Bioekonomia
Berrikuntza Ekintzailetza Eraldaketa digitala I+G+B
Albisteak 19 abendua, 2019

Bioekonomiaren Euskal Aliantza sortu da, Euskadiko ekonomia dibertsifikatzeko eta garapen jasangarrian laguntzeko

Eusko Jaurlaritzak uste du Euskadik natur baliabide eta teknologia-gaitasun nahikoak dituela ekonomia-eredu horren aukera berriak esploratzeko
-

Aliantza publiko-pribatu hau 10 proiekturen partaidetzaz abiatu da, eta bioekonomian ekimenen bat duten enpresa guztiei ireki die atea

Eusko Jaurlaritzak uste du Euskadik natur baliabide eta teknologia-gaitasun nahikoak dituela ekonomia-eredu horren aukera berriak esploratzeko

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak ekimen honi emandako laguntza sendotu du, 1.000.000 euroko laguntzen programa esklusibo batez

Aliantzako enpresak eta erakundeak lankidetzan aritu eta beren esperientziak partekatzeko konpromisoa hartu dute, ekonomia-sektore guztietan bioekonomia-eredua areagotzeko

Euskadik 2020ko udaberrian hartuko du bere gain Bio Eskualdeen Europako bulegoa, eta Bioekonomiaren Berrikuntza eta Ekintzailetzaren Nazioarteko SUMMITa antolatuko du

Informazio gehiago

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak Bioekonomiaren Euskal Aliantza eratzea bultzatu du, hasiera batean 10 enpresa pribaturen eta erakunde publikoetako ordezkarien partaidetzaz: SPRI taldea, Energiaren Euskal Erakundea, NEIKER Teknologia Zentroa eta HAZI Fundazioa; azken horrek hartuko ditu Idazkaritza Teknikoko eginkizunak.

Aliantza hori garatzeko bidean edo merkatuan bioekonomia-proiektuak dituzten enpresa eta eragile guztiak integratzeko asmoz abiatu da; asmoa da interesa duten enpresa/eragileak Europan gero eta hedatuago dagoen ekonomia-eredu horretan lankidetzan aritzea eta hura bistaratzen aktiboki lagundu eta parte hartzea; izan ere, eredu horrek ahalmen handia du, dudarik gabe, Euskadiko ekonomia dibertsifikatzeko orduan.

  • Helburua

BEAren helburua izango da enpresa-eragileen sare bat sortzea, biologia-baliabideetan oinarritutako produktuak sortzen dituen ekonomia-eredu hau sendotzen dutenak, eta erakunde publikoen, teknologia-zentroen eta enpresen arteko lankidetza egituratu bat ezartzea, ekonomia-produkzio eta -sorkuntza modu hori hazteko.

  • Eraketa

BEAk 2020ko urtarriletik aurrera bat egiten duten kide eta enpresak bilduko ditu bere baitan. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak zuzenduko du, eta tokiko zein nazioarteko profesionalek osatutako aholkularitza-batzorde bat izango du.

  • 10 proiektu erreal dituzten hasierako 10 enpresak

BEA eratzeko hautatutako enpresak oso askotariko sektoreetatik datoz, adibideez, ibilgailu-industria, energia, eraikuntza, ehungintzaren industria eta kosmetika, besteak beste. Hasieran enpresa horiek hor egotea babesten duten  bioekonomia-proiektuak  zur-baliabidean oinarritzen dira nagusiki, nahiz eta kasu batzuetan beste bio baliabide mota batean oinarritzen diren produktuak dituzten.

BIOTERMIAK: “Bioerregaiak berokuntza eta bero industrialeko instalazioetan garatzeko plataforma da. Basogintzako produktoreak eta zuraren eraldatzaileak energia-zerbitzuak ematen dituzten enpresekin eta herri-administrazioekin integratzen ditugu, hornidura-berme osoa eta bioerregaien kalitatea eskaintzen dituen sare logistikoa lortzeko“.

