Berrikuntza Ekintzailetza I+G+B
Elkarrizketak 16 uztaila, 2020

Biolan, “Ezkutuko txapelduna” bio-sentsoreen arloan

Biolan euskal enpresa bioteknologikoa, bi milioi euroko inbertsioa egin berri duena Zamudioko bere laborategiak hobetu eta handitzeko, Covid19a detektatzen duen test serologiko ultra-azkar bat bukatzen ari da
-

 

Biolan euskal enpresa bioteknologikoa, bi milioi euroko inbertsioa egin berri duena Zamudioko bere laborategiak hobetu eta handitzeko, Covid19a detektatzen duen test serologiko ultra-azkar bat bukatzen ari da

 

Hamar minutu. Horixe behar du Biolan Health test serologikoak Covid19az kutsatutako kasuak detektatzeko. Denbora estratosferikoa da merkatuan dauden antzeko beste produktu batzuen aldean, eta Zamudioko laborategietan osoki garatzen ari den proiektu baten emaitza da. Aurreikuspenak betetzen badira, baliteke aurten bertan merkaturatzea. Konpromiso hori hartu du ezkutuko txapeldun honek, bio-sentsoreen fabrikazioko mundu mailako liderrak, zeinari nahiko ondo doazkion gauzak, egungo egoera nahasia gorabehera. Bizkaiko Zientzia eta Teknologi Parkean dauzkan instalazioak handitu berri ditu, eta % 20 inguruko hazkundearekin itxi du urtearen lehen seihilekoa. Gainera, denbora-tarte horretan % 10 handitu du bere plantilla. Asier Albizu zuzendari nagusiaren esanetan, nazioarteko erreferentea da elikaduraren analitikan bere zehaztasunagatik, azkartasunagatik eta fidagarritasunagatik, eta bere produktuen % 80 esportatzen du 55 herrialde baino gehiagotara.

 

Zein testuingurutan sortu zen Biolan?

Biolan I+G-n lan egiten duten hiru erakunderen arteko lankidetzaren fruitua izan zen; hiruren helburu nagusia zen bio-sentsoreen teknologia garatzea arlo teknologiko desberdinak uztartuz: bio-teknologia, elektrokimika eta elektronika.

 

Nondik eta zergatik sortu zen ideia?

Ekimen teknologikoari gehitu zitzaion inbertitzaile talde baten asmo enpresariala: elikadura sektorera bideratutako aplikazio teknologikoak lortzea (hasieran ardogintza eta mahastizaintzara zuzendu zen ekimena), ibilbide luzea izan zezakeen esparru batean negozio lehiakor bat sortzeko eta horrela elikagaien kontrolaren esparruko premia ugariei erantzuteko.

 

Zein da enpresaren jarduera?

Metodo analitiko tradizionalen konponbide alternatiboak eskaintzen ditugu elikagaien segurtasuna eta kalitatearen kontrola bermatzeko bio-sentsore elektrokimikoak erabiliz.

 

Zer dira bio-sentsoreak eta zertarako balio dute?

Bio-sentsore bat da interesatzen zaizkigun molekulak neurtzeko ekipo bat; gure kasuan, elikaduraren industrian, adibidez atunaren kalitatea neurtzen dugu histamina-maila analizatuz, hori baita atunaren edo beste edozein arrain urdinen kalitatea markatzen duena. Hori guztia legez araututa dago elikadurako segurtasunaren esparruan, baina, horrez gain, atunaren prezioa finkatzeko ere balio du. Bio-sentsoreek badute beste aplikazio garrantzitsu bat: itsaskien sulfitoa neurtzea. Izan ere, kontserbatzaile horrek itsaskian duen kontzentrazioa ere araututa dago, eta azken urteotan elikagaien alerta-iturri handienetako bat da hirugarren herrialdeetatik Europara eginiko inportazioetan. Gure bio-sentsorea oinarrizko aliatua da mundu mailako izkira ekoizle handientzat.

 

Zure ustez zein da horrelako garapenen balio bereizgarria?

