Alberto Alonso enpresako kontseilaria.

Inser Robótica: “Digitalizazio eta automatizaziorik gabe ez dago etorkizunik”

Bizkaiko ingeniaritza erreferente bat da sektorean eta bere espezializazio arloa da industria-produktuak “giltza eskura” diseinatzea
-

 

Robotika eta automatizazioaren arloan hainbat proiektu arrakastaz garatu zituenetik 35 urte igaro direnean, Inser Robótica enpresa sektoreko erreferentzia handienetako bat da gaur egun. Egoitza eta lantegia Bizkaiko Mungian  dituen industria-ingeniaritza honek 65 langile enplegatzen ditu eta bere espezializazio arloa da industria-proiektuak giltza eskura  diseinatzea. Iaz % 51 igo zuen bere fakturazioa, eta guztira ia 11 milioi euroko salmentak izan zituen, konpainiaren hazkundea berretsi zutenak, Alberto Alonso enpresako kontseilariak elkarrizketa honetan esaten digunez.

 

Mezu edo izenburu alarmista bat izan daiteke, baina zenbateraino esan dezakegu enpresa esparruan “automatizaziorik gabe ez dagoela etorkizunik”?

Etengabeko hobekuntzak eskatzen dituen ingurune batean bizi gara, eta hobetzen ez denak azkenean lehiakortasuna galtzen du eta atzean geratzen da. Guk lehiakortasuna hobetzen laguntzen dugu. Egia da helburuetako bat dela kostuak hobetzen laguntzea, eta beharbada hor bai erabil daiteke mezu alarmista hori esateko automatizazioaren bidez lanpostuak galtzen direla. Hala ere, guk uste dugu lehiakortasuna dagoen lekuan balio-sorkuntza, aberastasuna eta hazkundea dagoela; hazkundeak, bestalde, lan-aukera berriak sortzen ditu, lanpostu berriak, eta badira hor hainbat adibide hori berresten dutenak…

 

Esaterako?

Korea. 60ko hamarkada. Koreako BPGa Hego Amerika osokoa baino txikiagoa zen, baina erabaki zuten automatizazioaren alde egitea eta gaur egun bera da 10.000 langileko robot gehien dituen herrialdea. Langabezia, berriz, %3koa baino ez da. Aldera dezagun hori gure datuekin: hemen 10.000 langileko 191 robot daude, eta langabezia %15-16 ingurukoa da. Beraz, hasierako galderari erantzunez, bai, defendatzen dugu eta uste dugu digitalizaziorik eta automatizaziorik gabe ez dagoela etorkizunik.

 

Enpresa batek noiz daki heldu dela unea bere prozesuak automatizatzeko?

Gaur egun, enpresa gehienek badakite beren prozesuak automatizatzea funtsezkoa dela hazteko. Ez dago argi, ordea, zer irtenbide aplikatu behar duten beren prozesuetan eta zenbat denbora beharko duten inbertsio hori amortizatzeko. Hortxe sartzen da hain zuzen gurea bezalako ingeniaritza bat, esaten diegulako prozesuko zein zati diren interesgarrienak epe motzerako, eta azterketa oso zehatz bat egiten dugulako beren neurrira. Beste batzuetan, ekoizpen-lerro edo ekoizpen-instalazio berriak izaten dira, automatikoak izateko proiektatu direnak hasieratik bertatik. Hor, izara zuri bat erakusten digute eta guk proiektu guztiz automatizatu bat eskaintzen diegu, gauza dena gaur egungo ekoizpenarekin lan egiteko eta etorkizunean hazteko.

 

Emango dizkiguzu adibide batzuk ulertzeko zertarako balio duten Mungian egiten dituzuen robotek?

Inser Robotican produktuen packaging-ean zentratutako irtenbideak ematen ari gara. Behin bezeroak bere produktua fabrikatu duenean, gure sistemak (robot fisikoarekin edo hain gabe) arduratzen dira kalitate-kontrola egiteaz, multzotan jartzeaz, kaxetan sartzeaz, kaxa guztiak palet batean jartzeaz, paleta film babeslean biltzeaz eta paleta karga-kaira edo tarteko biltegi batera ibilgailu autonomoekin eramateaz.

 

Txip gabeziak zer eragin dauka zuengan?

Erabatekoa. Gure ekipoetan era guztietako osagai elektronikoak sartu behar izaten ditugu, barnean txipak dituztenak. Ez bakarrik robotak, baizik eta baita ere motor elektrikoak zein automata programagarriak kontrolatzen dituzten maiztasun-aldagailuak.  Hornitzaile batzuek ez dute entrega-data zehatzik ematen eta, beraz, etengabe ari gara alternatibak bilatzen.

