Ezkerretik eskuinera: Ismael Calle, Mutualia-ko Kudeaketako zuzendaria; Eva Lomas, Mutualia-ko Biomekanika Laborategiko arduraduna; Mª Mar Crespo, Mutualia-ko Prebentzio Aholkularitzako arduraduna, eta Alberto Sainz de la Maza, Mutualia-ko Prebentzio Aholkularitzako LAP teknikaria.
Berrikuntza Eraldaketa digitala
Elkarrizketak 7 urtarrila, 2020

Mutualia-k laneko gaixotasunak prebenitzeko tresna gisa aurkeztu dizkie exoeskeletoak enpresei

Euskal mutualitatearen lehentasunetako bat da exoeskeletoak maileguan ematea eta industria sektorean izan ditzaketen abantailak ezagutaraztea
-

Euskal mutualitatearen lehentasunetako bat da exoeskeletoak maileguan ematea eta industria sektorean izan ditzaketen abantailak ezagutaraztea

Laneko istripu eta gaixotasunak izan ditzaketen langileei laguntzeaz gain, mutualitateek laneko arriskuen prebentzio arloko beste zeregin batzuk egiten dituzte enpresa txikietan eta laneko istripu asko izaten dituzten edo gaixotasun profesionalen indize altua duten konpainietan. Mutualia-k, adibidez, teknologia berritzaileetan oinarritutako I+G+B-ko konponbideen aldeko apustua egin du. Horren adibide dira industria sektoreari aplikatutako exoeskeletoak. Eta, hain zuzen, exoeskeletoak hartu ditugu hizpide Mutualia-ko Mari Mar Cresporekin (Prebentzio Saileko arduraduna) eta Alberto Sainz de la Mazarekin (Laneko Arriskuen Prebentzioko teknikaria).

 

Nolako exoeskeletoak daude gaur egun?

Mutualia-n dauzkagunak industriara bideratuta daude. Badaude arlo militarrean erabiltzen direnak, osasun arlokoak eta industrialak. Azken horien barruan ekipo mota desberdinak daude, batzuek energia darabilte eta besteek ez. Lehenengoek bateria elektrikoak dauzkate eta horien bidez lortzen dute mugimendua eragiteko energia, baina astunagoak eta garestiagoak dira, eta bateriak nahiko maiz kargatu behar izaten dira. Bigarrenek, alegia Mutualia-n dauzkagunek, ez dute bateriarik, eta sinpleagoak eta merkeagoak dira.  Bi motatako exoeskeletoak dauzkagu: bizkarraldeak indarra egin behar duenean laguntzen dutenak, eta besoak jasota egin behar diren lanetan laguntzen dutenak.

 

Zein abantaila eskaintzen dizkiete exoeskeletoek enpresei?

Exoeskeletoak aukera ona izan daitezke zenbait postutako lan-baldintzak hobetzeko, baina kontuan hartu behar da ez dutela balio denetarako. Ezer baino lehen, ongi aztertu behar da zein lanpostutan inplementatu nahi den eta zein eragozpen fisiko egon litezkeen. Era berean, kontuan hartu behar da langileak prest dauden halako gailuak erabiltzeko. Ezin dira langileak behartu. Horrez gain, garrantzitsua da jakitea exoeskeletoak ez direla erabiltzen gehiago ekoizteko edo karga zamatsuagoak mugitzeko. Beren helburua ez da produktibitatea handitzea, baizik eta langileen nekea eta akidura murriztea eta lesioak saihestea.

 

Helburutzat hartu duzue exoeskeletoen abantailak ezagutaraztea eta, hori dela eta, maileguan utzi dizkiezue hainbat enpresari erabil ditzaten. Zein da zuen balorazioa?

Urtebete igaro da lehen exoeskeletoak erosi genituenetik, eta  prozesu honek denbora eskatzen du. Maileguan utzi dizkiegu enpresei eskatu dizkigutenean. Batzuek probatu dituzte, ikusi dituzte abantailak eta desabantailak, eta erabaki dute erostea ala ez erostea. Guk ez ditugu exoeskeletoak saltzen, soilik mailegatu. Gero, enpresa batek erosi nahi baditu, harremanetan jar liteke saltzaileekin. Guretzat esperientzia hau baliagarria izango litzateke lortuko bagenu bizkarraldeko edo sorbaldetako lesioek eragindako absentismoa murriztea edo langilea gustura egotea ekipoa erabiltzean. Dena den, arrakasta etorkizunean iritsiko da. Oraindik goizegi da esperientzia hau baloratzeko.

 

Nolako harrera izan du exoeskeletoen abantailak ezagutarazteko proiektu honek enpresen artean?