Gure bio-sentsoreak tresna paregabeak dira, prestazio handiak dituzte eta prozesu nahiz produktuen monitorizazioan aplikatu daitezke. Baina gure ekipoaren abantaila nagusia da oso erantzun azkarra ematen duela, gai baita analisien emaitzak bi minutuan emateko. Abantaila horri gehitzen bazaizkio zehaztasun handia, erabiltzeko erraztasuna eta kostu baxua, esan liteke oso konponbide abantailatsua dela gure bezeroentzat.

 

Eta zuek mundu mailako erreferente zarete horretan…

Mundu mailako liderrak gara merkatu-nitxo zehatz honetan -alegia, elikaduraren munduan-, histamina, sulfitoa eta abar neurtzeko. Halaber, badugu presentzia ardoaren munduan, bai eta esne eta esnekienean, non lehiatzaile gehiago baitaude, baina halere mundu mailako liderrak gara elikadurako azpi-sektore horietan.

 

Zuek ere zuen negozioaren zati bat birbideratu behar izan duzue pandemiaren ondorioz?

Duela lau urte sortu genuen Biolan Health, Osasun arlora zuzendutako gure dibisioa, zeinetan funtzionaltasun bereizgarri batzuk garatzen ditugun, esaterako, interesatzen zaizkigun molekulen neurketa fluxu biologikoan, odolean, gernuan edo listuan. Eta hasieratik ari gara SARS-CoV-2 detektatzeko test serologiko bat garatzen. Gaitzak egoera tragikoa eragin badu ere, gure kasuan bultzada bat izan da araudi mailan hain konplexua den Osasun dibisio hori indarberritzeko, oso zaila baita baldintzak betetzen direla egiaztatzea.

 

Bultzada zein zentzutan?

Oro har, koronabirusak laburtu egin ditu garapen eta exekuzio epeak. Izan ere, duela egun batzuetatik prest gaude testak egiteko, eta espero dugu urtea bukatu baino lehen merkaturatuko ditugula.

 

Zergatik zarete bereziak merkatuan dauden beste batzuen aldean?

 Bi gauzagatik: espezifikoagoak eta azkarragoak garelako. Bi alderdi horiek funtsezkoak dira test honen kasuan, emaitzak 10 minutu baino gutxiagoan lortzen direlako, izugarri azkar alegia, eta positibo faltsuak saihesten direlako.

 

ETE ertain bat izanik, nola liteke mundu mailako liderrak izatea merkatu-nitxo hain  zehatz batean (bio-sentsoreak)?

Oraingoz guk bakarrik erabiltzen dugu teknologia elektrokimikoa horrelako parametroak neurtzeko. Hainbat urte daramatzagu gure metodoa hobetzen, eta arlo horretan bakarrak izanik, posible dugu gainerakoak aurreratzea abantaila handi batekin, gure analisiak azkarragoak baitira; lehiakideek bizpahiru ordu behar dituzte guk bi minutuan egiten ditugun analisiak egiteko.

 

Zeintzuk dira zuen bezero garrantzitsuenak?

Atunaren munduan, adibidez, nagusiki kontserba-enpresak, baina orobat balio-kateko gainerako bitartekariak, hasi arrantza-ontzietatik eta amaierako bezeroarenganaino. Balio-kate osoan hainbat aldiz neurtzen da produktuaren kalitatea. Oro har, gure bezero garrantzitsuenak elikadurako industriak dira.

 

Arazo bat da Biolan-entzat talentu kualifikaturik ez izatea hain lan teknikoa garatzeko?

Gure abantaila handia pertsonak dira, zalantzarik gabe. Oso lantalde ona daukagu, nazioarteko aitortza duena. Ikerketako profil gehienak hemengoak dira, Euskadiko unibertsitateetakoak, eta horri esker oso ekosistema indartsua sortu da, non teknologia desberdinak bateratu baititugu: elektronika, bio-kimika eta elektrokimika. Azken emaitza da konponbide paregabe bat, eta zorionez badugu behar dugun talentua martxan jarraitzeko, berritzeko eta produktu berri eta erakargarriak sortzeko.

 

Egungoa bezalako ziurgabetasun-garaietan ere, aurrera jarraitu duzue zuen inbertsio-planarekin… Zenbateko inbertsioa egin duzue zuen instalazioak handitzeko, eta zergatik erabaki duzue orain egitea?

