Berrikuntza
Albisteak 3 uztaila, 2020

EIC Europako Berrikuntza Azeleratzaileak Europa osoko enpresarik berritzaileenak aukeratzen ditu

EIC Europako Berrikuntza Azeleratzaileak Europan berrikuntza eta I+G bultzatzen duen tresna izarretako bat da
-

 

EIC Europako Berrikuntza Azeleratzaileak Europan berrikuntza eta I+G bultzatzen duen tresna izarretako bat da

 

2014tik, 81 euskal enpresek 39 milioi euroko finantzaketa lortu dute EIC Berrikuntza Azeleratzailearen eta haren aurreko “ETE Tresna” programaren eskutik

 

Berrikuntza disruptiboko euskal enpresa txiki eta ertainek (ETE) EIC Europako Berrikuntza Azeleratzaileak eskaintzen dituen finantzaketa eta aukerak balia ditzakete. Berrikuntzako Europako Kontseiluak bultzatzen du azeleratzaile hori. Tresna horrek enpresa txiki eta ertainen (ETE) berrikuntza disruptiboa babesten du, finantzaketaren bidez eta lehen mailako adituen aholkularitza- eta orientazio-zerbitzuaren bidez, baita inbertitzaileekin eta enpresekin lotura-lanak eginez ere, modu horretara ETE horien berrikuntza-proiektuak bultzatzeko eta merkatura ahalik eta azkarren iristeko.

Programa horretan sartzea zaila izan arren, ez da ezinezkoa; izan ere, 102 euskal ETEk lortu dute jada. Hala, azeleratzaile horretara proiektuak arrakastaz nola aurkeztu azaltzeko helburuarekin, “EIC Europako Berrikuntza Azeleratzailea. ETE berritzaileentzako finantzaketa” webinarra egingo da datorren uztailaren 14an. Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Spri Taldeak eta Beazek (Basque Enterprise Europe Network elkargoko kideak) antolatu dute jardunaldia, Industriaren Garapen Teknologikorako Zentroaren (CDTI) laguntzarekin.

Hauek ariko dira hizlari mintegi digital horretan: Luis J. Guerra, CDTIko H2020 programan ETE-en ordezkaria, EIC Europako Berrikuntza Azeleratzailearen epaimahaiko kidea; Arturo Antón, Spri Taldean EEN Sarearen euskal nodoko koordinatzailea, eta Iciar Alaña. Innobasque agentzian Enterprise Europe Network (EEN) elkargoaren arduraduna. Haiekin batera izango dira Frank J. Hernández, SOMAprobes enpresaren sortzaileetako bat, eta Jon Madariaga, Zuma Innovation enpresaren sortzailea. Enpresa oso berritzaileen zuzendari dira Hernández eta Madariaga. Bi ETE horiek Europako Batzordearen programa horren laguntza jaso dute jada, Horizon 2020 Esparru Programa horren baitan. Biek ala biek beren esperientziaren berri emango dute, eta azeleratzailean sartu ahal izateko zer oztopo gainditu behar izan dituzten azalduko dute.

Azeleratzailea, aurreko “ETE Tresna” programaren oinordekoa, arriskuak hartu dituzten ahalmen handiko proiektuak bultzatzeko tresna bat da, enpresa txiki eta ertain horiek produktu berritzaileak, zerbitzu eta negozio-eredu berriak eraman ahal izan ditzaten merkatura. Berrikuntza eta I+G bultzatzeko Horizon 2020 Europako esparru-programaren tresna izarretako bat da, eta halaxe izango da Horizon Europe programa berriaren baitan ere. Europar Batasunaren 2021-2027 aldirako etorkizuneko esparru-programa horrek 100.000 milioi euro inguruko aurrekontua izango du. Programak EBko zientzia eta teknologia indartuko ditu funtsezko zenbait esparrutan (osasuna, biztanleriaren zahartzea, segurtasuna, kutsadura eta klima-aldaketa) dauden mundu mailako erronka nagusiei aurre egiteko. Webinar horretan hurrengo Horizon Europe esparru-programaren berrikuntzak ere aurreratuko dira.

