Berrikuntza Ekintzailetza I+G+B
Elkarrizketak 16 uztaila, 2020

Biolan, “Ezkutuko txapelduna” bio-sentsoreen arloan

Biolan euskal enpresa bioteknologikoa, bi milioi euroko inbertsioa egin berri duena Zamudioko bere laborategiak hobetu eta handitzeko, Covid19a detektatzen duen test serologiko ultra-azkar bat bukatzen ari da
-

 

Biolan euskal enpresa bioteknologikoa, bi milioi euroko inbertsioa egin berri duena Zamudioko bere laborategiak hobetu eta handitzeko, Covid19a detektatzen duen test serologiko ultra-azkar bat bukatzen ari da

 

Hamar minutu. Horixe behar du Biolan Health test serologikoak Covid19az kutsatutako kasuak detektatzeko. Denbora estratosferikoa da merkatuan dauden antzeko beste produktu batzuen aldean, eta Zamudioko laborategietan osoki garatzen ari den proiektu baten emaitza da. Aurreikuspenak betetzen badira, baliteke aurten bertan merkaturatzea. Konpromiso hori hartu du ezkutuko txapeldun honek, bio-sentsoreen fabrikazioko mundu mailako liderrak, zeinari nahiko ondo doazkion gauzak, egungo egoera nahasia gorabehera. Bizkaiko Zientzia eta Teknologi Parkean dauzkan instalazioak handitu berri ditu, eta % 20 inguruko hazkundearekin itxi du urtearen lehen seihilekoa. Gainera, denbora-tarte horretan % 10 handitu du bere plantilla. Asier Albizu zuzendari nagusiaren esanetan, nazioarteko erreferentea da elikaduraren analitikan bere zehaztasunagatik, azkartasunagatik eta fidagarritasunagatik, eta bere produktuen % 80 esportatzen du 55 herrialde baino gehiagotara.

 

Zein testuingurutan sortu zen Biolan?

Biolan I+G-n lan egiten duten hiru erakunderen arteko lankidetzaren fruitua izan zen; hiruren helburu nagusia zen bio-sentsoreen teknologia garatzea arlo teknologiko desberdinak uztartuz: bio-teknologia, elektrokimika eta elektronika.

 

Nondik eta zergatik sortu zen ideia?

Ekimen teknologikoari gehitu zitzaion inbertitzaile talde baten asmo enpresariala: elikadura sektorera bideratutako aplikazio teknologikoak lortzea (hasieran ardogintza eta mahastizaintzara zuzendu zen ekimena), ibilbide luzea izan zezakeen esparru batean negozio lehiakor bat sortzeko eta horrela elikagaien kontrolaren esparruko premia ugariei erantzuteko.

 

Zein da enpresaren jarduera?

Metodo analitiko tradizionalen konponbide alternatiboak eskaintzen ditugu elikagaien segurtasuna eta kalitatearen kontrola bermatzeko bio-sentsore elektrokimikoak erabiliz.

 

Zer dira bio-sentsoreak eta zertarako balio dute?

Bio-sentsore bat da interesatzen zaizkigun molekulak neurtzeko ekipo bat; gure kasuan, elikaduraren industrian, adibidez atunaren kalitatea neurtzen dugu histamina-maila analizatuz, hori baita atunaren edo beste edozein arrain urdinen kalitatea markatzen duena. Hori guztia legez araututa dago elikadurako segurtasunaren esparruan, baina, horrez gain, atunaren prezioa finkatzeko ere balio du. Bio-sentsoreek badute beste aplikazio garrantzitsu bat: itsaskien sulfitoa neurtzea. Izan ere, kontserbatzaile horrek itsaskian duen kontzentrazioa ere araututa dago, eta azken urteotan elikagaien alerta-iturri handienetako bat da hirugarren herrialdeetatik Europara eginiko inportazioetan. Gure bio-sentsorea oinarrizko aliatua da mundu mailako izkira ekoizle handientzat.

 

Zure ustez zein da horrelako garapenen balio bereizgarria?