Uste dugu honelako eszenatokietan geldirik geratzea ez dela aukera bat. Aurrera jarraitu behar dugu eta horretarako ezinbestekoa da plan definitu bat izatea. Gure kasuan, erabaki dugu milioi bat euroko inbertsioa egitea aktibo finkoetan (gure instalazioetan) eta beste milioi bat euro erabiltzea Osasun dibisioan behar ditugun langileak eta ekipamendua eskuratzeko. Ahalegin handia izan da gure tamainako ETE batentzat, baina ziur gaude pixkanaka berreskuratuko dugula inbertsio hori.

 

Deigarria da Lean Manufacturing inplementatu duzuela laborategia hobetzeko prozesu horretan…

Produkzio arloan aplikatu dugu. Arlo hori birdimentsionatzeaz gain (instalazioak handitu ditugu eta ekipamendu berria erosi dugu), Lean Manufacturing metodologia aplikatu dugu, eta izugarrizko optimizazioa lortu dugu.

Zer ikasi beharko genuke krisi honetatik?

 Lehenik eta behin, oso ahulak garela mundu berri honetan, baina baita ere, gure kasuan behintzat, herrialde eta gune geografiko desberdin askotan egotea (bulegoak dauzkagu zazpi herrialdetan) lagungarri izan dela pandemia gainditzeko. Asian arazoak hasi zirenean indartsu geunden Amerikan, eta alderantziz. Pendulu formako efektu horri esker posible izan da desfaseak konpentsatzea eta hazten jarraitzea, horixe baita gure helburu nagusia.

 

Beste behin ere, nazioartekotzea salbatzaile…

Gure DNAren parte da. Hasieratik genekien tokiko merkatuarekin bakarrik ezingo genuela garatu hain konponbide anbiziotsu bat. Gainera, gure kasuan Europa tokiko merkatutzat hartzen dugu, beraz, nazioartekotzeak are zentzu gehiago du. Horregatik ditugu bulego propioak Mexiko, Ekuador, Txile, Maroko, Filipinak, Thailandia eta Indonesian, eta espero dugu, hemendik gutxira, beste bi bulego izatea. Atzerriko merkatu horrek emango digu 2020ko fakturazioaren % 80 baino gehiago.

 

Nondik lortzen ditu Biolan-ek I+G-ko programak garatzeko behar dituen baliabideak?

Oso zaila da merkatuko emaitzak lortzea gure ikerkuntza-arlo guztietan. Baina, egia esan, Bizkaian gaude kokatuta, eta ikuspegi horretatik, bai Foru Aldundia (BEAZekin batera), bai Eusko Jaurlaritza eta bai SPRI asko laguntzen ari zaizkigu, oso eskertuta gaude eta administrazioen babes handia dugula sentitzen dugu. Halaber, eskerrak eman nahi dizkiegu abentura honen hasieratik bazkide ditugun bidelagunei, diru asko inbertitu baitugu lortzen ari garena lortzeko. Kalkulatzen dugu azken urteotan hamar milioi euro inguru inbertitu ditugula ikerketa eta berrikuntzako proiektuak garatzeko, eta horri esker lortu dugu produktu sendo eta teknologikoki aurreratu bat.

 

Eta berreskuratu duzue inbertsioa?

 Oraindik ez, baina azken hiru urteetako emaitzak interesgarriak izan dira ikuspegi ekonomiko-finantzariotik begiratuta.

Lotutako albisteak

TECCI,  zirkuitu  inprimatuak  elektronikarako  neurrira  fabrikatzen  dituen  Gipuzkoako  ETEa
03/10/2025 Berrikuntza

TECCI, zirkuitu inprimatuak elektronikarako neurrira fabrikatzen dituen Gipuzkoako ETEa

Enpresak SPRI Taldearen Industria Digitala programaren dirulaguntza jaso du, eta 3,5 milioi inbertitu ditu bere modernizazio-estrategian.

Asier  Aguirrebeña  (Alfa  MIMtech):  “MIM  teknologiak  aukera  ematen  digu  prestazio  handiko  pieza  konplexuetan  berrikuntzak  egiteko”
30/09/2025 Berrikuntza

Asier Aguirrebeña (Alfa MIMtech): “MIM teknologiak aukera ematen digu prestazio handiko pieza konplexuetan berrikuntzak egiteko”

Eibarko enpresak pieza metalikoak Metal Injection Moulding teknologiaren bidez fabrikatzen espezializatuta dago, eta “giltza eskura piezaren diseinutik azken entregara arteko” soluzioak eskaintzeko duen malgutasun produktibo handiagatik nabarmentzen da.

