Soraya Romo.
Ekintzailetza I+G+B
Elkarrizketak 5 otsaila, 2021

BCARE: “Krisi honetatik ikas dezakegun ikasgai garrantzitsuena da ezinbestekoa dela zientzian, teknologian eta osasunean lan egitea”

Soraya Romok sei hilabete egin ditu BCARE enpresaren buruzagitzan, helburutzat harturik “spin off” hau sendotzea eta erreferente bihurtzea baterien post mortem analisian
-

 

Arabako Teknologi Parkeko ekosistema berritzailean proiektu ugari ari dira garatzen, besteak beste etorkizuneko baterien profilak eta tipologiak, eta bateria horiek izango omen dira mugikortasun jasangarri eta eraginkorrago bat bermatuko dutenak. Asmo-adierazpen horrexekin sortu zen duela hamar urte CIC Energigune, energia biltegiratzearen arloko Europako punta-puntako zentroa, zeinak handik gutxira bere lehen “spin off” enpresa sortu baitzuen prozesu horren epeak azkartzeko. Konpainia berri horren izena BCARE da, eta helburutzat du baterien osasuna diagnostikatzea eta aurreikustea. Duela sei hilabetetik Soraya Romo Díez dago enpresa horren buru; sektorean 20 urtetik gorako esperientzia duen ingeniari industrial hau profil teknikoetan hasi zen lanean, eta azken hamar urteetan zuzendaritza eta kudeaketa karguetan ibili da Iberdrola eta Vinci Energies bezalako korporazio handietan, eta baita ere Velatia eta Grupo Lekunbide bezalako familia-enpresetan.

 

Joan den uztailean, pandemia bete-betean hartu zenuen kargua Nola igaro dituzu lehen hilabete hauek?

Egoera ezohiko eta bitxia izan zen, 2020. urtea denontzat izan den bezalakoa, baina oso interesgarria aldi berean, proiektu honek sekulako etorkizuna baitu.

 

Merezi izan du BCAREra iritsi arte egin duzun ahalegin pertsonal eta profesionalak?

Bai, zalantzarik gabe. Beti argi izan nuen nire karrera profesionala sustatu eta bultzatu nahi nuela, baina banekien orobat ez niola uko egin nahi familia bat izateari, eta nire bizitzaren bi alderdi horiez gozatzeari. Zentzu horretan, asko kostatu zait honaino iristea, baina sentitzen dut asko jaso dudala trukean, guztiz zoriontsu sentitzen naizelako nire lanbidearekin eta bizitza pertsonalarekin.

 

Gaiaz askorik ez dakigunontzat, nola azalduko zenuke zer den BCARE eta zein den bere jarduera nagusia?

Hasieran esan bezala, BCARE “spin off” bat da, biltegiratze tekniko eta elektrokimikoaren arloan Europan puntakoa den CIC Energigune zentrotik (Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko ikerketa zentroa) irten dena. Gure kasuan, CIC-ren arlo baten babesean sortu ginen, hain zuzen, elektrokimikarenean eta, zehazki, baterien post mortem zerbitzuen aterkipean. Zerbitzuak eta produktuak eskaintzen ditugu energiaren biltegiratze sektorerako.

 

Adibidez?

Aholkularitza da gure jarduera-ildo nagusietako bat. Biltegiratzearen mundua oso zabala da eta bateriak elementu benetan konplexuak dira, horregatik biltegiratze-sistema bat ezarri nahi duten bezeroei askotan lagundu egin behar izaten zaie, erabakitzeko zein den beren aplikaziorako teknologia onena edo aproposena. Zentzu horretan, askotariko zerbitzuak ematen ditugu: enpresei laguntzea energia biltegiratzeko lizitazio prozesuetan, hobekuntzak egitea mantenimendu prozesuetan, baterien kudeaketako estrategiak, auditoretza prozesuak, araudiak egitea…

 

CIC zentroaren eta BCAREren arteko harremana berezia da; esan liteke CIC-k ikerketa eta garapena egiten duela, eta zuek enpresa mundura eramaten duzuela hizkuntza hori?

