Datozen hilabeteetan mantendu edo hobetu egingo direla aurreikusten dute euskal industriako sektoreek

Euskadiko16 kluster-erakundeek aurreikuspen positiboak agertu dituzte Industria Abagunearen Behatokiaren bileran. Joera mesedegarria dute, batez ere, enpleguak eta I+G+b arloko inbertsioak; eskarien zorroak, fakturazioak eta esportazioak baino hobea. Talentuaren gaiak kezka orokorra sortzen du
-

Industria Abagunearen Behatokian bildu dira gaur euskal klusterrak, eta aurreikuspen positiboak agertu dituzte 2024 lehen zatirako. Haien jarduera mantendu edo apur bat hobetuko dela aurreikusten dute. Sei hilean behin biltzen dira Euskadiko industriako 16 sektoreak, eta eskariekin, fakturazioarekin, esportazioarekin, enpleguarekin eta I+G+b arloko inbertsioarekin lotutako adierazle nagusiak aztertzen dituzte.

Gaurko bileran, Eusko Jaurlaritzako arduradunez gain, Euskadiko 16 klusterren erakunde dinamizatzaileetako arduradunak izan dira: garraioa, mugikortasuna eta logistika; aeronautika; galdaketa eta forjaketa; automobilgintza; energia; bio-osasuna; eraikuntza; EIKTak eta ezagutza; trenbide-ekipoak; habitata, egurra, bulegoa eta contract; elikadura; itsas industriak; fabrikazioko teknologia aurreratuak; ingurumena; papera; eta produktu eta instalazio siderurgikoak.

Orokorrean, Euskadiko industriaren eskarien zorroa mantendu edo apur bat hobetu da. Hala, 9 klusterrek eskarien zorroa handituko zaiela aurreikusten dute, eta bakar batek aurreikusten du behera egingo duela (gainerakoek mantentzea espero dute). Inbertsioak berraktibatu egin dira eta eskaria suspertu egin dela ikus daiteke.

Fakturazioarekin lotutako aurreikuspenak ere positiboak dira. 8 klusterrek haztea aurreikusten dute, 7k mantentzea eta bakar batek espero du behera egitea. 2023an salmentak leheneratu egin ziren, aurreko urtearekin alderatuta. Etorkizun hurbilean, berriz, egoera geopolitikoak eta kostuen inpaktuak sortzen du kezka.

Esportazioek ibilbide positiboa izaten jarraitzen dute. Izan ere, datorren seihilekoan kanpo-merkataritza mantentzea (8) edo hobetzea (7) aurreikusten dute klusterrek; bakar batek espero du behera egitea. 2023a, oro har, positiboa izan zen. Hala, egoerak hobera egitea edo egonkor mantentzea espero da, aurrean erronka geopolitikoak edo ekonomikoak izan arren (Ukrainako, Palestinako eta Persiar golkoko gatazkak). Une honetan, euroa-dolarra kanbio-tasa onuragarria da.

Enpleguaren gaineko aurreikuspenek baikorrak izaten jarraitzen dute. Azken seihilekoan, 7 klusterretan apur bat hobetu da, eta 9tan mantendu egin da; 2024a zifra berdinekin hasi da. Inork ez du espero arlo honetan okerrera egiterik, baina ‘talentuaren harrobiak’ kezka sortzen du. Izan ere, zailtasunak dituzte langile kualifikatuak eta profil teknologikoak topatzeko eta mantentzeko.

Azkenik, I+G+b arloak gora egiten jarraituko du. Izan ere, 8 klusterrek arlo horretan haztea espero dute, eta beste 8ek mantentzea. Inork ez du aurreikusten ikerketa, garapen eta berrikuntza arloko inbertsioa murrizterik. Deskarbonizazioa, digitalizazioa eta aurreratuago dauden nitxo berrietara egokitzea dira proiektu berritzaileetako asko ardazten dituzten lerroak. Laguntzek eta pizgarriek ere bultzatzen dute kapitulu hau.

Bestetik, industria —ez energia-sektorea bakarrik— kezkatuta dago sare elektrikoek aurrean duten erronka zaila dela eta: hidrogenoak, datuek, berriztagarriek edo deskarbonizazioak behar dituzten kontsumoei erantzuna emateko behar den potentzia-igoera asumitzea.

