toribio echevarria premios
Ekintzailetza
Albisteak 23 uztaila, 2019

Surphase eta Ekolber enpresek lortu dituzte Ekintzailetza Berritzailearen Toribio Echevarria Sariak

Surphase, ‘Enpresa Asmoak’ kategorian, eta Ekolber, ‘Enpresa Berria’ kategorian, izan dira ekimen irabazleak gaur eguerdian Eibarren eman diren Toribio Echevarria sarien – Euskadiko Ekintzailetza Berritzailearen sarien 29. edizioan.
-

Surphase, ‘Enpresa Asmoak’ kategorian, eta Ekolber, ‘Enpresa Berria’ kategorian, izan dira ekimen irabazleak gaur eguerdian Eibarren eman diren Toribio Echevarria sarien – Euskadiko Ekintzailetza Berritzailearen sarien 29. edizioan. Bi proiektuak izan dira, ingurumen-jasangarritasunerantz bideratuak biak ere, sariak banatzeko ekitaldiaren protagonistak. Ekitaldian bertan, gainera, Naru Intelligence enpresari eman diote ‘Nazioartekotzeko Babesa’ saria eta BOJ eta Alimek enpresei ‘Iñaki Goenaga’ aitorpena.

Toribio Echevarria Sariak Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak sustatzen dituzte, pertsona ekintzaileen lana aitortzeko, eta ekintzailetza berritzailea eta enpresa-proiektu berrien sorrera bultzatzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko ideia eta proiektu ekintzaileen lehiaketa nabarmenena da gaur egun. Sarien edizio honek 37 enpresa-ekimen jaso ditu bio/osasunaren, industriaren/jasangarritasunaren, fabrikazio aurreratuaren eta IKTen sektoreetatik.

Enpresa irabazleen berri gaur eguerdian eman dute Eibarren, Euskal Autonomia Erkidegoko ekintzailetzaren, enpresen, hezkuntzaren eta erakundeen esparruko ordezkari ugari bildu dituen ekitaldian.

‘Enpresa Asmoak’ eta ‘Enpresa Berria’ kategorietako sariek 10.500 euroko diru kopurua ematen dute eta laguntza-programak, prestakuntza eta aholkularitza eskuratzeko aukera eskaintzen dute. ‘Nazioartekotzeko Babesa’ saria lortzen duen enpresak laguntza ekonomikoak eta aholkularitza izaten ditu, beste herrialde batzuetan garatzeko prozesuari aurre egiteko.

Surphase enpresa izan da irabazle ‘Enpresa Asmoak’ kategorian, eta Ekolber enpresak sari bikoitza lortu du edizio honetan, ‘Enpresa Berria’ kategorian irabazteaz gain, ‘Eibarko Udalaren sari berezia’ ere eskuratu baitu. Naru Intelligence enpresak ‘Nazioartekotzeko Babesa’ saria jaso du. Gainera, ‘Iñaki Goenaga’ aitorpenak eman dizkiete BOJ enpresa eibartarrari eta Alimek enpresari.

 

Toribio Echevarria Sarien 29. edizioko enpresa irabazleak

‘Enpresa Asmoak’ kategoria

  • ‘Enpresa Asmoak’ saria

Surphase: ur-arazketako mintzen fouling-aren aurretiazko detekzio-sistema, gaur egun erabiltzen diren teknologien sentikortasuna hiru magnitude-ordenatan gainditzen duena.

‘Enpresa Berria’ kategoria

  • ‘Enpresa Berria’ saria

Ekolber: kautxu termoplastiko berri baten fabrikazioa, kolageno ugariko abeltzaintzako hondakinetatik lortua, teknologia jabedun patentatu baten bidez. Plastikoak eta kautxuak transformatzeko teknika konbentzionalekin prozesatzen da: injekzioa, estrusioa, konpresioa eta termokonformazioa. Produktu jasangarria da eta ia ez du karbono-aztarnarik.

  • ‘Nazioartekotzeko Babesa’ saria

Naru Intelligence: adimen artifizialeko sistemak aplikatzea onkologian eta beste gaixotasun kroniko batzuetan emaitzak hobetzeko.

 

EIBARKO UDALAREN SARI BEREZIA

Ekolber.

