Orkestrak nazioartekotze estrategikoaren garrantzia nabarmendu du, euskal industria bultzatzeko
Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko 2025eko Txostena aurkeztu du. Txostena, Nazioarteko konexioa, industriaren bultzatzaile izenekoa, SPRI Taldearen laguntzarekin egin da, eta azpimarratzen du Euskal Autonomia Erkidegoak kokapen sendoa duela lehiakortasunean eta ongizatean, testuinguru geopolitiko berriari aurre egiteko.
Txostenaren arabera, ongizatea sortzen jarraitzeko, Euskal Autonomia Erkidegoak ohiko merkataritza irekitze eredua utzi eta nazioartekotze estrategikorako pausoa eman behar du. Horrek esan nahi du arrisku geografikoak eta teknologikoak dibertsifikatzea; kalitatezko atzerriko inbertsioa erakartzea eta integratzea, lurraldeko enpresa traktoreen errotzea galdu gabe; nazioarteko jakintza eta talentua garatzea; eta adimen estrategikorako eta Europarekiko lankidetzarako gaitasuna indartzea.
James Wilson Orkestrako zuzendari nagusiak adierazi duenez, “etorkizuneko nazioartekotzea ez da merkatuak irekitzera mugatuko, baizik eta balio partekatua sortuko duten konexio estrategikoak ehuntzean oinarritu beharko du”.
Ideia horrekin bat etorri da, halaber, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua. Ekitaldian nabarmendu duenez, “Eusko Jaurlaritzak, Euskadi 2030 Industria Planarekin bat etorriz, gure industria nazioartekotzeko beharra nabarmentzen du, merkatu giltzarrietan ekoizpen-ezarpenak eginez, bai eta tokiko bazkideekin aliantza berriak sortzeko beharra ere. Merkataritza testuinguru berrian, gure izaera esportatzailearekin jarraituko dugu, baina beste era batera eginda”. Gainera, sailburuak azpimarratu du txostena bat datorrela industria-planean jasotako lehentasunekin, hala nola enpresen errotzearekin, atzerriko inbertsioa erakartzearekin, talentu berria garatzearekin edo ETEen tamaina handitzearekin.
EAEko lehiakortasunean eragina duten nazioarteko konexiorako hiru bide
Gero eta ziurgabetasun eta zatikatze handiagoko testuinguru global honetan, Txostenak Europaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren erantzunak aztertu ditu, gure industria sendotzera bideratuak. Horien artean, Eusko Jaurlaritzaren Euskadi 2030 Industria Plan berria nabarmentzen da, Europar Batasunaren estrategia handiekin (Competitiveness Compass eta Clean Industrial Deal) lerrokatzen dena. Euskal Autonomia Erkidegoa berrindustrializazioaren erreferente gisa kokatzea du helburu, eta, horretarako, industria gehiago, industria hobea, eta isuri gutxiago bultzatuko ditu.
Orkestraren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren lehiakortasuna eta ongizatea testuinguru berri horretan bere nazioarteko konexioei eusteko eta eraldatzeko gaitasunaren araberakoa izango da. Horretarako, Txostenak industriaren lehiakortasunari eragiten dioten nazioarteko hiru konexio bide nagusiak aztertzen ditu: merkataritza interdependentziak, inbertsio fluxuak eta pertsonen eta jakintzaren mugikortasuna.
1) Merkataritza oreka berriak, arriskuak dibertsifikatzeko
Euskal Autonomia Erkidegoko manufaktura industriak esportazioekiko mendekotasun handia du, % 80 ingurukoa, sektore traktoreen balio kateetan, bereziki automobilgintzan, metalurgian, mugikortasun jasangarrian edo fabrikazio aurreratuan. Euskal Autonomia Erkidegoak maila teknologiko ertaineko ondasunak esportatzen ditu batez ere, eta EB-27 da haren merkataritza bazkide nagusia. Hala ere, maila teknologiko handiagoko ondasunak esportatzen ditu Erresuma Batura, Txinara, Ameriketako Estatu Batuetara eta Amerikako gainerako herrialdeetara. Espainiarekin alderatuta, Euskal Autonomia Erkidegoa esportazioen sofistikazioagatik nabarmentzen da; izan ere, askotariko produktuak saltzen ditu eta, gainera, produktu horiek ez dituzte herrialde askok esportatzen.
Orkestrak nazioarteko merkatuak dibertsifikatzea proposatzen du, bai merkataritza harreman berrien bidez eta bai gaur egungo helmugetako presentzia fisikoa indartuz. Txostenak, halaber, inportazioen menpekotasunaz ohartarazten du, bereziki energiari eta lehengai kritikoei dagokienez. Ildo horretatik, Orkestrak merkataritza arriskuak dibertsifikatzea gomendatzen du, hornitzaileen aniztasun handiagoaz, hornidura kate kritikoen kudeaketa estrategikoaz, eta industriaren eta zerbitzu aurreratuen arteko loturak bultzatzeaz baliatuta.