 

Sektorez sektore

Sektorez sektore aztertuta, berezitasun batzuk ikusten dira:

Aeronautika: Sektorea garai ona bizitzen ari da, bai iaz, bai 2024aren hasieran. 2020ko etenaren ondoren, aireko trafikoa suspertzen joan da eta 2023an pandemiaren aurreko zifrak berreskuratu zituen; aurreikuspenak ere onak dira. Dena den, kezkarik handiena talentuarekin dago lotuta, zailtasunak baitituzte pertsonak erakartzeko, lotzeko eta mantentzeko.

Elikadura: 2023an suspertu egin zen fakturazioa. Aurreikuspenak positiboak dira, baina nolabaiteko ziurgabetasunarekin. Eskaria berraktibatzea espero da; bereziki, esportazioei dagokiena.

Automobilgintza: Aurreikuspenak baikorrak dira, baina neurrian. Ikusi egin behar da nola sendotzen diren ibilgailuen fabrikatzaileen proiektuak eta zer joera duen kontsumoak. I+G+b arloko ahaleginak ibilgailu elektriko eta adimendunera daude bideratuta.

Bio-osasuna: Kluster hau arlo guztietan hazi da; bereziki, langileen kontratazioan eta nazioartekotzean (merkatuaren % 70 inguru ordezkatzen du). Europako funtsak eta beste funts pribatu batzuk are gehiago erakartzea da sektore honen erronka, I+G arloko prozesu konplexuek behar dituzten baliabideak eskuratzeko.

Eraikuntza: Azken seihilekoan apur bat hobetu da sektorearen fakturazioa, eta aurrerantzean egungo ildoan mantentzea espero du, alderdi guztietan.

Energia: Sektorea moteldu egin zen 2023an, eolikan eta sare elektrikoetan. Aldiz, 2024ko bigarren seihilekoan Europako inbertsioak berraktibatzea espero da. Enpresek nazioarteko presentzia handia dute, eta haien merkatuak oso dibertsifikatuta daude. Eguzki-energia fotovoltaikoa eta oil&gas dira emaitza eta aurreikuspen onenak dituzten azpisektoreak. Enplegu mailak ez du okerrera egin eta, eta handitzea aurreikusten da. Era berean, I+G arloko inbertsioak ere gora egitea aurreikusten da; bereziki, offshore eolikaren arloan eta industriaren deskarbonizazioan.

Trengintza: Espainiako trengintza-sektorearen esportazio guztien % 45 Euskadiko trengintza-industriari dagozkio. Orokorrean, Euskadiko enpresek kanpo-merkatura bideratzen dute haien ekoizpenaren % 90, eta joera hori mantentzea espero da. Europako funtsen finantzazioak eta ezegonkortasun geoestrategikoak sortzen dute ziurgabetasuna.

Galdaketa eta forjaketa: Fakturazioa hobetu egin da. Izan ere, lehengaiek prezio altuak izaten jarraitzen dute, baina ez 2022an bezainbeste. Enpleguan ere dinamika bera ikusi da.  Baina kezka eragiten dute Ukrainako gerraren ondorioek (burdinazko totxoen hornidurari eragiten dio) eta Itsaso Gorriko krisiak (lehengaien hornidura dela eta).

Habitata, egurra, bulegoa eta contract: Emaitza positiboak izan zituen iaz, eta 2024aren hasieran ere bai. Tasen jaitsierak proiektuak desblokeatzen lagunduko duela espero du. Nazioarteko merkatuak joera dinamikoa izaten jarraitzen du. Kezka eragiten dute marjina komertzialek. Izan ere kostu operatiboek gora egin dute, eta ezin diote igoera osoa salmentei erantsi.

Itsas industriak: Ontzigintzako PERTEari eta I+G arloko programa berrien (adibidez, Hazitek) irekierari itxaroten ari dira, 2023ko datuak hobetu ahal izateko. Izan ere, 2023an aurreko urteko zifrak mantendu ziren. Inflazioak eta eraikuntza berrien prezioen igoerak zaildu egin dute ontzi berriak kontratatzea.

