Enpresaren fundatzaile eta egungo zuzendari nagusi Fermín Ollora.
Berrikuntza
Elkarrizketak 12 Marzo, 2020

Stansol Energy enpresak Estatuko ur gaineko parke fotovoltaiko handiena inauguratu du

Stansol Energy neurrira eginiko egitura fotovoltaikoen eraikuntzan espezializatuta dago
-

Stansol Energy neurrira eginiko egitura fotovoltaikoen eraikuntzan espezializatuta dago

 

Energia sektoreko Stansol Energy euskal enpresak 2017an ireki zituen bere ateak energia fotovoltaikoko egiturak garatzeko. Zazpi pertsonako lantalde baten laguntzaz, egunero planifikatzen ditu egitura horiek Gasteizko Azucarera eraikinean daukan egoitzan. Enpresaren fundatzaile eta egungo zuzendari nagusi Fermín Ollorak esperientzia zabala du egitura handien sektore industrialean eta ezagutza hori baliatzen du etengabe hazten ari den sektore fotovoltaikoan. Ollorak irmoki defendatzen du sektorea, esanaz “bideragarria” eta “errentagarria” dela industriarentzat.

 

Zure ustez zein da faktore giltzarria zuen egunerokoan?

Pertseberantzia funtsezko faktorea da sektore guztietan, eta gu ez gara salbuespena. Gainera, gure kasuan, pertseberantziaren emaitzak orain ari dira iristen, azken hilabeteotan denon ahotan ibili diren araudi eta dekretuek bultzada eman dietelako jarduera honetan dabiltzan enpresei, autokontsumoa edo sorkuntza banatua egiten duten erabiltzaileei eta autokontsumora jo duten industriei, eta azken horiek funtsezkoak dira Euskadin.

 

Beraz, une honetako eszenatokia baikorra da, eguzki-ordu gutxi ditugun arren.

 Egia da Euskadin ez daukagula eguzki-ordu askorik, eta egia da ez daukagula orografia egokirik gure sektorean ohikoagoak diren beste instalazio batzuk jartzeko. Halere, milioika metro koadro dauzkagu industrien teilatuetan, eta gure fabriketako prozesuek behar duten ordu kopurua bat dator daukagun eguzki-ordu kopuruarekin, beraz, posible da ustiapen-kostuak nabarmen jaistea.

 

Zure ustez nola konpentsatu behar litzateke eguzki-ordu falta hori,  indarrak orekatu eta lehiakor izaten jarraitzeko?

 Badaukagu Energiaren Euskal Erakundea, errealitate hori primeran ezagutzen duena, zeinak laguntza handiekin osatzen baitu eguzki-ordu falta hori. Horrekin ez dut esan nahi gure sektorea dirulaguntzen menpe dagoenik, ezta gutxiagorik ere. Ikuspuntu pedagogikotik, uste dut garrantzitsua dela sektore fotovoltaikoaz ditugun usteak aldatzea, uste horiek duela hamabi edo hamabost urte zegoen teknologiari buruzkoak direlako. Gaur egungo eredua desberdina da guztiz: teknologia hobea eta askoz lehiakorragoa da, eta ez dago laguntza edo dirulaguntzen menpe; orain laguntzek beste funtzio bat dute, hau da, gizarteak geldiezina den sektore honekiko duen gogoa akuilatzea eta sustatzea.

 

Zer egiten duzue Stansol Energy-n?

Lurrari, egiturari, geometriari eta haizeari buruz dakigun guztia integratu dugu sektore fotovoltaikorako konponbide desberdinetan. Zergatik behar dira konponbide desberdinak? Konponbide mota bat beste bat baino aproposagoa delako bezero bakoitzaren premien arabera. Ohituta gaude teilatuetako konponbideak ikusten, baita ere errepide ertzetako parkeak, batzuk ardatz finkokoak eta beste batzuk eguzkiari jarraitzen diotenak, hau da, xaflak biratuz eguzkiaren argira egokitzen direnak… Baina guretzat hori ez da nahikoa. Uste dugu egunero ahalegindu behar dugula fotovoltaika inplementatzen ikuspegi sozial batetik, horregatik, bestelako konponbideak ere sortu ditugu, esaterako, markesina fotovoltaikoak edo ibilgailu elektrikoak birkargatzeko panelak… Teknologia horiek dagoeneko hemen daude, orain sistema berriak sozializatu behar dira abegikor izan daitezen, funtzionalak izateaz harago.

