Idoia Azaldegui, Fundazioko general managera.
Berrikuntza Ekintzailetza Up Euskadi
Elkarrizketak 7 otsaila, 2022

Polymat-ek neurrira eginiko polimero naturaletan zentratu du bere ikerketa-programa

30 nazionalitatetako 150 ikertzaile ari dira lanean aurten hamar urte beteko dituen erreferentziazko ikerketa-zentro horretan  
-

Polymat 2012an sortutako nazioarteko ikerketa-zentro bat da, polimeroetan espezializatua dagoena eta fokua jarrita duena XXI. mendeko erronka garrantzitsu zenbaitetan, hala nola energian, osasunean eta jasangarritasunean. Ikerbasque-k eta UPV/EHU-k osatzen eta bultzatzen dute (Gipuzkoako Foru Aldundia ere bere gobernu-organoan dago), egoitzak ditu Donostian eta Bilbon, eta bertan ari dira lanean 30 nazionalitatetako 150 ikertzaile. 2022. urtean, bere hamargarren urtemugan, euskal ikerketa-zentro honek buru izaten jarraitzen du polimeroen ikerketan. Lidergo hori kimika berdean zentratuta dago orain, hau da, fosilekin inongo zerikusirik ez duten material berrien garapenean, dio Idoia Azaldeguik, Fundazioko general manager-ak.

Zein da Zentro honen xedea?

Basque Excellence Research Centres (Berc) sareko parte da, eta ikerketaren balio-kateko fase guztietan parte hartzen dugu, hasi ideiaren sorreratik eta aplikazioraino. Oinarrizko ikerketatik startup-ak abiarazteraino. Gure helburua da baita ere ikerketa merkatura helaraztea eta ezagutza transferitzea enpresetara eta gizartera. Horregatik, gure erronka garrantzitsuena da neurrira eginiko polimeroak garatzea baliabide naturalak erabiliz, material horiek askotariko aplikazioak izan ditzaten baterietan, elektronikan, inplanteetan (osasuna), pinturetan, itsasgarrietan…

Zer dira polimeroak eta zertarako balio dute?

Polimero kontzeptua grezierazko Poly eta Mers hitzetatik dator, eta “zati asko” esan nahi du, hitzez hitz. Polimeroak makromolekulak dira, kate batean zehar errepikatutako molekula txiki bat edo gehiago batuz sortzen direnak. Polimeroan errepikatzen den unitateari monomero deitzen zaio, eta polimeroak sortzeko eragiten den erreakzioari, berriz, polimerizazio-erreakzio. Har dezagun perlazko lepoko bat, adibidez. Perla horietako bakoitza monomero bat izango litzateke, eta lepoko osoa, berriz, polimeroa.

Badago polimeroen tipologia bat?

Badaude polimero sintetikoak, esaterako polietilenoa, ur botiletan edo nylon-ean aurkitzen den materiala. Eta baita ere polimero naturalak, esaterako zelulosa, artilea edo almidoia. “Mila erabilerako materialek”, hots, plastikoek (gizarteak oro har hala deitzen diete) izen txarra hartu dute azken aldian, baina ezin dugu ahaztu plastikoek izan dituzten aplikazio guztiak, zeintzuei esker urte luzetan hobetu baita egungo gizartearen bizi-kalitatea.

Zaila da bizitza pertsonala eta profesionala plastikorik gabe irudikatzea…

Ezinbestekoak dira, eta lagungarriak dira jasangarritasuna lortzeko, arinak, iraunkorrak eta funtzionalak direlako teknologia askotarako. Gainera, teknologia jasangarrietan erabiltzen dira, esaterako eguzki-xafletan edo ibilgailu elektrikoan, eta osasun arloan ere presentzia handia dute, besteak beste COVIDaren aurkako musukoetan edo biomaterialetan (inplanteak). Gure eguneroko bizitzan nonahi daude polimeroak, hainbeste  produktutan daude ezen gizarte modernoan zaila baita polimerorik gabeko jarduera bat aurkitzea. Autoak, hegazkinak, bihotz artifizialak, ukipen-lenteak, telebistak, telefonoak, ordenagailuak, hozkailuak, pixoihalak, zartaginak, kirol arropak…

Polimeroaren “demonizazio” hori saihesteko, kimika berdearen aldeko apustua egin duzue. Zertan datza?

Polimero naturaletan oinarritutako biopolimeroen ekoizpena sustatzen dugu, esaterako, lignina (zuretik ateratzen den polimeroa) edo zelulosa erabiliz bilgarrietarako. Polimeroen ekonomia zirkularra ere indartzen dugu birziklapen kimikoaren bidez, hots, polimeroen berrerabilpena sustatzen duen eredu bat bultzatzen dugu, hondakinetatik balioa sortzen dugu eta ez dugu bidaltzen plastiko berreskuragarririk zabortegietara edo naturara. Hondakin plastikoak baliabide baliotsua dira, berriz erabili daitezkeelako lehengai plastiko berriak sortzeko, pieza eta produktu berriak fabrikatzeko edo energia sortzeko, birziklapena ezinezkoa denean. Kontua da plastiko-hondakinak ere baliabide bezala baloratu behar direla.

