Berrikuntza
Albisteak 6 urria, 2022

209 ETEk jasoko dute enpresa berritzailearen Hazinnova akreditazioa

Hazinnova 2022 deialdiak 2.760.000 euroko zuzkidura du eta zabalik egongo da abenduaren 1era arte
-

Berrikuntza ez teknologikoari buruzko Hazinnova programaren bigarren edizioan parte hartu duten 209 ETEek enpresa berritzailearen ziurtagiria hartuko dute, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziaren, SPRI Taldearen eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren eskutik.  Hazinnova 2021 deialdiaren bitartez, enpresa horiek mikro-berrikuntzako 292 proiektu garatu dituzte hainbat arlotan, lehiakorragoak izateko.

Ziurtagiriak urrian eta azaroan entregatuko dira, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zenbait eskualdetan egingo diren bost ekitalditan. Lehen ziurtagiri-banaketa ekitaldia urriaren 13an egingo da Ordizian (Goierri, Gipuzkoa). Ondoren, urriaren 20an Zornotzan, urriaren 27an Zamudion, azaroaren 3an Oarsoaldean eta azaroaren 10ean Gasteizen.

2021eko deialdian programa honek 2.300.000 euroko aurrekontua izan du. 2019an martxan jarri zenetik, laguntza eman die 562 euskal enpresari.  “Hazinnovaren helburua da berrikuntzarako atea zabaltzea ETE askori; enpresa txikiek zailtasunak izan ohi dituzte proiektu berritzaileak abiatzeko behar dituzten  baliabideak lortzeko, eta programa honek arazo hori gainditzen laguntzen die. Berrikuntza txiki batek handizki aldarazi dezake ETE batek merkatuan daukan posizioa”, adierazi du Leire Bilbaok, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak.

Hazinnovaren bitartez euskal enpresa txiki eta ertainek berrikuntzako mikro-proiektuak inplementatzen dituzte produktuan eta negozio-prozesuetan, fabrikazio, logistika, merkaturatze, administrazio edo finantzak bezalako arloetan.

Lurraldeka, Bizkaiko 111 enpresak (135 proiektu), Gipuzkoako 63k (89 proiektu) eta Arabako 35ek parte hartu dute Hazinnova programaren 2021eko edizioan. Enpresa horiek guztiak  10-99 langile bitarteko ETEak dira, Euskadin dute jarduera-zentroa eta industria sektorekoak dira (manufaktura, uren kudeaketa, energia hornikuntza, etab.) edo zerbitzuetakoak (IKT jarduerak, handizkako merkataritza, etab.). Enpresen % 32k parte hartu zuten programaren 2019ko deialdian ere, eta programarekiko duten asebetetze-maila oso altua da, 10etik 8,24koa batez beste.

2021eko deialdiaren ostean gauzatu diren proiektu guztien artetik, Innobasque-k hamasei aukeratu ditu jardunbide egokien eredu gisa. (Kasu bakoitzari buruzko informazioa dokumentuaren amaierako eranskinean)

Enpresa txiki eta ertainek berrikuntzaren alde egin duten lana funtsezkoa izan zen Euskadi 2021ean lehen aldiz kokatzeko Europar Batasuneko batez bestekoaren gainetik berrikuntzaren indizean (Euskadik 103,6 puntu eta 100 puntu EBk).

Tokiko agente kolaboratzaileen sare zabala

Hazinnova programak tokiko agente-sare zabal bat dauka ETEei laguntzeko berrikuntza proiektuak aurrera ateratzen. Agente horien zeregin garrantzitsuenak dira programaren berri zabaltzea euren inguru hurbilean enpresak parte hartzera bultzatzeko, eta ETEei sostengua ematea prozesu osoan zehar. 2021ean 46 agente inplikatu dira Hazinnova programan –tokiko garapen agentziak, klusterrak, merkataritza ganberak eta enpresa elkarteak. Agente kolaboratzaile horiek Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziaren, SPRI Taldearen eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren ondoan izango dira enpresei diplomak banatzeko ekitaldietan.

Hazinnova programaren 2022ko deialdia

Diplomak banatu ondoren, informazio saio bat egingo da Hazinnova 2022 deialdiaren nondik norakoak azaltzeko enpresa interesatu berriei. Laguntzak eskatzeko epea zabalik egongo da abenduaren 1era arte. Aurtengo edizioan, programak 2.760.000 euroko aurrekontua izango du.