CIKAUTXO: CIKAUTXOn, lehengai polimeriko jasangarriagoak eta ingurumenarekin begirune handiagokoak bilatzen dituzten ekimenak bultzatzen ari gara, bi helbururi begira: petrolioari lotutako osagaiak murriztea, eta gure konposatuetara birziklatutako biomaterialak gehitzea. Azken urteotan, kautxua birziklatzeko hainbat teknologia garatu ditugu, kautxua desbulkanizatzeko prozesu berritzaileen bitartez; izan ere, material hori lehengai birziklaezintzat jotzen da”.

EGOIN. “Gure enpresak zurezko soluzio estruktural berritzaileak diseinatu, ingeniaritza jorratu, fabrikatu eta muntatu egiten ditu bertako km 0-ko lehengaietan oinarrituz. Zuraren aldeko apustua egin dugu XXI. mendean eraikuntzaren materiala izan dadin, ekologikoa delako eta karbono-aztarna murrizten duelako, XX. mendeko ohiko eraikuntzarekin konparatuz gero. Indarrean ditugun proiektuen artean, babes ofizialeko bizitegi-eraikin handiena egiten ari garela nabarmendu behar da, Cornellá de Llobregaten, Bartzelonan: 5 solairu eta 85 etxebizitza ditu; horretarako, ziurtapena duten eta birlandatutako 2.100 metro kubo basoren zura erabiliko da guztira”

GLOBAL EFFICIENCY ARANGUREN– GLEFARAN: “Ekonomia zirkularra eta bioekonomia ardatz hartzen dituen enpresa bat gara, Euskadiko kapitalduna, eta baso-biomasa kudeatzera eta energia berriztagarria produzitzera bideratua, biotxarraren erabilera berritzaileen inguruko proiektu bat garatzen duena. Mikroorganismoz aberastutako biotxarrak animalien eta landareen nutrizioa hobetzen du, eta biomasarako aplikazio berriak garatzeko modua ematen. Animalien elikaduran, digestioa errazten du, eta berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten. Ongarri  gisa, ondorio oso interesgarriak ditu nekazaritzarako, adibidez, ura hobe atxikitzen du, nutrienteen oreka hobetzen du, eta lurzoruan dauden kutsatzaileak desaktibatzen.

LANA. BEGUR proiektua. “Proiektuaren mamia da zur-hondakina (zerrautsa) aprobetxatzearen bideragarritasuna aztertu eta, hartara, hiri-altzarietako edo bestelako elementuak fabrikatzeko erabiliko den balio erantsi handiko material berri bat sortzea. Horretarako, zuraren zati txikiena baliatuko da WPC plastiko-zurezko konposite bat lortzeko, zurezko zuntz finenak polimero plastiko eta gehigarriekin estruituz. Era horretan, material plastikoaren % 50a zurezko produktuekin ordezka daiteke”.

MAIER. BIO4SELF (H2020). “Bioplastiko autoindartua garatu eta baliarazi (bioplastikozko matrizea + bioplastikozko zuntzak). Helburua da beira-zuntzez indartutako termoplastikoa kentzea eta, trukean, PLA autoindartua jartzea, produktuaren jasangarritasuna hobetuz, birziklagarrigarritasunari dagokionez (material bakar bat). PLA bioplastiko bat da, landare-jatorriko azido polilaktikoa. Horretarako, goi-tenperaturako fusioko PLA bat eta behe-tenperaturako fusioko PLA bat garatzea bilatu da (70 ºC-tik gorako aldeaz), hura indartzeko.

MARIA DUOL. “Badira 28 urte kalitate goreneko eta printzipio aktibo naturalez egindako produktu kosmetikoak diseinatu, produzitu eta merkaturatzen ditugula. Ikerketaren zorroztasun zientifikoa eta teknologia-garapena uztartzen ditugu, baita pertsonen azal-osasunaren zainketa ere, horretarako gai aktibo naturalen erabileran oinarrituz. Era horretan, kosmetikaren merkatua dibertsifikatzen dugu askotariko produkzio-jardueren bitartez, bio produktuen sorta batez,  adibidez,  mahats-pipitetan dagoen Resveratrolaren ahalmen antioxidatzailea eskuratzearen bidez  naturaren propietateak baliatuz.

