José Ignacio Hormaeche.
Berrikuntza
Elkarrizketak 27 uztaila, 2021

Teknologia digitalak itsasoko energia berriztagarrietan aplikatzearen arrakasta

Energia Klusterreko zuzendari José Ignacio Hormaetxek hizpide hartu du EBk finantzatutako eta euskal enpresen parte-hartzearekin garatutako DOCC-OFF proiektua
-

 

Euskadiko Energia Klusterreko zuzendariak, José Ignacio Hormaetxek, Digitalization of Critical Componentes in OFFshore wind turbines (DOCC-OFF) proiektua aurkeztu du, teknologia digitalak itsasoko energia berriztagarrietan aplikatuz lortutako arrakastaren erakusgarri.

 

Zertan datza DOCC-OFF proiektua?

Europako Batzordeko MARE Zuzendaritza Nagusiaren European Maritime and Fisheries Fund (EMFF) Funtsak 2018ko “Blue Economy” deialdiaren bitartez finantzatutako proiektu bat da. Bere xedea da plataforma digital bat garatzea haize-sorgailu baten pitch hidraulikoko sistemaren datuak atzeman eta aztertzeko, eta hauek izan dira proiektuan parte hartu duten enpresak: HINE, pitch hidraulikoko sistemak fabrikatzen dituen euskal enpresa; Xabet, “Data analytics” arloko gaitasunak dituen euskal startup-a; eta Sirris, sektore eolikoko baliozkotze-entseguetan esperientzia zabala duen teknologi zentro belgikarra. Energia Kluster Elkartea (ACE) da proiektuaren kudeatzailea eta koordinatzailea, eta orobat haren emaitzak komunikatzeko eta zabaltzeko ardura duena.

 

Pitch hidraulikoko sistema azpi-sistema kritiko bat da itsasoko turbina eolikoen funtzionaltasunarentzat, berak kontrolatzen baitu sorgailuan sartzen den energia eolikoa besoen angelua erregulatuz. Haize-sorgailuen fidagarritasunean duen garrantziak justifikatzen du datuak aztertu eta monitorizatzeko sistema bat diseinatzeko beharra, helburua baita hutsegite-modu kritikoak detektatzeko probabilitatea handitzea. DOCC-OFF proiektuko bazkideek plataforma digital bat garatu dute, hutsegite-modu horien inpaktua murriztu dezakeena.

 

Zer suposatzen du teknologia digitalak itsasoko energia berriztagarrietan aplikatzeak?

Haize-sorgailuentzako osagaien Europako hornitzaileak ongi posizionatuta daude merkatuan. Halere, badauzkate euren produktuak kostu baxuan eskaintzen dituzten lehiakideak. Horregatik, Europako enpresak balio erantsi handiagoko estrategia berritzaileak aztertzen ari dira, gainerakoengandik bereizteko eta lehiakorrago izateko merkatu-nitxo horretan.

 

Itsasoko energia eolikoaren balio-kateko enpresa europarrek uste dute haize-sorgailuetako osagai eta sistemak digitalizatzea dela euren lehiakortasuna hobetzen lagundu dezakeen elementu garrantzitsuena, horrek berekin ekarriko baititu diseinuaren optimizazioa, operazio- zein mantenimendu-kostuen murrizketa eta zerbitzu berriak eskaintzeko aukera.

 

Digitalizazioan, komunikazioetan eta datuen analisian eginiko aurrerapenei esker (bai funtzionaltasunean eta baita ere kostuen murrizketan), gaur egun posible da operazioen datuak biltzen dituzten konponbideak sortzea eta, horrela, balio komertziala handitzea.

 

Garrantzitsua al da Energia Klusterra izatea proiektu honetako kudeatzailea eta koordinatzailea?

DOCC-OFF bezalako proiektuak koordinatuz, Energia Klusterra bere hondar aletxoa jartzen ari da euskal energia sektoreko enpresek I+G-ko programetan parte har dezaten eta kolabora dezaten. ACEk laguntza ematen die bere bazkideei lankidetzako I+G-ko proiektuetarako proposamenak definitu eta konfigura ditzaten, bai Euskadi mailako programetan eta baita ere Estatu mailakoetan zein nazioartekoetan. Laguntza hori hainbat eratakoa izan daiteke: bazkideak identifikatzea, partzuergoa osatzen laguntzea, proposamenaren garapena koordinatzea edota ekimena orientatzen eta administrazio publikoetan aurkezten laguntzea.