 

Euskal ETE-en arrakasta azeleratzailean

Azeleratzaileak haren aurrekaria xurgatu du (ETE Tresna), eta euskal enpresek oso esperientzia positiboa izan dute bietan. 2014tik, 81 enpresak baliatu dituzte laguntza horiek, eta 39 milioi euroko finantzaketa lortu dute beren disrupzioetarako.

Proiektu disruptibo horiek bat datoz RIS3 Euskadi Espezializazio Adimenduneko Euskal Estrategiaren lehentasun estrategikoekin. Esparru hauekin loturiko ekimenak dira:

– Fabrikazio aurreratua: fabrikazio-prozesuan material aurreratuak, hala nola grafenoa edo ura berrerabiltzeko nano-mintzak

– Biozientziak/osasuna: koronabirus infekzioak atzemateko test azkarrak, osasun-ekipamendua eta kirurgia-material aurreratuak, errehabilitaziorako kanpo-eskeletoak edota diagnostiko medikoei aplikatutako errealitate birtuala

– Energia: automobiletako laguntza-sistema prediktiboetarako adimen birtuala, energia eolikorako soluzio berritzaileak, bizikleten transmisio-sistemetarako elektromekanika…

– Hezkuntza sektorean erabiltzaileak on line identifikatzeko eta monitorizatzeko sistemak

– Satelitetako sistema integratuak.

 

Topaketa birtualean parte hartzeaz gain, aukera izango da banakako bilerak hitzartzeko laguntza horietan adituak diren pertsonekin, CDTIren Horizon 2020 programaren ordezkariekin, hain zuzen (kontaktuko puntu nazionalak deritze). Haiekin ideia edo proiektu berritzaileei buruz hitz egin ahal izango dute ETE-etako ordezkariek, aldez aurretik helbide honetan bilera hitzartuta: www.innobasque.eus.

 

Basque Enterprise Europe Network

Funtsezko bi arrazoi daude euskal proposamenek arrakasta izateko horrelako programetan: batetik, haien berrikuntza-maila handia delako, eta, bestetik, Euskadin eskueran dituzten laguntza-zerbitzuak baliatu ditzaketelako Enterprise Europe Network sareari esker. Munduko sarerik handiena da aipatutakoa, nazioarteko proiekzioa duten ETE-ei laguntzeko, eta Innobasque partaide da bertan. Euskadin du oinarria sareak, eta konexioa mundu zabalarekin, ETE berritzaileei zerbitzuak eskaintzeko, nazioarteko merkatuetan sarbidea izan dezaten. Enpresa txiki eta ertainei zuzendurik, sareak lagundu egiten die ETE horiei negozioetan nazioarteko bazkideak lortzen, eta, besteak beste, honako baliabide hauek lortzen: hazteko teknologiak eta ideiak, enpresa-bazkideak eta aholkularitza espezializatua. Hauek dira euskal nodoaren kideak: Spri Taldea, BEAZ, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberak eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentzia.

 

Jardunaldiari eta izen-emateei buruzko informazio gehiago, agentziaren webgunean: www.innobasque.eus

Lotutako albisteak

Trelec:  Berrikuntza  eta  bikaintasuna  zirkuitu  elektronikoen  fabrikazioan
15/01/2026 Berrikuntza

Trelec: Berrikuntza eta bikaintasuna zirkuitu elektronikoen fabrikazioan

Planifikazio adimenduna, produktu fidagarri baten gakoa

QUBIZ.team-ek    Europako  sentsorika  kuantikoaren  abangoardia  lideratzen  du  Ura,  Energia,  Industria  eta  Osasunerako