Sortu zinetenetik hamar urte igaro diren honetan, zein da zentroaren heldutasun-maila zure iritziz?

Ikerketa-zentro sendo bat gara, eta gure datuak dira horren erakusgarri. Oinarrizko ikerketa egiten dugu laborategietan (mila argitalpen baino gehiago egin ditugu), lehen postuan gaude Estatuan polimeroen zientziaren arloan, Europako 44tik gora proiektutan parte hartu dugu (horietatik bost ERC proiektuak), nazioarteko 14 kongresu antolatu ditugu, 90 tesi baino gehiago zuzendu ditugu, zerbitzua eman diegu 40 enpresa baino gehiagori eta hiru startup abiarazi ditugu. Laburbilduz, gure ikerketak heldutasun teknologikoko maila (TRL) guztiak barne hartzen ditu, hasi ideiatik eta merkaturaino.

Polymat-ek bultzatu dituen hiru spinoff horiek aipatu dituzunez… Zergatik bultzatu dituzue eta zein sektoretan garatuko dute euren jarduera?

Gure DNAn dago ekintzailetzarekiko konpromisoa eta apustua, eta horregatik bultzatu ditugu ikerketa-taldeetatik sortutako hiru startup horiek. Gainera, horietatik biren kapitalean eta administrazio-kontseiluan parte hartzen dugu.

Zein da euren jarduera?

Polímerbio enpresak gailu mediko bioabsorbagarriak garatzen eta merkaturatzen ditu. Esaterako, tutu urologiko bioabsorbagarri bat patentatu du, zeinak aukera ematen baitu uretrako estenosia tratatzeko bigarren ebakuntzarik gabe. Bestalde, Polykey enpresak I+G-ko zerbitzuak ematen ditu eskaerapean eta produktu berritzaileak egiten ditu plastikoaren eta plastiko birziklapenaren industriarako. Patentepean babestutako teknologia berritzaileei esker, produktu hornitzaile aritzen da etorkizun jasangarriranzko trantsizioan helburutzat finkatu diren hiru ildo hauetan: material biologikoetan oinarritutako polimeroen ekoizpena, birziklapen kimikorako estrategien garapena eta polimero berritzaileen diseinua bateria eraginkor eta seguruagoak lortzeko.

Eta Surphase?

Startup horrek gailu bat garatu du mintz bidezko gatzgabetze prozesuetako eta petrolio- zein gas-uren tratamenduko zikinkeria fase goiztiarretan monitorizatzeko.

Polymat zentroan duzun eguneroko erantzukizunaz gain, irmoki defendatzen dituzu emakumea Zientzia eta Lidergo esparruetan bultzatzeko programak eta politikak, eta erreferente bat ere bazara arlo horretan. Zure ustez zenbat falta da desberdintasunen eszenatoki hori normalizatzeko?

Zientzia eta genero-berdintasuna oinarrizkoak dira garapen jasangarrirako. Halere, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) arabera, munduko ikertzaile zientifikoetatik % 30 baino gutxiago dira emakumeak. Badago generoen arteko oreka bat doktoretza ondorengo etapetara arte, baina gero kopuruak estankatu egiten dira; horregatik, emakumeen lidergoa ez da guztiz errotzen ingurune akademiko-zientifikoetan. POLYMATen badugu berdintasun-plan bat, eta genero-parekotasuna lortu dugu doktoretza ikasleen eta doktoretza ondorengo langileen artean. Aldiz, ez da gauza bera gertatzen taldeko liderrei dagokienez. Egoera hori gainditzeko, 2018an Emakiker izeneko beka bat abiarazi genuen (Berdintasunaren Mutualia Saria eskuratu zuena), polimeroen arloko senior emakume zientzialariei zuzendua. Programa horri esker, euren ikerketa-proiektuak gidatzen ari diren bi emakume zientzialari dauzkagu. Gainera, Emakumeak Zientzian programa koordinatzen dugu Nanogune zentroarekin batera; programa horretan Euskadiko 17 ikerketa-zentrok parte hartzen dute, jarduerak antolatuz emakumezko ikertzaileen lana gizarteari ezagutarazteko eta bokazio zientifiko-teknikoak sustatzeko neskato eta emakumezko nerabeen artean.