Gure bio-sentsoreak tresna paregabeak dira, prestazio handiak dituzte eta prozesu nahiz produktuen monitorizazioan aplikatu daitezke. Baina gure ekipoaren abantaila nagusia da oso erantzun azkarra ematen duela, gai baita analisien emaitzak bi minutuan emateko. Abantaila horri gehitzen bazaizkio zehaztasun handia, erabiltzeko erraztasuna eta kostu baxua, esan liteke oso konponbide abantailatsua dela gure bezeroentzat.

 

Eta zuek mundu mailako erreferente zarete horretan…

Mundu mailako liderrak gara merkatu-nitxo zehatz honetan -alegia, elikaduraren munduan-, histamina, sulfitoa eta abar neurtzeko. Halaber, badugu presentzia ardoaren munduan, bai eta esne eta esnekienean, non lehiatzaile gehiago baitaude, baina halere mundu mailako liderrak gara elikadurako azpi-sektore horietan.

 

Zuek ere zuen negozioaren zati bat birbideratu behar izan duzue pandemiaren ondorioz?

Duela lau urte sortu genuen Biolan Health, Osasun arlora zuzendutako gure dibisioa, zeinetan funtzionaltasun bereizgarri batzuk garatzen ditugun, esaterako, interesatzen zaizkigun molekulen neurketa fluxu biologikoan, odolean, gernuan edo listuan. Eta hasieratik ari gara SARS-CoV-2 detektatzeko test serologiko bat garatzen. Gaitzak egoera tragikoa eragin badu ere, gure kasuan bultzada bat izan da araudi mailan hain konplexua den Osasun dibisio hori indarberritzeko, oso zaila baita baldintzak betetzen direla egiaztatzea.

 

Bultzada zein zentzutan?

Oro har, koronabirusak laburtu egin ditu garapen eta exekuzio epeak. Izan ere, duela egun batzuetatik prest gaude testak egiteko, eta espero dugu urtea bukatu baino lehen merkaturatuko ditugula.

 

Zergatik zarete bereziak merkatuan dauden beste batzuen aldean?

 Bi gauzagatik: espezifikoagoak eta azkarragoak garelako. Bi alderdi horiek funtsezkoak dira test honen kasuan, emaitzak 10 minutu baino gutxiagoan lortzen direlako, izugarri azkar alegia, eta positibo faltsuak saihesten direlako.

 

ETE ertain bat izanik, nola liteke mundu mailako liderrak izatea merkatu-nitxo hain  zehatz batean (bio-sentsoreak)?

Oraingoz guk bakarrik erabiltzen dugu teknologia elektrokimikoa horrelako parametroak neurtzeko. Hainbat urte daramatzagu gure metodoa hobetzen, eta arlo horretan bakarrak izanik, posible dugu gainerakoak aurreratzea abantaila handi batekin, gure analisiak azkarragoak baitira; lehiakideek bizpahiru ordu behar dituzte guk bi minutuan egiten ditugun analisiak egiteko.

 

Zeintzuk dira zuen bezero garrantzitsuenak?

Atunaren munduan, adibidez, nagusiki kontserba-enpresak, baina orobat balio-kateko gainerako bitartekariak, hasi arrantza-ontzietatik eta amaierako bezeroarenganaino. Balio-kate osoan hainbat aldiz neurtzen da produktuaren kalitatea. Oro har, gure bezero garrantzitsuenak elikadurako industriak dira.

 

Arazo bat da Biolan-entzat talentu kualifikaturik ez izatea hain lan teknikoa garatzeko?

Gure abantaila handia pertsonak dira, zalantzarik gabe. Oso lantalde ona daukagu, nazioarteko aitortza duena. Ikerketako profil gehienak hemengoak dira, Euskadiko unibertsitateetakoak, eta horri esker oso ekosistema indartsua sortu da, non teknologia desberdinak bateratu baititugu: elektronika, bio-kimika eta elektrokimika. Azken emaitza da konponbide paregabe bat, eta zorionez badugu behar dugun talentua martxan jarraitzeko, berritzeko eta produktu berri eta erakargarriak sortzeko.

 

Egungoa bezalako ziurgabetasun-garaietan ere, aurrera jarraitu duzue zuen inbertsio-planarekin… Zenbateko inbertsioa egin duzue zuen instalazioak handitzeko, eta zergatik erabaki duzue orain egitea?

