Eusko Jaurlaritzak startupen 140 hautagaitza jaso ditu 20 ETEren digitalizazioa bultzatzeko
Eusko Jaurlaritzaren BIND berrikuntza irekiko plataformak BIND SME programaren 5. edizioan parte hartzeko scale-up eta startupen bosgarren deialdia itxi du. Teknologia disruptiboen bidez euskal ETEen lehiakortasuna eta jasangarritasuna handitzea helburu duen Eusko Jaurlaritzaren ekimen honek 14 herrialdetako startupen 140 hautagaitza jaso ditu guztira, 179 proiekturekin.
Edizio berri honetan parte hartuko duten 20 ETEak erreferenteak dira industriaren, manufaktura aurreratuaren, zerbitzuen, elikaduraren eta energiaren sektoreetan, eta eurak arduratuko dira proiektu errealak eta ordainduak eurekin batera garatuko dituzten startupak aukeratzeaz. Soluzio horiek antolaketa efizientearen, negozioaren eta bezero digitalaren, industria adimendunaren, zibersegurtasunaren eta jasangarritasunaren eta trantsizio energetikoaren arloetan planteatutako 7 erronkei erantzun behar diete.
IA, IoT eta Big Data industria hobea izateko
140 startupek eta scale-upek 179 proiektu aurkeztu dituzte guztira BIND SMEren bosgarren edizioko ETEek planteatutako 7 erabilera-kasuei erantzuteko. Proposatutako soluzio guztietatik % 45ean aplikatzen da adimen artifiziala, ekoizpenean anomaliak detektatzeko edo prozesuak automatizatzeko. Ondoren, IoT teknologia dator, aurkeztutako proiektuen % 20an aplikatua eta prozesuen trazabilitatera eta horien jasangarritasunera bideratua, eta, hirugarrenik, Big Datak deialdira aurkeztu diren soluzioen % 13,4 biltzen ditu, makineriatik eta langileetatik ateratako datuen gobernantzara eta zentralizaziora bideratuak.
Startup hautagaien jatorriari dagokionez, proposamen horiek 14 herrialdetako startup eta scale-upetatik datoz. Hautagaien kopuruari dagokionez, aipatzekoak dira Espainia 85 hautagairekin, Alemania, 10ekin, Italia 7rekin eta Erresuma Batua 6rekin. Espainiatik jasotako hautagaien erdiak Euskal Autonomia Erkidegokoak dira: 20 startup bizkaitarrak dira, 17 gipuzkoarrak eta 8 arabarrak.
Aurkeztutako 140 startupetatik, BIND SMEren 5. edizioan parte hartzen duten 20 enpresa txiki eta ertainek aukeratuko dituzte beren beharrei ongien erantzuten dieten soluzioak. Aukeratu ondoren, startupek, berrikuntza irekiko proiektuetan lan egiteaz gainera, honako onura hauek lortuko dituzte:
- Konexioa euskal industriaren berrikuntza-ekosistemarekin eta teknologia berriekin: Egoitza Euskadin duten erreferentziako konpainietara sarbidea izango dute eta Networking jardueretan parte hartuko dute industria lehiakorragoa eta jasangarriagoa lortzeko.
- Lehenengo bezeroak lortzea: euren teknologia berritzailea inplementatu ahal izango dute sektoreko erreferentziako enpresa liderren eskutik, merkatuan duten bideragarritasuna indartzeko.
- Adituen aholkularitza izatea: 40 mentore baino gehiago, enpresen azelerazioan, teknologia berrien merkatu-estrategietan, berrikuntza irekian eta ekintzailetzan espezializatuak.
- Inbertitzaileetara irispidea: BINDek Venture Club bat du. Inbertitzaileen klub hori azeleratzailearen espezializazioarekin lerrokaturik dago, eta bere helburua da laguntza-zerbitzuak indartzea eta parte hartzen duten startupen eta inbertsio-erakunde espezializatuen arteko harremana sustatzea.
Honako hauek dira BIND SMEren 5. edizioan parte hartzen duten Euskadiko ETEak: Draxton, automobilgintzarako galdaketa-enpresa; Lanik, egituretan espezializatua; Vicrila, beiraren fabrikazioan ari dena; Industrias Mail, erreminta berezien fabrikazioan liderra; Loramendi, erreferenteak galdaketarako soluzioetan eta makinerian; GHI Hornos, aluminioaren tratamenduan ari den enpresa; Bronymec, polimeroen banaketan eta mekanizazioan espezializatua; Loire Gestamp, estanpazio-makinetan liderrak; Eralki, makina dardarkariak ekoizten dituen ingeniaritza; Composites Martiartu, pieza teknikoen diseinuan eta fabrikazioan espezializatua; Zikotz, eraikuntza-enpresa; Gistek, aseguru-etxeetarako IT sistemen garatzailea; Echebarria, hornidura industrialen banatzailea; AAC Acústica, soinuan eta argian aditua den ingeniaritza; H2Site, erreferentea hidrogenoa sortzen eta bereizten; Grupo Kirol, kirol-apustuetarako softwarea garatzen duen enpresa; Techlab Systems, kalitate-kontrolerako ekipoak eta softwarea garatzen dituen enpresa; AZ3 Oeno, upategietarako zerbitzuetan espezializatua; Oilasko Berriak, haragi-produktuen banatzailea eta Xardexka, prestatutako platerak banatzen dituen food service enpresa.
BIND berrikuntza irekiko plataforma global handienetako bat da, enpresa pribatuen eta erakunde publikoen arteko elkarlanaren emaitza. 2016an jarri zen abian Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren eskutik, SPRI Taldearen eta UpEuskadi Euskadiko ekintzailetza-ekosistemaren plataformaren bidez. BIND Corporate, SME eta GovTech programen bidez, industria adimendunagoa, efizienteagoa eta jasangarriagoa lortzen laguntzen du. Disruptores Innovation Awards 2025 sariek ekonomia digital berrian ekintzailetzaren bilakaera lideratzeko egiten duen lana aitortu dute.
BINDi buruz
BIND industria adimenduneko berrikuntza ireki publiko-pribatuko plataforma da, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak SPRI Taldearen bidez sortua. BINDek hiru ekimen ditu: BIND Corporate, BIND SME eta BIND GovTech, Euskadiko enpresak, ETEak eta sozietate publikoak mundu osoko startup disruptiboekin konektatzeko, berrikuntza-proiektuak garatzeko. Programa 2016an abian jarri zenetik 250 startup eta scale-up baino gehiago azeleratu dira eta 350 proiektu baino gehiago garatu dira, 9,6 milioi eurotik gorako fakturazioa gaindituta Era berean, plataforma erreferentea da jada sektorean, lurraldeko enpresa-sareari eta industriaren digitalizazioari ematen dion laguntzagatik.