Exoeskeletoek harrera ona izaten dute, enpresei asko gustatzen zaizkie, baina konplikatua da gailu hauek martxan jartzea, konpainiek ez dituztelako ondo ezagutzen eta ez dakitelako benetan egokiak diren ala ez lanpostu zehatz baterako. Adibidez, bizkarraldeko exoeskeletoa aproposa da kargak manipulatzeko, baina ez du balio langileak maiz makurtu behar badu edo orgatila batean edo beste ibilgailu batean ibili behar badu. Horrelakoetan, langileak denbora guztian ibili beharko luke exoeskeletoa janzten eta eranzten, eta hori gogaikarria da. Kontua ez da ez litzatekeela ona izango, baizik eta aproposa dela beste lanpostu mota batzuetarako. Enpresa batzuek ezin izan dituzte inplementatu, ez zirelako ongi egokitzen lanpostura. Gure helburua da enpresei exoeskeletoen mundua hurbiltzea, kontzeptuarekin ohitzen has daitezen. Eskura jartzen dizkiegu probatu eta ezagutu ditzaten.

 

Zein urrats gehiago ari zarete ematen exoeskeletoen arloan?

Exoeskeletoen arloa gure lehentasunetako bat da. Maileguan utziko dizkiegu enpresei eta, horrezaz gain, laguntza eskainiko diegu inplementatzeko. Laguntasuna eskaini nahi diegu tresna hauek ongi ezagutzen dituzten profesionalekin, zeintzuek gomendioak emango baitizkiete jakin dezaten nola erabili behar diren, nola aukeratu behar den tresnak probatuko dituen jendea, eta nola egin behar diren probak lanpostutik kanpo, tresnak bertan erabiltzen hasi baino lehen.

 

Bestalde, lanean gabiltza Tecnalia-rekin horrelako ekipoetan sentsoreak jartzeko, eta horrela aztertzeko nola erantzuten dion gorputzak exoeskeletoaren erabilerari. Gaur egun ez dago azterlan kontrastatu edo zabaldurik exoeskeleto mota desberdinek industria sektorean duten inpaktua ezagutzeko, eta horixe da Tecnalia-rekin batera egiten ari garen lanaren helburua. Abantailak kuantifikatu nahi ditugu, jakin exoeskeletoen erabilerak ondorioak ote dituen karga gorputzeko beste eremu batzuetara eramateagatik, eta kuantifikatu nahi dugu, orobat, epe luzean zein ondorio dituen langilearen osasunean.

 

Exoeskeletoez aparte, beste zein teknologia aplikatzen dituzue Mutualia-n laneko arriskuen prebentziorako?

Bilboko klinikan badugu biomekanikako laborategi bat, aitzindaria Espainian eta Europa osoan. Kamerak eta sentsoreak erabiliz, gai gara ahalegin zehatz batzuek bizkarraldean edo lepoaldean duten inpaktuarekin lotutako parametro desberdinak neurtzeko.

 

Halaber, antzeko beste sistema bat daukagu mugimenduak atzemateko gorputz-adarretan kokatutako sentsoreekin, zeina baliagarria baita gorputz, lepo, buru edo goialdeko gorputz-adarren abiadura, azelerazioa eta posizioa identifikatzeko. Informazio horrekin posible da lanpostu zehatz bateko ahaleginak aztertzea edo artikulazioen mugimenduekin lotutako patologia baten jatorria identifikatzea.

 

Badaukagu orobat adin simulagailu bat. Pertsona batek soinean jartzen duenean, dituenak baino urte gehiago dituela simulatzen du artikulazioen mugikortasuna, zentzumenak, ikusmena edo ukimena aldatuz. Simulagailuak zamadun elementuak ditu, zeintzuek mugitzea eragozten baitute jakiteko erabiltzaileak nolako mugikortasuna izango duen etorkizunean, adibidez objektu bat hartzean, zerbait manipulatzean edo aulkitik altxatzean. Simulagailu horren bidez jakin nahi da zeintzuk diren pertsona nagusien mugak, lanpostuak ebaluatu edo egokitzeko.

 

Gainera, gure kliniketako medikuek tabletak erabiltzen dituzte pazienteak ebaluatzeko. Tablet horietan agertzen dira bizi-konstanteak, medikazioa, tratamendua, eta baita ere lesio edo zaurien argazkiak, eboluzioa jarraitu ahal izateko. Zerbitzu horri esker,  2018an Euskalit-en Kudeaketa Aurreratuko Euskal Saria jaso dugu Bezeroen atalean.