 

Helburu horrekin, zuen sektorean aitzindari den ur gaineko parke fotovoltaiko bat garatu eta patentatu duzue. Noiz jarriko duzue martxan?

Patentatu dugun sistema bakarra da munduan, eta berari esker eguzki-panelak instalatu ditzakegu urtegietan edo ureztapen-putzuetan, oreka maila oso altuekin eta emaitza bikainekin. Zentzu horretan, datorren apirilean hasiko gara gure teknologia erabiliko duen munduko lehen ur gaineko parkea instalatzen Caceresen. Oso proiektu konplexua izango da, munduan bakarra den konfigurazioa izango duelako. 3.000 eguzki-panel inguru instalatuko ditugu Sierra Bravako urtegian (Caceres) 1,17 MW inguruko potentziarekin (7.000 etxek urtebetean egiten duten kontsumoa). Sekulako lana izan da hori guztia prestatzea. Garatu ditugun proiektu guztietatik, hauxe da zailtasun teknologiko handienak planteatu dizkiguna, baina oso ongi laburbiltzen du gure enpresaren izatea: ez gara produktuen portfolioan oinarritua dagoen katalogoko konpainia bat, baizik eta bezeroaren premiei entzuten dien enpresa bat, saiatzen dena konponbide egokiena ematen kualitatiboki eta kuantitatiboki.

 

Zein da zuen enpresaren balio bereizgarria?

Bi aipatuko nituzke: erabiltzen ditugun ingeniaritza-prozesuak, eta metalezko eraikuntza-proiektu handien zuzendaritzan dugun esperientzia zabala, bai Estatuan eta bai nazioarteko merkatuetan.

 

Kontuan izanik duela hamar urte burbuila fotovoltaikoa lehertu zela, zergatik uste duzu orain bizi dugun errealitate hau geratzeko etorri dela?

Oraingo produkzio fotovoltaikoaren kostuak ez daukalako zerikusirik ordukoarekin. Gaur egun, produkzio-kostuak duela hamar urte baino zortzi aldiz merkeagoak dira gutxi gorabehera. Bestalde, panel fotovoltaikoen kostua ere txikiagoa da, eta prezioak asko jaitsi dira, sistema fotovoltaiko baten parte diren balio-kateko osagai guztienak bezalaxe. Eta, hirugarrenik, gaur egun badago segurtasun juridiko bat, Estatuko eta Europako araudiek markatzen dutena. Munduak, Europak eta Euskadik 2050erainoko epea daukagu klima aldaketaren aurkako borrokan helburu batzuk (urte horretarako erregai fosilik ez kontsumitzea, besteak beste) erdiesteko, eta ziztu bizian egokitu behar dugu egoera horretara.

 

Duela gutxira arte, energia-sorkuntza multinazional gutxi batzuen esku zegoen, baina duela denbora batetik hona, badirudi “demokratizatu” egin dela, bai erabiltzaileentzat eta bai enpresentzat…

Hala da bai, egia da. Une honetan, edozein herritarrek edo edozein enpresak instala dezake autokontsumorako behar duen potentzia.  Eta horrek badu irakurketa positibo bat: sektorean jaun eta jabe ziren energia arloko enpresa handiek ulertu dute atzera bueltarik gabeko bidea ibiltzen ari garela, eta horregatik, paper proaktiboa hartu dute fotovoltaikarekin lotutako proiektuen sorkuntzan. Azken urteotan hainbat zailtasun gainditu behar izan dira, baina erregelamendu eta araudiek bide berri hori markatu dute, eta enpresak benetan modu proaktiboan jokatzen ari dira. Eta ez bakarrik energia-enpresa tradizionalak, baita ere erregai fosilen sektoretik datozen konpainiak, dagoeneko berrasmatuta edo horretarako bidean daudenak.

 

Lehia gehiago, beraz. Hori hobea da erabiltzailearentzat?

Esango nuke hobea dela denontzat. Lehiak hobetu egiten gaitu, eta horrek eragina du azken erabiltzailearengan, izan industria bat edo izan erabiltzaile partikular bat.

 

Stansol Energy enpresak lau urte bete ditu. Nahi zenuten tokian zaudete une honetan?

Horretan, ez dago asmatzerik. Baina, oro har, ongi goaz, ibilbide-orriari jarraitu diogu, eta finkatu genituen helburuak betetzen ari gara. Ikusten ari naizena da inoiz pentsatu gabeko ildo paraleloak irekitzen ari direla, eta horrek esan nahi du, epe laburrean, osagarri garrantzitsua izango direla gure enpresarentzat.

