Natxo Rojo.
Adimen Artifiziala
Elkarrizketak 3 urria, 2025

Dorletek Luxorreko Tenpluko eta Erregeen Haraneko segurtasun-perimetroa babesten du Egipton

Arabako teknologia-enpresak ingurua aldatu gabe behatzen, antzematen eta jarduten duen lurpeko «zaindari» ikusezin bat garatu du.
-

Arabako Dorlet konpainia 1989an sortu zuten eta Euskadiko Parke Teknologikoan (Arabako Campusa) du egoitza. Merkatu-nitxoa hauetan ardazten du: segurtasun adimenduna eta sarbideen kontrol integralei dagokien guztia, bereziki instalazio kritikoekin lotutakoa, hau da sareak, zerbitzuak edo ekipo fisikoak eta informazioaren teknologiakoak —horiek eten edo suntsitzeak inpaktu handia izan dezake gizartean—. Azken proiektuetako batek Egiptora eraman du, eta bertan segurtasun-perimetro bat garatu du turismo-inpaktu handiko kokalekuak babesteko, esaterako, Luxorreko Tenplua, Hatshepsuteko Gunea eta Erregeen Harana. Natxo Rojok, Dorlet Securityko Negozio Unitateko zuzendariak dioenez, hori guztia «ondare arkeologikoa errespetatuz eta inpaktu bisuala saihestuz».

Zer testuingurutan sortu zen proiektua?

Talde integristek turistei egindako erasoen harira, Egiptoko Gobernuak kokaleku arkeologiko nagusien segurtasuna nabarmen indartzea erabaki zuen. Hor hasi ziren estatuarekin lanean hainbat enpresa espezializatu. Horien artean, gureari eman zitzaion balio neurtezineko lekuetan —Luxorreko Tenplua, Hatshepsuteko Gunea eta Erregeen Harana— teknologia-irtenbideak emateko ardura. Lehenengo egunetik bagenekien proiektu oso berezia zela, segurtasuna emateaz gain ondare unibertsala babestu behar baitzen.

Zer esan nahi du Dorletentzat nazioartean horrelako garrantzia duen proiektu batean parte hartu izanak?

Guretzako sekulako ardura da, eta, aldi berean, oso harro gaude. Oso eskakizun handiko nazioarteko eszenatokian gure gaitasuna erakutsi ahal izan dugula esan nahi du. Ez da edozein ingurune: Gizateriaren Ondare aldarrikatutako lekuak dira, milioika pertsonak bisitatuak. Gure helburua teknologia aurreratua ematea izan da, baina beti kultura-sentikortasunarekin eta inbaditzen ez duten irtenbide eraginkorrekin, ez dutenak ez paisaia, ez bisitariaren esperientzia aldatzen. Horrez gain, gure nazioarteko proiekzioa indartzeko aukera eman digu, eta Miñaoko zentroan garatzen dugun berrikuntza hain proiektu sinbolikoetan presente egon daitekeela erakutsi du.

Zer tamaina du perimetroa jarri diozuen eremuak?

Zenbakiek ulertzen laguntzen dute. Luxorreko Tenpluan gutxi gorabehera kilometro bateko perimetroa dago. Hatshepsuteko Gunean eta Erregeen Haranean, berriz, askoz handiagoa da tamaina: 10 kilometro inguru zirkuluerdi forman. Eta zirkuluerdi horretako zati irekia Egiptoko indar militarrek babesten dute. Horrela, guztia babesten da: teknologia dago prestatutako eremuetan eta gizakiak gainerakoan. Horrek ondo erakusten du erronkaren eskala: desertuan bertan zeuden eremu erraldoi eta irekiak babestu behar ziren, hesi modernoak edo balio arkeologikoa hondatzen duten elementuak ezarri gabe.

Irtenbidearen funtsa perimetroa babesteko lur azpiko sistema bat da. Nola funtzionatzen du?

Ideia azaltzea erraza da, eta, era berean, oso eraginkorra da. Lur azpian kable sentsore bat jartzen da, gizakion begientzat ikusezina, gai dena urrats batek edo eremuko edozein mugimendu esanguratsuk eragindako presio-aldaketak antzemateko. Seinale hori sistemaren burmuin gisa diharduen kontroleko unitate —Dorletek garatutako ordenagailu txiki bat—batera joaten da. Hor programatutako algoritmoen bitartez aztertzen da, eta benetan modu bidegabean sartzen ari direla ikusten bada, milisegundo batzuetan aktibatzen da erantzun automatikoen kate bat. Jarraian, kontrol-zentroko operadorera iristen da, eta haren pantailan ikusten du mapa sinoptiko batean geolokalizatuta, zuzeneko irudiekin batera. Gainera, gure sistemak sarbide fisikoen kontrola RFID irakurgailuen bitartez kudeatzen du eremu mugatuenetan. Honako hau da gakoa: prozesu osoa berehala gertatzen da, paisaia arkeologikoa aldatzen duten hesirik eta sistemarik gabe, eta segurtasun eraginkorra eta ikusezina lortzen da horrela.

