T&D Behatokiak baieztatu du sare elektrikoak trantsizio energetikoaren erronka nagusi bihurtu direla
Deskargatu HEMEN
Eskariaren elektrifikazioak, energia berriztagarrien integrazioak, biltegiratze-sistemen hedapenak eta kontsumitzaile handi berrien sarrerak inbertsio handiak eta araudi-aldaketa garrantzitsuak bultzatzen ari dira nazioarteko merkatu nagusietan.
Basque Trade & Investmentek (BasqueTrade) prestatutako Transmisio eta Banaketaren (T&D) Behatokiaren edizio berriak agerian uzten du sare elektrikoak trantsizio energetikoan aurrera egiteko erronka nagusietako bat bihurtu direla.
Eskariaren elektrifikazioak, energia berriztagarrien integrazioak, biltegiratze-sistemen hedapenak eta kontsumitzaile handi berrien sarrerak inbertsio handiak eta araudi-aldaketa garrantzitsuak bultzatzen ari dira nazioarteko merkatu nagusietan.
Europak plangintza indartu eta proiektu berriak sustatu ditu
Europan, azken sei hilabeteetan sareen arau- eta finantza-esparrua indartzea izan da joera nagusia. Europako Batzordeak Sareen Paketea garatzen jarraitzen du; haren helburua da konexioak bizkortzea, aurretiazko inbertsioak erraztea eta azpiegitura estrategikoen garapena azkartzea. Aldi berean, Espainiak, Erresuma Batuak, Alemaniak, Frantziak, Italiak eta Poloniak beren inbertsio-planak eta arau-esparruak egokitzen jarraitu dute, konexio-eskariaren hazkundeari erantzuteko.
Behatokiak Europako herrialde nagusietan ia 2.000 linea elektrikoko proiektu identifikatu ditu, aurreko edizioan baino 72 gehiago. Halaber, 1.848 azpiestazio-proiektu zenbatu ditu, aurreko sei hilabeteetan baino 71 gehiago. Alemaniak azterketan txertatutako linea berrien zati handi bat biltzen du, eta Erresuma Batua tamaina handiko azpiestazio berrien garapenagatik nabarmentzen da. Horrez gain, lehendik monitorizatutako proiektu estrategikoek aurrera egiten jarraitzen dute, hala nola Tyrrhenian Link proiektuak, Italia eta Tunisia lotuko dituen Elmed interkonexioak eta Frantziako nahiz Italiako sareak indartzeko hainbat jarduketak.
Asiak eta Amerikak inbertsio-erritmoari eusten diote
Europatik kanpo, merkatu nagusiek plangintza- eta inbertsio-estrategiak indartzen jarraitzen dute. Brasilek bere sistema elektrikoaren arau-esparrua modernizatu du, sarearen hedapena eta merkatuaren liberalizazioa sustatzeko neurri berrien bidez; Indiak, berriz, transmisio-programa handiak eta azpiegitura berriak garatzen jarraitzen du, eskariaren hazkundeari erantzuteko.
Asia-Pazifikoan, Txinak munduko merkatuan lider izaten jarraitzen du inbertsio-bolumenari dagokionez, eta datozen urteetarako hazkunde handia aurreikusten da bai linea elektrikoetan bai azpiestazioetan. Japoniak, Hego Koreak, Vietnamek eta Australiak ere aurrerapen esanguratsuak egin dituzte plangintza-jarduketa berrien, HVDC proiektuen eta energia berriztagarria integratzeko sareen bidez.
Txostenak, halaber, Indonesia eta Turkia bezalako merkatuen bilakaera jasotzen du. Herrialde horietan, plan nazional berriek sareen hedapena eta modernizazioa hurrengo hamarkadako lehentasun nagusien artean kokatzen dituzte.
Industriak gaitasuna handitzen du eskariari erantzuteko
Inbertsioen hazkundea sektorearen balio-kate osora zabaltzen ari da. Sare-operadoreek, ekipamendu elektrikoen fabrikatzaileek, EPC enpresek eta kable-fabrikatzaileek beren industria-gaitasuna indartzen jarraitu dute tentsio handiko kontratu berrien, HVDC proiektuen, GIS azpiestazioen, transformadoreen, itsaspeko kableen eta sareak kudeatzeko irtenbide digitalen bidez.