QUBIZ.team-ek Europako sentsorika kuantikoaren abangoardia lideratzen du Ura, Energia, Industria eta Osasunerako

Euskal ‘deep tech’-ak, EIC Accelerator Seal of Excellencea 2025rekin aitortua, ultradoitasunezko soluzioak garatzen ditu, igerileku olinpiko baten baliokidean molekula toxiko bakarra detektatzeko gai direnak

Bilbo  aukeratu  dute  Industria  Kongresu  Nazionalaren  egoitza  izateko  otsailaren  4an  eta  5ean,  eta  Parke  Teknologikoko  bost  enpresa  bisitatuko  ditu
05/01/2026 Berrikuntza

Bilbo aukeratu dute Industria Kongresu Nazionalaren egoitza izateko otsailaren 4an eta 5ean, eta Parke Teknologikoko bost enpresa bisitatuko ditu

Mikel Jauregi sailburuak inaugurazioan parte hartuko du, eta Bizkaiko campusean BIC Bizkaia, Biolan, Cocoon, ITP eta Syngoi erakutsiko dira adibide gisa.

LUZNOR:  Berrikuntza  eta  fidagarritasuna  sektore  esigenteenentzat
08/12/2025 Berrikuntza

LUZNOR: Berrikuntza eta fidagarritasuna sektore esigenteenentzat

Historia eta sustraiak Vitoria-Gasteizen

SPRIk  “Material  aurreratuen  etorkizuna  Europan”  ekitaldian  parte  hartu  du
28/11/2025 I+G+B

SPRIk “Material aurreratuen etorkizuna Europan” ekitaldian parte hartu du

Aveiron eta Porton egin zen azaroaren 27an eta 28an. Euskadin, material aurreratuak funtsezkoak dira gure industria-sektore askorentzat, eta zeharkako teknologia giltzarritzat jo dira Euskadi 2030 Industria Planean

2025eko  Fototechek  bokazio  teknologikoa  sustatu  nahi  du  emakumeen  artean
25/11/2025 Berrikuntza

2025eko Fototechek bokazio teknologikoa sustatu nahi du emakumeen artean

SPRI Taldeak sustatutako unibertsitateen, enpresen eta herritarren arteko topaketa-foroaren XIII. edizioa egin du Deustuko Ingeniaritza Fakultateak

Ekongreso:  10  Inpaktu-ekonomiek  erronkak  eta  aukerak  partekatuko  dituzte  Laukariz  Ekosisteman

Ekongreso: 10 Inpaktu-ekonomiek erronkak eta aukerak partekatuko dituzte Laukariz Ekosisteman

Azaroak 27, 28, 29 eta 30: enpresa txiki arduratsuak, B-Corps, erakundeak, proiektu profesionalak, sozialak eta ekintzaileak, berriz ere Ekongresoan elkartuko dira.

Elay  Taldeak  Mexikoko  fabrikaren  25.  urteurrena  ospatuko  du
10/11/2025 Berrikuntza

Elay Taldeak Mexikoko fabrikaren 25. urteurrena ospatuko du

Antzuolako enpresaren atzerriko lehen ekoizpen-fabrika izan zen.

EmprendeXXI  sarien  19.  edizioa  martxan,  potentzial  handieneko  euskal  startupentzat
03/11/2025 Ekintzailetza

EmprendeXXI sarien 19. edizioa martxan, potentzial handieneko euskal startupentzat

Lehiaketarako autagaitzak aurkezteko epea, aurten kategoria eta aitorpen berriekin, abenduaren 4an amaituko da.

“Leaders  in  Tech  Conference”  konferentziak  berrikuntza  teknologikoko  ahots  handiak  elkartu  ditu
22/10/2025 Berrikuntza

“Leaders in Tech Conference” konferentziak berrikuntza teknologikoko ahots handiak elkartu ditu

SPRI Taldeak parte hartu du 20 hizlarik osatutako konferentzian

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.