4.800 euroko gehieneko laguntza baten barruan, ETE bakoitzak doako 50 aholkularitza-ordu espezializatu jasoko ditu emaitzak lortu ahal izateko hiru hilabeteko epean. ETE bakoitzak aukera izango du gehienez berrikuntzako bi mikro-proiektu garatzeko  honako arlo hauetan:  enpresaren kudeaketa ekonomiko-finantzario eta estrategikoa hobetu errentagarritasuna hobeto

kontrolatzeko; produkzio prozesuak optimizatu eta enpresaren produktibitatea, kalitatea, jasangarritasuna edo segurtasuna handitu; pertsonen kudeaketa hobetu eta  euren konpromisoa eta motibazioa handitu; bezeroen gaineko ezagutza, bezeroen kaptazioa, arreta edo leialtzea hobetu eta merkatuko kuota handitu; hornikuntza edo banaketa katea perfekzionatu eta entrega gastuak eta epeak murriztu edo bezeroei emandako zerbitzua hobetu;  prozesu administratiboak birdiseinatu enpresaren efizientzia hobetzeko;  produktuak/zerbitzuak (berriak zein lehengoak)  merkatu berrietara egokitu (nazionaletara, nazioartekoetara zein sektore berrietara), marketin estrategia bat sortu merkatu geografiko berrietara zein bezero-segmentu berrietara iristeko, eta produktuari dagozkion konponbideak identifikatu eta ezarri negozio-bolumena handitzeko.

ERANSKINA: HAZINNOVA 2021 DEIALDIKO JARDUNBIDE EGOKIAK

Innobasquek, elkarlanean arituz eskualdeko agente-sarearekin, enpresekin eta Hazinnova programaren lote desberdinen esleipendun diren aholkularitzekin, 2021eko edizioko 16 proiektu aukeratu ditu programaren jardunbide egoki bezala. Hona hemen, proiektu bakoitzaren profila:

