Borja Zárraga.
Berrikuntza
Elkarrizketak 28 Marzo, 2022

Haizea Wind: “Sektore eolikoa eta, batik bat, off shore sektorea indartuta aterako dira krisi honetatik”

Borja Zárragak, itsas dorre eoliko handien Europako fabrikatzaile nagusiaren CEO-ak, aurreikusten du 100 milioi euroko inbertsioa egitea Euskadi sektore eolikoaren abangoardian kokatzeko.
-

Haizea Wind 2017an sortutako talde industrial bat da, aerosorgailuentzako metalezko egitura handien diseinu, fabrikazio eta muntaian eta material urtuzko osagaietan espezializatua dagoena. Bilboko Portuan du bere egoitza zentrala, baina, horrez gain, presentzia du Agurain, Itziar eta Aranda de Dueron, eta orobat ezarpenak ditu Argentinan eta Frantzian. Hala, itsas dorre eoliko handien Europako fabrikatzaile garrantzitsuena da gaur egun. Energia arloan bizi dugun testuinguru ziurgabea gorabehera, euskal talde honek ibilbide-orri anbiziotsu bat prestatu du datozen urteetarako, zeinaren arabera 100 milioi euroko inbertsioa egingo baitu Euskadi sektore eolikoaren abangoardian kokatzeko. Haizea Wind-eko zuzendari nagusi Borja Zárragak baieztatu duenez, helburua da besteak beste Bilboko Portuko instalazioak bikoiztea XXL tamainako off shore dorre eolikoak fabrikatzeko. Proiektu horrek lau urteko lan-karga bermatuko die (dagoeneko jakinarazi dute 350 pertsona kontratatu beharko dituztela) eta 700 milioi euroko diru-sarrerak ekarriko dizkie.

Uste duzu Ukrainiako gerrak behin betiko aldatuko dituela energia sektoreko mundu mailako joko-arauak?

Inflexio-puntu bat izan liteke. Argi geratu da energia arloan menpekotasun handia dugula beste herrialde batzuekiko eta, beraz, kalteberak garela beste eskualde batzuetan gertatzen diren egoeren aurrean. Oso zaila da Errusia bezalako herrialdeei zigorrak jartzea, kontuan izan behar baita EBko herrialde gehienok haren energia-baliabideen eta lehengaien menpe gaudela neurri handiago edo txikiagoan. Ahultasun hori gutxitu nahi badugu, ezinbestekoa da inbertsioak egitea eta gure baliabideak aprobetxatzea, esaterako haizea eta eguzkia. Badauzkagu energia-iturriak, eta horiei probetxua ateratzeko behar ditugun teknologiak eta industria. Horregatik, oraintxe da unea energia eolikoaren eta antzeko beste sistema batzuen aldeko apustua egiteko.

Krisi honen inguruan gertatzen ari den guztia kontuan hartuta, nolakoa izango da Euskadiren argazkia epe laburrean?

Epe laburrean egoera oso gogorra izan liteke euren jardueretan energiaren erabilpen estentsiboa egiten duten sektore eta industrientzat. Azken hilabeteotan ikusi dugu argindarraren eta erregaien kostuak etengabe igotzen ari direla, eta horrek azkenean zuzenean edo zeharka eragina du jarduera guztietan. Euskadiko industriak tirabira handiko uneak bizi ditu. Oraintxe da momentua enpresa ekimenei laguntzeko, eta mota guztietako eragileek (hasi Gobernutik eta gizarte eragile guztietara iritsiz) gure industria babestu dezaten.

Esku artean duzun informazioaren arabera, uste duzu itsasoko sektore eolikoaren merkatua ere kaltetua izango dela?

Epe laburrean nabaritu dezake krisiaren eragina, bai horniduran, bai lehengaien eskasian edo baita ere produkzio-kostuen igoeran, baina ziur gaude sektore eolikoa -eta, zehazki, itsasokoa- indartuta irtengo dela krisi honetatik. Europar Batasunak jada jakinarazia zuen energia sektorea -eta zehazki sektore eolikoa- zela COVIDaren ondorengo krisitik irteteko bideetako bat. Uste dut estrategia hori are gehiago landuko dela Europarako autonomia energetikoaren beharra dela medio, eta beraz itsasoko sektore eolikoak bultzada gehigarri bat jasoko duela.

