Ezagutu EB-Mercosur Akordioa eta eman izena gure webinarrean
Deskargatu hemen txostena.
Txostenak aztertzen du muga-zergak pixkanaka ezabatzeak, oztopo teknikoak murrizteak eta Mercosurren blokean erosketa publikoetarako sarbidea hobetzeak nola ekar diezaieketen benetako abantaila lehiakorrak Europako ekonomiaren funtsezko sektoreei. Kalkuluen arabera, aduanetan gutxienez 4.000 milioi euro aurreztuko dituzte urtean Europako enpresek, eta bi blokeen arteko merkataritza % 14tik % 37ra haziko da, eszenarioaren arabera.
Akordioa palanka estrategiko argia da merkatu-kuota irabazteko, Europako balio-kateak indartzeko, kostuak optimizatzeko eta Hego Amerikako industria-proiektuetan eta trantsizio energetikoko proiektuetan kokatzeko, Brasil izanik euskal enpresarentzat merkatu potentzial nagusia.
Era berean, akordioak euskal sektore garrantzitsuenei nola eragiten dien aztertzen da, eta analisiak egiten dira makineriaren eta ekipo-ondasunen sektoreetarako, automobilgintzarako, kimika-farmazeutikarako, energiarako edo nekazaritzako elikagaien sektorerako. Horrez gain, akordioaren ondorioz espero diren eragina, aukerak eta arriskuak zehazten dira, eta gomendioak egiten dira sektoreka, batez ere eskatzen diren erregulazio- eta ziurtapen-erronkei dagokienez.
Basque Trade & Investment-ek azterketa hori euskal enpresen eskura jarri du, eta agentziarekin harremanetan jartzera animatzen du, EB – Mercosur akordioak bakoitzaren sektorean eta negozio-ereduan duen eragin espezifikoan sakontzeko. Era berean, Brasilen eta Argentinan dituen bulegoei esker, zuzenean eta modu jarraituan laguntzen dio euskal enpresari bertatik bertara, tokiko ezagutza, Mercosurreko herrialdeen merkatura sartzeko laguntza, aukeren identifikazioa eta laguntza estrategikoa emanez.
Webinar: EB–Mercosur akordioaren analisia
Basque Trade & Investmenteko hizlarien parte-hartzearekin, EB-Mercosur akordioaren analisia: aukeren agertoki berria webinarrak Euskadiko inpaktuari eta Mercosurrekiko merkataritza-harremanen bilakaerari buruzko begirada espezifikoa eskaintzen du.
2026ko otsailaren 26an egingo da, 12:30ean, eta bertan negoziazioen egoera, onarpen-prozesua eta balizko akordioaren eduki nagusiak (erregulazio-aldaketak, arantzelarioak eta merkataritzakoak) errepasatuko ditugu, baita aplikazio-egutegia ere.
Gainera, euskal enpresentzat aurreikusitako inpaktua aztertuko da — sektore esportatzaileetan eta Mercosurren ibilbidea duten esparruetan —, eta merkataritza-estrategiari aurrea hartzeko eta egokitzeko gakoak partekatuko dira.