Zehazki zer gertatzen da norbaitek baimenik gabeko eremu bat zapaltzean?

Sistemak ingurua aldatu gabe behatzen, antzematen eta jarduten duen zaindari ikusezin gisa funtzionatzen du. Lurrak berak erreakzionatuko balu bezala da, eta inork ikusten ez duen, baina guztia behatzen duen mekanismo bat pizten da. Perimetroan sarrera bidegabeak prebenitzeko tresna da, logika beti berbera da, gutxieneko ekintza bat ezin hobeto antolatutako segurtasun-alerta bihurtzen da. Nahikoa da norbaitek babestutako eremu bat zapaltzea lurperatutako sentsoreak presioa antzemateko eta seinale elektriko bihurtzeko. Seinale hori ez da hor gelditzen, berehalako erantzun-kate baten abiapuntua delako, ezinbesteko hiru fase konbinatzen dituena: antzematea, disuasioa eta egiaztapena. Praktikan, hareako urrats arrunt baten moduan hasten dena milisegundo batzuetan guztiz trazatutako erantzun antolatu bihurtzen da.

Eta desertua bezain ingurune gogor batean, nola ekiditen dira alarma faltsu posibleak?

Oso puntu garrantzitsua da hori, alarma faltsuak eragiten dituen sistema batek erabilgarria izateari uzten diolako. Desertuko ingurunea oso exijentea da (haizea, harea, muturreko tenperaturak, animalia txikiak…) Alarma faltsuak ekiditeko hainbat segurtasun-geruza erabiltzen ditugu, eta, gainera, hain muturrekoa den kliman fidagarritasuna bermatzeko, kontroleko unitateak gordeta dauden kaxa guztiek aire girotua eta tenperatura-sentsoreak dituzte; horri esker, elektronikak beti baldintza optimoetan funtzionatzen duela ziurtatzen da, baita muturreko beroarekin ere. Horrekin guztiarekin, sistema sendo eta fidagarri bat lortzen dugu, muturreko baldintzetan lan egiteko eta alarma faltsuak minimora murrizteko gai dena.

Nola koordinatzen da sistema hori guztia eta nork kudeatzen du?

Sistema osoa prestasun handiko bi kontrol-zentrok ikuskatzen dute. Horrek esan nahi du batek huts eginez gero besteak automatikoki hartzen duela kontrola, eta segurtasuna ez da inoiz eteten. Ikuspegi horrek ziurtatzen digu dena modu zentralizatuan ikusten dela, eta gertakari bakoitza erregistratzen eta dokumentatzen dela —trazabilitatea eta konfiantza ematen du horrek—. Era berean, segurtasuna ikusezina da bisitarientzat, ez dagoelako kultura-esperientzia hondatzen duen elementurik.

Zein da kultura-inpaktua eta zer irudikatzen du proiektu honek Dorletentzat?

Kultura-inpaktua oso positiboa da, segurtasuna ikusezina eta errespetuzkoa delako: ez dago paisaia arkeologikoa ikustea eragozten duen hesirik edo elementurik. Bisitariak tenpluaz edo haranaz gozatu dezake teknologiaren presentzia nabaritu gabe, baina uneoro babestuta egonda. Dorletentzat mugarri adierazgarria da proiektu hau. Gure berrikuntza munduko eszenatoki adierazgarri eta exijenteenetako batera eraman dezakegula erakustea suposatzen du. Harrotasuna eragiten du, baina ardura ere bai, gizateria guztiarena den ondare unibertsala babesteaz ari baikara.

Lotutako albisteak

Donostiatik  Dubaira:  Scott  &  Irwin-ek  nazioarteko  hedapena  indartu  du  Ekialde  Ertainean  showroom  propioa  eginez
09/03/2026 Nazioartekotzea

Donostiatik Dubaira: Scott & Irwin-ek nazioarteko hedapena indartu du Ekialde Ertainean showroom propioa eginez

Gipuzkoako konpainia berrikuntzako hub global nagusietako batean kokatzen da, kapilaritate komertziala irabazteko, bezeroei zuzeneko euskarria eskaintzeko eta funtsezko merkatuetan presentzia sendotzeko.

