Edorta Arriet, konpainiako marketin zuzendaria.
Berrikuntza
Albisteak 7 otsaila, 2022

Geminis Lathes, negozioaren dibertsifikazioa tamaina handiko makina-erremintaren sektorean

Urtean 40 makina inguru fabrikatzen dituen Elgoibarko enpresa honek SPRI Taldearen Hazitek programako laguntza bat jaso du
-

Geminis Lathes 65 urte dituen Elgoibarko enpresa bat da. Tamaina eta konplexutasun handiko makina-erremintan espezializatuta dago, eta negozioa dibertsifikatzea funtsezkoa izan da krisialdian aurrera egiteko. Konpainia horrek SPRI Taldearen Hazitek programako laguntza bat jaso du, zeinak ikerketa industriala eta garapen esperimentala bultzatzen baititu euskal enpresetan.

Enpresa hau 1957an sortu zen Elgoibarren Geminis izenarekin eta sasoi hartan tornu horizontalak fabrikatzen zituen. 1979an egin zuten kontrol numerikoko lehen tornua, eta 2002an, konpainiak Goratu izena hartu zuenean, gaur egungo lantegia atondu zuten, fresagailuak eta tornuak ekoizteko. Hurrengo mugarria 2010ean iritsi zen, prozesu anitzeko makinak fabrikatzen hasi zirenean. 2019an Geminis izena hartu zuen berriro, Maher Holding taldearen barruan.

“2016an tren makinak garatzen hasi ginen, eta 2019an produktu-gama guztiz berri bat diseinatu eta fabrikatu genuen, GTi izenekoa. Horrekin, jauzi handi bat eman genuen diseinu arloan” dio Edorta Arrietek, konpainiako marketin zuzendariak. Diseinuak hiru parametro ditu Geminisen. Lehenengoa da langilea errespetatzea ergonomia eta segurtasuna hobetuz. “Horrela, lan-ingurune abegitsuago bat sortu dugu, abangoardiako produkzio-ekipoak erabiliko dituen talentua erakarri eta mantentzeko”.

Bigarrena da makina-erremintak garbiak izatea eta ingurumena errespetatzea. “Sortzen ditugun txirbil guztiak eta daratuluen hondarrak berrerabili egiten ditugu mekanizatuko prozesuan, eta horrela lan-ingurune garbi eta seguru bat lortzen dugu”. Hirugarrena da makina-erremintek ekodiseinuaren irizpidea betetzen dutela, “hau da, kontsumoa eta elementu kutsagarriak gutxitzen ditugu eta osagaien berrerabilpena bultzatu. Izan ere, ekodiseinuaren ISO140006 ziurtagiria dute”.

Ekipoak oso fidagarriak

Edorta Arrietek harro dio bere ekipoak oso fidagarriak direla; “egiturazko elementuen sendotasunean oinarritzen direnez, makinek gehiago irauten dute eta mekanizatuaren zehaztasuna hobea da. Geuk egiten ditugu mekanizatu kritikoak, eta beti erabiltzen ditugu lehen mailako marken osagaiak. Horrela lortzen dena da makinek gehiago irautea eta bezeroei erraztasunak ematea zerbitzu teknikorako edo ordezko piezak eskuratzeko”.

Enpresak hiru produktu-gama eskaintzen ditu: tornu horizontalak 150 tonarainoko makinekin; trenen mantenimendurako makinak (gurpilak, ardatzak, ardatz-gurpil multzoak), “izan ere, lankidetza akordio bat sinatu dugu Talgo enpresarekin”; eta prozesu anitzeko makinak, mekanizatu-operazio konplexu eta anitzak egin ditzaketenak biraketa piezetan, eta modu automatizatuan tamaina handikoetan. Adibidez, zentral nuklearretarako turbinak. “Produktu-gama guztiek dute 4.0 teknologia, beraz, gure bezeroek digital lean manufacturing delakoa txertatu dezakete euren produkzio-lantegietan.

Metatutako esperientzia zabalari, mekanizatu prozesuko ezagutzari eta aplikazioetako ingeniarien lantaldeari esker, Geminis-ek erantzun oso espezializatua eman diezaieke bezero exijenteenei.   Sektore hauetarako egiten du lan gehienbat: altzairu-fabrikak, sektore eolikoa, energia sorkuntza, oil&gas, burdinbideak, garabiak eta itsasontzien zein mekanizatu handien mantenimendua, oro har.

Enpresak orain 71 langile ditu plantillan, eta urtean 20 milioi euro fakturatzen ditu batez beste. Egiten duen lanaren erakusgarri, aipa liteke urtean 40 makina-erreminta inguru fabrikatzen dituela, hori bai, kontuan hartu behar da eredu sinpleenak egiteko sei hilabeteko lana behar dela, eta konplexuenak egiteko urte eta erdirainokoa.

Negozioaren dibertsifikazioa

Negozioaren dibertsifikazioari esker lortu dute krisialdiak gainditzea. “Atzematen ditugun eskaerak oso aldakorrak dira, baina produktu eta sektore desberdinak konbinatzen ditugunez, egonkor mantentzen ditugu bai fakturazioa eta bai lana”.