Ingurumena: Oro har, sektorearen pertzepzioa positiboa da. Proiektu industrialek eta zerbitzuen kontratazioak gora egin dute. Hala, lantegi berriak jarri dira martxan, eta ekoindustriaren negozioa hazi egin da, araudi-esparru berriak bultzatuta. I+G arloa ere hazi egin da, laguntza-esparruaren ondorioz. Balorizazio-lantegi berrien kokapena baimentzeko adostasun-falta da oztopo handiena.

Papera: 2023a ez zen urte ona izan sektorearentzat. Ekoizpenak eta fakturazioak behera egin zuten, eta esportazioen erritmoa mantsotu egin zen. Dena den, enpleguak eta I+G arloko inbertsioak ez zuten okerrera egin. 2024an alderdi guztietan mantendu edo hobetu egingo diren ziurtasuna du klusterrak.

Siderurgia: Sektore honek hobekuntza txiki bat izan zuen iaz, altzairu-ekoizleen eta transformatzaileen kasuan izan ezik. Esportazioek behera egin zuten; batez ere, 2023ko azken tartean. Alemaniak eta Frantziak jarraitzen dute Euskadiko produktu siderurgikoen helmuga nagusiak izaten. Sektorearen ingurumen-apustuaren emaitza gisa, apur bat igo dira emisioak murriztera eta energia-iturri berriak (hidrogenoa) erabiltzera bideratutako I+G arloko inbertsioak.

Fabrikazio-teknologia aurreratuak: 2023a espero baino hobea izan zen. Eta, eskari kopurua ahultzen hasi den arren, urte honetako azken hiruhilekoan suspertzea aurreikusten da. Kanpoko merkatuan AEB (eskari handiarekin), Mexiko eta Kanada nabarmendu dira.

EIKTak: Sektoreak hazten jarraitzen du, arazo batzuk izan arren, hala nola profil profesional espezializatuen gabezia, erdi-eroaleen gabezia eta lehengaien garestitzea. 2023an sektorea hazi egin zen 2022arekin alderatuta; batez ere, IKTen eta elektronikaren azpisektoreak. Langile kualifikatuen gabezia dagoenez, inbertsio handiagoa egin behar da kontratatutako pertsonak trebatzeko.

Garraioa, mugikortasuna eta logistika: Sektorea hazi egin zen 2023an, eta finkatu egin da joera positiboa. 2024ko lehen seihilekoan mantentzea edo hobetzea espero da. Esportazioa mantendu egingo dela aurreikusten da, baina ikusi egin behar da zer bilakaera duen nazioarteko egoera geopolitikoak, logistikari eragiten baitio horrek.

 

Informazio gehiago Irekian

Lotutako albisteak

Mikel  Jauregik  Euskadi  2030  Industria  Plana  aurkeztu  du  Eusko  Legebiltzarrean,  “gure  seme-alabentzat  kalitatezko  lanpostuak  sortzeko  helburuarekin”

Mikel Jauregik Euskadi 2030 Industria Plana aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, “gure seme-alabentzat kalitatezko lanpostuak sortzeko helburuarekin”

"Ziurgabetasun ia erabatekoa dagoen une honetan, plan honek gure ziurtasunen aldeko apustua egiten du: industria gehiago eta Europa gehiago. Bai, Euskadin industria izan gara, industria gara eta industria izaten jarraitu nahi dugu. Ziurgabetasunaren aurrean, hauxe da gure ziurtasuna. Plan horrek gure industriari lagunduko dio jauzi kualitatibo bat ematen, gure herriaren...