 

Horrez gain, beste aukera bat ere eskaintzen diegu gure bazkideei, hots, bazkide gisa inplikatzea Europa mailako proposamenetan parte hartzen dutenean, geure gain hartuz proiektuaren lidergoa edota komunikazio, hedapen eta ustiapen jardueren garapena.  Esperientzia zabala daukagu mota horretako jarduerak garatzen I+G-ko lankidetzako proiektuetan, bai tokikoetan (Hazitek, Elkartek…), eta bai Europakoetan (H2020, COSME, Interreg, EMFF…).

 

DOCC-OFF proiektuaren kasuan, ACEk ikusi zuen EMFF Funtsaren Blue Economy Call deialdia interesgarria izan zitekeela, proposamen bat egin zuen HINE eta XABET euskal enpresak inplikatuz, harremanetan jarri zen Belgikako bazkide batekin (SIRRIS) eta aurkeztu egin zuen. Orain, proiektua martxan dagoenean, kudeaketaz arduratzen gara, eta geuk zuzentzen ditugu komunikazio eta hedapen arloak.

 

Zeintzuk dira proiektu honen emaitzak?

 

DOCC-OFF proiektuaren bidez haize-sorgailu bateko pitch hidraulikoko sistemaren hutsegite-modu kritikoak eta monitorizazio-beharrak identifikatu dira. Monitorizazio-estrategia bat definitu da hutsegite-modu horiei aurre egiteko, eta plataforma digital bat garatu da parke eolikoetako operatzaileek balizko arazoak detektatu ditzaten gertatu baino lehen, horrela pitch sistemaren mantenimendu prediktiboa egin ahal izateko. Beharrezkoak dira Pitch sistemen egoera ebaluatzeko modu hobeak, besteak beste ez delako erraza arazoak detektatzea ikusizko ikuskapen teknika arruntak erabiliz eta, hortaz, balitekeelako oharkabean pasatzea. Plataforma digitalaren sistema laborategiko proba-banku batean baliozkotu da; hurrengo fasea litzateke balizko bezeroak identifikatzea, plataforma ingurune erreal batean probatzeko itsasoko turbina eoliko batean.

 

Haize-sorgailuen jabeek zergatik partekatu behar lituzkete euren gailuetako datuak?

Parke eolikoen jabe eta haize-sorgailuen fabrikatzaile gehienek ez dituzte partekatu nahi izaten haize-sorgailuei buruzko datu eta informazioak, euren teknologiak eta konfidentzialtasuna babesteko. Horregatik, beharrezkoa da balio-proposamen bat eskaintzea, eurek saldu, erabili eta mantentzen dituzten haize-sorgailuen datuak partekatzean oinarrituko dena eta uneoro bermatuko duena “datuaren subiranotasuna”, partekatutako datuen gobernantza eta pribatutasuna kudeatzeko aukera emango dieten arkitekturen eta aplikazioen bitartez.

 

Datuak partekatzeak hainbat abantaila emango lizkieke, esaterako, aukera emango lieke sektore eolikoko balio-kateko enpresei datuen kudeaketa eta azterketarako aplikazioak garatzeko, eta horrek onura garrantzitsuak ekarriko lizkieke:

  • Produktibitatea hobetzea. Aktibo bati mantenimendu ona egiten zaionean, disponibilitatea handitu egiten da.
  • Operazio eta Mantenimendu (O&M) kostuak murriztea. O&M programa prediktibo batek balizko egoerak zuzentzen ditu arazo larri bihurtu baino lehen, akatsak izateko arriskua eta ekintza zuzentzaileen maiztasuna murriztuz.
  • Bizitza erabilgarria luzatzea. Bizitza luzatzeko estrategiek parkearen operazio-tartea handitzen dute.

 

Lotutako albisteak

EIDEk  diseinuaren  eta  prestakuntzaren  munduko  mapan  jarri  du  Bilbo
03/07/2025 Berrikuntza

EIDEk diseinuaren eta prestakuntzaren munduko mapan jarri du Bilbo

Euskadiko Diseinugileen Elkarteak Guggenheim museoan 22 herrialdetako 100 gazte diseinatzaileren talentua aitortu du, diseinuari gizarterako bektore estrategiko gisa egindako ekarpenagatik

Wend-ek  harreman  sozialak  plan  errealekin  egindako  aplikazioaren  bidez  iraultzen  ditu
03/07/2025 Berrikuntza

Wend-ek harreman sozialak plan errealekin egindako aplikazioaren bidez iraultzen ditu

Euskal aplikazioak jende berria ezagutzeko berezkotasuna aisialdi partekatuaren bidez berreskuratzen du eta erabiltzailearen esperientzia hobetzeko berrikuntzaren alde egiten du.