2) Inbertsio paradigma berria, industria eraldatzeko eta errotzeko
Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek atzerrian egiten dituzten inbertsioak lurraldean jasotzen den atzerriko kapitala baino handiagoak dira. Espainiako enpresek atzerrian egiten duten zuzeneko inbertsioaren stockaren % 15etik gora hartzen dute euskal enpresek. Tokian tokiko presentzia gero eta gehiago eskatzen duen testuinguru honetan, Made in USA kasu, Txostenak merkatu estrategikoetako zuzeneko ezarpena indartzearen garrantzia nabarmentzen du. Bestalde, 2019 eta 2023 urteen artean, sartzen den atzerriko zuzeneko inbertsioaren stocka % 12,6 hazi zen urtean, eta manufakturako industrian (% 38,3) eta energian (% 37,6) kontzentratu zen nagusiki. Euskal Autonomia Erkidegoan dauden enpresa taldeen % 16k atzerriko enpresa nagusia du. Ehuneko hori % 23ra igotzen da manufaktura industrian.
Orkestrak atzerriko inbertsioa erakartzearekin batera, errotze estrategiak landu behar direla azpimarratzen du, klusterretan parte hartzea sustatzearen eta proiektu eraldatzaileekin lotutako inbertsioa lehenestearen bidetik. Txostenak jakintza, gaitasunak eta funtzio estrategikoak Euskal Autonomia Erkidegora itzultzea ziurtatuko duen nazioartekotze logikaren alde egiten du. Ondorio horiek Euskadi 2030 Industria Planean jasotako hainbat lehentasun eta ekintzarekin lotuta daude, bereziki potentzial handiko proiektuetarako inbertsioa erakartzeari dagokionez.
3) Pertsona eta jakintza fluxuak sustatzea, enpresen beharrei erantzuteko
Lanbide heziketako eta unibertsitateko prestakuntza duten pertsonak erakartzea eta kualifikazio horrekin bat datozen lanpostuetan integratzea oraindik ere erronka bat da. Unibertsitateko ikasleen % 6,8 bakarrik da atzerritarra, eta goi mailako ikasketak dituzten etorkinen erdia baino gutxiago ari da bere prestakuntzarekin bat datozen lanpostuetan lanean. Nazioarteko jakintza fluxuek, aldiz, bilakaera positiboa dute: Euskal Autonomia Erkidegoak Europako proiektu gehiagotan parte hartzen du, argitalpen zientifikoen bolumena Europako batezbestekoaren gainetik dago, eta atzerriko eragileekin elkarlanean egindako patenteak ugaritzen ari dira, bereziki Alemaniarekin, Ameriketako Estatu Batuekin eta Kanadarekin egindakoak.
Ildo horretatik, Orkestrak EAEk atzerrian dituen egitura instituzionalen potentzial guztia aprobetxatzea proposatzen du, talentua erakartzeko ekimenen arteko sinergiak indartzea, unibertsitateetako eta lanbide heziketako zentroetako nazioarteko ikasleen fluxua areagotzea, eta arlo estrategikoetan lankidetza zientifiko-teknologikoa sendotzea. Azterketa horrek lotura du dagoeneko erabiltzen diren hainbat politika publikorekin, besteak beste, prestakuntza teknikoa indartzeko, talentu espezializatua erakartzeko eta industriarako funtsezkoak diren gaitasun zientifiko-teknologikoak sendotzeko.
4) Europarekiko lankidetza eta adimen mekanismoak
Aurreko guztiak agerian jartzen du Europarekiko lankidetza bultzatu eta adimen estrategikoa hobetu behar dela, aldaketa globalei aurrea hartzeko. Ildo horretatik, dagoeneko hainbat ekimen abiatu dira, esate baterako 2026an Bruselan Europako Adimenaren Bulego Aurreratua sortzea, Europako industria ekimenei aurrea hartzea eta haiekiko lotura hobetzeko proiektu eraldatzailea. Klusterren eta atzerriko ordezkaritza eta bulegoen arteko koordinazioak ere lagundu dezake aldaketa globalei aurrea hartzen eta ekoizpen sarearekiko harremanak sendotzen, estrategikotzat hartzen diren lurraldeetan.
Lehiakortasunari eta ongizateari buruzko diagnostikoa
Txostenak emaitzen urteko diagnostikoa egiten du. Zehazki, lehiakortasunari lotutako adierazle nagusien kokapena eta bilakaera positiboa erakusten ditu; esportazioak dira salbuespena, behera egin baitute, merkataritza harremanetan gertatzen ari diren aldaketen erakusle.
Oro har, ongizateari buruzko emaitzak ere positiboak dira, nahiz eta erronkak ere badauden, bereziki kalitateko enpleguaren sorkuntzari eta etxebizitza eskuratzeko aukerei lotuta. Adierazle horien guztien bilakaera Orkestraren Lehiakortasun Behatokian dago eskuragarri eta, gainera, denbora errealean eguneratzen da.