Berrikuntza I+G+B
Albisteak 19 iraila, 2018

Euskadik tren arloko teknologia berritzailea aurkeztu du Berlingo Innotrans azokan

Eusko Jaurlaritzak babesa ematen die tren sektoreko mundu osoko azoka garrantzitsuenenean beraien produktuak aurkezten dituzten 30 euskal enpresa baino gehiagori
-

 

Eusko Jaurlaritzak babesa ematen die tren sektoreko mundu osoko azoka garrantzitsuenenean beraien produktuak aurkezten dituzten 30 euskal enpresa baino gehiagori.

Euskadik gero eta garrantzi handiago duen sektorearen potentzialtasunak aurkeztu ditu, urtean 1.700 M€ esportatzen ditu, industriako enpresa handiak eta konpainia auxiliar txikiak barne hartzen dituelarik.

CAFek ETS/Euskotrenekin lankidetzan aurrera eramandako CBTC sistema aurkeztu du, trenen segurtasuna eta eraginkortasuna hobetzen dituen zirkulazioaren kontrol adimentsurako sistema.

 

Euskadik bere teknologia guztia eta tren arloko produktu berritzaileenak aurkeztu ditu Berlingo Innotrans azokan, tren sektoreko mundu osoko azoka garrantzitsuenean. Antonio Aiz Azpiegitura eta Garraio sailburuordeak, Alex Arriola SPRIko zuzendariak, Imanol Leza Euskotreneko zuzendariak, Aitor Garitano ETSko zuzendariak, eta Maria Sarricolea BTI-Spri Alemaniako zuzendariak, osatutako Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak laguntza eman die Berlin Messe jendetsuan euren produktuak aurkezten dituzten Euskadiko 30 enpresa baino gehiagori.

 

Euskadin, tren sektorea, ekonomian pisu gehien duen sektoreetako bat da, 7.200 pertsona ingururi ematen die lana, eta Estatu osoko sektorearen %40 inguru hartzen du. Hori dela eta, Euskadi erreferentziazkoa da tren industrian. Sektorean lan egiten duten pertsonen %51k ETEtan egiten du lan, eta gainerakoek enpresa traktoreetan. Tren sektoreari lotutako euskal enpresek 1.700 milioi euro inguruko balio globala esportatzen dute.

 

Industria sektoreari dagokionez bakarrik, eraikuntza, ingeniaritza eta kontsultoretza zerbitzuak alde batera utzita, esportazioak 560M€-tik gorakoak dira, eta jomuga nagusia Europa da, 314M€-ko balioarekin. Hori dela eta, oso garrantzitsua da 60 herrialdetako 3.000 erakusle baino gehiago dituen Innotrans azokan parte hartzea.

 

Azokaren testuinguruan laneko topaketa egin da, eta beste batzuen artean enpresa hauek hartu dute parte: CAF, Danobat, JEZ, Amurrio Ferrocarriles, Ingeteam, Lander, Nem Solutions, Virlab, Ikusi, Ceit-IK4, Goratu, Vitual Wave, Electrónica Arteche, Irizar, Gamarra, Grupos Diferenciales, Flexix, Newtek Solidos, Xubi engranajes, MB sistemas, Visiona, Cetest, Kimua group, Rail Sider, Transitia, Velatia, Vectia, Visual Line, Sener edo Idom; bai eta euskadin inplantazioa duten Bombardier, Patentes Talgo, Elecnor, eta Comsa. Hainbat esparru hartzen dituzten proposamenekin etorri dira guztiak: material mugikorra, trenbideko teknologia, seinaleztapena, simulagailuak, soluzio berritzaileak mantentze-lanetan eta big data, eta baita ingeniaritza zibila ere, tren sektorearen gaur egungo eskakizunen eremu guztia hartuz, izan ere, digitalaren eta berrikuntzaren aldeko apustua garrantzia bereziko alorra da, eta horretan euskal enpresek benetako lider bilakatzea lortu dute.

 

Aldi berean, Estatu mailako tren sektoreko enpresak biltzen dituen Mafex Clusterra ere bertan egongo da. Euskadiko enpresek oso parte garrantzitsua betetzen dute bai negozio zifrari dagokionez eta baita etorkizunean garapenerako aukera handiagoak erakusten dituzten alorretan duten presentziari dagokionez ere.

 

Azpimarratzekoa da, baita ere, Europa mailako tren operadore garrantzitsuenak biltzen dituen Community of European Railways (CER) erakundeko Zuzendari Nagusiaren presentzia. Euskotren modu ofizialean sartu da erakundean irail honetan bertan. Horrela, Euskotren CEReko kide den Estatuko bigarren operadorea bilakatu da, Renferekin batera, eta une honetatik aurrera, CEReko lan taldeetan parte hartu ahal izango du, Europar Batzordearen aurrean aholkularitza emateko lanean, Europar Batasuneko trenbide arautegiaren garapenarekin erlazionatutako alderdietan, Trenbideko Laugarren Paketearekin erlazionatutako guztian, batez ere.