PAPRESA. Birziklatutako eta birjina den zelulosa zelulosazko pastaren nahasketatik abiatuta ehun-zuntzaren ekoizpena aztertzeko proiektu pilotoa. « Helburua da teknologia bat probatzea eta ezartzea, petroliotik eratorritako materialak ingurumenerako eta ekonomiarako modu hobean ordezka ditzaketen ehunezko material berriak sortzean, baso-jatorriko zelulosa-orea erabiltzeko, bai birjina, bai paperetik, kartoi erabilitik edo zuretik birziklatua. Proiektu honen berariazko interesa da beste herrialde batzuetan dagoen prozesu hori EAEn dagoen materiala eta zelulosaren ezaugarrietara egokitzea. Abantaialak eta desabantaialak identifikatzeko ».

SKFK: “Moda etikoko bere sorkuntzetan, bertakoak eta jasangarriak diren materialak lehenesten ditu. Alde horretatik, zelulosa-jatorriko zuntzek, adibidez, Lyocellak (gehienetan Tencel deituak), lehentasuna dute markarentzat. Hainbat abantaila eskaintzen dituzte:  iraunkortasuna, moldakortasuna, testura eta, gainera, abegitsua da ingurumenarekin. Lyocellari, zelulosan edo zur-orean oinarrituta egindako material naturalari esker, bete egiten dugu Euskadin % 100 egindako arropa jasangarriak produzitzeko helburua”.

SMURFIT KAPPA. “Paperezko produktu berri bat garatu eta patentatu dugu: AgroPaper®. Pinu-zuntzez fabrikatua, lehengai berriztagarri eta % 100 biodegradagarria da, nekazaritzako lur-estalki gisa erabiltzeko diseinatua, plastiko beltza ordezkatuz. Era horretan, eragotzi egiten dugu belar gaiztoak haztea, eta landarea garatzea sustatzen; haren balio erantsia da laborearen amaieran ez dela beharrezkoa kentzea, birrindu egin baitaiteke, eta lurrari gai organikoa gehitu. Nekazariei denbora eta kostuak aurrezten dizkiegu, eta ez dugu hondakin plastikoz lurra kutsatzen.

  • Bioekonomiaren Euskal Aliantzarekin bat egiteko deia

Eusko Jaurlaritzak dei egiten die Euskadiko enpresa sentikor eta konprometituei esperientziak bateratzeko eta sektore honetan ere lan egiteko aukera baliatzeko.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila sentsibilizazio-kanpaina batean dabil produkzio-eremu guztietatik Aliantza honi atxiki dakizkion. SPRI, EVE, HAZI eta Neiker ere lan egiten ari dira, Euskadiko enpresek bioekonomiaren aukera-nitxoaz ohartu daitezen.

Euskaraz: www.euskadi.eus/bioekonomia

  • Bioekonomia bultzatzeko Laguntza Programa

2018tik, Eusko Jaurlaritzak 600.000 euro bideratu ditu, 300.000 urteko, baso-bioekonomia gaietan probako berrikuntza-proiektuak sortzea bultzatzeko. Laguntza horietan kokatuta, 6 proiektu onartu dira, hiri-altzariak sortzeko zuraren azpiproduktuak baliatzetik hasi eta ehun-zuntzaren produkzioraino, zelulosa birziklatuko ore-nahaskietan oinarrituz. 2020an, bioekonomia-estrategia garatzen jarraitzeko eta laguntza-ildo hori sendotzeko, 1.000.000 euro gehiago inbertituko dira.

  • 2020: mugarri garrantzitsuak

BIOESKUALDEEN FACILITYA

Martxoan, EFIk, European Forest Institutek, Euroeskualdeen Facilitya jarriko du abian. Bada, proiektu horretan Euskadik  hartuko  du  presidentetza  eta  Karelia  Iparraldeak  (Finlandia)  eta Westfaliak (Alemania) parte hartuko dute. EFIk proiektu hau irekiko die interesa edukiz mandatu argi bat eta bioekonomia-arloko plana duten Europako eskualdeei bakarrik. Eskozia eta Austria Beherea ere interesatu egin dira.

Eskualde arteko lankidetza horrek funtsezko lau oinarri izango ditu:

Berrikuntza.  Bioekonomian berrikuntza babestea, hura abiarazi eta handitzen joateko programa eta gertaera espezifikoen bidez.