Kalmanek  makineriaren  arriskuetatik  babesten  duten  karenatuak  egiten  ditu
30/06/2025 Berrikuntza

Kalmanek makineriaren arriskuetatik babesten duten karenatuak egiten ditu

Gipuzkoako enpresak neurrira egindako zerbitzua eskaintzen du, galdaragintzako prozesu guztiak barne hartzen dituena, diseinutik hasi eta egiturak ebaki, tolestu, soldatu, muntatu eta margotzeraino.

Developair-ek  AA  aplikatzen  du  software  tresnen  belaunaldi  berri  bat  sortzeko

Developair-ek AA aplikatzen du software tresnen belaunaldi berri bat sortzeko

Donostiako startupak hainbat soluzio eskaintzen ditu industriarako, hala nola trenbide aeroespaziala, energia, automobilgintza eta medikuntzarako, besteak beste.

Industriako  sei  kooperatibak  Batera  bultzatu  dute,  esfortzuak  batu  eta  modu  kolektiboan  lan  egiteko
16/06/2025 Berrikuntza

Industriako sei kooperatibak Batera bultzatu dute, esfortzuak batu eta modu kolektiboan lan egiteko

Elkartea Araban dago errotua, eta jarraikortasun-bokazioarekin jaio da, baita lurralde honetan eredu kooperatiboa erreferente bihurtzeko ere

Embalan  3,  egur-zerrategia  izatetik,  industria-enbalajera
29/05/2025 Berrikuntza

Embalan 3, egur-zerrategia izatetik, industria-enbalajera

Egoitza Bergaran duen familia-enpresa honek 80 urteko ibilbidea dauka bere bezeroen neurriko trajeak diseinatzen eta egiten

Formatu  handiko  3D  inprimaketa,  modularra  eta  jasangarria:  Indart3D-ren  proposamen  diferentziala
23/05/2025 Berrikuntza

Formatu handiko 3D inprimaketa, modularra eta jasangarria: Indart3D-ren proposamen diferentziala

Pellet bidezko estrusioan espezializatuta dago. Bere teknologiak material birziklatu edo teknikoekin inprimatzeko aukera ematen du eta soluzio eraginkorrak, moldakorrak eta egungo industriaren erronketara egokituak eskaintzen ditu.

Laura  Ovies  (EIT  Community):  “Euskadi  eta  beste  eskualde  batzuk  beren  garapen  berritzailerako  aliatu  estrategiko  gisa  har  gaitzaten  nahi  dugu”
21/05/2025 Berrikuntza

Laura Ovies (EIT Community): “Euskadi eta beste eskualde batzuk beren garapen berritzailerako aliatu estrategiko gisa har gaitzaten nahi dugu”

Zamudion lan egiten du, eta EIT Community Hub Spain erakundeko arduraduna funtsezkoa da tokiko eragileak kontinenteko berrikuntza ekosistema handienarekin lotzeko, Berrikuntza eta Teknologiaren Europako Institutuarekin (EIT).

Abuelo  Actual,  bi  hamarkada  adinekoen  etxeak  oztoporik  gabeko  espazio  bihurtzen
14/05/2025 Berrikuntza

Abuelo Actual, bi hamarkada adinekoen etxeak oztoporik gabeko espazio bihurtzen

Bizkaiko Silver Economy-ko Enpresen Gidaren parte da eta Nagusi Intelligence Centerrek bultzatu du, Foru Aldundiaren proiektu estrategikoak.

Moldes  Ura  enpresak  berrikuntzaren  alde  egin  du  lehiakorra  izaten  jarraitzeko
13/05/2025 Berrikuntza

Moldes Ura enpresak berrikuntzaren alde egin du lehiakorra izaten jarraitzeko

Zamudion kokatuta, automobilgintza sektorerako injekzio eta konpresio moldeak ekoizten ditu enpresak, eta duela gutxi SPRI Taldearen Hazinnova programan parte hartu du.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.