 

Trenbideko zirkulazioaren kontrol adimentsua

CAF konpainiak, zirkulazioaren kontrol adimentsurako CBTC sisteman emandako aurrerapausoak aurkeztu ditu Berlingo azokan. ETSrekin eta Euskotrenekin sinatutako hitzarmenaren bitartez aurrera eramandako sistema da, CBTC Bilboko Metroaren 3. linean ezartzeko eta garatzeko elkarrekin lan egiteko. Andres Arizkorreta konpainiako presidentea ondoan zuela, “horrelako sistema moten erabilera, linearen segurtasunean eta prestazioen handitzean eragina duen jauzi teknologikoa dela” adierazi du Aiz sailburuordeak.

 

Zehatzago esanez, CBTC sistemaren eta ERTMS (European Rail Traffic Management System) Europako seinaleztapen estandarraren arteko bateragarritasuna azpimarratu dute. Europar Batasuneko lehentasunezko trenbide igarobideetan azken hori ezartzea ezinbesteko baldintza da.

 

“Etorkizuneko garraiorako prestatzen ari gara, trena modu automatikoan balaztatzen edo azkartzen duen sistema, lineako trafikoa hautematen duena edo trenak kurba batean daraman abiadura egokia zein den aurreikusten duena”, adierazi du Aizek. Amaitzeko, “gidaritza automatikoko trenak izan ditzakegun etorkizuneko agertokirako bidean gaudela” esan du.

 

Errodaduraren prebentziozko mantentze lanak

DANOBAT enpresak, Europar batzordearen funtsekin lagundutako eta  Euskotrenekin lankidetzan garatutako WHEELWATCHER proiektua aurkeztu ahal izan du. Helburua, trena abiadura handian igarotzean gurpilaren soslaia neurtuko duen gailua garatzea da. Ikusmen artifizialean eta laser teknologian oinarritzen den sistema horrek, gurpilen egoerari buruzko informazio zehatza ematen die operadoreei denbora errealean, hala behar denean prebentziozko mantentze lanak egiteko.

 

Wheelwatcher proiektuaren helburu nagusia, soluzio industrialean garatutako algoritmoak sartzea da, zehaztasun handiagoko neurketa sistemen belaunaldi berria sartzeko merkatuan.

 

Proba epealdia eta testa arrakastaz gainditu ondoren, neurgailua ETSren sarean instalatu da, eta Euskotrenek bere trenen mantentze lanak hobetzeko erabiltzen du.

Tren sektorea Euskadin

Euskadin sektoreak enpresa kopuru handia du balio kateko azpi-sektore bakoitzean: eraikuntzatik ingeniaritza enpresetara, mantentze lanetakoak… ekipoetatik eta osagaietatik, seinaleztapenetik, elektrifikaziotik, telekomunikazioetatik… igaroz. Hori dela eta, etengabeko berrikuntza eta teknologiaren bilakaera ezinbesteko baldintzak dira aurrera jarraitu ahal izateko. Tren sektoreko euskal enpresek, tren munduaren digitalizazioa hartzen duten esparruetan kokatu dira, hori baita datozen urteetako benetako erronka.

 

Helburua ez da, adibidez, trenen horniduran edo mantentze edo seinaleztapen soluzioetan merkatuko lider izatera mugatzen, euskal enpresek, hamarkadatan egindako puntako lanean lortutako know-how-ean oinarrituta, eman beharreko jauzia ematen jakin izan dute, tren sektorearen digitalizazioa barne hartzen duen arlo guztietan lidergoa eskuratzeko.

 

Halaber, mundu mailan sektorearen lider diren enpresa txikiak eta ertainak eta konpainia handiak aurki ditzakegu, eskaintzen dituzten eta estatuan edo nazioarteko merkatuan aurrera eramandako tren proiektuetan martxan jarri diren puntako soluzioei esker. Horietan guztietan euren funtzionaltasuna eta fidagarritasuna erakutsi dute.

 

Horrez gain, azpimarratu behar da osagaiak fabrikatzen dituzten enpresa txikiek eta ertainek oso lan garrantzitsua egiten dutela. Alde batetik, talde handien rola osatzen dute eta, horrez gain, merkatuko nitxoak aurkitzen dituzte tren sektorean gero eta garrantzi handiagoa lortzen ari diren alorretan.