Uste dugu honelako eszenatokietan geldirik geratzea ez dela aukera bat. Aurrera jarraitu behar dugu eta horretarako ezinbestekoa da plan definitu bat izatea. Gure kasuan, erabaki dugu milioi bat euroko inbertsioa egitea aktibo finkoetan (gure instalazioetan) eta beste milioi bat euro erabiltzea Osasun dibisioan behar ditugun langileak eta ekipamendua eskuratzeko. Ahalegin handia izan da gure tamainako ETE batentzat, baina ziur gaude pixkanaka berreskuratuko dugula inbertsio hori.

 

Deigarria da Lean Manufacturing inplementatu duzuela laborategia hobetzeko prozesu horretan…

Produkzio arloan aplikatu dugu. Arlo hori birdimentsionatzeaz gain (instalazioak handitu ditugu eta ekipamendu berria erosi dugu), Lean Manufacturing metodologia aplikatu dugu, eta izugarrizko optimizazioa lortu dugu.

Zer ikasi beharko genuke krisi honetatik?

 Lehenik eta behin, oso ahulak garela mundu berri honetan, baina baita ere, gure kasuan behintzat, herrialde eta gune geografiko desberdin askotan egotea (bulegoak dauzkagu zazpi herrialdetan) lagungarri izan dela pandemia gainditzeko. Asian arazoak hasi zirenean indartsu geunden Amerikan, eta alderantziz. Pendulu formako efektu horri esker posible izan da desfaseak konpentsatzea eta hazten jarraitzea, horixe baita gure helburu nagusia.

 

Beste behin ere, nazioartekotzea salbatzaile…

Gure DNAren parte da. Hasieratik genekien tokiko merkatuarekin bakarrik ezingo genuela garatu hain konponbide anbiziotsu bat. Gainera, gure kasuan Europa tokiko merkatutzat hartzen dugu, beraz, nazioartekotzeak are zentzu gehiago du. Horregatik ditugu bulego propioak Mexiko, Ekuador, Txile, Maroko, Filipinak, Thailandia eta Indonesian, eta espero dugu, hemendik gutxira, beste bi bulego izatea. Atzerriko merkatu horrek emango digu 2020ko fakturazioaren % 80 baino gehiago.

 

Nondik lortzen ditu Biolan-ek I+G-ko programak garatzeko behar dituen baliabideak?

Oso zaila da merkatuko emaitzak lortzea gure ikerkuntza-arlo guztietan. Baina, egia esan, Bizkaian gaude kokatuta, eta ikuspegi horretatik, bai Foru Aldundia (BEAZekin batera), bai Eusko Jaurlaritza eta bai SPRI asko laguntzen ari zaizkigu, oso eskertuta gaude eta administrazioen babes handia dugula sentitzen dugu. Halaber, eskerrak eman nahi dizkiegu abentura honen hasieratik bazkide ditugun bidelagunei, diru asko inbertitu baitugu lortzen ari garena lortzeko. Kalkulatzen dugu azken urteotan hamar milioi euro inguru inbertitu ditugula ikerketa eta berrikuntzako proiektuak garatzeko, eta horri esker lortu dugu produktu sendo eta teknologikoki aurreratu bat.

 

Eta berreskuratu duzue inbertsioa?

 Oraindik ez, baina azken hiru urteetako emaitzak interesgarriak izan dira ikuspegi ekonomiko-finantzariotik begiratuta.

Lotutako albisteak

Dinam-ek  teknologia  berriak  erabiltzen  ditu  lurzoruan  eta  lur  azpiko  ur  kutsatuetan  aritzeko
20/03/2026 Berrikuntza

Dinam-ek teknologia berriak erabiltzen ditu lurzoruan eta lur azpiko ur kutsatuetan aritzeko

Enpresa bizkaitarrak 20 urte baino gehiagoko esperientzia du, eta 3.000 proiektu baino gehiago gauzatu ditu. Ingurumen-zerbitzu ugari eskaintzen ditu.

