Estanpazio-piezetarako karbono-zuntz manipulatzaile bat, Branka Solutions enpresak egina.
Eraldaketa digitala
Elkarrizketak 16 ekaina, 2020

Material berriak robot industrialen piezak arintzeko

Gipuzkoako Branka Solutions enpresak material ultra-arinak erabiltzen ditu robotentzako piezak sortzeko eta, horrela, produkzio-prozesuen eraginkortasuna hobetzeko
-

 

Gipuzkoako Branka Solutions enpresak material ultra-arinak erabiltzen ditu robotentzako piezak sortzeko eta, horrela, produkzio-prozesuen eraginkortasuna hobetzeko

 

Orioko Branka Solutions enpresa material berrien garapenean eta itsasoko teknologia autonomoetan espezializatuta dago. Azti zentroarekin batera sortu du Itsasdrone, Euskadin fabrikatutako itsasorako dron bat. Robotikari eta material berriei buruz duen ezagutzari esker, manufaktura sektorean murgildu da, non pieza arinagoak egiten baititu robot industrialentzat. Jon Lasarekin hitz egin dugu. Jon Managing zuzendaria da Branka Solutions enpresan, zeinak bost enplegatu eta hainbat partner teknologiko dituen Erresuma Batuan, Alemanian, Frantzian eta Txinan.

 

Zer egiten duzue Branka Solutions-en?

Branka-n bi negozio-ildo dauzkagu. Lehenengoak material konposatuetan (adibidez composite-ak) oinarritutako konponbide teknologikoak egiten ditu. Helburua da ingeniaritza eta fabrikazioa integratzea material konposatuen indar-guneak aprobetxatzeko eta askotariko sektoreetan aplikatzeko. Ingeniaritzari dagokionez, gure know-how-a honexetan oinarritzen da: egitura arinagoak, composite-ei aplikatzen zaizkien prozesuak eta prototipoetan nahiz serie laburretan oinarritutako fabrikazioa. Mota guztietako teknologiak eta sistemak integratzen ditugu, eta produktu propioak nahiz hirugarrenentzako lanak egiten ditugu.

 

Bigarren negozio-ildoa da teknologia autonomoarena eta robotikarena, zeintzuk batez ere itsasoko teknologia autonomoan espezializatuta dauden.  Askotariko proiektuak egin ditugu itsasoko lanen prozesuak automatizatzeko, bai ikerketarako, eta bai konponbide robotikoak erabiliz optimizatu daitezkeen lan astun eta errepikakorrak arintzeko. Itsasoko robotikari dagokionez, material konposatuekin in house fabrikatzeko dugun gaitasuna aprobetxatzen dugu eta, horri esker, guk geuk egiten ditugu fabrikazioa eta muntaia.

 

Zein ekarpen egiten diozue 4.0 Industriari?

Material konposatuak erabiltzen ditugu ekoizpen-ildo batzuetan, hain zuzen halako automatizazio-maila bat duten prozesuak dauzkatenetan, arreta berezia eskainiz robotei. Uste dugu material ultra-arinez ekoitzitako robotentzako piezekin eraginkortasun handiagoa lortzen dela manufakturaren industriako produkzio-prozesuetan. Adibidez, karbono-zuntzezko pieza bat jartzen badiogu piezak manipulatzen dituen beso antropomorfiko bati, beso hori metalezko beso arruntak baino arinagoa izango da eta, beraz, orobat hobeak izango dira abiadura, errepikakortasuna eta zehaztasuna. Behin pisua arinduta, robot batek minutuko 25 mugimendu egin ditzake 20 egin beharrean, eta horrek esan nahi du lineak ere eraginkorragoak izango direla. Material konposatuen, batik bat, karbono-zuntzaren abantailak aprobetxatzen ditugu linea robotikoen produktibitatea hobetuko duten osagaiak fabrikatzeko eta garatzeko.

 

Robot industrialak fabrikatzen dituzten enpresa gehienek pieza trukagarri estandarrak merkaturatzen dituzte. Zuen kasuan, kartara eginiko pieza bereziak ekoizten dituzue, ezta?