I+G-n egiten duen inbertsioa fakturazioaren % 5ekoa da. Esportazioak produkzio osoaren % 90etik gorakoak dira: “nagusiki Alemaniara (% 25), AEBetara (% 20) eta Europako beste herrialde batzuetara esportatzen dugu. Eta batzuetan Asia eta Ekialde Ertainera ere bai, baina eskaera horiek aldakorragoak dira”.

SPRI Taldearen Hazitek programako laguntzarekin makina-erreminta berezi bat garatu dute tren makinen gurpilen mantenimendurako. Proiektu hori oraindik garapen fasean dago.

Etorkizunerako erronkei dagokienez, azpimarratu dute beren aldaketa teknologikoen berri eman behar diotela merkatuari, pandemiagatik ezinezkoa izan baitzaie azkenaldian. “Gure merkatuak lerrokatuta egon behar du Geminis gaur egun denarekin. Azken bi urteotan asko aurreratu dugu, baina pandemiak ez digu utzi azoketara joaten, eta hori eragozpen handia izan da gure bilakaera ezagutzera emateko”. Horrez gain, produktu-gama berria sendotzea da helburu nagusia.

 

Lotutako albisteak

IndeusBerri:  Industria  eta  Euskararen  plaza

IndeusBerri: Industria eta Euskararen plaza

Albiste dira gaur Enpresa Digitalaren Adimen Artifizialari buruzko ikastaroa, Nortasuna Sarean, UEUko udako ikastaroak eta Diseinu kontzeptual.

FORZA:  50  urteko  lidergo  europarra  eta  abangoardia  teknologikoa
27/01/2026 Berrikuntza

FORZA: 50 urteko lidergo europarra eta abangoardia teknologikoa

Europako erauzketa-katalogorik handiena duen ekoizlea da

Aleovitro,  landare  in  vitro  hazkuntzarako  euskal  bioteknologia

Aleovitro, landare in vitro hazkuntzarako euskal bioteknologia

Konpainia bizkaitarrak zeharkako zerbitzuak eskaintzen ditu; elikadura, farmazia, medikuntza eta kosmetikaren sektoretik ingurumenera

Trelec:  Berrikuntza  eta  bikaintasuna  zirkuitu  elektronikoen  fabrikazioan
15/01/2026 Berrikuntza

Trelec: Berrikuntza eta bikaintasuna zirkuitu elektronikoen fabrikazioan

Planifikazio adimenduna, produktu fidagarri baten gakoa

QUBIZ.team-ek    Europako  sentsorika  kuantikoaren  abangoardia  lideratzen  du  Ura,  Energia,  Industria  eta  Osasunerako

QUBIZ.team-ek Europako sentsorika kuantikoaren abangoardia lideratzen du Ura, Energia, Industria eta Osasunerako

Euskal ‘deep tech’-ak, EIC Accelerator Seal of Excellencea 2025rekin aitortua, ultradoitasunezko soluzioak garatzen ditu, igerileku olinpiko baten baliokidean molekula toxiko bakarra detektatzeko gai direnak

Bilbo  aukeratu  dute  Industria  Kongresu  Nazionalaren  egoitza  izateko  otsailaren  4an  eta  5ean,  eta  Parke  Teknologikoko  bost  enpresa  bisitatuko  ditu
05/01/2026 Berrikuntza

Bilbo aukeratu dute Industria Kongresu Nazionalaren egoitza izateko otsailaren 4an eta 5ean, eta Parke Teknologikoko bost enpresa bisitatuko ditu

Mikel Jauregi sailburuak inaugurazioan parte hartuko du, eta Bizkaiko campusean BIC Bizkaia, Biolan, Cocoon, ITP eta Syngoi erakutsiko dira adibide gisa.

Eusko  Jaurlaritzak  2026.  urterako  industriarako  lehen  laguntza  teknologikoak  abian  ditu
30/12/2025 I+G+B

Eusko Jaurlaritzak 2026. urterako industriarako lehen laguntza teknologikoak abian ditu

Gaurtik aurrera, industria eskatzaileek Hazitek, Elkartek eta Azpitek programen 175 milioi euroak eskuratu ahal izango dituzte, SPRI taldearen plataformatik

119  M€  Euskadiko  enpresentzat  industria-ikerketarako  laguntzetan
27/12/2025 I+G+B

119 M€ Euskadiko enpresentzat industria-ikerketarako laguntzetan

Hazitek 2026 programak ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuak bultzatzen ditu, euskal industriaren eraldaketarekin bat datozenak.

LUZNOR:  Berrikuntza  eta  fidagarritasuna  sektore  esigenteenentzat
08/12/2025 Berrikuntza

LUZNOR: Berrikuntza eta fidagarritasuna sektore esigenteenentzat

Historia eta sustraiak Vitoria-Gasteizen

SPRIk  “Material  aurreratuen  etorkizuna  Europan”  ekitaldian  parte  hartu  du
28/11/2025 I+G+B

SPRIk “Material aurreratuen etorkizuna Europan” ekitaldian parte hartu du

Aveiron eta Porton egin zen azaroaren 27an eta 28an. Euskadin, material aurreratuak funtsezkoak dira gure industria-sektore askorentzat, eta zeharkako teknologia giltzarritzat jo dira Euskadi 2030 Industria Planean

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.