EXOM  Engineering-ek  erronka  industrialak  lantzen  ditu  laser  teknologiaren  bidez
06/03/2026 Berrikuntza

EXOM Engineering-ek erronka industrialak lantzen ditu laser teknologiaren bidez

Enpresa bizkaitarrak soldadura eta gainazal-tratamenduko soluzioak garatzen ditu, fotonika, automatizazioa eta aplikazio industrial espezializatuetarako softwarea integratuz.

Fulcrum,  fakturazioaren  % 4  I+G  arlora  bideratzen  duen  Bizkaiko  ingeniaritza-enpresa
05/03/2026 I+G+B

Fulcrum, fakturazioaren % 4 I+G arlora bideratzen duen Bizkaiko ingeniaritza-enpresa

SPRI Taldearen Hazitek programako laguntza jaso du Leioako enpresak, eta ikerketa eta garapenerako unitate espezifiko bat du.

Atten2k  nazioarteko  presentzia  indartuko  du  teknologia  propioarekin  monitorizazio  prediktibo  industrialean
05/03/2026 Nazioartekotzea

Atten2k nazioarteko presentzia indartuko du teknologia propioarekin monitorizazio prediktibo industrialean

Enpresa gipuzkoarra Teknikerren sortu zen, eta sentsore optiko aurreratuak garatzen ditu fluido industrialak denbora errealean aztertzeko. Horrez gain, India, Egipto edo Kolonbia bezalako merkatuetan duen hedapena sendotzen du.

Ikale  Consulting  enpresak  mikro  eta  enpresa  txiki  industrialentzako  dirulaguntzak  tramitatzen  ditu

Ikale Consulting enpresak mikro eta enpresa txiki industrialentzako dirulaguntzak tramitatzen ditu

Eibarko enpresak SPRI Taldearen laguntza jaso du Gaitasun Digitalak programatik, eta zerbitzu berriak eskaintzea aurreikusten du

Oncomatryxek  minbizi  metastasikoaren  aurkako  doitasun-terapien  belaunaldi  berri  bat  bultzatzen  du  Euskaditik
04/03/2026 I+G+B

Oncomatryxek minbizi metastasikoaren aurkako doitasun-terapien belaunaldi berri bat bultzatzen du Euskaditik

Tumore solido aurreratuen tratamendua eraldatzeko potentziala duten antigorputzak garatzeko gai den Europako plataforma teknologiko bakanetako bat da euskal enpresa bioteknologikoa

B.lux  diseinu  garaikideko  luminarien  fabrikatzaileak  Ekialde  Ertaina  argiztatzearen  aldeko  apustua  egiten  du
04/03/2026 Nazioartekotzea

B.lux diseinu garaikideko luminarien fabrikatzaileak Ekialde Ertaina argiztatzearen aldeko apustua egiten du

Enpresa bizkaitarra mundu osoko 40 herrialdetan baino gehiagotan dago, eta garrantzi berezia du Alemanian eta Estatu Batuetan. Katalogo berri bat kaleratu du, zazpi bildumako eredu berriekin.

Erbi:  “Enpresa  askok  adimen  artifiziala  eskaintzen  dute  benetan  nola  aplikatu  jakin  gabe,  eta  horrek  nolabaiteko  mesfidantza  sortzen  du  merkatuan”
03/03/2026 Ekintzailetza

Erbi: “Enpresa askok adimen artifiziala eskaintzen dute benetan nola aplikatu jakin gabe, eta horrek nolabaiteko mesfidantza sortzen du merkatuan”

Gipuzkoako enpresak adimen artifizialean oinarritutako prozesuen automatizazioa bultzatzen du, enpresek eraginkortasuna hobetu, akatsak murriztu eta lan-karga handitu gabe hazteko aukera izan dezaten.

Fast  Flooding,  uholdeei  aurre  egiteko  plataforma  berritzailea
02/03/2026 I+G+B

Fast Flooding, uholdeei aurre egiteko plataforma berritzailea

IntelliAlertek sortutako plataformak datuak denbora errealean erabiltzen ditu ur-goraldiak iragartzeko eta udal, azpiegitura-operadore eta industrietarako arriskuaren kudeaketa sustatzeko.

Glucovibes-ek  osasun  metabolikoa  farmakoen  mende  egon  gabe  hobetzen  laguntzen  duen  app  bat  garatu  du  Donostian
27/02/2026 Ekintzailetza

Glucovibes-ek osasun metabolikoa farmakoen mende egon gabe hobetzen laguntzen duen app bat garatu du Donostian

Euskal startupak adimen artifiziala, datu metabolikoak eta akonpainamendu profesionala konbinatzen ditu inflamazioa, obesitatea eta glukosaren kontrolarekin lotutako beste arazo batzuk saihesteko.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.