Danimarkako Orsted konpainiak zuek aukeratu zaituzte XXL mono-piloteak ekoizteko, hau da, aerosorgailuak itsas hondora finkatzeko erabiltzen diren altzairuzko egitura handiak fabrikatzeko. Zer ekarri dio kontratu handi horrek Haizea Wind enpresari?

Zalantzarik gabe, mugarri esanguratsua izan da guretzat. Kontuan izan Orsted itsas energia eolikoaren sektoreko munduko operatzaile liderretako bat dela eta helburutzat duela 2025erako “neutrala izatea karbonoan”. Kontratu honi esker, munduko erreferente gisa finkatuko gara itsas energia eolikorako dorre eta zimenduen fabrikazioan. Horretarako ari gara lanean gure enpresaren sorkuntzatik, beraz, kontratu hau sekulako aitortza da Haizea osatzen dugun guztiontzat.

Non ikus dezakegu Haizea Wind Group-en arestiko proiekturen bat?

Proiektu garrantzitsuak egin ditugu, hala nola East Anglia (Erresuma Batua), Borselle (Holanda), Hornsea (Erresuma Batua) Seamade (Belgika), Formosa (Taiwan), St. Nazaire (Frantzia) eta Hywind (Norvegia). Orain dorre eolikoak fabrikatzen ari gara Europako itsas proiektu garrantzitsuenentzat, besteak beste hauentzat: Dogger Bank (Erresuma Batua), munduko parke eoliko handiena dena, eta HKZ (Herbehereak).

Bilboko Portuko instalazioak bikoiztu nahi dituzuela diozunean, zer esan nahi duzu zehazki?

Batetik, gure lantegiaz ari naiz, gure tailerraz. Gaur egun 50.000 m2 inguru ditu, eta akordio honen bidez 100.000 m2-ko azalera gaindituko dugu (15 futbol zelai inguru). Gainera, nabe berriak zertxobait handiagoak izango dira, horrela gai izango gara tamaina handiagoko zimenduak egiteko eta egungo zein etorkizuneko bezeroen premiak asetzeko. Bestalde, zabalkuntza horren bidez plantilla ere ia bikoiztu egingo da. Gaur egun ia 400 langile ditugu, eta espero dugu 350 langile berri sartuko direla lantaldean.

Fisikoki nolakoak dira zuen dorreak?

Gure dorreak nolakoak diren ongi ulertzeko, lehenbizi azaldu behar da dorre eoliko batek hiru zati dituela: top, hots, goialdean doan zatia; middle edo dorrearen erdiko sekzioa; eta bottom, azpialdekoa. Zatiak bereizita fabrikatzen dira, eta dorrea muntatzean batzen dira parke eolikoan bertan. Ez dira guztiz zilindrikoak. Top zatia beti izango da bottom zatia baino estuagoa. Hala, esango genuke kono-enbor formakoak direla. Gaur egun, tarte horiek 6-8 metro bitarteko diametroa dute, eta 30 metro inguruko luzera. Aitzitik, dorre horientzako urpeko zimendu berriak tarte bakarrean fabrikatzen dira, eta 100 metro inguruko luzera eta 10-11 metroko diametroa dute. Metalezko egitura erraldoiak dira, eta munduan oso konpainia gutxi daude gai direnak halako dorreak seriean ekoizteko.

Belaunaldi berriko aerosorgailuak diozunean…

Aerosorgailu hauen potentzia etengabe doa hazten, gaur egun 10-12 MW ingurukoa da, baina espero da epe laburrean 14-15 MW-ra iristea, eta etorkizunean 20 MW-ra. Horretarako ezinbestekoak dira dorre eta zimendu handiagoak, aerosorgailuari egonkortasuna emateko. Horregatik, gure instalazio berria gai izango da bezeroek bospasei urte barru beharko dituzten egitura horiek hartzeko.

Lotutako albisteak

Enkarterriko  trokelgintzak  40  urte  ospatu  ditu  eskakizun  handiko  industria-hornitzaile  gisa
10/03/2026 Berrikuntza

Enkarterriko trokelgintzak 40 urte ospatu ditu eskakizun handiko industria-hornitzaile gisa

Bizkaiko konpainia bere 2026–2029 Plan Estrategikoa sustatzen ari da, SPRI Taldearen Enpresa Digitala eta Hazinnova programen babesarekin.