Sari hori, 10.500 eurokoa, edozein kategoriatan irabazle edo finalista suertatzen den proiektuetako bati ematen zaio, baldin eta jatorria edo kokapena Eibarren izateko eskakizuna betetzen badu edo herri horretan gutxienez 2 urtez kokatzeko konpromisoa hartzen badu. Laguntza ekonomikoaz gain, BIC Gipuzkoak zuzentzen duen PADEM (Ekintzaileentzako eta Start-upentzako Zuzendaritza Programa Aurreratua) prestakuntza-programan parte hartzeko aukera eskaintzen du sari horrek. Udalerrian enplegua eta jarduera berritzailea sortzen duten enpresa-proiektuen garapena bultzatzea eta aitortzea da sari berezi horren asmoa.

 2019ko ‘Iñaki Goenaga’ Aintzatespena Eibarko enpresari

BOJ

BOJ bodegako produktuak, etxeko gauzak, etxetresna elektrikoak eta etxetresna elektriko txikiak mundu osoan merkaturatzen dituen Eibarko enpresa bat da. BOJ enpresa, 1905. urtean Gipuzkoan sortua, metalezko piezen fabrikazioan aritzen da, eta Eibarko industriak berrasmatzeko izan duen gaitasunaren adibide adierazgarrienetako bat da. Bere jardueraren bilakaerari jarraikiz, hainbat produktu-lerro garatu ditu sukaldearen esparruko premia guztiei erantzuteko. Bere merkataritza-eremuak hainbat merkatu hartzen ditu: Txina, Ekialde Ertaina, Egipto, AEB, Magreb, Asiako hego-ekialdea, Korea, Vietnam eta Europar Batasuneko herrialde guztiak.

2019ko ‘Iñaki Goenaga’ Aintzatespena

Alimek

Alimek duela 25 urte BIC Gipuzkoaren ingurunean sortutako enpresa da. Aholkularitza integraleko zerbitzuak eskaintzen ditu elikagaien kalitatearen eta segurtasunaren arloan. Nekazaritzako elikagaien industriaren kate osora zuzentzen du jarduera, hasi produkzio primarioan eta azken kontsumitzailearengana iritsi arte, eta ontzi-, enbalaje- edo garraio-enpresak bezalako sektore osagarriak ere hartzen ditu barnean.

 

Sari-banaketa

Toribio Echevarria Sariak banatzeko ekitaldia gaur eguerdian izan da Eibarko Ik4-Tekniker zentroan. Bertan izan dira, besteak beste, Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano, Eibarko alkatea, Miguel de los Toyos, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatua, Imanol Lasa, eta Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen zuzendaria, Aitor Urzelai.

Egin dituzten mintzaldietan, den-denek nabarmendu dute jarduera ekintzaileak zer-nolako balioa duen Gipuzkoako enpresa-ehunaren transformazioan, haren lehiakortasunaren hobekuntzan eta lurraldearen etorkizunerako sektore estrategikoei lotutako jarduera berrien garapenean.

Etorkizuneko erronkei aurre egiteko ildo horretan bertan, Gurutz Linazasoro neurologoak gizartearen bilakaera baldintzatuko duten alderdi nagusien berri eman du “Etorkizun demografikoaren erronka” izeneko hitzaldian.

Toribio Echevarria Sariek helburu nagusi hauek erdietsi nahi dituzte: oinarri teknologikoa duten ideia eta enpresa berritzaileak garatzea, kalitateko enpleguaren sorrera ahalbidetzea, enpresetan berrikuntza teknologikoa bultzatzea eta ekintzailearen figuraren balioa nabarmentzea.

Lehiaketa hau sortu zenetik, 600 enpresa-ideia eta -proiektu baino gehiago aztertu dira. Aurreko edizioetan saritutako proiektuek 38 milioi euro inguru inbertitu dute, eta 800 bat lanpostu sortu dute, goi-mailako kualifikaziokoak gehienak.

Toribio Echevarria Sariak Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak bultzatzen duten ekimena dira eta bertan parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen Zuzendaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak. Laguntzaile dira, halaber, Gipuzkoako Bazkundea, Elkargi, APD, El Diario Vasco, SPRI, eta Adegi, Cebek eta SEA enpresaburuen elkarteak.