Lotutako albisteak

Dinam-ek  teknologia  berriak  erabiltzen  ditu  lurzoruan  eta  lur  azpiko  ur  kutsatuetan  aritzeko
20/03/2026 Berrikuntza

Dinam-ek teknologia berriak erabiltzen ditu lurzoruan eta lur azpiko ur kutsatuetan aritzeko

Enpresa bizkaitarrak 20 urte baino gehiagoko esperientzia du, eta 3.000 proiektu baino gehiago gauzatu ditu. Ingurumen-zerbitzu ugari eskaintzen ditu.

Alberdi,  beti  mugimenduan  dagoen  mekanizazioko  enpresa  txiki  eta  ertaina

Alberdi, beti mugimenduan dagoen mekanizazioko enpresa txiki eta ertaina

Azkoitiko enpresak 5.000 pieza-erreferentzia baino gehiago eskaintzen ditu

DHL  Express  Forondaren  aldeko  apustua  amaitzen  ari  da  mantentze  aeronautikoko  hangar  berri  batekin
18/03/2026 Berrikuntza

DHL Express Forondaren aldeko apustua amaitzen ari da mantentze aeronautikoko hangar berri batekin

Multinazional logistikoak 40 milioi euro inguru inbertituko ditu azpiegitura berri batean, eta horri esker, Gasteizko huba Europako sareko nodo estrategikoetako bat izango da

Bronymecek  polimeroen  ingeniaritzan  duen  espezializazioa  sendotu  du,  fabrikazio  gehigarria  eta  doitasunezko  mekanizazioa  integratuz

Bronymecek polimeroen ingeniaritzan duen espezializazioa sendotu du, fabrikazio gehigarria eta doitasunezko mekanizazioa integratuz

Gipuzkoako enpresak, BIND SME 2025 programaren 5. edizioan parte hartzen duenak, bere ingurune industrial zorrotzetara egokitutako irtenbide tekniko aurreratu, jasangarri eta egokituen aldeko apustua indartu du.

CDigitalizazioaren  eta  automatizazio  industrialaren  integratzaile  gisa  izandako  eboluzioa  finkatu  du  Cefaluxek

CDigitalizazioaren eta automatizazio industrialaren integratzaile gisa izandako eboluzioa finkatu du Cefaluxek

Arabako enpresak Hipalux software-ekosistema sustatu du eta sektore estrategikoetan duen posizionamendua indartu du, besteak beste, uraren eta azpiegitura adimendunaren sektoreetan

Zubiolak  doitasun  handiko  ebaketa-erremintak  garatzen  ditu  industria-sektore  zorrotzetarako
13/03/2026 Berrikuntza

Zubiolak doitasun handiko ebaketa-erremintak garatzen ditu industria-sektore zorrotzetarako

Gipuzkoako kooperatibak diamante polikristalinoan (PCD) oinarritutako irtenbideak diseinatzen ditu, mekanizazio industrialeko prozesuen eraginkortasuna eta kalitatea hobetzeko.

Manufacturas  Marpe,  zurezko  materialak  banatzen  eta  fabrikatzen  dituen  ETEa

Manufacturas Marpe, zurezko materialak banatzen eta fabrikatzen dituen ETEa

Azpeitiko enpresak salmenten % 20 atzerrian egiten ditu

Enkarterriko  trokelgintzak  40  urte  ospatu  ditu  eskakizun  handiko  industria-hornitzaile  gisa
10/03/2026 Berrikuntza

Enkarterriko trokelgintzak 40 urte ospatu ditu eskakizun handiko industria-hornitzaile gisa

Bizkaiko konpainia bere 2026–2029 Plan Estrategikoa sustatzen ari da, SPRI Taldearen Enpresa Digitala eta Hazinnova programen babesarekin.

EXOM  Engineering-ek  erronka  industrialak  lantzen  ditu  laser  teknologiaren  bidez
06/03/2026 Berrikuntza

EXOM Engineering-ek erronka industrialak lantzen ditu laser teknologiaren bidez

Enpresa bizkaitarrak soldadura eta gainazal-tratamenduko soluzioak garatzen ditu, fotonika, automatizazioa eta aplikazio industrial espezializatuetarako softwarea integratuz.

Ikale  Consulting  enpresak  mikro  eta  enpresa  txiki  industrialentzako  dirulaguntzak  tramitatzen  ditu

Ikale Consulting enpresak mikro eta enpresa txiki industrialentzako dirulaguntzak tramitatzen ditu

Eibarko enpresak SPRI Taldearen laguntza jaso du Gaitasun Digitalak programatik, eta zerbitzu berriak eskaintzea aurreikusten du

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.