 

Lotutako albisteak

Eusko  Jaurlaritzak  HAZITEK  programaren  bidez  505  milioi  euro  mobilizatu  ditu  aurten  industria  arloko  I+G  proiektuetan,  duela  bi  urte  baino  bi  aldiz  gehiago

Eusko Jaurlaritzak HAZITEK programaren bidez 505 milioi euro mobilizatu ditu aurten industria arloko I+G proiektuetan, duela bi urte baino bi aldiz gehiago

Euskadi 2030 Industria Planaren “Industria Hobea” ardatz estrategikoak programaren aurrekontua handitzea ahalbidetu du, eta 169 milioi euroko zifra historikora iritsi da; hau da, duela bi urte programak izan zuen aurrekontua baino % 86 handiagora

ISO  9001  eta  ISO  14001  berriek  bidea  markatzen  dute:  ISO  Training  Spainek  enpresak  prestatzen  ditu  araudi  hauetara  garaiz  egokitu  daitezen

ISO 9001 eta ISO 14001 berriek bidea markatzen dute: ISO Training Spainek enpresak prestatzen ditu araudi hauetara garaiz egokitu daitezen

Kalitate eta ingurumen kudeaketako estandarretan aurreikusitako aldaketen aurrean, konpainiak prestakuntza teknikoa eta praktikoa eskaintzen die erakunde eta profesionalei arau-baldintza berrietara egokitzen laguntzeko.

Innobasquek  Euskadiko  berrikuntzako  kasu  praktikoen  7.  deialdia  jarri  du  martxan
08/06/2026 Berrikuntza

Innobasquek Euskadiko berrikuntzako kasu praktikoen 7. deialdia jarri du martxan

Deialdian batez ere esparru hauei loturiko kasuak hartuko dira aintzat: jakintzaren eraldaketa bultzatu dutenak, berrikuntzan adimen artifiziala aplikatu dutenak, sektore zientifiko-teknologiko berrietara hedatzea helburu dutenak eta administrazio publikoak berrikuntzaren motor gisa bultzatutakoak

Industriarako  sare  elektrikoen  belaunaldi  digital  berria  ‘made  in  Euskadi’  izango  da

Industriarako sare elektrikoen belaunaldi digital berria ‘made in Euskadi’ izango da

Grid4Industry proiektua Euskadi 2030 Industria Planaren bosgarren proiektu eraldatzailea da, eta industriako sare elektrikoak digitalizatzeko garapen teknologikoa bultzatzen du. Euskadin garatutako soluzioak munduaren gainerako herrialdeetara esportatuko dira

VII.  “Leaders  in  Tech  Conference”  topaketan,  teknologia-  eta  berrikuntza-joera  berrienak  aztertuko  dira
01/06/2026 Berrikuntza

VII. “Leaders in Tech Conference” topaketan, teknologia- eta berrikuntza-joera berrienak aztertuko dira

Ekitaldia ekainaren 12an izango da Bilboko Iberdrola Dorrean

Agaleusek  plastikozko  ontzi  industrialak  balorizatzeko  instalazio  berria  jarri  du  martxan

Agaleusek plastikozko ontzi industrialak balorizatzeko instalazio berria jarri du martxan

Instalazioak gehienez 1.500 kg/h ontzi sartzeko ahalmena du

ONTZIk  elikagaien  ontzien  birziklagarritasuna  ebaluatzeko  tresna  digital  bat  aurkeztu  du
28/05/2026 Berrikuntza

ONTZIk elikagaien ontzien birziklagarritasuna ebaluatzeko tresna digital bat aurkeztu du

Aurkezpena Food 4 Futureren esparruan egin da, ontzi jasangarrien berrikuntzari, araudiari eta lankidetzari buruzko saio baten barruan.

Eskualdeko  garapen-agentziek  partaidetza  handiagoa  eskatzen  dute  Europako  finantzaketa-funtsen  gobernantzan
14/05/2026 Berrikuntza

Eskualdeko garapen-agentziek partaidetza handiagoa eskatzen dute Europako finantzaketa-funtsen gobernantzan

SPRI Taldeko zuzendari Jon Ansoleagak Bilboko ADR Foroan adierazi duenez, programak kudeatzeaz gain, “lurraldeen arteko politikak eta tresnak lerrokatu” behar dituzte

Zorrotzaurreko  Bilbao  Campus  Teknologikoa  Lanteken  industriarako  zerbitzu  digital  aurreratuen  proiektuarekin  handitu  da

Zorrotzaurreko Bilbao Campus Teknologikoa Lanteken industriarako zerbitzu digital aurreratuen proiektuarekin handitu da

Lanteken etorrerak Iparraldeko Puntaren garapenean aurrera egitea ahalbidetzen du, IDOMen, Mondragon Unibertsitatearen, Ikerlanen eta Vicomtechen proiektuekin batera

NAIDER:  adimen  aplikatua,  eraldaketa  ekonomikoaren,  lurraldekoaren  eta  klimatikoaren  zerbitzura
11/05/2026 Berrikuntza

NAIDER: adimen aplikatua, eraldaketa ekonomikoaren, lurraldekoaren eta klimatikoaren zerbitzura

NAIDERen lana hiru arlo nagusitan egituratzen da: ekonomia-analisia eta lurralde-lehiakortasuna, trantsizio ekologikoa eta energetikoa, eta hiri eta lurralde-birsorkuntza

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.