Azken sei hilabeteetako jarduera nabarmenen artean daude Ekialde Ertaina, Indian eta Hego Korean esleitutako nazioarteko kontratu berriak, baita digitalizazioa, aktiboen kudeaketa eta azpiegitura elektrikoen eraginkortasuna hobetzeko aliantza teknologiko berriak ere.
Malgutasunak gero eta garrantzi handiagoa du sareen kudeaketan
Oro har, azterlanak berresten du sare elektrikoen garapena ezinbesteko elementu bihurtu dela elektrifikazio-prozesuari laguntzeko eta trantsizio energetiko segurua, eraginkorra eta jasangarria bermatzeko.
Behatokiaren edizio berriak agerian uzten du, halaber, malgutasunak gero eta protagonismo handiagoa hartzen duela azpiegitura berrien garapenaren osagarri gisa. Erresuma Batuak Europako merkaturik aurreratuena izaten jarraitzen du arlo horretan; Italiak, Herbehereek eta Frantziak, berriz, biltegiratzea eta baliabide malguak erabiliz sareko kongestioak kudeatzeko mekanismoak sendotzen jarraitzen dute. Espainian, Alemanian eta Polonian merkatu horiek garatzen jarraitzen dute, batez ere proiektu pilotuetan eta arau-garapenetan oinarrituta.
Oro har, azterlanak berresten du sare elektrikoen garapena ezinbesteko elementu bihurtu dela elektrifikazio-prozesuari laguntzeko eta trantsizio energetiko segurua, eraginkorra eta jasangarria bermatzeko.
Basque Trade-k euskal T&D enpresen nazioartekotzea bultzatzen du
Basque Trade & Investment-en lana funtsezkoa da beren aukerak gure mugetatik harago zabaldu nahi dituzten euskal enpresentzat. T&D Behatokia bezalako ekimenen bidez, agentzia honek informazio estrategikoa ematen du, enpresei aukera berriak identifikatzeko aukera ematen diena Europa, Estatu Batuak eta India bezalako merkatu dinamikoetan. Azterketa horiek, Euskadiko enpresen lehiakortasuna indartzeaz gain, azken joera globalekin lotzen dituzte, sektorearen etengabeko aldaketetara egokitzea erraztuz.
Gainera, SPRI Taldeak nazioartekotzerako laguntza espezifikoak eskaintzen ditu, atzerrian Transmisio eta Banaketa proiektuak abian jartzeko funtsezko baliabidea. Horrelako ekimenei buruzko informazio eguneratua jaso nahi baduzu, SPRIren buletinera harpidetzeko gonbita egiten dizugu. Azken nobedadeen, finantziazio-aukeren eta joeren berri izan, zure enpresaren nazioarteko presentzia indartzen lagunduko baitizute.
Nahi baduzu, txosten osoa hemen eska dezakezu.
Lotutako beste txosten batzuk:
T&D Behatokia Q1-Q3 2025: Nazioarteko T&B sektoreak inbertsioak bizkortu ditu eta aukera berriak ireki dizkio euskal enpesari
-
Edizio honek 2024ko bigarren seihilekoa aztertu du, eta Behatokiak Europako herrialdeen, Ameriketako Estatu Batuen (AEB) eta Indiaren dinamismoa azpimarratu du, T&D sektorean egiten ari diren erregulazio arloko aldaketa garrantzitsuengatik eta inbertsio handien iragarpenagatik. -
Behatokiaren 3. edizioak T&D sektorea monitorizatzen du 2024ko lehen seihilekoan, nazioarteko transmisio-lineen eta azpiestazioen proiektuak nabarmen ugaritu direla erakusten du. Europak aurreko edizioan baino 300 proiektu gehiago ditu, eta AEBk 86. -
Behatokiaren bigarren edizioan, Estatu Batuak herrialde estrategikoen zerrendaren buru dira, eta Biden Administrazioak 3.460 milioi dolarreko (3.204 milioi euro) inbertsioa iragarri du sare elektrikoa modernizatzeko. Dokumentuak jasotzen du 2023ko bigarren seihilekoa sektoreko eragile nagusiek T&Bn egindako inbertsio garrantzitsuen aldia izan zela. -
Edizio honek 2023ko 1. seihilekoa hartzen du, eta honako eduki hauek biltzen ditu: Ikuspegia herrialdeka, Players inguruko ikuspegia eta Zoom-a goi-tentsioko aparamenta merkatuan. - Brasilgo Energiaren Transmisio eta Banaketako merkatuari buruzko txostena