Lotutako albisteak

CHgroup,  inbertsio  funtsentzako  sukalde  industrialak  eta  trenentzako  kafetegi-kotxeak  saltzen  dituen  enpresa  donostiarra
20/01/2026 Berrikuntza

CHgroup, inbertsio funtsentzako sukalde industrialak eta trenentzako kafetegi-kotxeak saltzen dituen enpresa donostiarra

Konpainia 1969an hasi zen kafe makinak eta labeak txokoei saltzen, eta bi konpainia erosi ditu hazten jarraitzeko

Pinturas  del  Norte:  sei  hamarkada  baino  gehiago  espezializatzen,  berritzen  eta  lurraldearekiko  konpromisoa  hartzen
16/01/2026 Berrikuntza

Pinturas del Norte: sei hamarkada baino gehiago espezializatzen, berritzen eta lurraldearekiko konpromisoa hartzen

Bilboko enpresak erakusten du posible dela gertutasunetik lehiatzea, ezagutza teknikoari eta berrikuntzari esker.

Bombas  Trief,  industria  digitalizatu  bihurtutako  tailerra

Bombas Trief, industria digitalizatu bihurtutako tailerra

Erandioko enpresak SPRI Taldearen hainbat dirulaguntza baliatu ditu bere modernizaziorako

Deguisak  erreketako  eta  material  erregogorren  ingeniaritzan  duen  lidergoa  indartu  du  Amurriotik
23/12/2025 Berrikuntza

Deguisak erreketako eta material erregogorren ingeniaritzan duen lidergoa indartu du Amurriotik

1966an sortutako familia-enpresa honen zuzendari nagusia Beatriz Barandica da, eta industria-ingurune konplexuan tokiko produkzioaren aldeko apustuari eusten dio

Axiak  hamarkada  bat  darama  enpresentzako  “elearning”  irtenbideak  eskaintzen
23/12/2025 Berrikuntza

Axiak hamarkada bat darama enpresentzako “elearning” irtenbideak eskaintzen

Bizkaiko enpresak lantaldeak eraldatzen laguntzen dio enpresa-sareari, prestakuntzaren eta aholkularitza espezializatuaren bidez.

HA  Ilarduya,  galdategietarako  lehengaien  hornitzaile  liderra
22/12/2025 Berrikuntza

HA Ilarduya, galdategietarako lehengaien hornitzaile liderra

Ehun urte baino gehiago bete ditu Zornotzako enpresa honek eta SPRI Taldearen Hazinnova programako laguntzak jaso ditu. HA Group multinazionalaren I+G arloko bederatzi zentroetako bat dago bertan.

Elursa,  doitasunezko  mekanizazioan  espezializatutako  ETEa
17/12/2025 Berrikuntza

Elursa, doitasunezko mekanizazioan espezializatutako ETEa

Bergarako enpresak negozioa dibertsifikatu nahi du automobilgintzaren sektorearekiko mendekotasun txikiagoa izan dezan

Electro  Alavesa:  “Errotzea  ez  da  diluituko;  betiko  gertutasun  berarekin  jarraituko  dugu  lanean”
15/12/2025 Berrikuntza

Electro Alavesa: “Errotzea ez da diluituko; betiko gertutasun berarekin jarraituko dugu lanean”

Leire Fernández de Alaiza da berriki Cottesekin integratu den Euskadiko Segurtasun sektoreko enpresa horren zuzendari nagusia.

Irisgarritasun  unibertsala:  Euskaditik  lehiakortasuna  bultzatzen  duen  konpromisoa
13/12/2025 Berrikuntza

Irisgarritasun unibertsala: Euskaditik lehiakortasuna bultzatzen duen konpromisoa

Irisgarritasuna ez da estandar bat gehiago. Espazioek eta zerbitzuek denontzat hobeto funtzionatzea da

Bilakatu  berrikuntza  irekiaren  aldeko  apustua  egiten  du  enpresa-kudeaketarako  eredu  gisa
11/12/2025 Berrikuntza

Bilakatu berrikuntza irekiaren aldeko apustua egiten du enpresa-kudeaketarako eredu gisa

Bizkaiko enpresa 2022an sortu zen, eta konpainiei kanpoko beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzeko eta ezagutzak trukatzeko aukera ematen dieten ekosistemak diseinatzen, aktibatzen eta orkestratzen ditu.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.