EXOM  Engineering-ek  erronka  industrialak  lantzen  ditu  laser  teknologiaren  bidez
06/03/2026 Berrikuntza

EXOM Engineering-ek erronka industrialak lantzen ditu laser teknologiaren bidez

Enpresa bizkaitarrak soldadura eta gainazal-tratamenduko soluzioak garatzen ditu, fotonika, automatizazioa eta aplikazio industrial espezializatuetarako softwarea integratuz.

Nabla  Wind  Hubek  nazioarteko  parke  eolikoen  bizitza  erabilgarria  luzatzen  jarduten  du  Gasteiztik

Nabla Wind Hubek nazioarteko parke eolikoen bizitza erabilgarria luzatzen jarduten du Gasteiztik

Ingeniaritza eolikoaren talde independenteak eredu aeroelastikoak, egituren azterketa eta zerbitzu aurreratuak uztartzen ditu martxan dauden parkeetan aktiboak optimizatzeko eta arrisku teknikoak murrizteko.

Olatu  Berdea  Mobility:  datuak  eta  adimen  artifiziala,  lantokirako  mugikortasuna  kudeatzeko  modu  berri  baten  zerbitzura
12/02/2026 Berrikuntza

Olatu Berdea Mobility: datuak eta adimen artifiziala, lantokirako mugikortasuna kudeatzeko modu berri baten zerbitzura

Gipuzkoatik, kooperatibak soluzio integral bat garatzen du, enpresei laguntzen diena araudia betetzetik benetako eraldaketara igarotzen.

Ismael  Igartua  (Galbaian):  “Patenteak  erabili  behar  ditugu  gure  balio-proposamena  babesteko”
11/02/2026 Berrikuntza

Ismael Igartua (Galbaian): “Patenteak erabili behar ditugu gure balio-proposamena babesteko”

La compañía de origen guipuzcoano acompaña a empresas industriales, centros tecnológicos y universidades en la gestión estratégica de la propiedad industrial e intelectual para proteger la innovación y reducir riesgos.

Draxton  Atxondok  aurrerapausoak  eman  ditu  instalazioaren  modernizazioan  eta  bere  industria-gaitasunen  errefortzuan
11/02/2026 Berrikuntza

Draxton Atxondok aurrerapausoak eman ditu instalazioaren modernizazioan eta bere industria-gaitasunen errefortzuan

Marta Ratonek zuzentzen duen fabrikak industriako inbertsioan, efizientzia operatiboan eta talentuaren garapenean jartzen du arreta epe ertaineko estrategiaren ardatz gisa

Uraldi,  lurrunaren  kontrako  lehen  sistema  automatikoa  diseinatu  duen  ispilu  teknologikoen  fabrikatzailea
04/02/2026 Berrikuntza

Uraldi, lurrunaren kontrako lehen sistema automatikoa diseinatu duen ispilu teknologikoen fabrikatzailea

Busturiako enpresak SPRI Taldearen Hazinnova programaren laguntza jaso du eta bere ispiluetan LED argiztapena, Bluetooth® bozgorailuak edo ukipeneko sakagailuak eskaintzen ditu

Manufacturas  GESek  bizikleta  eta  motoetarako  35.000  produktu-erreferentzia  baino  gehiago  eskaintzea  aurrez  ikusi  du
29/01/2026 Berrikuntza

Manufacturas GESek bizikleta eta motoetarako 35.000 produktu-erreferentzia baino gehiago eskaintzea aurrez ikusi du

Ermuko enpresak SPRI Taldearen Hazinnova programaren laguntza jaso du eta aulki eta eserlekuetan espezializatuta dago

Jeremias,  urtean  % 10etik  gorako  hazkundea  izan  duen  tximinien,  hodien  eta  aireztatze-sistema  mekanikoen  fabrika
26/01/2026 Berrikuntza

Jeremias, urtean % 10etik gorako hazkundea izan duen tximinien, hodien eta aireztatze-sistema mekanikoen fabrika

Iurretako enpresak SPRI Taldearen Hazinnova programaren dirulaguntza jaso du eta erdia baino gehiago atzerrian saltzen du

Mecanizados  Vitoria,  Europako  hegazkintza  berriaren  zerbitzura  dagoen  ingeniaritza
22/01/2026 Berrikuntza

Mecanizados Vitoria, Europako hegazkintza berriaren zerbitzura dagoen ingeniaritza

Ismael Carlos de Bergara da aeronautikako tresnerian espezializatutako Euskadiko ETE honen sortzailea eta Airbus eta Boeingen proiektu estrategiko berrietan hartu du parte

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.