  • Arabako patataren eraldatuak – NATURBER (Gasteiz, Araba). Patata freskoaren eraldaketan diharduen enpresa honek plangintza eta jarraipen ekonomikoa egiteko tresna bat inplementatu du erabakiak azkarrago hartzeko, eta horretarako, oinarritzat hartu ditu zentro bakoitzeko kostuaren eta amaierako produktuaren errentagarritasunari buruzko datuak.
  • Grafik Sarea (Laudio, Araba). Nortasun korporatiboaren diseinu- eta aholkularitza-zerbitzuak ematen dituen kooperatiba bat da, Hazinnova programaren lehen edizioan ere parte hartu zuena. Oraingoan, bere aginte-koadroa hobetu du kooperatibaren negozio-unitate desberdinetan garatzen den jarduerari jarraipena egiteko eta ebaluatzeko, eta hartara, bere 2020-2025 estrategia betetzeko.
  • Carpintería metálica Aramburu (Irun, Gipuzkoa). Enpresa honek metalezko arotzerian dihardu, eta batik bat aluminiozko leihoak eta ateak egiten ditu. Tresna digitalak inplementatu ditu eta horrek aukera eman dio bere azkartasuna eta produktibitatea hobetzeko, eta barne-kudeaketa optimizatzeko.
  • Diatec Tools Internacional (Azpeitia, Gipuzkoa). Zehaztasunezko tresnak eta mekanizaturako zerbitzuak merkaturatzen dituen enpresa honek bere zerbitzaria berregituratu du, eta orain gai da informazioa azkarrago bilatzeko.
  •   Isonell (Aiara, Araba). Itsasgintzarako habilitazio-produktu eta -sistemak diseinatu eta fabrikatzen dituen enpresa honek hobetu egin ditu barneko produkzio-prozesuak eta aldatu egin ditu amaierako produktuari inolako ekarpenik egiten ez ziotenak.
  • Siliconas Silam (Zumaia, Gipuzkoa). Enpresa honek silikonazko konponbide pertsonalizatu eta berritzaileak eskaintzen ditu. Konpromisoa hartu du bere produkzio-prozesuak hobetzeko, proiektuan zehar zehaztutako ibilbide-orri bat abiaraziz eta Lean Manufacturing-ari eta VSM (value stream mapping) metodologiari buruzko ezagutzak baliatuz produktuen eta informazioaren fluxua hobetzeko bere produkzio-prozesuan, prozesuaren hasieratik produktua bezeroari entregatu arte.
  • Representaciones Cadagua (Gordexola, Bizkaia). Ogi eta opil izoztuen banatzaile honek tresna bat txertatu du ibilbideak bistaratzeko astegunen, udalerrien eta banaketen arabera. Tresna horrek aukera emango dio efizienteago izateko bere banaketa eta logistika prozesuetan, eta ibilbide bakoitzaren errentagarritasuna ere ezagutuko du.
  • Manufacturas Hepyc (Hernani, Gipuzkoa). Enpresa honek ebaketarako tresnak diseinatu, fabrikatu eta saltzen ditu -hala nola hariztatzeko ardatzak, daratuluak eta fresagailuak-, eta bere logistikaren eta biltegiaren kudeaketa optimizatzea lortu du.
  • GoPlast Comercial (Etxebarri, Bizkaia). Mahuka industrialak fabrikatzen dituen enpresa hau ohartu zen ez zuela barne-komunikaziorik, eta gorabeherak zeudela sail jakin batzuetan. Proiektu honen bidez, enpresak taldeko kohesioa landu du, eta lan-giroa hobetu du, antolakundearen helburu komuna lortzeko departamendu arteko lankidetzara bideratutako prestakuntza-tailerrei esker.
  • Erlo Taladros (Azkoitia, Gipuzkoa). Enpresa honek daratulu eta hariztatze arloetako konponbideen zerbitzu integrala eskaintzen du. Adituen aholkularitzari esker, enpresa berrantolatu du langileen arloan (bere 2020-2050 Plan Estrategikoak dioen bezala), eta antolakuntzako organigrama definitu du.
  • Sarikal Calibración (Elgoibar, Gipuzkoa). Laborategietako ekipo teknikoen kalibrazio-zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa honek bezeroarekin etengabe harremanetan egoteko marketin eta salmenta estrategia bat definitu du programaren aholkularitzari esker. Izan ere, enpresak detektatua zuen behar hori, eta proiektu honi esker, hainbat ekintza abiaraziko ditu aurten eta datorren urtean, esaterako, sare sozialak bultzatzea, prestakuntza-ikastaroak egitea edo azoketan parte hartzea.
  • Gonvador (Zamudio, Bizkaia). Gozoki eta litxarrerien handizkako banaketan diharduen enpresa honek premia zuen bezeroak leialtzeko eta bezero berriak atzemateko estrategia birdefinitzeko, eta proiektuaren bidez ekintza komertzialeko plan bat garatu du.
  • Lumagorri (Zerain, Gipuzkoa). Baserriko hegaztien produkzio, hiltze eta merkaturatzean jarduten duen enpresa honek merkatu-azterketa bat egin behar zuen bere eskaintza egokitzeko egungo kontsumitzaileen beharretara. Hazinnova programari esker, merkatu-azterketa bat egin zuen jakiteko kontsumitzaileak markaren zein ezaugarri baloratzen dituen, zeintzuk diren bere erosketa-ohiturak edo zenbateraino den garrantzitsua beretzat jasangarritasuna.
  • Mecanizados Alkain (Urnieta, Gipuzkoa). Planopean egiten den zehaztasunezko mekanizatuan diharduen enpresa honek enpresa berriak identifikatu ditu Frantziako merkatuan (jomuga-merkatua), eta lortu ditu Frantziarako eskaintza komertziala dibertsifikatzeko behar zituen tresnak.
  • Ediciones Deusto (Zalla, Bizkaia). Enpresa honek papergintzako artikuluak saltzen dizkie euren bezeroei produktu korporatiboak eskaini nahi dizkieten enpresei, eta premia zuen bere produktua jasangarritasunerantz eboluzionatzeko ezaugarriak identifikatu eta definitzeko. Hazinnova programaren bitartez, sakonago aztertu du posizionamendu berri hori, eta bere markaren komunikazioa eta aurkezpena egokitu ditu identifikatutako jasangarritasun irizpideen arabera.
  • IP21 Ingeniería de proyectos (Irun, Gipuzkoa). Enpresa honek ingeniaritza zerbitzuak eskaintzen ditu, batik bat telekomunikazioen sektorean. Hazinnova proiektuan aholkularitza eskatu zuen bere software berriak ase behar zituen premiak eta izan behar zituen funtzionaltasunak identifikatzeko. Aholkularitza kolaboratzaileak software horri buruzko azterketa bat egin zuen (merkatua, bezeroak eta funtzionaltasunak), eta orain enpresak badu ikuspegi estrategiko bat softwareak etorkizunean izan ditzakeen garapenei buruz, eta garapen hori orientatzeko road map bat ere eskuratu du.

