Ideia berriak, gazteak eta landa eremuko enpresei errekonozimendua Lea-Artibaiko ekintzaileentzako Leartibai Sarietan
Joan den asteazkenean, azaroak 19, Leartibai Sarien laugarren edizioa ospatu zen Gizaburuagako udaletxeko areto nagusian. Ekintzailetza bistaratu eta eskualdeko ekintzaileei errekonozimendua ematea helburu duen ekimen hau Leartibai Fundazioak antolatzen du, Bizkaiko Foru Aldundia, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkartea, Lea-Artibai Landa Garapen Alkartea eta Lea-Artibai eskualdeko 12 udalen lankidetzarekin.
Aurtengo Leartibai Sarien ediziora 56 proiektu aurkeztu dira, iaz baino 19 gehiago. Guztira 19.000 euro banatu dira saritutako 18 proiektuen artean (ikusi irabazleen zerrenda amaieran*): 2024-2025 epealdian Lea-Artibai eskualdean negozio berri bat abian jarri duten ekintzaileak. Berrikuntza gisa, aurten bi kategoria berri jarri dira, aitortutako eremuak zortzi izan direlarik: negozio ideia berritzailea, ostalaritza, turismo edo zerbitzu enpresa, merkataritza establezimendua, eredu kooperatiboa, emakume ekintzailea, gazteek sortutako enpresa, lanbide heziketako ikasleen negozio ideia eta landa aukeren lurraldea.
Sari banaketari ekin aurretik, Leartibai Fundazioko Ekintzailetza, Merkataritza eta Talentu arduraduna den Esti Plazak, Lea-Artibai eskualdeko ekintzailetzaren egoerari buruzko datu interesgarri batzuk partekatu zituen: “Lea-Artibaiko ekintzailetzak 85 lanpostu berri eta 74 negozio jarduera berri sortu ditu 2024-2025 epealdian. Gaur egun 38 proiektu tutorizatzen ari gara, urtea amaitu aurretik oraindik ateak ireki ditzaketen negozio posibleak tartean, aipatutako zifrak hobetu ditzaketenak. Lea-Artibai bezalako eskualde batentzat datu garrantzitsuak dira, bertako biztanleen izaera ekintzailearen isla” nabarmendu zuen bere hitzaldian.
Gazteen ekintzailetza bultzatzea
Gazteen ekintzailetzak rol protagonista izan du ekitaldian. Horrela, aurten ere, gazteei zuzendutako 5 sari banatu dira Bizkaia Gazteak Lea-Artibai 2025 proiektuaren baitan, Bizkaiko Foru Aldundiak Lea-Artibaiko 12 udalekin lankidetzan sustatuta. Gazteen emantzipazioa bultzatzea helburu duen proiektu hori Leartibai Fundazioak kudeatzen du eta eskualdean negozioa jarri duten 5 gazteen artean 7.500 € banatzea ahalbidetu du.