 

Zer zentzutan?

64 sarrera eta irteera digital kontrolatu behar baditugu, normalena da 32 sarrera eta 32 irteera dituen txartel bat jartzea. Nola une honetan eskuragarri ez dauden, zortzi sarrerako lau txartel sartu beharrean aurkitzen gara. Horren ondorioz koadro elektrikoak birdimentsionatu behar izaten dira, sar daitezen. Litekeena da laster alternatiba hori ere bideragarria ez izatea eta produktu batzuen entrega-epeak sei hilabete baino gehiago luzatzea.

 

Eta horri garraioaren krisia gehitu beharko litzaioke…

Hala da, duela bi urte baino zortzi aldiz epe luzeagoak jasan behar izan ditugu, altzairuaren prezioa % 50 igo da, argindarraren kostua zerura joan da… Hori dela eta, behartuta gaude lehen ez zeuden erronka berriei aurre egitera eta berez konplexua den lan batean ahalegin gehigarria egitera.

 

Zenbat proiektu garatu dituzue aurten?

Kudeatzeko gai garen proiektuen kopurua asko aldatzen da urte batetik bestera, euren tamainaren arabera. Duela 15 urte 50 proiektu integratzeko gauza baginen, 2021 honetan 25 inguru ari gara martxan jartzen. Proiektu horietako batzuen tamaina eta konplexutasuna batez bestekoa baino askoz handiagoa da.

 

Zein sektoretara bideratuta daude?

Geure artean esaten dugunez, palet batera doazen eta kaxa batean amaitzen diren produktuak egiten dituzten sektore guztietara. Antz bat emateko, hipermerkatu batean aurkitzen den ia edozer: elikagai, edari, kosmetika zein drogeriako artikuluak, pinturak, beirateria…

 

Zenbateko garrantzia du I+Gak zuen sektorean?

Konpainiak berezkoa du I+Ga, baina bi modutan aplikatzen dugu. Batetik, proiektu integratu guztiek pertsonalizazio-maila jakin bat daukate lehen manipulatu ez dugun produktu baterako. Horrek esan nahi du diseinu mekanikoan, elektrikoan eta programazioan tresna berritzaileak ikertu, esperimentatu eta sortu behar izaten direla. Eta, bestetik, talde berezi bat daukagu, zeinaren lana den ikusmenarekin eta adimen artifizialarekin lotutako produktuak garatzea euren bitartez produktuak aurkitzeko eta ondoren manipulatzeko, edo zeregin konplexuak egitea, hala nola arrainak beren espeziearen arabera zenbatu eta sailkatzea. Hori egin ahal izateko, “garun” artifizialak entrenatzen ditugu Deep Learning tresnekin edo ikaskuntza sakonarekin.

 

Garatzen dituzuen sistemen artean badira batzuk lotura zuzena dutenak robotika kolaboratiboarekin, hau da, pertsonak eta robotak espazio jakin batean elkarrekin bizi daitezen eginak… Zenbateraino daude gauzak argi segurtasun, produktibitate eta, besteak beste, eraginkortasunaren ikuspegitik?

Horra kasu bat non teknologia araudiaren aurretik doan. Horrelaxe gertatzen da gidatze autonomoarekin eta herrialdeetako legeriekin. Robotika kolaboratiboaren kasuan, oso zuhurrak gara. Ez dugu imajinatzen robot kolaboratibo bat aparteko babes-sistemarik gabe. Lankidetzan oinarritutako gure paletizazio-sistemetan segurtasun-eskaner batzuek pertsona baten hurbiltasuna detektatzen dute eta orduan nabarmen jaisten da makinaren abiadura. Horrela lortzen dugu robotak ahalik eta gehien lan egin dezala inguruan inor ez dagoenean, eta erabat segurua da muga jakin bat gainditzen denean.

 

Ikusirik enpresa-jardueraren inguruan gertatzen ari den guztia (argiaren kostua, hornidurarik eza, logistika ikaragarri garestitua…), zer espero duzue 2022rako?

Pentsatu nahi dut zisne beltz berri hori gure gainean hegalez dabilen arren gauza guztiak ez direla zertan izan negatiboak. Argindarrak gora egingo du eta ez da hain egonkorra izango energia berriztagarriak erabiltzen direlako, nazioarteko garraioa motelagoa izango da eta garestiagoa… Espero dut Europako eta Espainiako industriak gauza izango direla erreakzionatzeko eta hasiko direla hurbilago ekoizten hemen kontsumitzen diren produktuak, kostuak eta karbono-aztarna hobetuz eta kalitatezko enplegua sortuz.