DHL  Express  Forondaren  aldeko  apustua  amaitzen  ari  da  mantentze  aeronautikoko  hangar  berri  batekin
18/03/2026 Berrikuntza

DHL Express Forondaren aldeko apustua amaitzen ari da mantentze aeronautikoko hangar berri batekin

Multinazional logistikoak 40 milioi euro inguru inbertituko ditu azpiegitura berri batean, eta horri esker, Gasteizko huba Europako sareko nodo estrategikoetako bat izango da

Zubiolak  doitasun  handiko  ebaketa-erremintak  garatzen  ditu  industria-sektore  zorrotzetarako
13/03/2026 Berrikuntza

Zubiolak doitasun handiko ebaketa-erremintak garatzen ditu industria-sektore zorrotzetarako

Gipuzkoako kooperatibak diamante polikristalinoan (PCD) oinarritutako irtenbideak diseinatzen ditu, mekanizazio industrialeko prozesuen eraginkortasuna eta kalitatea hobetzeko.

Gutram  enpresak  industria-hondakinak  negozio-aukera  berri  bihurtzen  ditu
11/03/2026 I+G+B

Gutram enpresak industria-hondakinak negozio-aukera berri bihurtzen ditu

Balorizazio-prozesu berrietan murgilduta dago konpainia bizkaitarra, eta bere merkatuak zabaltzea eta ekonomia zirkularreko erreferente gisa finkatzea du helburu.

Enkarterriko  trokelgintzak  40  urte  ospatu  ditu  eskakizun  handiko  industria-hornitzaile  gisa
10/03/2026 Berrikuntza

Enkarterriko trokelgintzak 40 urte ospatu ditu eskakizun handiko industria-hornitzaile gisa

Bizkaiko konpainia bere 2026–2029 Plan Estrategikoa sustatzen ari da, SPRI Taldearen Enpresa Digitala eta Hazinnova programen babesarekin.

EXOM  Engineering-ek  erronka  industrialak  lantzen  ditu  laser  teknologiaren  bidez
06/03/2026 Berrikuntza

EXOM Engineering-ek erronka industrialak lantzen ditu laser teknologiaren bidez

Enpresa bizkaitarrak soldadura eta gainazal-tratamenduko soluzioak garatzen ditu, fotonika, automatizazioa eta aplikazio industrial espezializatuetarako softwarea integratuz.

Fulcrum,  fakturazioaren  % 4  I+G  arlora  bideratzen  duen  Bizkaiko  ingeniaritza-enpresa
05/03/2026 I+G+B

Fulcrum, fakturazioaren % 4 I+G arlora bideratzen duen Bizkaiko ingeniaritza-enpresa

SPRI Taldearen Hazitek programako laguntza jaso du Leioako enpresak, eta ikerketa eta garapenerako unitate espezifiko bat du.

Oncomatryxek  minbizi  metastasikoaren  aurkako  doitasun-terapien  belaunaldi  berri  bat  bultzatzen  du  Euskaditik
04/03/2026 I+G+B

Oncomatryxek minbizi metastasikoaren aurkako doitasun-terapien belaunaldi berri bat bultzatzen du Euskaditik

Tumore solido aurreratuen tratamendua eraldatzeko potentziala duten antigorputzak garatzeko gai den Europako plataforma teknologiko bakanetako bat da euskal enpresa bioteknologikoa

Erbi:  “Enpresa  askok  adimen  artifiziala  eskaintzen  dute  benetan  nola  aplikatu  jakin  gabe,  eta  horrek  nolabaiteko  mesfidantza  sortzen  du  merkatuan”
03/03/2026 Ekintzailetza

Erbi: “Enpresa askok adimen artifiziala eskaintzen dute benetan nola aplikatu jakin gabe, eta horrek nolabaiteko mesfidantza sortzen du merkatuan”

Gipuzkoako enpresak adimen artifizialean oinarritutako prozesuen automatizazioa bultzatzen du, enpresek eraginkortasuna hobetu, akatsak murriztu eta lan-karga handitu gabe hazteko aukera izan dezaten.

Fast  Flooding,  uholdeei  aurre  egiteko  plataforma  berritzailea
02/03/2026 I+G+B

Fast Flooding, uholdeei aurre egiteko plataforma berritzailea

IntelliAlertek sortutako plataformak datuak denbora errealean erabiltzen ditu ur-goraldiak iragartzeko eta udal, azpiegitura-operadore eta industrietarako arriskuaren kudeaketa sustatzeko.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.