Erakunde publikoak. Esperientzien elkartrukea, zientziaren bitartez informatutako politikak eztabaidatuz, biologia-oinarria duten produktuetarako merkatuak sortzen laguntzeko.

Eskualdeko azpiegiturak eta enpresa-ekosistemak. Kasu arrakastatsuen inguruan sentsibilizatzea, eragile garrantzitsuak harremanetan jartzea, eta aldaketak erraztea.

Inbertsioak. Eskualdeak eta uneko elkarte publiko-pribatuak harremanetan jarriz, eta ETE, pertsona ekintzaile, inbertitzaile eta politikako arduradunen arteko elkarrizketak erraztuz.

SUMMIT

Udaberrian, lehen Bioekonomiaren Berrikuntza eta Ekintzailetzaren Nazioarteko SUMMITa egingo da Euskadin. Topaketa horren helburua da Europako bioekonomia-gaietako berrikuntza nagusiak erakustea, teknologia-zentroen eta bioekonomiako erreferentziazko unibertsitateen, enpresa liderren, capital venture direlakoen, start-upen eta eragile erabakigarrien bitartez.

Euskadiko bioekonomiaren bide-orriko printzipioak

Kontsumo eta ekonomiaren hazkunde etengabeak, aurreikusitako demografiaren hazkundeari lotuta, agerian utzi dute natur baliabideak agortu egingo direla eta hondakinen krisi handi bat izango dela. Gainera, klima-aldaketaren ondorioek larritu egingo dute gure biodibertsitatearen galera. Horretaz guztiz jabetuta, Eusko Jaurlaritzak, energia-efizientziaz, energia berriztagarriak sustatuz edo, are, mugikortasun jasangarria bultzatuz garapen jasangarria sustatuko duten neurriei eusteaz gain, ikusi du beharrezkoa dela bioekonomiaren inguruko jardunak areagotzea, Euskadiko enpresa eta ekonomiarako interesgarriak diren aukerak irekiz.  Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, enpresa-talde batekin lankidetzan, Bioekonomiaren Euskal Aliantzaren (BEAren) sorrera sustatu du. BBEA ekonomia dibertsifikatzeko beharrizanei erantzunez sortu da, baliabide biologikoen erabileran oinarritutako eredu baten alde.

Europako bioekonomiak dagoeneko 18,6 milioi pertsona baliatzen ditu Europan, eta 2,3 bilioi euro. Alegia, Europako ekonomia osoaren % 9. Benetan, zenbait herrialde, hala nola Finlandia edo Alemania, ekonomia-eredu horretarako trantsizio erreala eta oso argia egiten ari dira, eta Euskadik ere noranzko horretan jokatu behar du eta dezake.

Euskadin, zura da natur baliabide hedatuena eta baliatuena bioekonomia eraldatu eta sortzeko. % 55eko baso-azalera dugu, Europako batez bestekoa baino askoz gehiago (% 40).

Betiere, Euskadin aukera ekonomiko horrek duen egungo balio eta ahalmenaren estimazio bat egiteko lehen urratsa da egun bioekonomiatzat jo ditzakegun sektoreak eta “biologiara moldatu” daitezkeenak identifikatzea, eta hurrengo urteetan bioekonomiarantz aurrera egitea.

Egungo errealitatea eraldatuz, Euskadi lehiakorragoa eta jasangarriagoa lortuko dugu, munduari askoz irekiagoa, kanpoaldeko ikuspegiak geure eginez eta gure garapenak beste leku batzuetara eramanez.

Eraldaketa horri heltzeko, talentuan, ikerketan eta berrikuntzan inbertitu behar da. Apustu irmoa da, lankidetza publiko-pribatuan oinarritua, eta teknologia-arloko eta sektoreko eragile eta enpresekin elkar hartuz sare-lanean garatuko da.

Egoera hori ikusita, baterako sorkuntzan, eztabaidan eta soluzio kolektiboen bilaketan ahalegintzea beste aukerarik ez dago. Gizartearekin eta enpresa erabakigarriekin konektatzean dago gakoa, negozio-eredu berriak, jasangarri eta lehiakorragoak, sortzera eramango gaituen eraldaketa batera heltzean.