Lotutako albisteak

Toribio  Echevarría  Sariek  35.  edizioa  betetzen  dute  aurten,  hainbat  berritzasunekin
15/09/2025 Ekintzailetza

Toribio Echevarría Sariek 35. edizioa betetzen dute aurten, hainbat berritzasunekin

Hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 9ra arte dago zabalik

Eusko  Jaurlaritzak  mundu  osoko  882  startup  erakarri  ditu  Euskadiko  70  enpresarekin  lan  egiteko
15/09/2025 Ekintzailetza

Eusko Jaurlaritzak mundu osoko 882 startup erakarri ditu Euskadiko 70 enpresarekin lan egiteko

Startupek edizio honetan parte hartu duten 70 enpresek planteatutako 12 erabilera-kasuei erantzuteko hautagaitzak aurkeztu dituzte.

Habitakek  AA  teknologiaren  laguntzarekin  higiezinen  zerbitzuak  iraultzen  ditu
09/09/2025 Ekintzailetza

Habitakek AA teknologiaren laguntzarekin higiezinen zerbitzuak iraultzen ditu

Plataformak adimen artifiziala erabiltzen du jabeak, erosleak, agenteak eta sektoreko profesionalak konektatzeko.

Grunussek  energia  sortzeko,  transmititzeko  eta  biltegiratzeko  modua  eraldatzen  du
28/08/2025 Ekintzailetza

Grunussek energia sortzeko, transmititzeko eta biltegiratzeko modua eraldatzen du

Berrikuntzak bultzatutako ‘deeptech 'enpresa honek aurrerapen teknologiko eta ekologikoaren abangoardian kokatzen da

Taldekik  biosentsoreak  garatu  ditu  gaixotasunen  diagnostiko  aurreraturako

Taldekik biosentsoreak garatu ditu gaixotasunen diagnostiko aurreraturako

BereMELISA plataformak hamaika aukera eskaintzen ditu azterketa biomolekularrean

70  korporazio  startupen  soluzioen  bila  BIND  Corporaten,  Eusko  Jaurlaritzaren  ekimenean
25/08/2025 Ekintzailetza

70 korporazio startupen soluzioen bila BIND Corporaten, Eusko Jaurlaritzaren ekimenean

Programan izena emateko epea irailaren 5era arte dago zabalik eta Partner enpresentzako proiektuak, mentoringa eta ekintzailetza eta berrikuntzako ekosistemarekiko konexioa hartzen ditu barne.

Ekintzailetza  berritzaile  onena  aitortzen  duten  Top101  Sarietarako  epea  zabalik  dago
29/07/2025 Ekintzailetza

Ekintzailetza berritzaile onena aitortzen duten Top101 Sarietarako epea zabalik dago

Hautagaitzak irailaren 23ra arte aurkez daitezke

Konexio:  “Gure  helburua  da  erakundeei  nazioarteko  talentua  aurkitzen  laguntzea  eta  prozesu  osoan  laguntzea”
16/07/2025 Ekintzailetza

Konexio: “Gure helburua da erakundeei nazioarteko talentua aurkitzen laguntzea eta prozesu osoan laguntzea”

Bizkaiko enpresak irtenbidea ematen dio tokiko profesionalak aurkitzeko zailtasunari, eta profilak beste herrialde batzuetatik lekualdatzea errazten du.

Eusko  Jaurlaritza  sozietate  publikoen  digitalizazioa  hobetzeko  soluzio  berritzaileak  dituzten  startupen  bila  dabil
15/07/2025 Up Euskadi

Eusko Jaurlaritza sozietate publikoen digitalizazioa hobetzeko soluzio berritzaileak dituzten startupen bila dabil

BIND GovTech ekimenaren hirugarren deialdia abuztuaren 4ra arte egongo da zabalik. 

Seinalek  enpresei  beren  informazioa  edozein  mehatxuren  aurrean  babesten  laguntzen  die
08/07/2025 Zibersegurtasuna

Seinalek enpresei beren informazioa edozein mehatxuren aurrean babesten laguntzen die

20 urte baino gehiagoko esperientziarekin, Seinale zibersegurtasunean eta Zuzenbide Digitalean espezializatutako konpainia gisa finkatu da

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.