Hori da. Baterien arloko ikerketa-lana CIC-k egiten du, eta BCAREren lana da I+G hori merkatura eramatea eta enpresei hurbiltzea. Ikertzaileek garatzen duten know how horrek baliagarri izan behar du enpresen prozesuetan nahiz produktuetan, eta know how hori baliagarri bihurtzea da gure lana.

 

Zer dio eskaerak zentzu horretan?

Esan dezakegu bateriak ia edozein arlotan erabiltzen direla, baina argi dago gaur egun mugikortasun elektrikoa dela gorakada betean dagoen sektorea. Ibilgailu elektrikoak garapen esponentziala izango du etorkizunean, eta erronka handiena bateriak dira, mota horretako ibilgailuen osagai estrategikoena direlako. Baina, era berean, etorkizun handia ikusten diogu iturri berriztagarrietatik lortutako energiaren biltegiratzeari. Bateriak gure bizitzen parte dira eta izango dira hemendik aurrera ere.

 

Berrikuntza bikaina da zuek defendatzen duzuena

 Horixe lortu nahi dugu, hori da gure asmoa. I+G oinarrizkoa da, batik bat produktu edo prozesu oso teknologikoekin lan egiten baduzu. Horregatik, beti ahalegintzen gara merkatuan existitzen ez den zerbait eskaintzen edo existitzen den hori hobetzen. Baterien sentsorizazio sistemez edo osasun egoera kontrolatzeko eredu eta algoritmoez ari naiz, adibidez. Gure helburua da baterien kudeaketa guztiz optimizatzea eta, horrela, euren bizitza erabilgarria ahalik eta gehien luzatzea, kostuak murriztea eta biltegiratzearen sektorea I+G prozesu konplexuetan oinarrituta garatzea.

 

Esan duzu baterien post mortem analisia dela zuen enpresan egiten duzuen jardueretako bat Zertan datza prozesu hori?

Bateriek askotan narriadura-prozesuak jasaten dituzte, eta narriadura horren ondorioz huts egiten dute. Horregatik, funtsezkoa da jakitea zer gertatu den prozesu horretan, zergatik gertatu den akatsa eta zergatik huts egin duen, batez ere, berriz gertatu ez dadin. Hori CIC zentroaren bidez lortzen dugu, zeren baterien CSI unitatea bezala ezagutzen dugun lantalde espezializatu batek baterien autopsiak egiten baititu.

 

Enpresa gisa, zer ari gara ikasten COVID-19ak eragin duen ziurgabetasun egoera honetatik?

Uste dut hainbat gauza ari garela ikasten. Batetik, ulertu behar dugu teknologiak gure artean egon behar duela, ezin diegula gure inteligentzia laga hirugarrenei, pandemia garaian argi geratu den bezala. Industriak bere ezagutza indartu behar du, eta digitalizazioa funtsezkoa da horretarako. Horrez gain, ikusi da telelana aukera bat dela, hemen dagoela eta gelditzeko iritsi dela, konfiantza gehiago eman behar zaiela lantaldeei –ikusi besterik ez dago azken hilabeteetan nolako emaitzak lortu ditugun jendearengandik, bai bulegoetan eta bai etxean zeudenengandik-, eta lan-eredu berri bat sortuko dela, non pertsonak jarri behar baitira erdigunean… Lantaldea, zure lantaldea, oinarrizkoa da eta zaindu egin behar da. Halere, nire ustez garai honetan ikasi dugun lezio garrantzitsuena da ezinbestekoa dela zientzian, teknologian eta osasunean lan egitea.

Lotutako albisteak

Kroketak.eus,  bi  ekintzaile  arabarren  omenaldia  euskal  gastronomiari
03/12/2025 Ekintzailetza

Kroketak.eus, bi ekintzaile arabarren omenaldia euskal gastronomiari

Juan eta Patxiren ibilbideak 2017an gurutzatu ziren eta proiektu komun bat sortu zen emaitza bezala: kroketak, prestatutako gisatuak eta postreak egiten dituen enpresa bat, tokiko ekoizleen sare batean oinarrituta.