Bai, kartara eginiko diseinuak egiten ditugu, hots, aplikazio bakoitzerako ad hoc konponbideak. Bi arlotan zentratzen gara. Batetik, diseinu eta funtzionaltasun jakin batzuk dituzten piezen hornitzaileak gara, baina beste material batzuekin optimizatzen ditugu pieza horiek. Bestetik, prozesuak ere eraldatzen ditugu. Adibidez, beso antropomorfiko komertzial bati atxikitzen zaion pieza bat garatu dugu. Hutsaren bidezko xurgatze-kamera bat da, gai dena xurgatze bidez tamaina handiko pieza bat hartzeko (adibidez metalezko xafla bat) eta beste lan-eremu batean uzteko.  Robot horrek karbono-zuntzezko huts-kanpai bat dauka lotuta, eta xurgatze bidezko sistema erabiltzen du xaflak mugitzeko. Orain arte bi langile behar ziren xaflak eskuz mugitzeko. Hori bakarrik lortu daiteke robot industrialentzako karbono-zuntzezko pieza arinek eskaintzen duten abiadura eta zehaztasunari esker.

 

Zuen prozesuetan fabrikazio gehigarriko teknologiak ere erabiltzen dituzue.

Asko zaintzen dugun arlo bat da, eta Europa osoan dauzkagun partner-ekin kolaboratzen dugu, zeren, fabrikazio gehigarria hain azkar doa aurrera, ezin ditugula makina guztiak eskuratu, oso garestiak direlako eta ezin diegulako errentagarritasunik atera.  Baina fabrikazio gehigarria erabiltzen dugu gure garapenen zati asko egiteko; gure produktuetan integratzen dugu eta alderantzizko ingeniaritza edo prototipoak egiteko baliatzen dugu. Fabrikazio gehigarria egiten dugu plastikoarekin, metalarekin eta composite-ekin.  Eta kalitate handiko amaierako pieza funtzionalak lortzen ditugu. Duela 5 edo 10 urte ezinezkoak ziruditen gauzak nahiko maiz egiten ditugu gaur egun. Prozesu gero eta optimizatuagoak dira, eta guk hurbiletik jarraitzen ditugu aurrerapen guztiak.

 

Zure ustez zein norabide hartuko dute 4.0 Industrian aplikatutako material berriek?

Arlo horrek bide luzea du egiteko eta material berriek propietate oso disruptiboak dauzkate, baina oraindik ez daude guztiz integratuta industrian. Orain badugu erronka tekniko bat, alegia, grafenoan edo bestelako nano-teknologia batzuetan oinarritutako produktuak ekonomikoki bideragarri egitea.  Teknologia existitzen da, eta aplikazioak ikaragarriak dira, baina teknikoki eta ekonomikoki bideragarria izan behar du industriak masan erabili dezan. Fabrikazio gehigarriak eta beste teknologia batzuek bizi izan duten bezalako bilakaera bat behar dugu kasu honetan ere. Duela 20 urte oso garestia zen piezak fabrikazio gehigarri bidez ekoiztea, eta gainera piezen kalitatea ez zen oso ona. Baina gaur egun teknologia oso aurreratuta dago, bai kalitatean eta bai kostuetan, besteak beste, patenteak ireki egin direlako.

 

Zeintzuk dira Branka Solutions-en etorkizuneko erronkak?

Nazioartekotze-fasean gaude, batik bat itsasoko robotikaren ildoan. Gure erronka da nazioartean sendotzea, erreferente bihurtzea itsasoko aplikazioetarako konponbide autonomoen garapenean, eta sendotzen jarraitzea material konposatuen merkatuan, bai Estatuan eta bai nazioartean. Aurrera egin nahi dugu gure egunerokotasunean, baina epe luzeko ikuspegia da garrantzitsuena, eta egunero lan egin beharra dago 5 edo 10 urte barru egon nahi dugun tokiraino iristeko. Helburu horiek erdietsi nahi ditugu.

Lotutako albisteak

Evec,  industria-sektore  zorrotzenetarako  doitasun  handiko  artezketetan  aditua

Evec, industria-sektore zorrotzenetarako doitasun handiko artezketetan aditua

Bizkaiko enpresak teknologia aurreratua, erabat klimatizatutako tailerra eta sei hamarkadako esperientzia uztartzen ditu bere prozesuetan zehaztasun handiena bermatzeko.