Horregatik guztiagatik, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak areagotu egin du bioekonomian oinarritutako ekonomia- eta enpresa-ereduaren aldeko apustua, eta bere egiten du, lehen enpresa-taldearekin batera, Bioekonomiaren Euskal Aliantzaren oinarri eta konpromisoak.

Aliantza horren eraketa enpresa-talde batekin abiatu da, arrakasta-kasuak baitituzte, dela haien produkzio-sistemetan aplikatuta, dela merkaturatzeko fasean.

Ekimen hau erakunde publiko, enpresa eta erakunde gehiagori irekia da; horretarako, horiek, lankidetzan aritzeko prestasuna agertzeaz gain, bioekonomiari lotutako proiektu edo ekimen bat gehitzeko moduan egon behar dira.

Lankideen sare horrek aholkularitza-batzorde bat izango du, gaian adituak diren tokiko zein nazioarteko pertsonek osatua, eta berak eramango du Euskadiko bioekonomiari buruzko bide-orriaren ibilbide eta erritmoaren gidaritza; haren Idazkaritza Teknikoa, berriz, HAZI Fundazioak hartuko du.

Aliantza honetan interesa duten enpresa eta erakundeek www.euskadi.eus webgunearen bidez bat egin ahal izango dute harekin, 2020ko urtarriletik aurrera.

Bioekonomiaren Euskal Aliantzaren konpromisoak

  1. BEA bioekonomiara bidean jartzeko bultza-indarra izango da, eta eredu horretan produkzioa baliabide biologikoetan oinarrituko da, eta produktu berritzaileak sortuko dira.
  2. BEA partaidetza publiko-pribatuari irekita dago, eta atxikitze sistema bat bideratuko du www.euskadi.eus webgunean, elkarlanean aritzeko prest dauden enpresa eta proiektuen sarea zabaltzeko
  3. BEAk aholkularitza-batzorde bat izango du, tokiko eta nazioarteko ordezkariekin.
  4. BEA osatzen duten erakunde publiko, pribatu eta enpresak lankidetzan arituko dira bioekonomia bultzatzen eta sortzen, ekonomia-eredu horren inguruan ekonomia- eta enpresa-jarduera hazteko.
  5. BEAk ikerketa, berrikuntza eta ezagutza aurreratua bultzatuko ditu gaitasun teknologikoak indartzeko, Basque Research and Technology Aliance-ren parte-hartze aktiboarekin
  6. BEA zaintza aktiborako eta nazioarteko bokazio argi batez sortu da, Euskadiko bioekonomiaren aldeko estrategia hobetzeko inspirazio-iturri izan daitezkeen erreferentziazko joerak eta arrakasta-kasuak aztertuz eta ezagutuz.
  7. Aldi berean, BEAk nazioarteko sare bat sortzen lagunduko du, berritzaileak diren proiektu estrategikoetan parte hartzeko helburuaz.
  8. BEA eragile aktiboa izango da dibulgazio- eta sentsibilizazio-ekintzak sustatzen; haien bitartez, zabaldu egin nahi da eredu honen garrantzia, sortzen dituen aukeretan sakondu, eta enpresa-sareak lortutako emaitza berriak ezagutzera eman.

 

Lotutako albisteak

2025eko  Fototechek  bokazio  teknologikoa  sustatu  nahi  du  emakumeen  artean
25/11/2025 Berrikuntza

2025eko Fototechek bokazio teknologikoa sustatu nahi du emakumeen artean

SPRI Taldeak sustatutako unibertsitateen, enpresen eta herritarren arteko topaketa-foroaren XIII. edizioa egin du Deustuko Ingeniaritza Fakultateak

Zure  sektoreaz  mintzo  gara:  Euskadiko  Klusterren  Pressclip-a
21/11/2025 Kluster politika

Zure sektoreaz mintzo gara: Euskadiko Klusterren Pressclip-a

ENLIT 2025: Energia ekonomiaren erdigunean; Euskadiko Klusterrak Bilbao Exhibition Center Foroan: berrikuntza, networking eta aukera handiez betetako egunak sektoreko erakunde eta enpresa nagusiekin konektatzeko.