 

Lotutako albisteak

SPRIk  “Material  aurreratuen  etorkizuna  Europan”  ekitaldian  parte  hartu  du
28/11/2025 I+G+B

SPRIk “Material aurreratuen etorkizuna Europan” ekitaldian parte hartu du

Aveiron eta Porton egin zen azaroaren 27an eta 28an. Euskadin, material aurreratuak funtsezkoak dira gure industria-sektore askorentzat, eta zeharkako teknologia giltzarritzat jo dira Euskadi 2030 Industria Planean

2025eko  Fototechek  bokazio  teknologikoa  sustatu  nahi  du  emakumeen  artean
25/11/2025 Berrikuntza

2025eko Fototechek bokazio teknologikoa sustatu nahi du emakumeen artean

SPRI Taldeak sustatutako unibertsitateen, enpresen eta herritarren arteko topaketa-foroaren XIII. edizioa egin du Deustuko Ingeniaritza Fakultateak

Ekongreso:  10  Inpaktu-ekonomiek  erronkak  eta  aukerak  partekatuko  dituzte  Laukariz  Ekosisteman

Ekongreso: 10 Inpaktu-ekonomiek erronkak eta aukerak partekatuko dituzte Laukariz Ekosisteman

Azaroak 27, 28, 29 eta 30: enpresa txiki arduratsuak, B-Corps, erakundeak, proiektu profesionalak, sozialak eta ekintzaileak, berriz ere Ekongresoan elkartuko dira.

Elay  Taldeak  Mexikoko  fabrikaren  25.  urteurrena  ospatuko  du
10/11/2025 Berrikuntza

Elay Taldeak Mexikoko fabrikaren 25. urteurrena ospatuko du

Antzuolako enpresaren atzerriko lehen ekoizpen-fabrika izan zen.

EmprendeXXI  sarien  19.  edizioa  martxan,  potentzial  handieneko  euskal  startupentzat
03/11/2025 Ekintzailetza

EmprendeXXI sarien 19. edizioa martxan, potentzial handieneko euskal startupentzat

Lehiaketarako autagaitzak aurkezteko epea, aurten kategoria eta aitorpen berriekin, abenduaren 4an amaituko da.

“Leaders  in  Tech  Conference”  konferentziak  berrikuntza  teknologikoko  ahots  handiak  elkartu  ditu
22/10/2025 Berrikuntza

“Leaders in Tech Conference” konferentziak berrikuntza teknologikoko ahots handiak elkartu ditu

SPRI Taldeak parte hartu du 20 hizlarik osatutako konferentzian

Global  Innovation  Day-rako  hautatutako  bost  kasu  praktikoek  argi  erakusten  dute  Euskadik  nola  eraldatzen  duen  zientzia  eta  bihurtzen  duen  berrikuntza
22/10/2025 Berrikuntza

Global Innovation Day-rako hautatutako bost kasu praktikoek argi erakusten dute Euskadik nola eraldatzen duen zientzia eta bihurtzen duen berrikuntza

Euskal berrikuntzaren hitzordu handiak 59 proposamen jaso ditu hamalaugarren ekitaldiko deialdian, eta horietatik %60 inguru Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziako entitate bazkideek bultzatuak izan dira

Irundinek  lidergoa  sendotu  du  Mecanizaciones  Alavesas-en  integrazioarekin  eta  2026ra  arteko  6  milioi  euroko  inbertsioarek
20/10/2025 Berrikuntza

Irundinek lidergoa sendotu du Mecanizaciones Alavesas-en integrazioarekin eta 2026ra arteko 6 milioi euroko inbertsioarek

Bi enpresen batuketak estatu mailako edari-ontziratzeko makineria talde sendoena sortzen du

Lancorrek  haren  kudeaketa-eredua  eta  industriako  bikaintasuna  aitortzen  duten  nazioarteko  bi  sari  lortu  ditu
16/10/2025 Berrikuntza

Lancorrek haren kudeaketa-eredua eta industriako bikaintasuna aitortzen duten nazioarteko bi sari lortu ditu

Bizkaiko enpresa Europako liderra da altxatzeko motor elektrikoen fabrikazioan

‘La  Fundacion’-ek  eskaintzen  du  SOS  EmozioLan  —  Langile‑ongizatearen  aldeko  benetako  apustua  egiten  duten  enpresentzat  Lehen  Laguntza  Emozionalen  lehen  zerbitzua
05/10/2025 Berrikuntza

‘La Fundacion’-ek eskaintzen du SOS EmozioLan — Langile‑ongizatearen aldeko benetako apustua egiten duten enpresentzat Lehen Laguntza Emozionalen lehen zerbitzua

La Fundación San Prudencio ha desarrollado SOS EmozioLan, un innovador servicio de primeros auxilios emocionales en el entorno laboral

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.