Delteco,  robotikarekin  makina-erreminta  eraldatzen  duen  enpresa
29/09/2025 I+G+B

Delteco, robotikarekin makina-erreminta eraldatzen duen enpresa

Zumaiako enpresak 54 urte ditu eta robotekin beren kabuz lan egiten duten makinak eskaintzen ditu.

Teslec,  azpiegitura  kritikoak  argitzen  dituen  kablerik  gabeko  berrikuntza
29/09/2025 Berrikuntza

Teslec, azpiegitura kritikoak argitzen dituen kablerik gabeko berrikuntza

Bizkaiko enpresak kable ikusgairik gabeko argiak diseinatu eta instalatzen ditu, indukzio elektromagnetikoan oinarrituta, segurtasuna hobetzeko eta mantentze-lanak murrizteko.

Adaptam  Therapeutics-ek  minbiziaren  aurkako  immunoterapian  aurrera  egiteko  antigorputz  berritzaileak  garatzen  ditu
25/09/2025 Ekintzailetza

Adaptam Therapeutics-ek minbiziaren aurkako immunoterapian aurrera egiteko antigorputz berritzaileak garatzen ditu

Startup bioteknologikoak SPRI Taldearen programen laguntzari esker tumore-mikroingurunera zuzendutako terapiak diseinatzen ditu.

Dryfing-ek  neoprenozko  jantziak  modu  jasangarriagoan  eta  eraginkorragoan  garbitzen  dituen  “vending”  makina  bat  garatu  du
22/09/2025 Berrikuntza

Dryfing-ek neoprenozko jantziak modu jasangarriagoan eta eraginkorragoan garbitzen dituen “vending” makina bat garatu du

Arabako enpresak material teknikoaren garbiketa, lehorketa eta desinfekzioa automatizatzen du surfeko eta urpekaritzako zentroetan eta laster suhiltzaileen parkeetan "Dryfing Sua" produktu-linea berria eskainiko du.

InterGaiakek  olatu  jasangarria  bultzatzen  du  bere  surf-ohol  ekologikoekin
18/09/2025 Ekintzailetza

InterGaiakek olatu jasangarria bultzatzen du bere surf-ohol ekologikoekin

Arabako aholkularitzak eta ingeniaritzak, 7 Olatu markaren bidez, plastikoak murrizteko paulowniako zurez sortutako produktu horiek merkaturatuko ditu. Enpresak SPRIren Barnekintzaile programaren laguntza izan du.

Txikitok  euskal  transmedia  narratiba    berrikuntza  digitalaren  bitartez  bultzatzen  du
17/09/2025 Berrikuntza

Txikitok euskal transmedia narratiba berrikuntza digitalaren bitartez bultzatzen du

Euskal konpainiak Bilboko sinbolo tradizional bat tradizioa, teknologia eta entretenimendua uztartzen duen ‘unibertso’ sortzaile bihurtu du.

Iraunkortasunaren  aldeko  apustua  egin  du  Equipel  enpresak,  trantsizio  energetikoa  bultzatzen  duten  erdi-tentsioko  gelaxkekin
16/09/2025 Berrikuntza

Iraunkortasunaren aldeko apustua egin du Equipel enpresak, trantsizio energetikoa bultzatzen duten erdi-tentsioko gelaxkekin

Konpainia bizkaitarrak 200 gelaxka baino gehiago fabrikatu ditu azken urtean, teknologia garbia eta ingurumena errespetatzen duena, SF6rik gabe.

Wavegarden,  olatu  perfektuak  mundura  esportatzen  dituen  enpresa  donostiarra
10/09/2025 I+G+B

Wavegarden, olatu perfektuak mundura esportatzen dituen enpresa donostiarra

Teknologia propioarekin eta surf parkeetarako soluzio integralekin, orduko 1.000 olatu sortzeko gai den sistema patentatu bat garatu du eta dagoeneko 11 instalaziotan funtzionatzen du.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.