 

 

Lotutako albisteak

Watercut  enpresak  digitalizazioa,  automatizazioa  eta  optimizazioa  bultzatzen  ditu  enbalaje  industrialaren  ekoizpenean

Watercut enpresak digitalizazioa, automatizazioa eta optimizazioa bultzatzen ditu enbalaje industrialaren ekoizpenean

Enpresa bizkaitarrak 20 urte eman ditu produktuak kate logistiko osoan gordetzeko neurrira egindako soluzioak diseinatzen eta fabrikatzen.

Geogramak  3D  laser  eskanerra  duten  fabrikak  digitalizatzen  ditu,  erreformak  edo  zabalkuntzak  ekoizpena  gelditu  gabe  aurreikusteko

Geogramak 3D laser eskanerra duten fabrikak digitalizatzen ditu, erreformak edo zabalkuntzak ekoizpena gelditu gabe aurreikusteko

Gasteizko konpainiak zehaztasun handiz atzematen du errealitatea, eta 3D modelatua aplikatzen du industriaren ‘biki digitala’ datu fidagarrien bidez sortzeko. “4.0 Industriaren arloan zerbitzu aitzindaria” da.

KSB  ITUR,  ponpen  eta  balbulen  fabrikazioaren  arloko  nazioarteko  erreferente  zarauztarra

KSB ITUR, ponpen eta balbulen fabrikazioaren arloko nazioarteko erreferente zarauztarra

Alemaniako KSB multinazionalean integratutako enpresa ontzigintza-sektorean finkatu da

Digixopek  abiadura  handiko  datu  masiboak  prozesatzen  dituen  plataforma  adimenduna  abiarazi  du

Digixopek abiadura handiko datu masiboak prozesatzen dituen plataforma adimenduna abiarazi du

Bilboko enpresak aplikazio ugari dituen produktu bat eskaintzen du, hala nola museoetako laguntzailea edo online dendetako erosketa-laguntzailea

ADI  Revolutionek  Egia  sortu  du,  B2B  influencer  marketineko  lehen  plataforma

ADI Revolutionek Egia sortu du, B2B influencer marketineko lehen plataforma

Euskal enpresak B2B enpresak beren sektoreetako erreferentziazko profesionalekin konektatzen dituen tresna bat merkaturatu du, LinkedInen dituzten edukien sinesgarritasuna eta irismena indartzeko.

Spyrok  datuetan  eta  AAn  oinarritutako  ERP  adimendun  baten  bidez  lehiakortasun  industriala  bultzatzen  du

Spyrok datuetan eta AAn oinarritutako ERP adimendun baten bidez lehiakortasun industriala bultzatzen du

Gipuzkoako enpresak adimen artifiziala, datuen analitika eta automatizazioa integratzen dituen enpresa-kudeaketarako plataforma bat garatzen ari da, konpainia industrialei eraginkortasuna irabazten, trazabilitatea hobetzen eta datuetan oinarritutako erabakiak hartzen laguntzeko.

Sabbatic-ek  enpresa-gastuen  kudeaketa  digitalizatu  eta  automatizatu  egiten  du

Sabbatic-ek enpresa-gastuen kudeaketa digitalizatu eta automatizatu egiten du

Gipuzkoako enpresak plataforma bat garatu du gastuaren ziklo osoa automatizatzeko eta erakundeei eraginkortasuna irabazten, kostuak murrizten eta papera ezabatzen laguntzeko.

Talleres  Mitxelena,  pieza  handien  mekanizazioko  espezialista

Talleres Mitxelena, pieza handien mekanizazioko espezialista

Hernaniko enpresak SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialeko programaren dirulaguntza jaso du, eta balio erantsi handiko proiektu industrialak egiten ditu

Reparaciones  Samur,  negozioa  dibertsifikatzeko  konpresoreen  salmentan  eta  mantentze-lanetan  espezializatutako  enpresa

Reparaciones Samur, negozioa dibertsifikatzeko konpresoreen salmentan eta mantentze-lanetan espezializatutako enpresa

Abadiñoko enpresak 34 urte ditu eta SPRI taldearen dirulaguntzak jaso ditu digitalizaziorako.

Normo:  postontziak  fabrikatzetik  horiek  berrasmatzera

Normo: postontziak fabrikatzetik horiek berrasmatzera

Gipuzkoako enpresak online erosketak eraikinetan eta familia bakarreko etxeetan jasotzeko postontzi adimendunak garatzen ditu, eta dagoeneko 24.000 instalazio baino gehiago egin ditu Espainian eta Europan.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.