Euskal  partaidetza  duten  hiru  proiektuk  Horizon  Europeren  potentziala  erakutsi  dute  I+G+b  arloa  finantzatzeko
16/12/2025 I+G+B

Euskal partaidetza duten hiru proiektuk Horizon Europeren potentziala erakutsi dute I+G+b arloa finantzatzeko

Enterprise Europe Network euskal nodoko kide gisa (EEN Basque) SPRI taldeak eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatu duten informazio-ekitaldian Europako esparru-programaren hurrengo aukerak aztertu dira, klimaren, elikaduraren, bioekonomiaren eta ingurunearen esparruan, berriki argitaratu diren 2026-2027 lan-programekin batera

Eusko  Jaurlaritzak  startup  berritzaileak  EAEko  zazpi  sozietate  publikorekin  konektatu  ditu,  BIND  GovTech  ekimenean
15/12/2025 Up Euskadi

Eusko Jaurlaritzak startup berritzaileak EAEko zazpi sozietate publikorekin konektatu ditu, BIND GovTech ekimenean

3. edizioan parte hartuko duten startupek 7 berrikuntza-proiektu garatuko dituzte erreferentziako bezeroekin, AA, IoT eta Big Data bezalako teknologiak aplikatuz.

Imanol  Pradales  lehendakariak  adierazi  du  industria,  finantzaketa  eta  berrikuntza  direla  Euskadiren  garapen  ekonomikoa  sendotzeko  lehiakortasunaren  oinarria

Imanol Pradales lehendakariak adierazi du industria, finantzaketa eta berrikuntza direla Euskadiren garapen ekonomikoa sendotzeko lehiakortasunaren oinarria

Lehendakariak El Correok antolatutako ‘Expectativas Económicas’ foroan hartu du parte

Eusko  Jaurlaritzak  32  startup  eta  Euskadiko  20  ETE  konektatu  ditu  horien  berrikuntza  bizkortzeko
10/12/2025 Up Euskadi

Eusko Jaurlaritzak 32 startup eta Euskadiko 20 ETE konektatu ditu horien berrikuntza bizkortzeko

32 startup Euskadiko 20 ETErekin bildu dira euren soluzio teknologikoak aurkezteko BIND SMEren hautaketa-prozesuaren azken fasean.

Hevea3D  ekimenak  eta  Interphase  Technologiesek  irabazi  dituzte  2025eko  Manuel  Laborde  sariak
03/12/2025 Ekintzailetza

Hevea3D ekimenak eta Interphase Technologiesek irabazi dituzte 2025eko Manuel Laborde sariak

ZuBizik 25. urteurreneko sari berezia jaso du

Datuaren  Heldutasunaren  Diagnostiko  Programa  enpresa-kudeaketa  adimentsuago  baterako  abiapuntua  da

Datuaren Heldutasunaren Diagnostiko Programa enpresa-kudeaketa adimentsuago baterako abiapuntua da

Abenduaren 2an irekiko da Datuaren Heldutasunaren Diagnostikoa Programaren lehen deialdia. Zerbitzu berri honek euskal enpresei laguntza eskaintzen die datuen arloko egungo egoeraren ebaluazio zorrotza egiteko eta analitika eta adimen artifizialaren eredu aurreratuagoetarako ibilbide-orri bat definitzeko.

Bizkaiko  Foru  Aldundiaren  V.  Inbertsio  Foroan  Bizkaiko  8  startupek  61  euren  proiektuak  aurkeztu  dituzte  inbertitzaileren  aurrean
27/11/2025 Ekintzailetza

Bizkaiko Foru Aldundiaren V. Inbertsio Foroan Bizkaiko 8 startupek 61 euren proiektuak aurkeztu dituzte inbertitzaileren aurrean

Bizkaiak bere erreferentziazko foroa sendotu du, potentzial handiko proiektuak inbertsio espezializatuarekin lotzeko

Tantak  ingurumena  zaintzeko  eta  babesteko  lan  egiten  du

Tantak ingurumena zaintzeko eta babesteko lan egiten du

Erakunde honen helburua da gure itsasoak zaintzea, bizi ohitura osasungarriak sustatzea eta planeta hobetzeko ekintzak egitea

Nazioartekotzea  funtsezkoa  da  euskal  industria  bultzatzeko

Nazioartekotzea funtsezkoa da euskal industria bultzatzeko

Mikel Jauregik Sailburuak azpimarratu du txostena bat datorrela industria-planean jasotako lehentasunekin, hala nola enpresen errotzearekin, atzerriko inbertsioa erakartzearekin, talentu berria garatzearekin edo ETEen tamaina handitzearekin

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.