Nexi  Health,  adimen  artifizialari  esker  osasun  mentalaren  eraldaketa
27/11/2025 Ekintzailetza

Nexi Health, adimen artifizialari esker osasun mentalaren eraldaketa

Gipuzkoako startupak teknologia digitalak garatzen ditu, osasun arloko profesionalei kontsultan %25rainoko denbora aurrezteko eta kasu larriak goiz detektatzeko aukera ematen dietenak.

Erysafety:  nola  saihestu  farmakoen  eragin  kaltegarriak
25/11/2025 I+G+B

Erysafety: nola saihestu farmakoen eragin kaltegarriak

CIC bioGUNE proiektu horren parte da, eta sendagaien segurtasunaren ebaluazio zehatzagoa egiteko eredu bat garatzea du helburu.

Heuristik:  “Pazienteen  identifikazioan  munduko  erreferente  bihurtu  nahi  gara”
24/11/2025 I+G+B

Heuristik: “Pazienteen identifikazioan munduko erreferente bihurtu nahi gara”

Bizkaiko enpresak adimen artifizialeko soluzioetan espezializatuta dago, eta bere teknologia osasun-arloan aplikatzen du, ospitaleetako segurtasuna eta eraginkortasuna hobetzeko.

Cyber  Surgeryren  helburua  da  bizkarrezurreko  robot  kirurgikoa  Estatu  Batuetan  barneratzea
24/11/2025 I+G+B

Cyber Surgeryren helburua da bizkarrezurreko robot kirurgikoa Estatu Batuetan barneratzea

Gipuzkoako enpresak, teknologia medikoan erreferenteak, SPRI Taldearen Fast Track Innobideak programako laguntza jaso du

Simune  Atomistics-ek  materialen  ikerketa  irtenbide  digital  erabilgarrien  bidez  eraldatzen  du
20/11/2025 I+G+B

Simune Atomistics-ek materialen ikerketa irtenbide digital erabilgarrien bidez eraldatzen du

Donostiako enpresak bere ASAP plataformarekin eta lehen mailako lankidetza zientifikoekin material berrien esplorazioa eta diseinua bizkorten du.

Ariketa  fisikoa,  zientzia  eta  laguntza:  SISU  Bienestar  enpresaren  formula  minbiziari  aurre  egiteko
19/11/2025 Ekintzailetza

Ariketa fisikoa, zientzia eta laguntza: SISU Bienestar enpresaren formula minbiziari aurre egiteko

Bizkaiko enpresa honek unibertsitateko ikerketa eta entrenamendu pertsonalizatua uztartzen ditu, minbiziak iraun bitartean eta ondoren bizi-kalitatea hobetzeko.

Aotech,  elikadura-industria  hobetzeko  sentsoreak  eskaintzen  dituen  ETEa
17/11/2025 I+G+B

Aotech, elikadura-industria hobetzeko sentsoreak eskaintzen dituen ETEa

Bere azken proiektuak maionesako gantza kuantifikatu du eta blockchain teknologiaren bidez trazabilitatea bermatzen du

LaserWay  proiektuaren  helburua,  laser-teknologia  Europako  industria-ekoizpenean  integratzea
14/11/2025 I+G+B

LaserWay proiektuaren helburua, laser-teknologia Europako industria-ekoizpenean integratzea

Tekniker parte duen ekimenaren helburua da abiadura handiko laser bidezko mikrozulaketa-prozesuak garatzea, fabrikazio arinagoa, jasangarriagoa eta eraginkorragoa lortzeko.

Alerionek  atmosfera  leherkorretan  funtzionatzeko  gai  den  munduko  lehen  dronea  diseinatu  du
13/11/2025 I+G+B

Alerionek atmosfera leherkorretan funtzionatzeko gai den munduko lehen dronea diseinatu du

Euskadiko ETEa tripulaziorik gabeko aireontzietan espezializatuta dago, industria-operazio kritikoak seguruagoak, eraginkorragoak eta jasangarriagoak izan daitezen

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.