Lotutako albisteak

Nexi  Health,  adimen  artifizialari  esker  osasun  mentalaren  eraldaketa
27/11/2025 Ekintzailetza

Nexi Health, adimen artifizialari esker osasun mentalaren eraldaketa

Gipuzkoako startupak teknologia digitalak garatzen ditu, osasun arloko profesionalei kontsultan %25rainoko denbora aurrezteko eta kasu larriak goiz detektatzeko aukera ematen dietenak.

Begoña  Echaburu  (Mondragon  Unibertsitatea):  “Euskadin  onak  gara  negozio-plangintzan,  orain  erronka  talentua  kudeatzea  da”
26/11/2025 Berrikuntza

Begoña Echaburu (Mondragon Unibertsitatea): “Euskadin onak gara negozio-plangintzan, orain erronka talentua kudeatzea da”

Pertsonak eta Talentua I+T Taldearen koordinatzaileak, Enpresagintza Fakultatean eta Negozio-Berrikuntza Ikerketa Zentrotik (MIK), pertsonak enpresa-estrategian integratzeko beharra azpimarratu du.

Ariketa  fisikoa,  zientzia  eta  laguntza:  SISU  Bienestar  enpresaren  formula  minbiziari  aurre  egiteko
19/11/2025 Ekintzailetza

Ariketa fisikoa, zientzia eta laguntza: SISU Bienestar enpresaren formula minbiziari aurre egiteko

Bizkaiko enpresa honek unibertsitateko ikerketa eta entrenamendu pertsonalizatua uztartzen ditu, minbiziak iraun bitartean eta ondoren bizi-kalitatea hobetzeko.

Kinergy:  “Gure  erregai-pila  sistemek  hidrogenoa  elektrizitate  bihurtzen  dute,  modu  garbian  eta  isuririk  gabe”
18/11/2025 Berrikuntza

Kinergy: “Gure erregai-pila sistemek hidrogenoa elektrizitate bihurtzen dute, modu garbian eta isuririk gabe”

Bizkaiko startupak 0,5 kW-etik 20 kW-era bitarteko potentziak betetzen dituzten sistemak garatu ditu, eta 100 kW-eko pila modular batean egiten du aurrera kargagailu bizkorretarako eta potentzia handiko ibilgailuetarako.

Sormen  Designek  25  urte  bete  ditu  euskal  diseinu  industriala  bultzatzen
17/11/2025 Berrikuntza

Sormen Designek 25 urte bete ditu euskal diseinu industriala bultzatzen

Gipuzkoako estudioak sormena, teknologia eta berrikuntza uztartzen ditu industriaren beharretara egokitutako diseinu soluzioak eskaintzeko.

Bideroad,  adimen  artifizialaren  bitartez  azpiegituren  mantentze-lanen  kudeaketa  asmatu  duen  startupa
12/11/2025 Ekintzailetza

Bideroad, adimen artifizialaren bitartez azpiegituren mantentze-lanen kudeaketa asmatu duen startupa

Top 101 Spain Up Nation Errekonozimenduen II. edizioko finalisten artean egon diren Euskadiko sei startupetako bat da enpresa

Tekurak  ekintza  jasangarriak  integratzen  ditu  zure  negozioan

Tekurak ekintza jasangarriak integratzen ditu zure negozioan


Aholkularitza-enpresa honek esperientzia eta metodologia eraginkorrekin laguntzen die erakundeei, beren prozesuak eta pertsonak eraldatuz, iraunkortasunaren iritsiera arina izan dadin

Gecsa,  altzairuzko  produktuetarako  hozteko  kableetan  liderra
11/11/2025 Berrikuntza

Gecsa, altzairuzko produktuetarako hozteko kableetan liderra

SPRI Taldearen Hazinnova programaren laguntza jaso du enpresak eta intentsitate handiko elektrizitatea kontsumitzen duten sektoreetan jarduten du.

Urtzi  Sagarribay  (Nautan):  “Nautika  proba-banku  zorrotza  da  industriari  aplika  dakizkiokeen  teknologia  berriak  garatzeko”
10/11/2025 Berrikuntza

Urtzi Sagarribay (Nautan): “Nautika proba-banku zorrotza da industriari aplika dakizkiokeen teknologia berriak garatzeko”

Euskadiko Nautika Enpresen Elkarteko presidenteak azpimarratu du euskal sektoreak berrikuntza, sektoreen arteko lankidetza eta beste industria-eremu batzuetarako transferentzia teknologikoa sustatzeko duen ahalmena.

D  &  A  Innovative  Systemsek  beren  digitalizazio-prozesuan  laguntzen  die  enpresei

D & A Innovative Systemsek beren digitalizazio-prozesuan laguntzen die enpresei

Enpresak sektore anitzeko soluzio berritzaileak eskaintzen ditu, bezeroen esperientzia eta teknologia aurreratuenak batuz

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.