesua amaitu da.  

Euskadiko  Parke  Teknologikoak  hazten  jarraitzen  du,  eta  dagoeneko  23.000  langile  baino  gehiago  dituzten  660  enpresa  daude  ezarrita  6  campusetan
09/05/2024 Lurzorua

Euskadiko Parke Teknologikoak hazten jarraitzen du, eta dagoeneko 23.000 langile baino gehiago dituzten 660 enpresa daude ezarrita 6 campusetan

Parke enpresa guztien fakturazioa % 14 hazi zen eta 7.300 milioi eurotik gorakoa izan zen 2023an, aurreko urtean baino 900 milioi gehiago.

Euskadiko  parke  teknologikoak  30  urte  ospatuko  ditu  talentuaren,  berrikuntzaren  eta  jasangarritasunaren  zerbitzura  Gipuzkoan
09/02/2024 Lurzorua

Euskadiko parke teknologikoak 30 urte ospatuko ditu talentuaren, berrikuntzaren eta jasangarritasunaren zerbitzura Gipuzkoan

Beraien jarduera Donostiako Campusean eta Euskadiko Parke Teknologikoko Hernaniko Campusean egiten duten 203 enpresa eta 6.500 pertsona baino gehiago erreferenteak dira proiektu eraldatzaile eta berritzaileetan

Euskadiko  Parke  Teknologikoak  emaitza  positiboekin  itxi  du  2023.  urtea,  eta  zorroanproiektu  berriak  izanikekin  diohedapen-  eta  hazkunde-prozesuari
05/02/2024 Lurzorua

Euskadiko Parke Teknologikoak emaitza positiboekin itxi du 2023. urtea, eta zorroanproiektu berriak izanikekin diohedapen- eta hazkunde-prozesuari

Parkeak 660 enpresa biltzen ditu, % 90etik gorako okupazioa du, eta energia, mugikortasun eta osasun arloetakoeraldaketa proiektuak finkatu ditu

Euskadiko  Parke  Teknologikoak  “campus  anitzeko“  ereduaren  aldeko  apustua  egin  du,  marka  bakar  berri  eta  web-atari  berritu  batekin
16/01/2024 Lurzorua

Euskadiko Parke Teknologikoak “campus anitzeko“ ereduaren aldeko apustua egin du, marka bakar berri eta web-atari berritu batekin

Euskadiko Parke Teknologikoa - Parque Tecnológico de Euskadi izango da dagoeneko aktibo dauden sei Campusen (Zamudio/Derio, Leioa, Donostia, Vitoria-Gasteiz, Hernani eta Abanto) eta proiektatutako hiruen (Ortuella, Bilbo eta Hondarribia) erreferentziazko marka

Euskadiko  Parke  Teknologikoak  Bilboko  Zorrotzaurreko  Campusaren  egoitzako  obrak  hasiko  ditu
23/11/2023 Lurzorua

Euskadiko Parke Teknologikoak Bilboko Zorrotzaurreko Campusaren egoitzako obrak hasiko ditu

Eraikin berriak, enpresa eta proiektu teknologiko aurreratuetarako eraikitako 5.300 m2 eskainiko ditu. Egungo pabiloiaren jatorrizko estetikarekin berreraikiko da, eta horri beste bolumetria bat erantsiko zaio mendebaldeko fatxadan

Quatre  Lab,  terapia  aurreratuen  kontrol  kalitaterako  enpresa  aitzindaria,  Gipuzkoako  Parke  Zientifiko  eta  Teknologikoan  finkatu  da
03/10/2023 I+G+B

Quatre Lab, terapia aurreratuen kontrol kalitaterako enpresa aitzindaria, Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoan finkatu da

QUATRE LABen inbertsoreak Columbus Venture Partners, Columbus Life Sciences Fund III funtsaren bitartez, eta Euskadiko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa, SGEIC, S.A.- SPRI Taldea dira, BASQUE FCR eta SEED GIPUZKOA, SCR kudeatutako erakundeen bitartez

Eusko  Jaurlaritzak  Estatuko  Parke  Teknologiko  bateko  lehen  MPN  5G  sarea  instalatu  du  Gasteizko  Campusean

Eusko Jaurlaritzak Estatuko Parke Teknologiko bateko lehen MPN 5G sarea instalatu du Gasteizko Campusean

Eragiketa 5G teknologia sustatzeko 2,5 milioi euroko inbertsioa aurreikusten duen Eusko Jaurlaritzaren Inbertsio Estrategikoen Planaren barruan dago

Euskadiko  Parke  Teknologikoek,  2022an  6.500  milioi  euro  inguru  fakturatu  zituzten  647  enpresa  hartzen  dituzte  dagoeneko
31/03/2023 Lurzorua

Euskadiko Parke Teknologikoek, 2022an 6.500 milioi euro inguru fakturatu zituzten 647 enpresa hartzen dituzte dagoeneko

2022an 65 enpresa berri instalatu ziren, 121 patente nazional eskatu ziren –horietatik 56 eman ziren–, eta 588 milioi euroko baterako gastua erregistratu zen I+Gn

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.