Ekongreso:  10  Inpaktu-ekonomiek  erronkak  eta  aukerak  partekatuko  dituzte  Laukariz  Ekosisteman

Ekongreso: 10 Inpaktu-ekonomiek erronkak eta aukerak partekatuko dituzte Laukariz Ekosisteman

Azaroak 27, 28, 29 eta 30: enpresa txiki arduratsuak, B-Corps, erakundeak, proiektu profesionalak, sozialak eta ekintzaileak, berriz ere Ekongresoan elkartuko dira.

Ideia  berriak,  gazteak  eta  landa  eremuko  enpresei  errekonozimendua  Lea-Artibaiko  ekintzaileentzako  Leartibai  Sarietan
20/11/2025 Ekintzailetza

Ideia berriak, gazteak eta landa eremuko enpresei errekonozimendua Lea-Artibaiko ekintzaileentzako Leartibai Sarietan

Edizio honetan 56 proiektuk hartu dute parte lehiaketan, aurrekoan baino 19 gehiagok

20  urtetan  Euskal  Autonomia  Erkidegoan  lehenengo  parke  eolikoa  eraikitzeko  lanak  hasi  dira,  eta  Eusko  Jaurlaritzak  parte-hartze  prozesu  bat  jarri  du  martxan  berriztagarrien  hedapenari  buruz

20 urtetan Euskal Autonomia Erkidegoan lehenengo parke eolikoa eraikitzeko lanak hasi dira, eta Eusko Jaurlaritzak parte-hartze prozesu bat jarri du martxan berriztagarrien hedapenari buruz

Iberdrola eta Energiaren Euskal Erakundea partaide diren sozietateak bultzatutako proiektu berriztagarriak, lehena Euskal Autonomia Erkidegoan, azken bi hamarkadetan.

Euskadi  2030  Industria  Planaren  baitako  Proiektu  Eraldatzaileak  aurkeztu  ditu  SPRIk

Euskadi 2030 Industria Planaren baitako Proiektu Eraldatzaileak aurkeztu ditu SPRIk

Euskadiko eraldaketa industrial berria bultzatzeko tresna estrategikoa dira, inbertsio publiko-pribatua mugiarazten duten, enplegu kualifikatua sortzen duten eta Euskadiren gaitasun industrial eta teknologikoak indartzen dituzten inpaktu handiko lankidetza-proiektuen bidez

Zure  sektoreaz  mintzo  gara:  Euskadiko  Klusterren  Pressclip-a
14/11/2025 Kluster politika

Zure sektoreaz mintzo gara: Euskadiko Klusterren Pressclip-a

Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Konferentzia, COP30, Belémen (Brasil) egiten ari dira egunotan. Planeta zaintzea lehentasunezko gaia da Euskadin, eta Euskal Klusterrek arduraz eta irmoki egiten dute jasangarritasunaren aldeko apustua.

Onkoreplica  eta  Semi  Zabala,  2025eko  Toribio  Echevarria  sarien  irabazleak
13/11/2025 Ekintzailetza

Onkoreplica eta Semi Zabala, 2025eko Toribio Echevarria sarien irabazleak

Toribio Echevarria Sariak Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak bultzatutako ekimena da, eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak, SPRIren bitartez, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak parte hartzen dute

Hidrogeno  berdearen  teknologien  garapena  izango  da  Euskadiko  Industriaren  Deskarbonizazio  Foroaren  ardatza

Hidrogeno berdearen teknologien garapena izango da Euskadiko Industriaren Deskarbonizazio Foroaren ardatza

Eusko Jaurlaritzak, SPRIren bidez, eta DCARTECH kluster industrialen aliantzak elkarrekin antolatutako deskarbonizazio industrialerako topaketaren zazpigarren edizioak Net-Zero Basque Industrial Super Cluster ekimena sendotu du

Elay  Taldeak  Mexikoko  fabrikaren  25.  urteurrena  ospatuko  du
10/11/2025 Berrikuntza

Elay Taldeak Mexikoko fabrikaren 25. urteurrena ospatuko du

Antzuolako enpresaren atzerriko lehen ekoizpen-fabrika izan zen.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.