Arituk  bere  software  libreko  tresna  hobetu  du  merkatu  berrietara  zabaltzeko

Arituk bere software libreko tresna hobetu du merkatu berrietara zabaltzeko

Gipuzkoako enpresak ingurumen-erregulazioak kudeatzeko tresna bat gehitu du EloraPLM plataforman.

Vamos  a  Cuidarnos,  erronka  demografiko  global  baterako  tokiko  konponbidea

Vamos a Cuidarnos, erronka demografiko global baterako tokiko konponbidea

Bizkaiko enpresak aplikazio bat diseinatu du eguneroko bizitza errazteko eta adinekoen lotura sozialak indartzeko, zahartze-testuinguru gero eta handiago batean.

Datu  konplexuak  erabaki  erabilgarri  bihurtu:  Ikerfelen  proposamena

Datu konplexuak erabaki erabilgarri bihurtu: Ikerfelen proposamena

40 urte daramatzan enpresa bizkaitarrak irtenbideak eskaintzen ditu era guztietako erakundeei, bezeroen gogobetetasuna, fideltasuna eta erabaki-hartzea indartu dezaten.

Adimen:  merkatuetako  ikerketa  eraldatzeko  inteligentzia  eta  teknologia

Adimen: merkatuetako ikerketa eraldatzeko inteligentzia eta teknologia

Adimen artifizialarekin, errealitate birtualarekin eta metodologia hibridoekin, Arabako enpresak bezeroen erabakitzeko gaitasuna indartzen du.

Hondakin-uren  araztegiak  modu  integralean  kudeatzeko  plataforma  digital  berria

Hondakin-uren araztegiak modu integralean kudeatzeko plataforma digital berria

Soluzioak Helinia du izena eta Gipuzkoako Cimico enpresak garatu du. Hiru zutabe nagusi ditu: kontrol automatiko aurreratua, monitorizazioa eta analitika aurreratua eta biki digital berritzailea.

Four9s:  “Gure  tresna  lehiakorrena  bihurtu  da  SQL  Server  datu-baseak  aztertzeko”

Four9s: “Gure tresna lehiakorrena bihurtu da SQL Server datu-baseak aztertzeko”

Enpresa bizkaitar honen soluzioa SQL Server-en datu-baseak behatzeko software bat da. Fernando Penacho negozio-garapeneko zuzendariaren arabera, "funtsezkoa da errendimendua, egonkortasuna eta segurtasuna bermatzeko".

Purple  Blob-ek  benetako  digitalizazioa  soluzio  teknologiko  egokituak  dituzten  enpresa  eta  erakundeetara  hurbiltzen  du

Purple Blob-ek benetako digitalizazioa soluzio teknologiko egokituak dituzten enpresa eta erakundeetara hurbiltzen du

Euskal konpainiak softwarea, IoT eta zibersegurtasuna industria, turismoa edo Administrazio publikoa bezalako sektoreei zerbitzu pertsonalizatuak eskaintzeko uztartzen ditu.

Mosaikus  by  Rombus:  zure  erakundearen  kudeaketa  integratua  digitalizatu,  sinplifikatu  eta  hobetzen  duen  plataforma
31/07/2025 Ekintzailetza

Mosaikus by Rombus: zure erakundearen kudeaketa integratua digitalizatu, sinplifikatu eta hobetzen duen plataforma

Giovanna Nocentino eta María Paz Silvak bikaintasunerako bidean lehiakorragoak eta jasangarriagoak izan nahi duten enpresei laguntzen diete, kalitatean, ingurumenean, segurtasunean, laneko osasunean eta araudia betetzean ikuspegi argi batekin.

Igarle  Taldeak  enpresen  digitalizazioa  bultzatzeko  soluzio  berriak  garatu  ditu

Igarle Taldeak enpresen digitalizazioa bultzatzeko soluzio berriak garatu ditu

Gipuzkoako enpresa 20 herrialde baino gehiagotan dihardu, eta kudeaketa-softwarea berritu du; batez ere, industriako, logistikako eta garraioko bezeroak ditu.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.