Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako ikasleek Eskuzaitzetako eraikuntza lanak ezagutu dituzte bertatik bertara Sprilurren eskutik
Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako ikasle talde bat eta beraien irakaslea Eskuzaitzetan izan da gaur goizean, Donostialdean kokatutako poligono industrial hau eta bertan egiten ari diren eraikuntza lanak bertatik bertara ezagutzen. Milioi bat metro koadro inguruko lurzoruarekin, Gipuzkoan azken urteotan egin den urbanizazio eta obra zibil garrantzitsuena da Eskuzaitzeta.
Sprilurreko arlo Tekniko eta Jasangarritasuneko Argi Batarritak gidatutako bisitan obra honetan parte hartzen duten eragile desberdinek euren lana eta betebeharrak azaldu dituzte, besteak beste obra-buruak, produkzioburuak, obra-zuzendaritzak eta segurtasun-koordinatzaileak, bereziki honako gai hauei buruzko azalpenak emanaz:
- Jarduera-eremuaren zonifikazioa (nola eta zergatik).
- Obraren hasierako baldintzatzaileak eta eraginak (eta proposatutako irtenbideak).
- Obra egitean aurkitzen ari diren beste arazo batzuk.
- Obraren plangintzan kontuan hartu diren iraunkortasun alderdiak (edo ekonomia zirkularra).
- Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa.
- Obra-plana definitzeko jarraibide orokorrak eta gomendioak
EHUko Ingeniaritza Zibileko ikasleek aberasgarri eta baliagarritzat jo dute bisita, ikasgelan ikasitakoa bertatik bertara nola erabiltzen den ikusi ahal izan dutelako eta euren etorkizuneko lanpostuak izan daitezkeenei buruzko informazioa ere jaso dutelako.
Sprilur, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren menpeko eta Spri Taldeko kide den erakunde publikoak Euskal Herriko Unibertsitatearekin duen lankidetzaren barruan kokatzen da bisita hau, hain zuzen ere gizarte-enpresa arloko konpromisoaren barruan, honako helburu honekin: jardunbide egokiak partekatu eta sinergiak eta ezagutzaren transferentzia bultzatzea enpresen eta unibertsitatearen artean.